“Hezkuntzan, jangelekin eta garbiketarekin egin bezala, digitalizazioan ere pribatizazioaren alde egin du Jaurlaritzak”

  • Euskal Herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoen artean partekatzen den informazio publiko zein pribatuaren gehiengoa AEBetako multinazionalen eskuetan dago, eta haien software itxien bitartez kudeatzen da. Google Drive, Gmail, Hangouts, Meet, Chrome, Classroom, Calendar...  Beren buruaren jabe izan nahi dutenentzat ez da abiapuntu polita, baina bada egoera hori irauli nahi duen jendea. Horien artean nabarmentzekoa da Hezkuntzan Librezale taldea. Iñigo Gebara taldekidea da eta abenduan EAEko legebiltzarrean izan zen Hezkuntza lege berriari ekarpenak egiten.

Argazkia: Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gaur egungo egoera nik azaldu dudan bezain gordina al da?
Bai, oso. Euskal Herriko ikastetxe publiko eta pribatu ia guztietan Microsoft edo Googleren aplikazioak erabiltzen dira. Oso ondo asmatu dute enpresa horiek hezkuntzaren “negozioan” sartzen.

Hezkuntza publikoak, diru publikoarekin ordaindutakoak, jabetza publikoak sustatzen ditu. Nola utzi diegu prozesu horretan negozio pribatuei barruraino sartzen?
Beste arlo askotan bezala, azken gobernuek pribatizazioaren alde egin dute, jangelekin edo garbiketarekin egin duten bezala. Digitalizazio prozesuan ere berdin jokatu dute. Adibidez, Microsoften kasuan Jaurlaritzak diru askoko kontratu handiak sinatu ditu.

Azpikontratazioa bizitzaren esparru askotan oso zabalduta badago ere, agian hezkuntzaren azpiegitura informatikoan ez dugu horrela ikusi.
Ia kontura gabe gure bizitzetan txertatu dira multinazional horien zerbitzu eta programak. Tresna asko eskaintzen digute “doan”. Herritarrok uste dugu ez dugula ezer ordaintzen, baina ematen dizkiegun datu pertsonalak eta jasotzen dugun publizitatea dira ordaina. Egunerokoan enpresa horien zerbitzuak hain daude zabalduta, ezen hezkuntzan ere naturaltasunez asimilatu ditugu. McDonald’sek ikastetxeko jantokiak kudeatuko dituela irakurriko bagenu, jende guztia harrituta agertuko litzateke. Google eta Microsoft molde bereko enpresak badira ere, irakasleok, gurasook eta hezkuntza komunitate osoak oro har, irentsi egin ditugu . Arazo larria da.

Iñigo Gebara Legebiltzarrean abenduan. Argazkia: Irekia

Egoera iraultzeko teknologia burujabetzaz mintzo zarete. Hezkuntzan zer esan nahi du horrek?
Software itxi horiek (erabiltzaileek nola funtzionatzen duten jakin ezin dutenak) datu oso sentiberekin egiten dute lan, tartean ikasle adingabeenak. Notak, oharrak, gurasoekiko komunikazioa… Lainoa ez da existitzen, eta egun AEBetako multinazionalen ordenagailuetan daude datu horiek.

Teknologia burujabetzak esan nahi du hori guztia guk geuk kudeatzea. Software askeak bakarrik bermatzen dizu gardentasuna –programak nola funtzionatzen duen edo zer egiten duen gure datuekin jakin ahal izatea–. Horrez gain gure datuak enpresa pribatuen menpe uztea baino, hezkuntza komunitatearen kontrolpeko zerbitzarietan edo Eusko Jaurlaritzarenetan jartzea hobesten dugu.

 “Software librea, Linux, tresna ezezagunak, dena hankaz gora jarri behar… hori mobida handia da”, entzungo zenuten behin baino gehiagotan.
Bai, askotan. Badago arrazoi nahikoa argudio hori ez dela egia esateko. Eskoletan martxan diren proiektu askotan demostratu da. Nire eskolan dena Linuxekin egiten da eta ez dago inongo arazorik. Ez dago aditu izan beharrik horrelako tresnak erabiltzeko. Gu aldaketetara egokitzen gara, eta ikasleak are azkarrago. Multinazionalenak bezain erabilgarriak dira plataforma libreak, eta aukera gehiago eskaintzen dute.

Diru publikoa, kode publikoa?
Nire iritziz, hala beharko luke. Dirutza publikoa inbertitzen da aplikazioetan, eta herritar guztientzat irekiak beharko lukete.

Digitalizazioa hitz magiko bilakatu da. Orain denak behar du digitala izan. Hezkuntzan digitalizazio prozesua oso azkarra dela esan zenuten Legebiltzarrean eta, gainera, planifikatu gabea izan dela.
Bost puntu eraman genituen digitalizazio eraginkor, euskaldun eta integrala lortzeko abiapuntu gisa. Goi esferetatik digitalizazioa planteatzen denean beti berrikuntza gisa egiten dute, tresnak digitalizatze hutsagatik onura ekartzen duelakoan. Argi dago hori ez dela horrela. Ordu asko pantailen aurrean egoteak gazteei eta ez hain gazteei eragiten dizkien arazoen inguruko ikerketak badira. Oinarrizko gaitasun batzuk lantzeko ahalmena kentzen digu dena era digitalean egiteak. Nongo eta Silicon Valley-ko nagusiek ere hala ikusi dute eta haien seme-alabak eramaten dituzte digitalizatu gabeko eskoletara. Digitalizazioak aukera batzuk ematen ditu, baina hemen plangintzarik gabeko digitalizazio txarra egin dute. Dirudienez, hezkuntza akordio berrian ere gero eta gehiago digitalizatu nahi dute. Hori akats larria da. Aztertu beharko genuke noraino digitalizatu behar den hezkuntza. Bi urteko umeek beharrezko al dute tableta eskolan? Onuragarria baino kaltegarria da.

Horrez gain, kezkatzen gaitu dirua nola xahutzen den material berrian. Orain Europako funtsak iritsi direnez, ez dakit zenbat milioi gastatuko duten ordenagailu berriak erosten, hiru lau urterako bizitza dutenak. Ez da eredu jasangarria. Donibane Lohizuneko ikastolan esperientzia polita egin dute, ordenagailu zaharrak birgaitu eta Txiki Linux sistemarekin jarri dituzte martxan.

Zuen ekarpenetatik zerbait hartu al dute kontuan?
Sorpresaz hartu dugu gure ekarpen batzuk lege berrian kontuan hartu izana, baina ez da nahikoa. Oso era lausoan jasota daude. Gauza bat ala kontrakoa egiteko atea irekita utzi dute. 

Poliki-poliki eztabaida zabaltzen ari da, baina, halaber, gero eta traba gehiago jartzen dute. Chromebook-ak iristen ari dira eskoletara eta hor ezin da ezer instalatu. Erabat itxiak dira. Jaurlaritzak esaten dizu Microsoft edo Google erabili behar duzula, ez dizu beste aukerarik ematen. Beraz, “tranpatxoak” egiten ibili behar dugu, nola edo hala, plataforma libreak erabili ahal izateko.

Baliabide aldetik, zer beharko genuke aldaketa bideratzeko?
Giza baliabide aldetik hutsune galanta dago. Ez dago prestakuntza berezirik. Eskola bakoitzean zer nolako digitalizazioa behar den erabakiko duen pertsonaz gain, alde teknikoa aztertu eta ezarriko duena ere beharrezkoa da. Gaur egun, hori pertsona bakarrak egiten du eta izan daiteke gorputz hezkuntzako, musikako edo tokatu zaion edozein irakasle, ordenagailuekin pixka bat ibiltzea gustatzen zaiolako, besterik gabe. 

Kasu askotan jende horrek sustatu du Google. Zergatik? Errazena delako edo errazen jarri dioten aukera izan delako. Jaurlaritzak edo Berritzeguneak Google edo Microsoften produktuen gaineko formakuntzak eskaini dituztelako, adibidez. Irakasleak ez du errurik.

Oso ahaldunduta egon behar duzu eredu itxi horretatik ateratzeko.
Bai, oso informatuta. Ez da gai bat kalean pil-pilean dagoena. Hori da oztoporik handienetako bat. Jendea ahalduntzea da gure helburuetako bat.

"Microsoftek eta Googlek oso ondo asmatu dute hezkuntzaren ‘negozioan’ sartzen". Argazkia: Dani Blanco

Beste edozein motatako proiektu publikotan lizitazioak izaten dira, proiektuak aurkeztu eta irizpide batzuen arabera aukeratzen da bata ala beste. Gai honetan badirudi ezetz, Microsoft eta Google ateak parez pare irekita sartu direla.
Hecha la ley, hecha la trampa” (legea eta tranpa batera datoz), diote erdaraz. Mahai gainean ez da beste aukerarik izan.

Erabat politikoa da hautua, beraz.
Bai, argi eta garbi.

Hemengo eredutik oso bestelakoak diren praktikak badira. Adibidez, 2019an Alemaniak debekatu zuen Google, Apple eta Microsoften plataformak eskoletan erabiltzea edo berriki Bartzelonan egiten ari direna. Azal dezakezu azken hori?
Seme-alabek eskolan Google halabeharrez erabili behar zutela-eta kezkatuta zeuden Bartzelonako guraso batzuk elkartu ziren eta harremanetan jarri ziren Xnet elkartearekin. Kataluniako Gobernuak Googlerekin lanean jarraitzea erabaki zuenez, azkenean Bartzelonako Udaleko atea jo eta finantzaketa lortu zuten software askean oinarritutako plataforma bat sortzeko, beraien beharretara egokitua eta zerbitzari seguruetan ezarria. Software horrekin programa pilotua egin dute Bartzelonako bost eskolatan. Esperientzia ona izan denez, datorren urtean beste eskola batzuetara zabaltzeko asmoa dute eta horretarako diru gehiago aurreikusita dago.

Kataluniako Hezkuntza Demokratizatzeko Planaren aurkezpena, Xnet eta Bartzelonako Udala tartean. Argazkia: Xnet

Google eskolan ordezkatzeko 140.000 euro jarri ditu Udalak. Huskeria dirudi.
Jaurlaritzak lizentzietan urtero askoz gehiago ordaintzen du. Horrek argi uzten du dirua ez dela arazoa. Arazoa dira borondate politiko falta, ezjakintasuna, batzuen interesak…

Bartzelonako plataforma hori eginda dago, librea da eta denon eskura dago.

Bartzelonako proiektuan ere elikadura burujabetzatik ezaguna zaigun kontzeptua azaldu zaigu: 0 kilometro.
Plataformaren garapen informatiko guztia Bartzelonako enpresek egin dute. Euskal Herrian ere badugu enpresa asko software librearekin lan egiten duena, gai hauetan aditua dena. Horrelako proiektuek ekonomia lokala sustatzen dute: gure beharrak asetzeko inguruko eragileak, kooperatibak edo enpresak erabiltzea. Alde horretatik, dena onura da.

Orduan, Euskal Herrian zer egin? Zeintzuk dira urratsak horrelako proiektuak martxan jartzeko?
Goitik eta behetik eragin behar da. Bide guztietan. Hezkuntza legean eragiten, gizartean mezua zabaltzen, informazioa ematen, hezkuntzan zer arazo potoloa dugun ikusarazten… Gero eta guraso gehiago hurbiltzen ari zaigu taldera. Gurasoek zerbait nahi badute lortu, indarra egin behar da, aldaketa hortik etorriko delako. Kezka duen edonork guregana jo dezake, Hezkuntzan Librezale Telegram kanal irekiaren bitartez edo hezkuntza@librezale.eus emailean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


2025-08-29 | UEU
Ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute UEUk eta BadaLab-ek

UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


Irakasle plazen %17 hutsik geratu dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan

473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarteak batu dira, deseskalatze digitala eskatzeko

Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria”... [+]


EIRE euskal unibertsitate-irakasleen elkartearen amaiera

Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.

Euskal Herrian ere... [+]


Eguneraketa berriak daude