#3
Lukiek
Ático stereo, 2025
---------------------------------------
Denboran urrun, aurreko mendeko 90eko hamarkadari asko zor diogu oraindik ere. Hamarkada apurtzailea izan zen, kultura sormen alorrean muga zein aurreiritziek eztanda egin eta begiak zabaldu zizkigun askori. Musika estilo aldetik askotarikoa izan zen, baina batzuek irekitasun hori batu nahian ez zuten asmatu, eta abizen xelebreak jarri zizkioten haien eskaintzari: alternatiboa, indie-a… Ezer argia (eta askotan kontraesankorra) azaldu gabe, oraindik ere indarrean jarraitzen dutenak. Hain zuzen ere, haietako talde askok, orduko merkatuaren olatuei esker, diskoetxe eta promozio handiarekin lan egin baizuten. Hortaz, alternatiba eta independentzia gutxi.
Mungiako hirukoak, aldiz, sormen eta funtzionamendu independentzia osoz, trilogia gauzatu du dagoeneko. Belako taldeko Josu Ximun-en proiektu paralelo gisa hartu genuenak bide propio emankorra egin du: #1 izan zen eszenaratzea; #2 hanka biak mahai gainean indarrez jartzea; eta honakoa, #3, nahi beste sortzen jolasteko parada ederra.
Halakoa baita haien hirugarren lana: askea, askotarikoa, gaztea eta parranderoa batzutan, bortitzagoa zenbaitetan… Sagatzak negar-ek badauka Dinosaur JRen kadentzia, baina jostariagoa ere bada Violent Femmes-en parera, eta intentsitatea gorantz doa. Kakarraldoak-ek tenpo erdi eta esperimentalagoak gardentasunarekin batzen ditu. Beilegi hori da Itoiz goxoena, psikodelia tantak eta, baita ere, zaunka. Bizibizak jostaria eta lo-fi-a da, melodikoa, gaztea eta parranderoa. Ardi baltzenak intro orkestralarekin goxo jaio arren psikodelian barneratu eta progresibo andalusi indartsu hiltzen da; hara! Zaldiganekoak amorraziozko noise bizi-bizia da, autotunearekin era ausartzen dena; ai ama! Kounter da rock bizia, sonoritate punkya daukana. Subaru bat doble filan kantutzarrak badauka funky-metaletik, Primus-etik eta Antipodatako iluntasunetik. Vederatzi iritzi gai da samba erritmoak, Itoiz eta post-rocka mahai berdinean elkartzeko. Lanari bukaera ematen dio Granada haziak espazial, itsaskor eta dotoreak.