“Familia-historiak oinordetzen dira, baina isiltasuna ere bai”

  • Argazki albumak gordetzen dituzten emakumeen azken belaunaldiarekin topaketak egin ditu Ainhoa Resanok (Iruñea, 1974), Bilboko auzo garaietan. “Asko bizi baina gutxi kontatu duten” emakumeen belaunaldiarekin. Argazkietatik abiatuta, idatzi gabeko memoria azalera ekarri nahi izan du. Auzoko klixeak eta estigmak gaindituz, intimitatetik kolektibora, memoriaren eta nortasunaren aldarrikapen irmoa eginez.

“Emakume guztiek esaldi bera errepikatzen dute hasieran: ‘Nik ez daukat kontatzeko ezer’” (Argazkia: Hodei Torres)
“Emakume guztiek esaldi bera errepikatzen dute hasieran: ‘Nik ez daukat kontatzeko ezer’” (Argazkia: Hodei Torres)

Etxeko argazkiak baliatuta, memoria kolektiboko ariketan, Bilboko auzo garaietako (San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala) emakumeen historia jasotzen du ELLAS proiektuak. Nola suertatu da?

Oso era naturalean eman da. Haien etxeetan egin ditugu topaketak, eta etxeko argazki albumen bitartez euren bizipenetara heldu gara. Kontakizun horietatik guztietatik memoria-atlasa osatu nahi izan dugu. Album berri bat, album kolektiboa; elkargune bat sortu memoria aktibatzeko.

Nortzuk dira emakume horiek?

Bizitza asko daude toki berean konektaturik, auzo hauetan, Bilboko auzo garaietan. Hainbeste dira, denak garela ELLAS. Euren argazkien bitartez ibilbide oso bat egiten dugu auzoa zeharkatu duten une historiko eta sozialetatik. Bakoitzaren bizitzaren oroimenean gurutzatzen dira dendak, tabernak, zinemak eta eskolak; denak igaro dira Mercheren gozoki dendatik. Argazki horiek elkarrekin nahastean, memoria kolektiboen album berri bat sortzen dute, auzo garaietako historia eta oraina gainbegiratzen dituzten klixeak eta estigmak iraultzen dituena, eta bertako emakume anonimoen bizitzak azaleratzen dituena. Zentroan bizi arren, bazterrekoak direnak; eta nortasun eta biziraupen estrategia indartsuak dituztenak.

Historikoki estigmatizatuta dauden auzoetako emakumeak eta bizilagunak izateak zein lotura du ahanzturarekin?

Bi isiltasun mota daude. Isiltasun autoinposatua, askatasun ariketa bat dena, gogoratu edo esan nahi ez dena isilean mantenduz; eta inposatutako ahanztura, zapalkuntza sozial gisa jarduten duena. Emakumeen istorioak eta ahotsak ez daude historia hegemonikoan, maila globalean ematen den zerbait da hori. Auzo garaietan beste zapalkuntza batzuk gehitzen zaizkio emakume izateari, klasea eta arraza kasu. Horregatik dira hain adierazgarriak beraien testigantzak, hain zuzen ere auzo hauetan estigma, klixe eta tabuak lotzen direlako moja, puta, ijito, trans, etorkin, militante eta poker jokalari horien guztien bizitzetan.

Argazkia: Hodei Torres

Zer moduz hartu dute proiektua?

Guztiekin izandako topaketak zoragarriak izan dira. Sukalde eta egongeletara sartzeko eta argazkiak eta bizitako istorioak partekatzeko konfiantza esparruak sortu ditugu. Bada esaldi bat guztiek errepikatzen dutena hasieran, mantra bat bailitzan: “Nik ez daukat kontatzeko ezer”. Uste dut emakumeen belaunaldi horri gizarteak zor diola beraien bizitzen protagonista sentiaraztea eta euren bizipenei garrantzia ematea. Baina ondoren etorritako guztiei ere zor diegu. Familia-historiak oinordetzen direlako, baina isiltasuna ere bai. Haiek poz-pozik daude eta geroz eta gehiago dira proiektuan parte hartu nahi dutenak.

Espazio pribatutik publikora eraman dituzu emakumeen argazkiak eta istorioak. Zein da banakako memoriatik memoria kolektibora jauzi egitearen garrantzia?

Bildutako argazkiak espazio publikora eraman nituen 2020ko konfinamendu betean. Auzoan erabiltzen ez ziren lokaletako pertsianetan formatu handiko argazkiak txertatu nituen, QR kode banarekin, kodearen bitartez emakumeen ahotsak entzuteko aukera emanez. Memoria indibidual horiek kolektiboan txertatzeak aipatu gabeko errealitateak agerian uzten ditu, norberaren istorio indibiduala izateari uzten dio, leku komunak seinalatuz. Bizitza asko eta auzo bera, eta emakume izatearen baldintza beti presente.

Bilboko auzo garaietan ere ematen ari da gentrifikazio prozesua. Homogeneizazioaren, despertsonalizazioaren eta bizilagunak kanporatzearen aurrean, zer suposatzen du proiektu honek?

Premiazko une sozial eta kulturala bizi dugu, oso garrantzitsua da bertan bizi diren emakumeen kontakizunak entzutea. Etengabe aldatzen ari den auzoa da, memoria ezak mehatxatua. Historia aitortzea funtsezkoa da bertakoen nortasunari eusteko.

Liburu baten argitalpena duzu esku artean orain. Zer aurreratu diezagukezu?

Proiektuaren izaera bizia jasoko duen argitalpena da. Album zabal bat, non protagonistak ikusi eta entzun ahal izango ditugun. Emakumeak euren ahotsetik entzun ahal izatea koherenteena zenez, Alberto de la Hoz soinu pieza bat lantzen ari da liburuan txertatzeko, 30 ordutik gorako lekukotasunetatik abiatuta. Haien ahotsak gurutzatuz, oroitzapen intimo eta pertsonalak berreraikitzen dituzte, eta elkarrizketa koral batean elkartuta, talde testigantza berri bat sortzen da, argitaratu gabeko kontakizun bat. Zazpi hilabete daramatzat edizio eta eraikuntza prozesu betean murgilduta, Federico Paladino de la Balsa editorearekin batera. Esku artean edukitzeko eta partekatzeko irrikaz nago!

Argazki albumek gordetakoa

“Carmen eta Puri auzokideen argazki albumetako istorioak entzuten ordu asko eman ondoren, lehenengo proiektu dokumentala egin nuen: 17. eskailera. Somera kalean hogei urte luzez bizi eta gero, eraikinetik kaleratu gintuzten eta ibaiaren beste aldera lekualdatzean, Savina Lafita ezagutu nuen; antropologoa, memoria eta genero prozesuen ikertzailea. ELLAS proiektua galdera soil batekin hasten da: zer gertatuko litzateke auzoko emakumeei eskatzen badiegu euren albumak erakuts ditzaten?”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude