2012 eta 2022: aurkitu zazpi diferentziak

  • Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte Mariano Rajoyren gobernuak onartutako testuarekiko hain da antzekoa oraingoa, bataren eta bestearen arteko diferentziak aurkitzea denbora-pasa bilakatu daitekeela.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek urtarrilaren 30ean manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, lan erreformaren kontra eta euskal lan harremanetarako esparruaren alde. (Argazkia: ELA)
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek urtarrilaren 30ean manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, lan erreformaren kontra eta euskal lan harremanetarako esparruaren alde. (Argazkia: ELA)

Otsailaren 3an Madrilgo kongresuan onartutako lan erreforma prozesu luze baten azken pausoa izan da, ezinbestean amaiera groteskoa izan duena –PPren diputatu baten akatsari esker atera da aurrera–. Yolanda Díaz Espainiako presidenteordeak hilabetetan zehar CEOE Espainiako patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin negoziaturikoak, zerikusi gutxi du Unidas Podemosen eta PSOEren hauteskunde promesa nagusienetarikoarekin: 2012ko Mariano Rajoyren lan erreforma basatia bertan behera uztea.

Rajoyren erreformaren muinak hor jarraitzen du: lan-hitzarmenen negoziazioan balantza enpresariaren alde dago nabarmen.

Erreforma martxan dago abenduaren 30ean Espainiako Gobernuak 32/2021 errege lege-dekretua aldizkari orokorrean argitaratu zuenetik, baina kongresuaren onespena behar zuen. Horretarako babes bila aritu da Díaz bere ohiko bazkideen artean, tartean euskal alderdi abertzaleak, baina oraingoan EAJk eta EH Bilduk ezetz esan diote. Euskal lan esparrua ez errespetatzea eta kaleratze merkeak ahalbidetzen segitzea egozten diote testu berriari –ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek ere gogorarazi duten bezala–.

Díazek ez du testutik “koma bat ere” mugitu, CEOEk argazkitik ateratzeko egindako mehatxuaren ondorioz. Keinu horrek adierazi dezake ondoen, noraino dagoen baldintzatua botere ekonomikoei. Rajoyren erreformaren muinak hor jarraitzen du: lan-hitzarmenen negoziazioan balantza enpresariaren alde dago nabarmen. Legeak aurrerapauso batzuk dakartzan arren, 2012ko lan erreformarekiko marrazkiaren antza oso handia dauka, eta kostako zaio irakurleari zazpi diferentziak ikustea. Ausartzen?

 

1. Ultraaktibitatea

 

Hitzarmen kolektiboen aurrera eragina berriz ere mugagabe bihurtzea da Espainiako Gobernuak egin duen lan araudiaren aldaketa nagusietako bat. Neurri hori hartu izan dute ahotan gobernuko PSOE eta Unidas Podemos alderdiek eta CCOO eta UGT sindikatu espainiarrek, 2012ko lan erreformari sakoneko aldaketak egin dizkiotela argudiatzeko. Rajoyren exekutiboak onarturiko legeak ultraaktibitatea ezabatu zuen hasiera batean, baina gero urtebeteko aurrera eragina ezarri zen. Hau da, itun bat iraungi eta urtebeteren buruan ez bazen beste bat adosten, Langile Estatutuen gutxieneko baldintzak ezarriko zituen enpresak.

Hori gertatu zen, esaterako, 2013an Balear Uharteetako ATESE zerbitzu eta garbiketa enpresako hitzarmena iraungi zenean: egun batetik bestera Lanbidearteko Gutxieneko Soldata kobratzen hasi ziren langileak. Baina afera Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen 2014an, eta honek langileen alde egin zuen. Jurisprudentzia horrek praktikan ultraaktibitatea berrezarri zuen, eta hortaz, esan liteke oraingo neurriak aldaketa handirik ez duela ekarriko.

Ezkerrean, Cepyme eta CEOE patronaleko kideak, UGTko eta CCOOko idazkari nagusiak eta Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko lehendakariordea, lan araudia negoziatzeko bileretako batean. (Argazkia: CEOE)

 

2. Mugagabeak gora

 

Obra-kontratuak desagertu dira, eta aurrerantzean ezingo dira lan-kontratuak bata bestearen atzetik sinatu, langilea egoera zaurgarrian geratu eta lege-iruzurra egiteko modu bat baitzen. Baina enpresak jarraitzen du behin behineko kontratuak egiteko aukera izaten, nahiz eta sasoiko lanak “aldizkako mugagabe” izatera igaroko diren. Yolanda Díazen ministerioak behin-behinekotasunarekin amaitzea zuen lehentasun, “kontratazio mugagabea finkatzea, eskubideak eta lan-egonkortasuna izango dituen etorkizun baten aldeko apustua egitea da”, idatzi zuen ministroak Twitterren, araudia Espainiako Kongresuan bozkatu bezperetan, kontratu mugagabeak 2022an %9tik %15era igaro direla irudikatzen zuen grafiko batek lagunduta.

Baina kontratu mugagabeak dituzten langileak kalera botatzea lehen bezain erraz eta merke izango du enpresariak: lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko indemnizazioa kaleratze bidegabeengatik. Neurri hori José Luis Rodríguez Zapateroren 2010eko erreformak ezarri zuen –aurretik 45 egun ziren–, eta 2012an Rajoyk orokortu egin zuen, arrazoi objektiboengatik justifikaturiko 20 eguneko indemnizazioko kaleratzeak erraztearekin batera.

Gainera, tramitazio soldatak ez dira berreskuratuko –kaleratze bat dagoenean enpresak beregain hartu behar duen kostua, epailearen aginduz langilea berriz onartu behar izanez gero– eta kaleratze kolektiboak lehen bezala egin ahal izango dira enplegua erregulatzeko espedienteak erabiliz.


 

3. Barne malgutasuna

 

2012ko lan erreformaren eztabaidaren erdian, orduan Adegiko presidente Eduardo Zubiaurrek zera adierazi zion Berria egunkariari elkarrizketa batean: “Gustatzen zaigun eredua malgusegurtasuna da”. Hau da, enpresak erabakiak hartzeko malgutasuna edukitzearen truk langileak “segurtasuna” izango zuela bere lana mantentzeko. Urteotan guztiotan ikusi dugu hitz horren bigarren zatia jan duela errealitateak. Eta orain, lan araudi berriaz Espainiako patronaleko kideek konplexu gabe hitz egiten dute, CEOEko buru Antonio Garamanedik egin duen moduan: “Barne malgutasunerako mekanismoak ez dira ukitu”, aitortu du.

Enplegu mugagabea sustatzea helburu duen arren, lan erreformak ez ditu kaleratze merkeak eragotziko eta enpresek malgutasuna izango dute lan-baldintzak aldatzeko. Irudian, Lanbideko egoitza batean itxaroten. (Argazkia: Foku / Jagoba Manterola)

Lan egunak, ordutegia, soldatak, mugikortasuna eta bestelako lan-baldintzak justifikazio handirik gabe aldatzeko aukera izaten segitzen dute enpresek. Bestetik, Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak (ABEE) errazago ezarri ahal izango dituzte, testuinguruaren arabera; eta gainera, RED izeneko sistema sortu da, krisi ziklikoen edo sektorialen aurrean lan-harremana eten edo lanegunak murrizteko gerri gehiago izateko.


 

4. Sektoreko soldatak

 

Rajoyren gobernuak duela hamar urte onartutako lan erreforman, enpresako lan-hitzarmenek lehentasuna zuten sektorekoen gainetik. Orain, aldiz, sektorekoa lehenetsiko da. CCOOk eta UGTk azpimarratu dute horrek soldatetan hobekuntza nabarmena ekarriko duela –12.000 euroko aldea zenbait kasutan– enpresek ezin izango dituztelako euren hitzarmen partikularrak erabili ordainsariak jaisteko, zenbait zerbitzu konpainietan gertatzen zen bezala (garbiketakoak, segurtasun enpresetakoak…). Baina sektore hitzarmenen lehentasuna soldatetan baino ez da hitzartu, eta ez bestelako lan-baldintzetan. Gainera, Hego Euskal Herriaren kasuan, soldatak jadanik hobeak dira, Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak Hordago-ri azaldu bezala: “Euskal Herrian enpresa hitzarmenak ez dira erabili sektorekoak okertzeko, hobetzeko baizik, presio sindikala egon delako hori horrela izan zedin”.


 

5. Azpikontratazioari mugak

 

Enpresen arteko azpikontratatze-kateak prekarietatearen eta lan-arriskuen sorleku nagusietako bat direla salatu dute behin eta berriz langileen ordezkari eta eragile sozial ugarik. Euskal Herrian 2020an lanean hildakoen %15 azpikontrataturik zeuden, sindikatuek kaleratutako txostenaren arabera. Aurten azken lan istripu larria Cementos Añorgan gertatu da urtarrilaren 26an: azpikontrataturiko migratzaile bat elbarri geratu da, gidatzen ari zen garabiak prebentzio neurri egokiak ez zituelako.

LAB sindikatuko dozenaka kidek Adegi Gipuzkoako patronalaren egoitza okupatu zuten lan erreforma salatzeko. (Argazkia: LAB)

Yolanda Díazen lan erreformak azpikontrataturiko langileen baldintzak hobetuko dituela esan dute bere defendatzaileek, baina testuaren orrazketak aldaketa nabarmen bakarra dakar, 42. artikuluan: azpikontratek errespetatu beharko dituzte “garatzen duten jardueraren” sektoreko itunak, bere helburu sozial edo forma juridikoa dena dela ere. Neurri horrek zerbitzu ugari eskaintzen dituzten konpainiei eragingo die, baina bakarrik soldatei dagokienez, beste lan-baldintzak enpresak inposatu ditzake. “Ezin dugu onartu maila ezberdinetako langileak egotea; lan berdina egiten baldin badugu, lan eskubide berberak izan behar ditugu”, azaldu dio Hordago-ri ESK sindikatuko Iratxe Alvarezek.


 

6. Estatalizazioa

 

Euskal lan harremanen esparrua errespetatzea izan da EAJk eta EH Bilduk egin dioten eskari nagusia Espainiako Gobernuari. Jeltzaleak otsailaren 3an lan erreforma onartu baino ordu batzuk lehenagora arte aritu ziren baldintza hori mahai gainean negoziatzen. Hala ere, araudi berriak estatuko itunak lehenetsiko ditu marko autonomikoaren gainetik.

ELA, LAB eta ESK-ko ordezkariak EAJko EBBko burukideekin bilduta, euren eskaerak azaltzeko. (Argazkia: EAJ)

2017an ELA, LAB, CCOOO-Euskadi eta UGT-Euskadi sindikatuek eta Confebaskek akordioa sinatu zuten, EAEko lurraldeetako lan hitzarmenak ezarri ahal izateko. Baina akordio horrek lan erreforman lekurik ez duenez, sinatuko diren lurralde hitzarmenek ez dute berme juridikorik, eta Madrilen borondate onaren menpe daude, “Estatuarekiko obedientzia duten CCOO eta UGT bezalako sindikatuek inpugnatu” baititzakete, Carlos Etxeberri kazetariak Noticias de Gipuzkoa-an gogorarazi zuenez –ostalaritzako euskal esparru itunarekin halako zerbait gertatu da berriki–. Urtarrilaren 30ean lan erreformaren kontra Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuetan euskal gehiengo sindikalak ozen esan zuen, amaieran plazaraturiko irakurketan: “Euskal langileon lan- eta bizi-baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Madrilen”.


 

7. Elkarrizketa soziala

 

 

Kritika zorrotzak PSOEri, hauteskunde promesa ez betetzeagatik.
(Irudia: @grafismo)

Txikle baten antzera luzatu eta maneatu daitekeen hitza izan da elkarrizketa soziala lan esparrura eraman izan denean, eta kasu honetan ere ez da salbuespena izan. PPk 2012ko legea ateratzeko ez zuen adostasunik behar izan estatuko sindikatuen eta CEOE patronalaren artean. Sánchezen gobernuari, baina, Bruselak bi baldintza jarri dizkio europar diru-funtsak jasotzeko: behin-behinekotasuna jaistea, eta sindikatuen nahiz patronalaren artean adostea hori nola egin. Beraz, oraingoan akordioa lortu dute –lortu beharra zuten–, eta “elkarrizketa soziala” deitu diote horri.

Bistan da CEOEri lan erreforma negoziatzeko aukera gehiago eman dizkiela Espainiako Gobernuak EBrekin sinaturiko baldintzek, hogeita hamaika eskutik izateko adina. Eta askorentzat beto eskubidea dena oso agerian geratu da, dekretutik “koma bat aldatuz gero” patronalak ez onartzeko egindako mehatxua eta gero. Azken batean, agian, ARGIAn (2.764 zk.) Endika Alabort ekonomialariak esan bezala, honako hau Europar Batasunaren lan erreforma da.


 

Lan erreformaren ondorioak
Urtarrilaren 30ean sindikalgintza kalera atera zen lan erreformaren kontra (argazkia: ELA)

2012ko erreforman lan eskubideek murrizketa basatia ekarri zuen. Ordukoan, argudio nagusia zen lan-merkatua oso zurruna zela, eta lan-baldintzak ezin zirela egokitu egoera ekonomiko larrira. Baina hamar urteotan erreformaren ondorioak ikusiz gero, teoria antzua da, eta Kataluniako Taifa ekonomia kritikoaren seminarioak datu batzuk eman ditu hori erakusteko.

2008ko krisiaren ondoren, 2015 eta 2017 artean Espainiako Estatuko BPGa %3,8 eta %3 artean hazi zen, baina enpleguaren hazkundea motelagoa izan zen, %0,9 eta %2,7 artean. 2019an enplegu-tasa oraindik 2007koa baino %4,4 baxuagoa zen. Soldatei dagokienez, 2019an ordainsariek BPGren %46,3 suposatzen zuten, 2017an baino puntu bat gutxiago (%47,3).

Taifa seminariokoen ustez, ebidentziek erakusten dute kontratazio mugagabea sustatzea kaleratzeak merkatuz edo lanpostuen murrizketa saihestu nahi izatea “barne malgutasunarekin”, porrot egindako politika baten parte direla. “Inongo ikerketak ezin izan du erakutsi soldaten igoerak, kaleratzeen kostuak eta lan-baldintzen egonkortasunak pisu nabarmenik dutenik enplegua sortzearen kontra”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako lan erreforma
Finantza kontua edo justizia soziala?

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]


Analisia
Arrakala handitzen

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]


Shakespeare forala

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]


2022-02-04 | Leire Artola Arin
Iruñeko Maya alkatea gaitzetsi dute PSNren botoarekin, UPNko bi diputatuk lan erreformarako botoa aldatu ostean

Sayas eta Adanero diputatuek Espainiako Kongresuan lan erreformaren aurkako botoa eman dute, eta UPNk aktak itzul ditzaten eskatu die. Izatez, UPNk iragarri zuen babestu egingo zuela gobernu koalizioa, eta, ordainetan, PSNk bertan behera utziko zukeen “adierazpen... [+]


Eguneraketa berriak daude