CUP

"PSOEren gobernua egonkortzea nork bere buruari harrika egitea da"

  • 2019an Kataluniak bizi zuen salbuespen egoerak bultzatuta, CUP lehenbizikoz aurkeztu zen Espainiako Estatuko hauteskundeetara bi eserleku lortuta. Mireia Vehí (Vilafant, Herrialde Katalanak, 1985) diputatu eta zerrendaburuak ARGIA jaso du Madrilgo Kongresuan, alderdi antikapitalistaren ibilbideaz eta erronkez solastatzeko.

Argazkia: David F. Sabadell

Dena CUP duela bi urte sartu zen Espainiako Kongresuan ezustean. Alderdi antikapitalista eta independentista izanik, zerk bultzatu zintuzten Madrilera?
Arrakastarik gabeko lehen inbestiduraren ondoren eta preso independentisten sententziaren kontrako protesten erdian erabaki genuen lehen aldiz Espainiako hauteskundeetara aurkeztea. Batetik, errepresioaren ondorioz argi eta garbi ikusi genuen ezker independentistak politika espazio guztiak okupatzea garrantzitsua zela. Bertzalde, ERC eta Junts per Catalunyaren paperak ez zuen ordezkatzen Kataluniako herriak behar zuena. Testuinguru horretan, presaz eta ezustean erabaki genuen Espainiako hautagaitza aurkeztea.

Erabakiarekin kontent zaude?
Bai, CUPek bultzatu duelako orain arte Kongresuan ez zegoen ahots independentista, antikapitalista, feminista eta ekologista ezkertiarra. Sarri bakarrik gelditu gara, baina, gure ekarpena garrantzitsua izan dela uste dut. Zoritxarrez, Diputatuen Kongresuak gero eta eragin mediatiko handiagoa du, gero eta konpetentzia gehiago dituelako. Madril xurgatzailea da. Beraz, gure parlamentu subiranoa katalana, valentziarra eta Balear Uharteetakoa den arren, Madrilen egoteak ikusgarritasuna eman digu, baita orain arte Espainian isilduta zegoen ahotsa lau haizetara zabaltzeko aukera ere.

Parlamentutik Kongresurako jauzia egin zenuen. Nola joan da?
Egunerokotasunari dagokionez, gogorra izan da. Kongresuak berezkoa duen gogortasunari gehitu behar zaio eskuin muturraren presentzia. Eta, hori guti balitz, legealdia hasi eta gutira ezustean etorri zen mundu mailako pandemia; Espainia osoa itxita zegoen bitartean Madrilera etortzen ginen. Baina, era berean, ase nau orain arte tokirik ez zuen ahots baten ordezkari izateak. Beraz, egunerokotasuna gogorra izan den  arren, esperientzia gogobetekoa da.

Zer deritzozu Pedro Sánchezen gobernuaz?
Etsipen handia dago legealdi hau izan zitekeenarekin. CUP erregimena ontzeko eta gobernaezinak izateko asmoz etorri zen Madrilera. PSOE eta Unidas Podemosen gobernuak helburu hori lortzeko zenbait zirrikitu eskaini ahal zituen, baina, zoritxarrez, ez da horrela izan. Estatuaren oinarrizko kontu guztietan gobernu aurrerakoiaren politikak eskuinekoak izan dira.

Adibidez?
Ekonomiari dagokionez, europar funtsen kudeaketan, dirutza handien tasen faltan, ogasunean, zerga-sistema progresiboaren aldeko lan faltan, bertzeak bertze. Eta barne kontuetan, politika migratzaileen edo Mozal Legearen eztabaidaren ezdeusa, edo ezer guti lortuko duen lan erreformaren atzerapena azpimarratuko nituzke… Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEE) edo Bizitzeko Gutxieneko Errentarena neurri eskasak izan dira, ez dira iristen eta, beraz, ez dute helburua asetzen. Eta hori guti balitz, monarkiari kritika egiteko eta eskubideen autodeterminazioaren atea zabaltzeko uko sistematikoa nagusi da. Pedro Sánchezek legealdia hasi zuen Kataluniako gatazka desjudizializatzeko apustua iragarriz eta hori ez da gertatu. Ez da gatazkaren irtenbide politikorik egon eta Sánchezen gobernuak aurrekoak baino gehiago erabili du Mozal Legea.

PSOE eta Unidas Podemosen gobernua baino alternatiba hoberik bazegoen, zure ustez?
Gobernua osatzeko?

Bai.
Ez, zenbakiak direnak dira eta aukera guti zegoen. Hori bai, alternatiba mesedegarriagoa eraiki zitekeen politika publiko zehatzen bitartez. Eta arazoa da PSOEk eta Podemosek mantra bat defendatzen dutela beti; gobernu honen egonkortasuna galtzen bada, eskuin muturrak eta eskuinak gobernatuko dutela. Hori tranpa da. PSOEk eskuin muturra seinalatzen duenean, zuzenean, ezkerrean kokatzen delako, baina, politika ezkertiarrik sustatu gabe. Beraz, gizarteari bidaltzen dion mezua da progresuaren gobernuak ez duela politika aurrerakoirik egiten, edo tanta-kontagailuarekin egiten dituela jendearen arazoak konpondu gabe.

Argazkia: Espainiako Kongresua

CUP Madrilera joan zen, bertze gauzen artean, Espainiako Gobernua blokeatu asmoz. Hemizikloan zuen botoaren norabideak sarri bat egiten du VOX edo PPrekin. Deseroso sentitzen zarete?
Ez, CUPek, VOXek ez bezala, bozkatzen duenean errotik ezkertiarra den posizionamendu politiko batekin egiten baitu. Adibidez, Pedro Sánchezen inbestiduraren kontra bozkatu genuen, VOXek bezala. Guk argi eta garbi erran genion presidenteari, aurrera begira politika eraldatzaileak sustatzen bazituen gure botoa zuzendu beharko bagenu, eginen genuela. Baina hori ez da gertatu. Eta, aldiz, zenbaitetan PSOEk VOXekin batera bozkatu izan du, funts europarren onarpenean, adibidez, eta hortaz ez du inork deus erran. CUPek egoera aztertu eta bere planteamendu politikoen arabera bozkatzen du, bertzerik gabe.

Sánchezen inbestiduraren kontra bozkatu zenuten. Aldiz, Katalunian Pere Aragonesen alde egin zenuten, nahiz eta bere zerrendetan behin baino gehiagotan jarrera xenofoboa izan duen Joan Canadell egon. Zergatik?
Kataluniako Parlamentuan gu ERCrekin batera akordio batera iritsi ginelako, ondoren Junts per Catalunya ere batuz. Gure erronka zen gure herrialdea ezkerrerantz biratzea. Eta akordio horretan argi eta garbi adierazi genuen, sei hilabete barru hitzartutakoa betetzen ez bada, aurrekontuak ez ditugula babestuko. Madrilen bertze ikuspuntu bat dugu. Azken finean, Kataluniako Parlamentua eta Generalitatea babestu beharreko ganberak dira guretzat, Auzitegi Gorenak eta Espainiako Gobernuak sistematikoki xahutu dituelako. Madrilera, aldiz, ez gatoz ezer eraikitzera, Madrilen gaude, bertze gauzen artean, erregimenaren egiturak, monarkia, armada edo ustelkeria salatzeko.

EH Bilduk, ERCrekin batera, Sanchezen gobernua posible egin zuen. Zer deritzozu Madrilen egiten ari den paperaz?
Analisi desberdina egiten dugu PSOE eta UPren gobernuarekin izan behar dugun harremanaz. EH Bilduk eta ERCek ulertzen dute Euskal Herria zein Kataluniarentzat politika publiko baikorrak ahalbidetzeko modua dela gobernu honen egonkortasuna bermatzea; guk aldiz uste dugu, legealdiaren bi urte hauek pasata, PSOEren gobernua egonkortzea nork bere buruari harrika egitea dela. PSOErekin itunak egiteak ez baitu ezertarako balio. 

Pedro Sánchezek indultuak tramitatu zituen.
Eta gu poztu ginen jendea espetxetik atera ahal izan zelako, hori garrantzitsua izan zen, sufrikario handia zegoelako. Baina indultuena ez da irtenbide politikoa izan; bederatzi lagunen egoera konpondu dute, baina lau mila errepresaliatu daude oraindik. Irtenbide politikoa Amnistia Legea da.

Unidas Podemos talde parlamentario konfederalaren presidente Jaume Asensek ARGIAn adierazi zuen Amnistia Legea aurrera eramateko indar korrelaziorik ez dagoela gaur egun.
Noski, PSOE ez dagoelako prest. Baina, jakina da indar korrelazioak landu egiten direla. Eta, gure ustez, garrantzitsuena da erronka politikoak jartzea, amnistiaz solastatu ahal izatea eta herritarrei adieraztea irtenbide politiko egingarriak daudela. Eta horretaz aparte, gehiengo handiak osatzea garrantzitsua dela. Ez dut uste indar korrelazioa alegatzeak mesede handirik egiten digunik.

Momentuz, Pedro Sánchez izan da Kataluniarekin elkarrizketa mahaian eseri den lehen presidentea.
Bai, arazoa da elkarrizketa mahaiaz duen bakarra izena dela: ez dago baldintza berdintasunik, baldintzak Espainiako Gobernuak jartzen dituelako, ondorioetan mugak jartzen ari dira eta muga konstituzionalak ezin dira gurutzatu. Beraz, PSOEk jarraitzen du legalitatearen eta legitimitatearen arteko pultsua egiten. Espainiako Konstituzioa zama ikaragarria izaten ari da elkarrizketa mahaian eta badakigu ERCk hori argi duela, baina, zikloa bukatzen utzi nahi dute.

Nola kudeatuko luke CUPek elkarrizketa mahaia?
Hasteko, elkarrizketa mahaiak ezin du izan alderdi politikoen mahaia; bi herrialdeen arteko elkarrizketa gunea izan beharko luke eta arbitroak neutrala izan beharko luke. Espainiako Gobernua behartu behar dugu esertzera eta negoziatzera, eta horretarako ezinbertzekoa da nazioarteko komunitatearekin lan egitea. Egitasmo neketsua dela? Bai, noski. Baina, duela lau urte egin genuen eta, seguruenik, Espainia demokratikoki erreformatzea bezain utopikoa edo gutiago da. Zalantzarik gabe hau da Espainiak izan dezakeen gobernurik hoberena; ba, hau baldin bada Espainiak izan dezakeen gobernurik onena, independentzia biziraupen demokratiko kontua da. Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian eta edonon.

Legealdia amaitzeko bi urte falta dira. Aukerarik ikusten duzu Espainiako Estatua deszentralizatzeko?
Ez dago borondate politikorik. PSOEk berezkoa du erregimenaren euskarrietako bat izatea. Beraz, ez da konfiantza edo fede kontua. PSOEk ez du norabide horretan lan egin nahi eta barne gatazka handiak ditu bere lerroetan. Ez dut aukerarik ikusten, tamalez.

Zein da CUPen erronka hemendik aurrera?
Funtsezko eginkizuna dugu legealdiaren bigarren erdi honetan, era berean Kataluniako Parlamentuaren legealdia ere badelako. Ezker independentista gara eta, beraz, ERCk egiten duen politikaren kontrapuntua izan behar dugu eta bi urte hauek balio behar digute bide-orri konpartitu bat osatzeko. Ez bakarrik independentismoari zuzenduta, baizik eta indar demokratiko guztiak abiapuntu hartuz. Hizkuntza murgiltzearen kontrako Gorenaren sententziak agerian utzi du gakoa dela gehiengo demokratikoak osatzea. Eskubide kolektiboekin ere badu zerikusia autodeterminazioak, herrialdearen bandera aldatzeaz haratago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CUP
2022-10-30 | La Directa
Anna Gabrielekin elkarrizketa, erbestetik bueltan

Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel Sabaté Suitzara erbesteratu zenetik, Jordi-ak eta Kataluniako Gobernuaren zati bat espetxean zirela. Ordutik asko aldatu da egoera: indargabetutako Carles Puigdemonten inbestidura saioa, Quim Torraren izendapena eta inhabilitazioa,... [+]


Ezker Independentista eta CDRak masiboki zelatatu ditu Espainiako Barne Ministerioak

Directa hedabideak eman du argitara espioitza masiboa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu, eta besteak beste kaleko jarraipena ere egin die hainbat militanteri. 2017ko... [+]


2021-12-01 | ARGIA
CUPek katalanez baino ez du egingo hedabideen aurrean

Prentsaurrekoak eta edozein motatako parte-hartzeak katalanez eskainiko dituzte Herrialde Katalanetan. Erabaki hori hartu du CUPek Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duelako ikastetxeetan ikasgaien laurdena gaztelaniaz eman behar dela.


2021-10-01 | Axier Lopez
Alde bakarreko bidearen aurka agertu da Kataluniako Parlamentua, U1-eko erreferendumaren urteurrenean

Lau urte bete dira gaur Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumetik. Urteak pasa dira, eta errepresioa tarteko, galdeketa hori sustatu zuten alderdi independentisten jarrerak ere aldatu dira. Ostegunean, aldaketa hori islatuta geratu da Kataluniako Parlamentuan.


2020-10-05 | ARGIA
Quim Arrufatek "eraso matxistak kudeatzeko prozesu baten erdian" utzi zuen CUP

CUPek oharra kaleratu du igandean, Ara hedabideak kasuaren inguruko informazioa argitaratu ostean. Astelehen goizean CUPeko diputatu Natalia Sánchezek adierazi du Arrufatek “kanporatze baten atarian” utzi zuela CUP. Arrufatek desadostasun politikoengatik irten... [+]


Eguneraketa berriak daude