“Bizi baldintzak hobetzeko eseri eta edukiak negoziatu behar ditugu”

  • Arkaitz Antizar CCOO Euskadiko Gazteria idazkaria eta batzorde exekutiboko kidea da. Lan erreformarako akordioaren egileetariko bat izan da CCOO, lan legediaren orain arteko norabidea aldatzen duelakoan. Hala ere, aurreko erreforma partzialki soilik derogatu duela ikusita, berau babesteko argudioen inguruan galdetu nahi izan diogu. Antizarren aburuz, erreformaren akordioa historikotzat kalifikatzea ez da inolako gehiegikeria.


2022ko urtarrilaren 19an - 14:13
Azken eguneraketa: 15:42

Badakigu dagoeneko CCOOk lan erreforma positiboki baloratu duela, baina zeintzuk dira, zuen ustez, berau ontzat emateko gako nagusiak?  Zein da zuen balorazio orokorra lan erreformak ekarri dituen lorpenen inguruan?

Lan erreformaren akordio honetan 3 ardatz nagusi azpimarratu nahi ditugu:

1. Prekarietatearen eta lanaren aldi baterakotasunaren kontrako borroka legedian islatzen da. Kontratu mugagabeari lehentasunezko tokia ematen zaio eta aldi baterako kontratuak soilik modu oso justifikatuan erabiliko dira. Beraz, eskubideak bergureganatu eta berriak sortzen dira.

“Oraindik lana egiteko dago eta eduki batzuk hobetu daitezke, baina hala ere akordioaren garrantziaz ohartu behar gara”

2. Negoziazio kolektiboan langileek negoziazio boterea bereganatzen dute. Hitzarmen sektoriala enpresa hitzarmenaren gainetik geratzen da.

3. Enplegua bermatzen dituzten tresna berriak legedian barnebiltzen dira. Esate baterako ABEEEen (ERTEen) mekanismo berri guztia, RED Mekanismo moduan izendatu dena.

Nolakoa izan da patronalekin egindako negoziazioa?

Negoziazio luzea izan da, 9 hilabete ingurukoa, bilera askokoa eta lan ordu kopuru handikoa. Datu hori mahaigaineratzea garrantzitsua dela uste dut, akordioaren garrantzia erakusten digu-eta. Guretzat akordio historiko moduan kalifikatzea ez da inolako gehiegikeria, lan merkatuaren muinean eragitea ez baita inongo txorakeria eta akordio honen bitartez, lan merkatuaren mamian eragiten da, batez ere, aldi baterakotasuna.

Hala ere, 2012ko lan erreformaren puntu batzuk ezeztatu dira soilik. Nori edo zerri leporatzen dizkiozue erreforman egon diren hutsuneak?

Erreformaren lehenengo fasean gaudela azpimarratuko nuke. Hau da, noski oraindik lana egiteko dagoela eta eduki batzuk hobetu daitezkeela baina hala ere akordioaren garrantziaz ohartu behar gara. Ez dut uste norbait erantzule bezala seinalatzeak zeozer aurreratuko duenik, hau da, argi esan dut: guretzat akordioa hau “irabazi-irabazi” terminoetan kokatzen dugu ingelesez “win-win” bezala ezagutzen dena. Horrekin zera esan nahi dut: 2012ko lan erreformak bertan behera utzi zituen eskubideak berreskuratzen dira eta bestalde, eskubide berriak sortzen dira. Beraz, hemen negoziazioaren hutsuneak norbaiti leporatzeak ez dut uste ezertan lagunduko digunik. Aurrera begiratzen jarraitu behar dugu eta langile klaseen bizi, lan baldintzak hobetzeko baikaude hemen, ez erantzuleak bilatzeko.

Patronalak espero ez zuen akordio bat lortu duela esan du. Zergatik? Nola interpretatzen duzue balorazio hori?

Patronalak hori esan baldin badu, patronalak berak azaldu beharko du beren hitzen esanahia eta zergatia. Nik, ondo ulertuko duzun moduan, CCOO Euskadiren ikuspuntua eta argudioak emango dizkizut, ez dut uste komenigarria denik akordioan parte hartu duten beste eragileen bozeramaile izatea.

“Negoziazioaren hutsuneak norbaiti leporatzeak ez dut uste ezertan lagunduko digunik, aurrera begiratzen jarraitu behar dugu, langile klaseen bizi eta lan baldintzak hobetzeko baikaude”

Bestalde, eragileen hitzetan sakondu baino, eztabaida honetan edukien azterketan sakondu beharko genuke. Gehiago gustatuko litzaidake aldi baterakotasuna mugatzearen inguruan hitz egitea, patronalak zer esan duen aztertzea baino; eztabaidatzen ari garen akordioaren muina askoz indartsuagoa baita zer esan duen kontuan hartzea baino.

Bada, hori galdetu dizut langileentzako hobekuntza asko lortu gabe geratu direla aditzera ematen duelako...

Gure ustez, akordioa guztiz positiboa da langile klasearentzat, lan merkatuak dauzkan arazo estrukturalen aurrean mugak eta soluzioak jartzen dituelako, hau da, aldi baterakotasuna arazo bat da lan merkatuan, jakina, eta horretarako obrako edo zerbitzuko kontratua desagerrarazten dugu eta aldi baterako kontratuen kausa justifikatzea eskatzen dugu, gehienez 6 hilabeteko epea izango dutelarik.

Halaber, enpresa hitzarmena hitzarmen sektorialaren gainetik egotea arazo bat zen, noski, enpresa horretaz baliatzen zirelako hitzarmen sektorialaren baldintzak okertzeko. Horren adibide garbia zerbitzu anitzeko enpresak dira.

Azkenik, kontratazioan egiten den iruzurra arazo bat da lan merkatuan, baita ere; eta horretarako lan ikuskaritzaren eskuduntzak handitzen dira. Lan ikuskaritza indartu egingo da pertsonal gehiago kontratatuz eta iruzur egiten duten enpresek jasoko duten isunak desberdinak izango dira. Akordioa baino lehen, kontratazioan iruzurra egin izan bazenuen, lan ikuskaritzak santzio bakarra jarriko zizukeen, berdin zuelarik iruzurrean kontratu bakarra edo hogeita hamar iruzurrean izan. Hemendik aurrera, kasu bakoitzarentzat zigor bat egongo da. Beraz, egoera modu nabarian aldatzen da langile klasearen ikuspuntutik aztertuz gero.

Zein izan da mobilizazioaren papera lan erreforma lortze aldera?

“Lan ikuskaritza indartu egingo da pertsonal gehiago kontratatuz eta iruzur egiten duten enpresek jasoko duten isunak desberdinak izango dira”

Mobilizazioaren papera lehen mailakoa izan da, argi dago mobilizaziorik gabe ez direla hobekuntzak lortzen, baina mahai batean negoziatu gabe ere ez. Azken hamarkadan greba orokor bat baino gehiagoren deialdia zabaldu dugu eta lan zentroetan zein kaleetan mobilizatzen egon gara, baina gure lana modu pragmatikoan egikaritzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu, hau da: zertarako egiten dugu lan, langile klasearen lan baldintzak eta ondorioz, bizi baldintzak hobetzeko ezta? Eta hori, dakigunez, ez da soilik mobilizazio eta greben bitartez lortzen, eseri eta edukiak negoziatu behar ditugu.

Negoziazioaren garrantzia goraipatu nahi duzu, orduan?

Mobilizazioa eta negoziazioa osagarriak dira. Gainera, mobilizazioak eta negoziazioak osatutako bikote horrek zer ekarri duen aztertzen badugu, argi ikusi daiteke ez dela soilik lan erreforma honen akordioa lortu. Ad Hoc edo kasu konkreturako sortzen ziren enpresa-batzordeak desagerrarazi ditugu, ABEEE (ERTE) zein Berdintasun Planak negoziatzeko. Horrek zekarrena zen ordezkaritza sindikalik gabeko enpresetan zuzendaritzak erabakitzen zuela zeinekin negoziatu lan baldintzak, honek suposatu dezakeen galera kontuan hartuta. 

“Mobilizazioak eta negoziazioak osatutako bikote horrek zer ekarri duen aztertzen badugu, argi ikusi daiteke ez dela soilik lan erreforma honen akordioa lortu”

Bestetik, Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren ezeztatzea ere lortu dugu urte hauetan. Artikulu horrek bajan egoteagatik kaleratzeko aukera zabaltzen zion enpresari. Azkenik, 52 urte baino gehiagoko pertsonentzako diru laguntza berreskuratzea ere lortu dugu mobilizazio eta negoziazio sistema  erabiliz. Beraz, argi eta garbi dago lan egin behar dela, egunero burutu beharreko lana gainera, eta batzuetan nekeza dela, baina negoziazioak bere fruituak ematen dituela ezin dugu ukatu.

Horiez gain, honakoak ere goraipatuko nituzke: pentsioen erreformaren akordioa, Telelanaren legea, Rider legea, berdintasun planak zabaltzeko dekretua edota pandemian zehar arautu diren lan eskubide guztien multzoa (ABEEEen mekanismoa).

 

Elkarrizketa hau ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CNT sindikatuetako ordezkariei Espainiako lan erreformaz egindako elkarrizketa sortaren zati da; hurrengo egunetan argitaratzen joango gara elkarrizketa bakoitza. Entzun Bilbo Hiria Irratiko 'Lanaren ekonomia' saioan:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako lan erreforma
Finantza kontua edo justizia soziala?

Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]


Espainiako lan erreforma
2012 eta 2022: aurkitu zazpi diferentziak

Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte... [+]


Analisia
Arrakala handitzen

Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]


Shakespeare forala

Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]


Eguneraketa berriak daude