"Nahiko genuke ezker abertzaleak aliantza esparru bat gurekin ere izatea"

  • Albert Botran i Pahissa CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea da eta Espainiako Kongresuko hauteskundeen zerrendan bigarren postuan da. CUPen historian estreinako aldiz eztabaidatu zuten estatuko hauteskundeetara aurkeztu ala ez, apirileko zitaren aurretik. Ezezkoa gailendu zen orduan. Poble Lliure barne korronteak orduan Albano-Dante Fachínen Som Alternativa eta Pirates de Catalunya alderdiekin koalizioan aurkeztea erabaki zuen Front Republicà izenpean, alderdian krisia eraginez. Azaroaren 10eko zitari begira eztabaida egin du CUPek berriz ere, eta oraingoan aurkeztea erabaki dute. Aurkeztearen motiboez eta helburuez, Espainiako Estatuaren zein Herrialde Katalanen egoera politikoaz aritu gara Botranekin.


2019ko azaroaren 10an
Victor Serri

Lehendabizikoz aurkeztuko da CUP Espainiako Estatuko hauteskundeetara. Zer helbururekin?

Espainiako Kongresuan orain arte ordezkatua egon ez den independentismoari ahotsa eman nahi diogu. Bi alderdi independentista nagusiak PSOErekin aliantza egiten saiatu dira edo egiteko zalantzan izan dira, aurrera egiteko aukera bakarra balitz bezala. Guk uste dugu norabideak aurkakoa izan behar duela. Egunen batean estatuak aitortu gaitzan, ezin diogu boterea ezeren truke eman gobernu bati. Gutxieneko batzuk egon behar dute, guretzat autodeterminazioa eta amnistia dira. Hori onartzen ez dutenei ez genieke babesik eman behar indar independentistek. Ezta burujabetzaren aldekoek ere, Catalunya en Comù-ren espazioa hor kokatuz.

Aurreko deialdian ez aurkeztea erabaki zuen CUPek, orain aldiz bai. Zer aldatu da apiriletik hona?

Ez aurkeztea alde txikiarengatik erabaki zen, CUPek ez du erabateko posizio aldaketa egin egun batetik bestera. Zerk eragin du militantziaren zati batek jarrera aldatzea? Batetik, alderdi independentistek eta burujabetzaren aldekoek Kongresuan bete duten paper lotsagarria ikusi da. Beste faktore bat errepresioaren areagotzea da. Iraileko CDRetako kideen atxiloketekin zazpi preso politiko gehiago ditugu, hor ikusi zen estatuak jauzi kualitatiboa egin zuela [elkarrizketa irailaren 17an egina dago, Gorenak buruzagi independentisten aurkako epaia eman eta hiru egunera]. Egoera hau salatzeko eta bozgorailu bat izateko aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu.

CUPek ez aurkeztea erabaki ostean eta Endavant korrontearen iritziaren aurka, Poble Lliurek bere kabuz Front Republicà osatu zuen beste eragile batzuekin. Zu Poble Lliureko kidea zara. Aurkeztu zineten, baina ordezkaritzarik ez zenuten lortu. Zer balorazio egin duzue ordukoaz?

Apenas dirurik gabe eta komunikabideetan presentziarik gabe ordezkaritza lortzeko atarian geratu zen Front Republicà. Horrek bidea ireki du neurri baten. Bestetik, CUPen barnean krisia sortu zuen: banaketaren arriskuan izan ginen, oso une delikatua. Baina lortu genuen CUPen inguruan berriz ere batzea. Orduko arriskuak gaindituak daude orain maila handi batean.

"Banaketaren
arriskuan izan ginen,
oso une delikatua.
Baina lortu genuen
berriz ere batzea"

Barne giroa aldatu da, hortaz?

Une kritiko bat izan zen antolakundean, baina baita harro egotekoa ere aldi berean. Uste dut beste alderdi batzuetan tamaina honetako desadostasuna kanporaketekin edo zatiketekin konponduko zuketela, edo gurean bertan ere bai beste uneren batean. Hemen komunikazio hari bat mantendu zen uneoro aldeen artean. Horrek ahalbidetu zuen CUP babesten duen antolakundeetako baten eta gainontzeko militantziaren arteko distantzia amildegi gaindiezin ez bilakatzea.

Azken bi urteetan errepublika “efektibo” egin behar dela edo “Espainiako marko mentalarekin apurtu beharra” dagoela hainbatetan errepikatu du CUPek. Ez al da kontraesankorra orain hauteskundeetara aurkeztea?

Zalantzarik gabe kontraesankorra da, aurreko guztietan ez garenean aurkeztu, horretarako motiboak emanez. Baina ez gara dogmatikoak, eta gure eragiteko moduak aztertu behar ditugu erabilgarrienen alde egiteko. Mugimendu independentistaren zati batek CUP eztabaida independentistatik kanpo ikusten zuen. Hauteskunde hauetara aurkezteak ahots horiek isiltzen ditu. Pauso bat eman dugu aurrera eta kanpainan gure posizioa defendatuko dugu.

Horrez gain, 2017ko urritik zenbait ideia ontzen joan gara. Estatuko gainontzeko herriekin eta mugimendu herritarrekin aliantza gehiago sortzeko beharra da horietako bat. Kongresuan ordezkaritza izateak lagundu dezake horretan. 2017ko urrian krisi sakona sortu genion estatuari, baina ez genuen irabaztea lortu. Estatuan elkartasun eta krisi foko gehiago ez sortzea izan zen gabezia garrantzitsuetako bat.

Herri mugimenduekin aliantzak egiteaz gain, Kongresuan bertan zer politika egiteko asmo du CUPek? Salaketa hutsa, proposamenetan oinarritua...

Izan dezakegun ordezkaritza kontutan hartuta, autodeterminazioa eta amnistia onartzen ez dituen inori babesik ez emateko posizioa hutsala da. Baina ideia hori kutsatu nahi dugu gainontzeko indar politiko independentista katalanen artean zein Catalunya en Comù taldean. Hori litzateke CUPen lehen ekarpena. Behin legegintzaldiak aurrera egitean, ez dugu politika normalizatua egingo. Interesgarriagoa iruditzen zaigu askotan Kongresuaren kanpoan egotea, barnean baino.
Indar katalanekin planteatzen duzuen aliantzak ez du erreala ematen une honetan.

Azken bi urteetan, gu eta gainontzeko alderdi independentisten artean dagoen distantzia inoizko handiena da ziurrenik. Baina ez da etsitzeko garaia, kontrakoa baizik. Gure proposamenak aste honetako mobilizazio eta sentimendu herritarrekin konektatzen du, ofentsibara jo nahi horrekin. Bi alderdi independentista nagusiak, aldiz, estatuarekin hitzarmenak egiteari begira daude, tentsioa baretu indarrik ez dugulako... Horretan ari dira azken bi urteetan. Gu indar txikia gara, baina uste dugu haiek baino pertsona gehiagorekin konektatzen dugula.   

Euskal Herriko indar politikoekin ere aliantzak egiten saiatuko zarete?

Guk ezker abertzalearekin harreman zuzena izan dugu historikoki. Ahal den heinean borroka koordinatuak izatea nahi dugu. Baina kontziente gara bi herri ezberdin garela eta hortaz erritmoak, aliantzak edo helburuak ezberdinak izan daitezkeela.
Sortu EH Bilduren barnean dago, eta EH Bilduk ERCrekin du akordioa.

Nahiko genuke ezker abertzaleak aliantza esparru bat gurekin ere izatea. Eta ez dugu hori baztertzen. Uste dugu ezker abertzaleak gauza komun gehiago izaten jarraitzen duela CUPekin ERCrekin baino, nahiz eta beharbada arrazoi taktikoengatik gehiago ari diren bat egiten. Indar sozialista, antikapitalista, internazionalista gara: ezker abertzalearen kultura politiko beretik interpretatzen dugu mundua.

Helburu kuantitatiborik jarri diozue zuen buruari?

Kanpainan gure ahotsa egotea garaipena da jada. Emaitzei dagokienez, inkesta guztiek ematen digute ordezkaritza. Horrek garrantzia du indar politiko nagusiek bozka erabilgarriaren argudioa erabili ohi dutelako txikiak alboratzeko. Ordezkaritza izatearekin pozik geundeke.

"Estatu eta erregimen
hau krisira eramanez soilik lor dezakegu autodeterminazio eskubidea onartzea"

Hauteskundeetatik harago, zer analisi egiten duzue Espainiako Estatuaren egoeraz?

Erreferendumaren ostean indar independentistek atzera egin zuten eta PSOErekin elkar ulertze politika bat saiatu zuten, prozesu adostu baten bila. Argi geratu da hori ezinezkoa dela. Errepresioa mantendu da, PSOEren politika apenas ezberdintzen da PPk garatutakotik. Ez dago elkarrizketarako edo hitzartutako erreferendumerako aukerarik. PSOE gehienez ere erregimenaren aurpegi onbera dela ikusi da, baina erregimena finean. Ondorioa da estatu eta erregimen hau krisira eramanez soilik lor dezakegula autodeterminazio eskubidea onartzea. Uste dut aste honetan guztiok harritu gaituen mugimendu herritarra bide horretatik doala. Tsunamiaren ekimena esaterako, izugarria izan zen.

2017ko urrian amaitu zen zikloan CUPek jendartean eragiteko gaitasun handia erakutsi zuen, indar minoritarioa izanagatik ere: proposamenak egin eta eztabaidak sortzekoa, ikuskera jakin bat hedatzekoa... Euskal Herritik begiratuta behintzat ematen du gaitasun hori murriztu egin dela. Zein da CUPen osasun egoera?

Azken bi hauteskundeetako emaitzak ez dira onak izan. Abenduaren 21ekoetan hamar legebiltzarkidetik laura pasatu ginen. Udal hauteskundeetan ere emaitza kaskarrak izan ditugu. Horrek ekarri du gure buruei galdetzea ia zergatik ez dugun jendearekin konektatzen, eta prozesu horretan gaude oraindik ere. Espainiako hauteskundeetara aurkezteko erabakia konektatzeko nahi horren barnean kokatu behar dugu. Nik uste dut presentzia irabazteko balio diezagukela.
Esan behar da hamar legebiltzarkidetik laurako beherakada hura egoera berezi batean eman zela, eta inkesta guztiek ematen dizkigutela emaitza hobeagoak.

CUPen politikaren oinarria udalgintza izan da historikoki. Udal hauteskundeetako emaitzen inguruko hausnarketa zehatzik egin duzue?

Gure ingurune sozialarekiko deskonexio bat sumatu dugu. Jendeak garai baten aitortu zigun erreminta erabilgarriaren izaera galdu bagenu bezala. Autokritika egitera behartzen gaitu horrek, ezin dugu onartu pisu horren galera. Baina, bestetik, bi urteotan erregimena egonkortu egin da. PSOEk PP ordezkatu zuen, alderdi independentista nagusiek atzera egiten zuten... Ziklo horrek guri eragin digu, baina baita M15etik datorren ezkerrari ere, oso emaitza kaxkarrak izan dituzte. Egonkortze fase horretan gurea bezalako aukera apurtzaile batek zailtasun gehiago dauka. Epaiarekin egoera aldatu dela susmatzen dugu: mobilizazio ziklo berria ireki da, haustura ortzi-mugak indartu dira, eta horrek beharrezko aktore bihurtzen gaitu jende askoren begietara.

Independentismoaren barnean inork ez duela bide orri argirik ematen du aspaldian. CUPek badu bat Herrialde Katalanentzat?

Ez dugu itxitako proposamenik gaur gaurkoz, eta izango bagenu ere ez dakit CUP bezala aurkeztu beharko genukeen. Sukalde lan bat behar da aurretik, indar independentista guztiek, burujabetzaren aldekoak ere akaso, gutxieneko batzuk adostu ditzagun aurrera egiteko. Guk uste dugu autodeterminazio eskubidea lehentasun bezala jarri behar dugula. Independentziaren aldekoak ez ezik autodeterminazio eskubidearen aldekoak batu behar gara. Urriaren 1a eta 3a defendatu zuen bloke hori berrosatu behar dugu estatua kontraesanean jarriz berriz ere. Amnistia gehitu behar dugu orain, egun ditugun 16 preso politikoentzako eta erreferendumari lotuta inputatuak dauden mila lagunentzako. Autodeterminazioa eta amnistia bide orri bat berrosatzeko ardatzak izan daitezke, gehiengo sozial batek egin ditzake bere.

Egoera ez da erraza. Nola uztartu pauso laburra eta begirada estrategikoa?

Erritmo politikoen kudeaketa antolakunde politikoek praktikatzen jakin behar duten artea da: noiz geldotu erritmoa, noiz azkartu... Ez dago independentzia lortzeko formula jasotzen duen eskulibururik. 2017ko urritik zenbait ondorio atera genuen. Egia da Kataluniako jendartean badela sektore bat independentzia irmotasunez eta modu aktiboan errefusatzen duena. Lehentasunetako bat izan behar du sektore hori desaktibatzea. Independentista ez direnen artean ere programa independentistaren atal batzuekiko atxikimendua lortu behar dugu. Horretarako independentismoaren programa soziala garatzea ezinbestekoa da. Ez dugu soilik autodeterminazio eskubidea aldarrikatu behar, oso urrunera eraman gaituen arren; independentzia eta errepublika eskubide sozialak irabazteko nahi dugula ere aldarrikatu behar dugu. Pentsionisten alde, prekarizatuen, emakumeen, naturaren alde... Gehiengo oso sendoa behar dugu.

Desobedientziaz asko hitz egiten da. Zein da ematen diozuen tokia?

Tradizio iraultzaile batetik etorri gabe ere, desobedientzia ez-biolentoarena oso ondo ulertu zuen herritar askok urriaren 1ean. Aldaketa gertatu zen orduan, sakona. Estrategia desobediente ez-biolento masiboaren eraginkortasuna frogatua geratu zen. Berritasuna izaera masiboan zegoen, desobedientzia aspalditik praktikatzen baitute mugimendu herritar askok. Herrialdearen kultura politikoarentzako ekarpena izan zen. Urriaren 15ean berriz ere ikusi genuen El Prateko aireportuan. Parte hartzaileak gazteagoak eta ezkertiarragoak izan baziren ere, aniztasun handia zegoen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herrialde katalanak
2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


hauteskunde aurrerapena Katalunian
Juntsek dio Puigdemont izango dela bere hautagaia maiatzaren 12ko hauteskundeetan

Pere Aragonès Generalitateko presidenteak asteazken honetan aurreratu ditu Kataluniako hauteskunde autonomikoak, En Comú-rekin batera atera behar zituen 2024ko aurrekontuek porrot egin ondoren. Juntsek iragarri du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela; azken... [+]


Eguneraketa berriak daude