Anna Gabrielekin elkarrizketa, erbestetik bueltan

  • Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel Sabaté Suitzara erbesteratu zenetik, Jordi-ak eta Kataluniako Gobernuaren zati bat espetxean zirela. Ordutik asko aldatu da egoera: indargabetutako Carles Puigdemonten inbestidura saioa, Quim Torraren izendapena eta inhabilitazioa, Procés-aren epaia, 2019ko udazkeneko erantzuna, atxiloketak, epaiketak eta zigorrak, indultuak. CUPeko diputatu ohi eta Geneva ondoko UNIA sindikatu suitzarreko idazkari nagusiak lehen elkarrizketa eman dio Directa hedabideari, Herrialde Katalanetara itzuli ondoren. Sallenten (Bages) hitz egin dute berarekin, han jaio, bizi eta militatu baitzuen, eta zinegotzi ere izan zen han.

Artikulu hau CC BY-NC-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2022ko urriaren 30an

Uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean agertu zen Madrilen, eta bilatzeko eta atxilotzeko agindua kendu zioten. Ondoren, irailaren 14an, Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu zuen, ustezko desobedientzia delitu batengatik auzipetu gisa. Karguekin aske utzi zuten eta kautelazko neurririk gabe. Gabriel Sabatérekin hitz egin dute Ateneo Popular Rocaus-en, bere herriko espazio enblematiko batean, berak sortzen lagundu zuena. Ateneoaren izenak erreferentzia egiten dio Guitó anaien masiari, Marcel·lí Massana gerrillariaren izeba-osabak, makietako kideei babesa ematea egotzita atxilotu ondoren Guardia Zibilak tiroz hil zituenak 1949an.

Nork eta nola lagundu dizu ezohiko normaltasun bizitza eraikitzen?

Badago komunitate katalan antolatu bat, baina ez da erbesteratutako pertsonak hartzeko pentsatutako edo prestatutako sare edo komunitatea: jarduerak antolatzen ditu, hizkuntza bizirik mantentzen saiatzen da, jai edo diada batzuk ospatzen ditu. Pertsona batzuk banaka hurbiltzen dira eta laguntzeko prest daudela jakinarazten dizute, baina iristean eraikitzen hasi zen sarea askotariko jatorria duten Suitzako militanteek osatutakoa da batez ere, eta, horri esker, ni jaso eta etxebizitza eta lana aurkitzea, eta ni atzerriko herrialde batean garatzea posible egin dute. Uste dut militante antikapitalistek edo ezkertiarrek abantaila bat dugula: sare antikapitalista egon badago, eta berehala aktibatzen da.

Zer da etxetik urrun bizitzeak dakarren zailena?

Pertsona atzerritarra izatea egunerokoan paperak behar dituzun herrialde batean. Alegia, etaparik materialena den hori, egunerokotasunera egokitzeko baldintza praktikoak lortzekoa. Aldi berean, zure herrian borrokak jarraitzen badu, modu jakin batean bizi duzu erbestea, eta, jakina, egoera politikoa egungoa denean, erbestea asko husten da edukiz; edo nik, bereziki, horrela bizi izan dut. Gainera, gure erbestealdi honetan mundu mailako pandemia aro bat gertatu da, mugak itxi egin dituena. Zurea ez den herrialde batean bizi zarenean, mugak argi eta garden sentitzen dituzu, gutako inork ezin dituelako gurutzatu; oso zaila izan da. Aurreikusia nuen erbestea, baina ez nuen aurreikusi pandemia batekin batera helduko zela.

Victor Serri / Directa

Tarte horretan komunikabideetatik urrun mantendu zara. Zergatik?

Suitzara heldu nintzenean harrabots handia piztu zen komunikabideetan. Nire erbesteratu egoera aldarrikatu nuen –Suitzak berehala ematen du–, testuingurua salatu nuen, eta ohartarazi genuen estradizio eskaera iristen bazen asilo politikoa eskatuko genuela, Europar Batasuneko herrialde bateko herritarrak Schengen eremuko estatu batean asiloa eskatzeak berarekin dakarren guztiarekin. Espainiako Estatuak, hala ere, ez zuen estradiziorik eskatu, eta, beraz, neure burua kokatzen aritu nintzen, iruditzen zitzaidalako logikoa eta kontsekuentea zela CUPeko militanteok garenarekin.

Une jakin batean, nolabaiteko ikusgarritasuna ematen duen kargu publiko bat izan dezakegu, baina dena pentsatuta dago oinarrira itzul gaitezen. Nire kasuan oso arraroa da, nire oinarria ez zelako Sallenteko Ateneoa edo Bageseko Endavant-eko taldea. Suitzan nengoen eta, beraz, nire oinarria mugimendu antifaxista eta mugimendu sindikala izan dira. Horietara itzuli behar nuela eta ez nuela presentzia mediatikorik izan behar uste dut, eta presentzia mediatiko hori kolektiboak, nire jendeak, mugimenduak, oraindik herrialdean politikoki eragiten ari den ezker independentistak izan behar zuela. CUPeko talde parlamentarioko eleduna nintzenean rol publiko bat nuen, baina diputatu izateari utzi nionean, denbora hartu nahi izan nuen erabakitzeko plaza publikoan egon nahi ote nuen, eta, garbi dago, ezetz erabaki nuen.

Erbestetik zer lan egin ahal izan duzu Kataluniako gatazka politikoari dagokionez?

Iruditzen zait erbestetik egin zitekeen lantzat hartu izan dena, hain zuzen, alderik instituzionalena izan dela: Nazio Batuen Erakundeko sistemaren edo Europako Parlamentuko eurodiputatuen bidez. Nik esparru instituzional horretan zeregin diskretua izan dut. Lehenik eta behin, ez dudalako kargu publikorik izaten jarraitu, eta, bigarrenik, gaitasun, baliabide eta borondate handiagoa duten beste erakunde batzuek gidatu dutelako NBEn esku hartzeko espazio hori. Beste maila batean egin dut lan. Harremanak ditut, batez ere, Suitzako jendearekin, eta eguneroko militantzia praktikak baliatu ditut, gure herrialdean gertatzen dena salatzeko. Norbaitek pentsa dezake hori ez dela ezer, ez duela garrantzirik, benetan axola duena dela NBEn oihartzuna izango duten ekitaldietan egotea. Hori oso ongi dago, baina garrantzitsuagoa da Europako herrialdeetako mugimendu antifaxistak gure errealitatea ezagutzea, eta prest egotea laguntzeko behar izanez gero, edo kaleko jendeak, langileek edo nire sindikatuko militanteek nire istorioa ezagutzea eta zabaltzea. Zehaztu nahiko nuke, orain arte esan denaren aurka, Suitzak ez dizkidala paperak eman plaza publikora ez irtetearen truke, lan kontratu bat aurkeztu dudalako baizik. Suitzak ez digu inolako baldintzarik jarri.

Zerk bultzatu zintuen erbestera joatera 2017an, eta zer aldatu da orain Espainiako Auzitegi Gorenera aurkezteko?

Bere garaian, ez genuen taldean eta modu zabalean eztabaidatu erbestearen aldeko apustua, normalean egin ohi dugun moduan –ezagunak dira CUPen eta Ezker Independentistaren batzarrak–. Ezin zen eztabaida hori egin testuinguru horretan, hau da, erreferendumaren atarian, eta, ondoren, egoera oso itogarria bilakatu zen. Gutako batzuk zelatatu egiten zituzten egunero, eta ez zekiten ondo eskuin muturrekoak ziren edo poliziak. Argi zegoen estatua presio egiten ari zela eta berdin jarraituko zuela. Ziur ginen CUPen egoitza nazionalean izaten genituen elkarrizketa guztiak entzuten zituztela, eta entzuketa gailuak zituen ibilgailu bat ere atzeman genuen. Beraz, erbestearen aukera pertsona gutxi batzuekin soilik eztabaidatu genuen.

Argazkia: Roser Villalonga.

Estatuaren errepresioari emateko erantzunetako bat erbestea izan daitekeela pentsatu genuen, baina eztabaida abstraktua zen, zein pertsona epaituak izan zitezkeen jakin gabe. Bagenekien CUPeko jendea deituko zutela deklaratzera, eta nik, bereziki, uste nuen haietako bat izango nintzela. Neure buruari galdetu nion, era ez abstraktu edo teoriko batez, zer egin nezakeen errepresioari aurre egiteko, eta hauxe esan nuen: “Aterako den pertsonetako bat izango naiz”, prest nagoelako irteteko, eta prest nagoelako estatuaren errepresioa salatzeko. Zure jendearekin sakon eztabaidatu gabeko erabakia denez, lausoa eta prekarioa da erbesterako bide hori.

Gauza asko gertatu dira lau urte eta erdi luze horietan: testuingurua ez da 2017-2018koa, bitarte horretan epai bat egon da, zigortu nahi dituzten pertsonak zenbateraino eta zergatik zigortuko dituzten zehazten duena. Horri esker nolabait ere aurreikusi ahal izan genuen: auzipetuta egonik, sedizioagatik edo desobedientziagatik epaitua izango nintzen. Ondoren heldu zen pandemia, eta gauza asko irauli zituen; garai zailak izan ziren guztiontzat. Bazirudien une egokia izan zitekeela itzulera planteatzeko; ulertzen genuen bazegoela aurrekari bat nolabait ere bermatzen zuena leporatuko zidaten delitua desobedientzia izango zela, eta hori izan da gerora gertatu dena. Arrisku batzuk zeuden instrukzio-fasearen ikerketak bestelako zigorrak gehi zitzan, baina eskala juridikoan nahiko prestatuta geunden. Beraz, testuinguru politikoa aldatzen da, baita egoera pertsonala ere, eta tartean pandemia bat dago.

Faktore guztiak elkartuta heldu zen erabakia. Ez da erraza izan, irteten zarelako esanez: “Ez naiz joango auzitegi gorenera, han ez didatelako justiziarik egingo”, eta hori ez da aldatu; irteten zara salatzeko oraindik indarrean den errepresio egoera. Norbaitek pentsa dezake orduko baldintzak oraindik ere badaudela, eta neurri batean bai, hala da, baina testuinguruaren beste elementu batzuk nabarmen aldatu dira. Erbesteak izan behar du esan nahi politiko bat; gainontzean, oso gogorra da horri eustea, bai norberarentzat, baita haren gertukoentzat ere. Min handia eragiten du ezin itzuli izateak erbesteko zure kideekin batera; hori da gogorrena, baina orain eman genezakeen erantzun bakarra da borrokan jarraitzea guztiek askatasuna berreskuratu dezaten.

Zure aurkako akusazioa kontuan izanda, eta antzeko kasuetan ezarri zituzten badaezpadako neurriak aintzat hartuta, berez zuk ez zenuen espetxera sartu behar. Beste zerbaitek bultzatu zintuen aurkakoa pentsatzera?

Oso zaila da zer gertatuko den aurreikustea; ezinezkoa da jakitea zer gerta zitekeen. Nolanahi ere, bagenuen zantzu nahikorik pentsatzeko zitazioa egiten bazidaten eta prozesatzen baninduten, delitu larri batengatik egingo zutela. Baina egoera pertsonaletik haratago, erbestea bozgorailu publiko gisa erabiltzea eztabaidatu genuenean, pertsona batzuk espetxean zeuden, kausa konplexu honetara pertsona asko batzen hasi ziren eta zera esan genuen: konbinatu ditzagun askatasun-gabetzea eta kanpora irtetea. Beste pertsona batzuk ere bazeuden Bruselan, eta guk bide bat ireki genuen Europar Batasunekoa ez den beste herrialde batean. Azterketa egin genuen testuinguru globala eta gure ekarpena zein izan zitekeen kontuan hartuta. Beraz, errepresioa kanpotik salatzeko egokitasun politikoari buruzko azterketa orokorra zegoen, eta, aldi berean, niregan zehaztu zen, zitazio judiziala jaso zuten CUPeko bi pertsonetako bat izan nintzelako. Ez genekien bi edo asko izango ginen, ezta zein akusaziogatik gehitu gintuzten auzi konplexura ere. Orain, distantziatik, errazagoa da dena aztertzea. Ordu hartan talde kontzientziak eta egoera pertsonalak bultzatuta egin nuen urratsa, eta orain ere testuinguru kolektiboa eta arrazoi pertsonalak direla medio itzuli naiz.

ACN

Omniumen arabera, prozesu independentistaren harira, dagoeneko 4.500 dira estatuaren errepresio zuzena jasan duten herritarrak. Errepresaliatu guztiek ez daukate babes juridiko, politiko eta sozial bera. Lehen eta bigarren mailako errepresaliatuak daude?

Daukazun ikusgarritasuna ez duzu beti aukeratzen eta nik ez nuke inolaz ere nahi ahaztutako errepresaliatuak egotea edo baliabide gutxiago, babes gutxiago edo zaintza gutxiago dutenak. Horregatik, biziki animatzen dut jendea errepresioa pairatzen duten pertsona bakoitzaren inguruan laguntza-sareak sortzera. Eta baliabideak, esperientziak eta gaitasunak ere partekatzera. Free Anna Elkartasun Batzordeak, adibidez, gaitasuna eta ikusgarritasuna izan du, eta hain erraz ez daukaten beste kausa batzuen kasuetan ere, bestelako ekarpenek asko lagun dezakete. Ahal dugun neurrian, nik eta Free Annako nire gertuko jendeak, lagunduko dugu nik lortu ahal izan dudan ikusgarritasuna  beste pertsona batzuek ere izan dezaten.

“4.000 errepresaliatu horiek errepresioaren aurkako borroka hobetzeko balio behar digute, ez genuen eta ziurrenik nahikoa finduta”

Hala ere, salatu egin behar dira errepresaliatuak garrantziaren arabera mailakatzeko eta beren artean konfrontatzeko egiten diren saiakerak. Errepresioaren aurkako borrokaren eskuliburuko lehen kapituluetako bat da: ez dira aurrez aurre jarriko ez errepresaliatuak, ezta errepresioaren aurkako estrategiak ere. Gai izan behar gara diskurtso kolektibo globalak artikulatzeko, pertsona guzti-guztien ondoan egoteko eta ulertzeko laguntza hori oso poliedrikoa izan daitekeela: ez da epaitegi baten atarira laguntzea edo abokatu batzuk ordaintzeko baliabideak lortzea bakarrik; batzuetan, familiari lagundu beharko zaio, edo lana bilatzen zurrunbilotik atera berri denari. 4.000 errepresaliatu horiek errepresioaren aurkako borroka hobetzeko balio behar digute, ez genuen eta ziurrenik nahikoa finduta.

Independentzia-adierazpena bozkatu aurretik ba al zenekiten ez zegoela prest estatu egiturarik, ezta 155arekiko erresistentzia bideratzeko B planik ere? Zer informazio zeukan CUPek?

Bost urte hauetan asko idatzi eta argitaratu da 2017ari buruz. Goretsi da, aldarrikatu da, adierazpen asko egin da egin zenari, egin ez zenari edo egin behar zenari buruz. Hemeroteka errepasatzea gomendatzen dut, dena esana dago. Argi zegoen erreferendumaren apustua ez zela Junts pel Sí-ren programa politikoaren parte, eta beraiek irabazi zituzten hauteskundeak. Hauteskunde-kanpaina oinarritu zuten gerora izango ez zen zerrendaburu batean, azkenean Generalitateko presidentegai izango zena. Beren planteamendua oinarritzen zen parlamentuan hiru deskonexio lege onartzean. Hori zen ibilbide-orria. CUP-Crida Constituent-ek planteamendu horri eman zion erantzun politikoa ere publikoa da: guk genioen ez dagoela minik gabeko hausturarik estatuarekin, ezinezkoa dela estatutik deskonektatzea Kataluniako Parlamentuan hiru lege onartzeagatik, eta gainera, Herrialde Katalanetako zati baten demokratizazio-prozesua etorriko dela balio aurrerakoiekin planteatuz gero; horregatik egin genion aurre ustelkeria kasuetatik hain gertu zebilen hautagaiari.

ANC

“Erreferenduma edo erreferenduma” onartu zenean legebiltzarrean, eboluzioari jarraitu genion, ikusi genuen Konstituzio Auzitegiaren errekerimenduak, erregistroak eta debekuak iristen hasi zirela, eta gobernuak atzera egin zuela. Azkenean, jendearen indarrak eta eskoletako presentziak bermatu zuten hautetsontziak bertan izatea; instituzioetatik aparte egin zen. Publikoa eta nabarmena zen ez gindoazela errepublikaren aldarrikapenerantz, estatuarekin eta haren egiturekin haustera. Agian ez genuen ondo azaltzen asmatu, baina begi-bistakoa zen. Eta estatuaren ofentsibaren aurrean, ezin genuen beste ezer egin ez bazen aldarrikatzea burujabetza-ariketa hori. Horregatik, CUPek indarrez defendatu zuen bozkatu egin behar genuela, herri honetan jende askok ez zuela onartzen bere adierazteko eskubide hori ukatzea. Baliteke batzuek egoera ez horrela irakurri izana eta pentsatzea estatuaren oldarraren aurrean jendeak atzera egingo zuela.

“Publikoa eta nabarmena zen ez gindoazela errepublikaren aldarrikapenerantz, estatuarekin eta haren egiturekin haustera. Agian ez genuen ondo azaltzen asmatu, baina begi-bistakoa zen”

Estatu-egiturena ikuspegi teorikotik lanean ari zen sektoreren baten ekarpena izan zitekeen, baina argi zegoen ez zegoela halakorik, ezin baita estatu egiturarik izan estaturik gabe. Oinarrizkoa iruditzen zait. Bestelakoa litzateke egoera erreferenduma egin eta emaitzak onartuko lituzkeen estatu bat bagenu aurrean, trantsizio-epe bat irekiko litzateke egoera berrira egokitzeko, aktiboen eta pasiboen banaketarekin. Ez da gure egoera, Espainiako Estatuak ez gaitu subjektu politiko gisa onartzen, ez du onartzen erreferenduma egitea, eta beraz, ez du ez atzera egiten, ez negoziatzen; indarkeriaz eta judizializazioz erantzuten dio adierazi nahi horri. Errealitate horren aurrean, ezinezkoa da estatu-egiturak hedatu ahal izatea, heda daitezkeen bakarrak egitura herrikoiak dira. Eta daukagun tresna bakarra gizarte gisa antola dezakegun ahalik eta indar masiboena da, baina ikusteko aukera izan genuen 155. artikuluaren aplikazioak, estatuak funtzionarioei zuzendutako debekuak, geldiarazi egiten duela instituzioek burujabetza-guneak sortzeko izan dezaketen edozein lidergo aukera. Estatuarekiko haustura ez da minik gabeko trantsizio batetik etorriko, ezta inolako aukerarik ez duten erakundeek sor ditzaketen egituretatik ere.

Ogasun propioa abian jartzea, nazioarteko finantzaketa, banku zentral baten sorrera... eta estatu-egitura ospetsuak. Zer egin zen eta zergatik ez zen esan egin ezin izan zena?

Irudipena dut, baina agian oker nago, 2017az geroztik askoz gehiago kontatu dela gertatu zenaz edo ez zenaz, garai hartan baino. Ez dut gogoratzen botoa emango genuela, aldarrikapena egingo genuela, egitura horiek egongo zirela eta herrialde jakin batzuek finantzatuko gintuztela argitzen zuen adierazpenik egin zuenik inork. Gobernuko ordezkariek edo Junts Pel Sí-koek “Europa begira daukagu” edo “Europar Batasunak ez du indarkeria-egoerarik onartuko” diskurtsoa zerabilten. Gogoan ditut gure interbentzioak, non iraultza eta gerra garaiarekin similak egiten genituen, une hartan babes bakarra nazioarteko brigadistena izan baitzen, nazioarteko diplomaziaren esparruan beti jartzen baitira interesak baloreen gainetik. Ez dut gogoan nazioarteko finantzaketari buruzko konturik zehaztu zenik legebiltzarrean.

Erreferendumaren defentsan eta bozkatzeko genuen eskubidean jarri genituen indarrak, hori izan baitzen jazarri zuten lehen gauza, biztanleriaren zati handi batek bere egina zuelako. Horixe zen estatuak saihestu nahi izan zuena: herri honetan hainbeste jendek bere borondatea adierazteko gogoa duela bistaratzea, baiezkoaren edo ezezkoaren alde. Oso mingarria da, perspektibarekin begiratuta, jende bat engainatuta eta traizionatuta sentitu izana, azkenean gertatu zena baino harago iristeko itxaropenak zituelako. Guri dagokigunez, nik ere minez bizi dut frustrazioa eta itxaropen faltsuak sortu izanaren ardura gainean eramatea; agian ez genuen nahikoa argi hitz egin. Nik uste nuen gertatzen ari zena azaltzen ari ginela, erreferenduma bera defendatzeak balio gorena zuela une hartan, eta hori zela egin behar genuena, gero etorriko zena etorriko zela.

2017ko urriaren 10ean, Carles Puigdemont presidenteak independentzia aldarrikatu zuen, baina hurrengo segunduan behin-behinean eten zuen negoziazioari bide eman asmoz.

Aldi berean, ez naiz batere eroso sentitzen gertatu zenaren nire bertsio pertsonala ematen: ez dut Procés-ari buruzko libururik idatzi ezta idatziko ere. Uste dut garrantzitsuena dela gertatu zenari buruzko irakurketa kolektibo eta errealista bat egitea, horrek izan zuen potentziala bereizteko gai izango den ariketa, horrek nora ekarri gaituen eta hemendik aurrera zein estrategia hartu eta zein ez erabakitzen lagunduko diguna. Ez zait interesatzen ariketarik ez bada egoeraren azterketa materiala, analisi errealista eta oraindik demokratizazio horren aldeko apusturako elementurik baden aztertzen duena. Oso harro egon beharko genuke urriaren 1ean eta 3an gertatu zenaz, demokratizazio-prozesu hau, independizatzeko gogoa, autodeterminatzekoa, balio aurrerakoiekin lotu genuen. . Europan eskuin muturra modu larrian hazten ari den testuinguruan oinarri solidoa izan behar luke horrek; krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da eta guk aukera dugu modu duin batean irteteko.

Erreferendumaren legeak aldebakarreko independentzia aldarrikapena zekarren. Independentzia aldarrikatu eta berehala eten zen, negoziazioari espazio bat emanez. Zerk eragin zuen? Erabaki ona izan zen?

Gaur egunetik ikusita erantzun dezaket edo une hartakoa berreskuratu. Urriaren 1a, 3a eta 10era arteko egunak bizi ostean, publikoki adierazi genuen, 10ean posizio horri eutsi behar zitzaiola. Estatuaren errepresioa hain izan zen basatia, hain oldarkorra, hain zinikoa, hain eskrupulu gutxikoa, zegoen aukera bakarra zela munduari azaltzea ez zela prozesu negoziaturik izango, ez zela estatuak baimenduko zigun trantsiziorik izango. Munduaren aurrean aurkeztu behar genuen geure burua era baketsuan jokatu genuen herri gisa, bortizkeria eta errepresio izugarria jaso zuena, eta adierazi behar genuen ataka horretatik soilik aterako ginela borondate demokratizatzailez, kolpatu nahi gintuenarengandik aldenduz.

Izugarrizko ikusmin mediatikoa zegoen, urriaren 1eko irudiak ez ziren doakoak izan estatuarentzat, eta egoera konpontzeko moduaren inguruan sentsibilitatea zegoen. Uste genuen hilaren 10ean posizioari eutsi behar zitzaiola, ez estatu-egiturak eduki eta 11n independenteak izango ginelako, baizik eta gertatu zenak mailako erantzuna behar zuelako. Hala ere, egia da gu ez geundela gobernuan, ez geundela nazioarteko agintariekin harremanetan, CUPek ez zuela patronalaren deirik jasotzen, botere ekonomikoenak, ezta bitartekari izateko bere burua aurkezten zuten pertsonenak ere. Gu ez gara sekula harreman diplomatikoen epizentroan egon. Hortaz, botere ekonomikoen partetik kezka handia zegoela iritsi zitzaigunean, enpresen ihesa, zabaltzen ari zen beldurra, jendea planteamenduetan nolabait atzera egiten hasi zela, distentsio-keinu bat behar zela zioten enpresa-, politika- eta nazioarte-mailako pertsonaien abisuak... neu ere jar naiteke pertsona horien azalean eta uste dut, borondate onarekin eta ziurrenik horrelako une batean edukitzen den argitasun gutxiarekin, pentsatu zutela independentzia aldarrikapena bertan behera utzi behar zela.

Victor Serri / Directa

Aldarrikapen hori indarrean sar zedin CUP-Crida Constituent-ek mantendu zuen posizio politikoa aldarrikatzen dudan era berean, gai naiz erabakiak hartu eta presio guztiak jasan zituzten pertsona horiekiko enpatia eta ulerkortasuna aldarrikatzeko. Ez dut fribolizatu nahi zer izan behar duen zure bizkarrean eramatea milaka pertsonari lana ematen dioten enpresa handiek ateak ixtearekin egin mehatxuak. Ez dut fribolizatu nahi zer izan behar ote duen agente ugariren partetik etengabeko presioa izateak, esaten dizutenean edo tentsioa pixka bat jaisten duzula edo gauzak okerrera joango direla gatazka eskalatuz.

Hilabete bat baino gutxiagoan pasa ginen urriaren 1eko iruditik eta jendearen indarretik urriaren 27ra [egun hartan Kataluniako autonomia bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak], non ez zen deialdirik ere egin. CUPek deitu behar zituen herritarrak kalera atera eta 155ari aurre egitera?

Perspektibarekin, dena da errazagoa eta begi-bistakoa. Oso nekatuta iritsi ginen 2017ko urrira, oso tenkatuta, giro arraroarekin, Jordiak espetxera sartu berri baitzituzten. Hamarkada askotan herrialdeak bizi izan duen tentsio politiko handieneko hilabetea izan zen. Handikeria litzateke esatea dena bikain egin genuela. Denoi egin zigun gainezka egoerak, guri ere bai. Ziurrenik, munduari erakutsi behar genion jende xumea garela, langileak, ideia eta ibilbide desberdinak izan arren ezin zaiola inori burua ireki bozkatu nahi izateagatik, eta ez dela onargarria gertaeren aurrean horrela jokatzen duen monarkia bat; ez dela batere egokia bere burua demokratatzat duen estatu batean Poliziak eta segurtasun indarrek horrela jokatzea, eta ez dela justua jendeak minez, zauriekin eta beldurrez bizi behar izatea.

“Estatuarekiko haustura ez da minik gabeko trantsizio batetik etorriko, ezta inolako aukerarik ez duten erakundeek sor ditzaketen egituretatik ere”

Hilaren 10ean, ziurrenik norabide horretan egin behar genuen zerbait, zerbait korala, ez soilik gobernuak egina legebiltzarrean, baizik eta herri honen geruza sozial ugariz lagundua, munduari dei egiteko: Mediterraneo ertzeko herri bat gara, agian garrantzirik gabea, baina eskuin muturraren igoerari aurre egin nahi diogu demokrazia gehiagorekin, estatuen Europar Batasun honi aurre egin nahi diogu beste planteamendu bat sortuz, esate baterako, konfederala; ez garela identitarioak, txobinistak, baztertzaileak, baizik eta kulturen nahasketaren kriseilu izan nahi dugula munduaren aurrean kokatuz elkarrekiko errespetutik, Ramblako eta Cambrilseko atentatuei eman zitzaien erantzunean bezala...

Hainbeste ziren burua tinko ateratzeko moduko elementuak, non ziurrenik, pentsa daitekeen kontua kudeatu zela kudea zitekeen modurik okerrenean eta hori ez zela aukera posible bakarra. Ez dakit bazen inor kanpaldian ateratzeko prest, baina uste dut hilaren 10ean parlamentutik aldarrikapen batekin atera gintezkeela, konfrontaziora deitu beharrean, askok nahi genuena lortzeko lanean jarraitzeko beste deialdi batekin. Baliteke beste ibilbide bat egin izana hala. Ez dugu sekula jakingo, eta ez diot hau inori ezer aurpegiratzeko, seguruenik guk ere ez genuelako jakin nola esku hartu une hartan, baina autoestimu hori berreskuratzeko edo mantentzeko balio diezagukeela uste dut. Eta zapuztu beharrean, momentua bisualki berreskuratu behar genuke eta pentsatu herri hura ez dela desagertu, balio horiek ezin direla hain azkar desegin, pentsatu zer egin dezakegun 2017ko urrian izan zena berreskuratzeko.

Bost urte geroago, kohesionatutako eta energiaz betetako mugimendu batetik pasatu gara elkarren aurka eta frustrazioz beteta dagoen mugimendu batera. Nola sortu da frustrazioa eta nola lehengoratzen da?

Ez da nire asmoa lau urte eta erdi 800 kilometrora igaro ostean hona etortzea esatera nola lehengoratzen den egoera oso konplexu hau, frustrazio, etsipen, etengabeko gaitzespen eta alderdikeriaren gorespenekoa dena. Kalera atera eta bertan hitz egiteko gogo handia dut, errealitatea bizi eta ikustekoa, hain zuzen ulertzeko nola bost urtetan —ez dena hainbeste herrialde baten historian— desegin diren hainbeste gauza, okertu diren beste hainbeste, eta nola posible izan den giroa hainbeste zapuztea. Gogoa dut ulermen ariketa egiteko, ez soilik behar bada esku hartzeko, baizik eta konprenitzeko beharra dudalako. Esango nuke, baina, errepresioaren aurkako borrokaren gidako lehen kapituluetako bat dela errepresioak bere helburuen parte bat lortzen duela. Horrexegatik jazartzen zaituzte, isunak jartzen dizkizute, mehatxatzen eta kartzelaratzen zaituzte, ondorio zehatz batzuk izan ditzan, eta argi eta garbi dago izan dituela. Halaber, gero etorri denari aurre ez egin izana, gertatutakoaren analisi errealista eta kolegiatu batekin, baizik eta bakoitzak bere bertsioa argitaratu edo zabaldu izana, norgehiagoka arraro batean, ikusteko nork duen arrazoi gehien edo nork saltzen duen gehien, noren bertsioa erosten den gehien. Era berean, gehiago arduratzen nauen joera bat dago, ez kuantitatiboki garrantzitsua delako, baizik eta kualitatiboki kezkatzen nauelako; biraketa bat egon da orain arte mugimendu independentistak, subiranistak edo katalanistak izan ez duen posizioetara: adar trumpista deritzonera. Alderdien aurkako diskurtso erraza eta guztiz hutsa, traiziozko hashtag-ak zintzilikatzeko erraztasuna, zeinak zabaltzen diren beldurtzen nauen arinkeriarekin.

Berandu baino lehen erreakzionatu behar da, eta hori izango litzateke eraiki beharreko puntu komuna. Nire ustez, herrialdearen adostasun handia hau litzateke: autodeterminazio eskubidea gauzatzeko apustua egiten genuen batik bat, eta baita ere, jendearen bizi-baldintza materialak hobetzeko, ados gaude horretan. Ados gaude aldarrikatzean elkarren artean erlazionatzen den mundu batean gaudela, gu Ipar pribilegiatua garela eta ezin dizkiogula mugak altxatu Hegotik datorren jendeari. Ados gaude balio komun batzuetan, eta agian ez dugu ehunduko estrategia bateratu bat hemendik hamar urtera arte, baina babestu behar ditugun funtsezko zutabe batzuk daude. Beraz, ez dute tokirik diskurtso errazek, ez hutsek, ez eskuin muturrari jokoa emango diotenek ere.

Victor Serri / Directa

Mugimendu independentistaren barruan apustu antagonikoak daude: batetik, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa mahaia izatea, eta bestetik, independentzia Kataluniaren Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenaren (DUI) bidez egitea. Badago beste biderik?

Noski, eztabaida publiko hau bi aldetan kokatzen da. Edo Espainiako Estatuarekin elkarrizketa izatea defendatzen duzu, eta, beraz, traidorea zara, saldu egin zara, erosi egin zaituzte eta hau ez da inora joango; edo DUI defendatzen duzu eta hiperbentilatu bat zara eta horrek ez du inolako zentzurik. Edo, beste era batera ikusita, elkarrizketa taula defendatzen dugu zeren guk ez dugu inoiz elkarrizketaren bandera jaitsi behar, edo DUI defendatzen dugu estatu demofobiko bati nolabait erantzun behar diogulako. Apustu bera era desberdinetara irakur daiteke, batzuk oso iraingarriak dira, beste batzuk nahiko errespetuzkoak, eta halako polarizazio bat gauzatzen ari da, nire ustez ez dagoena fenomenoak eskatzen duen analisi konplexuaren mailan. Ez dut uste konponbidea eman ahal zaionik soluzioa zein den dioen gaizki idatzitako bi paragraforekin, konfrontazioa denean Europar Batasuneko estatu nagusienetako batekin, eta egungoa bezalako krisi egoeran. Hori da apur bat sinplifikazioa, hutsaltzea, forma hartzen ari den karikatura. Kezkatuta nago, uste baitut baditugula elementuak, pertsonak, baliabideak, energiak eta analisi konplexuak egiteko aukerak.  Lotsa ematen du gaur egungo testuinguruan eztabaida jakin batzuk edukitzeak.

Uste duzu urriaren 1ean “bozkatu eta irabazi genuela”? Erreferendum hark independentzia aldarrikatzeko aukera eman behar du edo berriz bozkatu behar da?

Espainiako Estatuaren elkarrizketa taulak ez gaitu eramango autodeterminazio eskubidea gauzatzera, ez gaitu independente izatera eramango parlamentu batean DUI onartzeak, eta ez da azken irtenbidea beste erreferendum bat mahai gainean jartzea, eta CUPek egiten du. Izan ere, hain zuzen, aukera horietako edozein aintzat hartu behar da, baina ez hura babesten ez duenaren aurkako arma gisa; aitzitik, aukera guztiak hartu behar dira kontuan azterketa konplexu hori eraiki ahal izateko. Urriaren 1ean bozkatu zen, bai; zein da urriaren 1aren eta bozketa ekitaldi masibo horren indarra? Irabazi genuela? Irabazi genuen baiezkoaren aldeko botoek ezezkoaren aldekoei irabazteari dagokionez, ez genuen irabazi independentzia, baina horregatik ez genuen urriaren 1a zakarrontzira bota. DUI bat parlamentuan. Zertarako balio dezake DUI batek parlamentuan? Hurrengo egunean independenteak izateko? Bada ez, baina ziurrenik izan daiteke une jakin batean tentsio politikoa bizkortzeko edo handitzeko tresna bat. Beste erreferendum bat? Zergatik ez, ikusiko bagenu baldintzak badaudela eta jendea tresna hori bere egiteko prest dagoela. Hemendik hitz egin behar dugu gehiago. Eztabaida zabaltzea gomendatuko nuke, txiki egin beharrean, gomendatuko nuke alde guztien proposamenak entzutea, eztabaidatzeko borondatearekin, eta ez elkarren aurka botatzeko borondatearekin, eta, batez ere, errespetua eskatuko nuke, berriro diot, batez ere okerrago pasatzen ari den jendearekin, baina orokorrean ere bai.

Comuns-en espaziokoek eta Bartzelonako alkate Ada Colauk berak ere kritikatu dute CUPen moduko alderdi antikapitalista bat akordioetara iritsi izana konbergenteen osteko espaziokoekin, ardatz nazionala lehenetsita bloke independentistaren gehiengoa lortzeko, eta ez lehenetsi izana ardatz soziala, ezkerreko gehiengo bilatzeko...

Denok batera egindako analisi konplexuagoak eskatzen ditudan bezala, uste dut ez garela batzuetan gauzak sinplifikatu ditugun bakarrak. Comuns-en moduko espazio politikoetatik, baina baita beste indar politiko batzuetatik ere, nahiko sinplifikatzailea da eta ez dago horrelako gaitasun intelektual handia duten pertsonen mailan esatea CUP bezalako indar antikapitalista batek fronte nazionala lehenetsi duela eta ez fronte soziala; hori da nik esango banie bezala fronte nazionala lehenetsi dutela PSOE bezalako alderdi unionista batekin hitzarmena eginda. Eta ondotxo dakit irakurtzen Bartzelonako hiriaren konplexutasuna, konturatzeko adina, nahiz eta seguruenik ez zen CUPen apustua izango, PSCren moduko indar batekin hitzartzeak ez duela esan nahi Espainiaren batasunaren aldeko apustua egiten dutenik; gai naiz hori esateko eta hemendik Comuns-ei eraso ez egiteko, uste baitut horrek ez diola inori mesederik egiten.

CUPek ez du lehenetsi auzi nazionala auzi sozialaren gainetik, CUPek uste du estuki lotuta dauden auziak direla, eta jendeak subiranotasun eta eskubide sozial gehiago lortuko dituela indarrean dagoen sistema politikoari aurre eginda. Sistema politiko hori definitzen dute Espainia bezalako estatu batek, Europar Batasuneko kide izateak eta sistema ekonomiko jakin bat izateak. Hiru puntu horiei denok batera egin behar diegu aurre, eta uste dut Comuns-ek, beste indar politiko batzuek bezala, ondo baino hobeto dakiela hori, eta ez zait gustatzen batzuetan botoak eskuratzeko Ezker Independentista tratatzen den bezala tratatzea.

Ezker independentistak beti berretsi du askapen sozialik gabe ez dagoela nazio askapenik. Erakundeen egungo indar-harremanekin, nola berma daiteke bi auziak elkarri lotuta joatea?

Ezker Independentistatik hainbat hamarkadatan defendatu dugu hori, eta testuinguru batzuetan pentsatzen zenuena hori oso marjinala zela eta herri hau inoiz amaituko ez zen arrainaren eta oilaskoaren arteko apustua egitera etorri zela. Eta kontua da CDC (Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa) jada ez dela existitzen, CiU desagertu egin dela, eta gertatu direla gauza batzuk militatzen hasi ginenean amestu ere egiten ez genituenak. Hori diot uste dudalako gure apustuak oraindik baduela zentzua eta errealitateak laguntzen duela. Espainiako Estatuak arma guztiekin erantzun dio Kataluniak hautetsontzien bidez egin duen oldarraldiari, ziur aski bere estatuan izan diren beste gatazka batzuei erantzun izan diena baino irmoago.

Argi dago autodeterminazio-eskubidea egikaritzeko eskariak estatua biziki ezegonkortzen duela, eta estatu hori da, aldi berean, Europar Batasuneko austeritate-politiken eta politika kapitalisten transmisio-ildo nagusia; gustatuko litzaidake Kataluniak bozkatu ahal izatea EBren parte izan nahi duen ala ez. Beraz, ezin ditugu auziak bereiztu, Espainiako Estatuak ez dituelako bereizten, Europar Batasunetik bereizten ez den bezala, edo elizaren rol oso boteretsutik ere bereizten ez den bezala, horrekin batera doazen balio patriarkalekin eta emakumeen eta gutxiengoen egoerarekin zerikusia duen guztiarekin. Beraz, iruditzen zait borroken hierarkizazioari buruzko eztabaida behartzen saiatzea errealitatetik aldentzea dela.

Agian hobeto azaltzen jakin behar dugu, baina argi dago ezin dela ezer bereizi. Errealitateak ere erakusten du hori, ez baitago autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapenetik bereizitako indarrik, defendatzen dituena eraldaketa ekonomiko eta sozialeko postulatuak, errealitatea aldatzeko asmoa dutenak. Bihar posible badut aukera politiko bat babestea, nahiz eta independentista ez izan, baina esaten didana herrialde honetako pentsiodunek bizi-baldintza hobeak izango dituztela eta beste inork ez duela etxetik joan beharko, prest nago babesa emateko. Baina ez dirudi ezkerreko espaziorik dagoenik jendearen bizi-baldintza materialak eraldatzeko gaitasun nahikoa duenik. Eta, beraz, ez dut ikusten zergatik guk uko egin behar diogun helburu hori lortzeari, gure ustez posible den modu bakarrean.

Victor Serri / Directa

Dimentsio askotako krisi kapitalista batean murgilduta gaude, zuzenean eragiten ari dena herri-klaseen egunerokotasunean.  Halere, herrialdeko mobilizazio soziala ahul dago. Zeri egozten diozu?

Errealitatearen irakurketa osatugabeak egingo ditut halabeharrez, aspalditik ez bainago kalean, eta gauza batzuek ihes egiten didate. Pandemiak pisua duela uste dut, bistakoa da, leku guztietan eragin duelako. Pandemia ostea espero genuena baino askoz luzeagoa izaten ari da, eta nahi ez genituen ondorio batzuk ditu; pentsatzen genuen agian indartuta aterako ginela elkar-laguntzaren eta anaitasunaren aldetik, eta, agian, alde indibidualista sendotuta atera gara. Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta mobilizazio horiek lotuko dituen apustu estrategiko argirik gabeko testuingurua egon, uste dut tartea dagoela gure herrialdean dugunari aurre egiteko. Irailaren 11n, dena den, ehunka mila pertsona atera ziren kalera eta egunerokotasunean uste dut jende asko inplikatzen dela alternatibak eraikitzeko. Hortaz, ez zaigu komeni sinestea berez gaudena baino okerrago gaudela. Kosta egingo zaigu kaleak berreskuratzea, eta jakin behar dugu zergatia interpretatzen. Ikusi badugu pandemiak alderdi indibiduala indartu digula, beharrezkoa da dauzkagun egitura kolektiboak indartzea, eta, batez ere, berreskuratu behar dugun konbentzimendua da etxean itxita ez dela inoiz hobekuntzarik lortu, ezta aurrerapenik ere.

Dimentsio anitzeko krisi honen aurrean –energetikoa, klimatikoa, etxebizitzarena, elikagai globalarena, inflazioarena–, zeintzuk izan beharko lukete ezkertiarrek partekatutako programa baten oinarriak?

Badira lanean ari direnak, hain zuzen ere, finkatzeko zer oinarri partekatu behar dituzten ezkertiarrek, premiaz hartu eta defendatu beharreko neurri ekonomikoen programa bat aurkezteko. Lehengo egunean, Arraneko heziketa eskolan, Josep Manel Busqueta entzun nuen, eta zera zioen:  "Hortzekin defendatu beharreko hamar puntu". Ez dira puntu utopikoak, ez dira mendi batean igotako muturreko marxistaren puntuak. Puntu horiek barrikada bihurtuko dira eskuin muturrarekin batera datorren ofentsiba liberal guztiaren aurrean, edota “ezin dugu ezer egin hain sistema basatiaren aurrean, konformatu besterik ez” uste zabal horren aurrean. Neurri erradikalak izan behar dute, ideologikoki berrarmatzeko; ezkerreko indarrak, indar eraldatzaileak, aurrerakoiak, antikapitalistak eta sozialistak kohesionatzeko.

Oinarrizko produktuen eta produktu energetikoen hornidurak nazioarteko gatazkaren zati handi bat azaltzeaz gain, arazo horiek herritarrak ere biziki kezkatzen dituzte datozkigun udazken eta neguaren aurrean. Behar dugu diskurtso bat energia-krisiari aurre egiteko, gure biztanleei esateko negua igarotzeko beldurrik izan ez dezatela; eta, aldi berean, premiaz hausnartu behar dugu nola jantzi, nola elikatu eta nola bizi modu jasangarrian. Espainiako Estatutik mingarria ez den independentzia-prozesu bat egitea ezinezkoa den gisa berean, ez da posible pentsatzea sistema kapitalistatik irtetea minik gabekoa izango denik, ez da erraza izango, ez berehalakoa, eta ez da lege batetik bestera iragatea izango.

Kataluniako Gobernua kezkatuta dago larrialdi klimatikoagatik, eta, aldi berean, El Prateko aireportua handitzea eta neguko Olinpiar Jokoak sustatzen ditu. Produkzio-eredua aldatu behar dugu?

Bai, begi-bistakoa da. Ziurrenik, antikapitalismoak, oro har, edo ezker independentistak, bereziki, batzuetan joera handiagoa izan du proiektuei ezetz esateko, gureen alde lan egiteko baino. Hemen, Sallent-en, adierazten genuenean ezin zela gatz-mendia hazi, esaten ziguten meatzeak lanpostuak ematen zituela; hori zen argudio nagusia inork aurka egin ez zezan.

Hauteskundeetara diskurtso argi, garbi eta sendoarekin aurkezten zen lehen indar politikoa izan ginen: lanpostuak bai, baina ingurumenarekiko begirunea ere bai, eta ingurumenarekiko errespeturik ez badago, ez dago eutsi daitekeen lanposturik. Oso hitzaldi gogorra zen meategitik bizi zen jendea zeukan herrian, baina orain ez dago meategian lan egiten duen ia inor, sistemak manufakturak, lantegiak edo negozioak ixten baititu komeni zaionean. Baina gatz-mendiak hor jarraitzen du eta uren gazitzea hemen abiatzen da eta Llobregateko bokaleraino iristen da. Hala ere, posizio horrek batzuetan kostuak izaten ditu eta arrakastarik ez. Ez dut ulertzen Generalitateko gobernuak nola defenda ditzakeen El Prateko aireportua handitzea edo Pirinioetako Olinpiar Jokoak. Ez dakit nondik aterako duten elurra eta ez dakit nola sortuko dituzten kalitatezko lanpostuak zerbitzuen sektorean, hura erabat desarautua eta kate handien menpe dagoenean. Azaldu behar digute, halaber, nola eskaini nahi dieten beren seme-alabei eta bilobei delta ito bat.

Gauza batzuk oso zailak dira ulertzen. Uler dezaket Generalitateko presidentea zarenean edo Kataluniako gobernu autonomiko batean zaudenean, botere handirik ez duena, sektore ekonomikoaren presioak eta deiak jasotzea. Era berean, egungo krisiaren eta langabeziaren aurrean, herritarrei enplegua sortzeko proposamenak eskaini nahi izatea. Baina horrek hain ibilbide laburra du, ezen espero baitut ez dutela egingo hurrengo hauteskundeak irabazteko. Esan beharko lukete proiektu horiek oso jende gutxi mesedetzen dutela, herriaren kalterako direla, eta gobernu honetan ez dutela aurkituko lurraldea are gehiago suntsitzen lagunduko duen proiekturik. Ziur gaude egungo egoeratik ateratzeko aukera bakarra dagoela: makroproiektu horiei uko egitea, lurraldearen suntsipena murrizten saiatzeko. Proposamenak egin behar dira ekoizpen-sektoreak egokitzeko, ekonomia sozial eta solidarioa eta kooperatiba-mundua hazteko, edo sektore estrategikoak nazionalizatzeko. Hain zuzen ere, Suitzak erreferenduma egin zuen ea neguko Olinpiar Jokoak egingo zituzten Alpeetan, non glaziarrak desegiten ari diren eta gero eta elur gutxiago dagoen, eta herritarrek ezetz esan zuten, egungo testuinguruan ezin genituela Alpeak masifikatu. Izotza urtzea eta ingurumena aldatzea azelerazio horrekin gertatzen ari da, eta gizakiak egungo egoeran naturarekin duen harremana zaindu behar da, edo intentsitatea jaitsi.

Eskuin muturraren hazkundea ikusten dugu Europan, baita Espainian ere, non duela urte batzuk ez genukeen imajinatu ere egingo Voxen 52 diputatu egongo zirenik Espainiako Kongresuan, edo Andaluziako edo Gaztela eta Leongo exekutiboetan presentzia izango zuenik. Ezkerreko gobernuen politiken norabideak badu erantzukizunik gertatzen ari den horretan?

Faxismoaren aurkakoa naiz bihotz eta errai, eta min ematen dit pentsatzeak ezkerretatik zerbait egin ahal izan dugula faxismoa hazteko. Gehiago sinistu behar dugu gure eginkizunean, zertara etorri garen hona, eta, beraz, faxismoaren aurkako borrokak argitasun guztia eta antolakuntza, irmotasun eta adore guztia behar ditu. Ziurrenik, ezkertiarrek, batzuek besteek baino gehiago, ez dituzte oso serio hartu politika edo jokabide jakin batzuk mantentzeak zekartzaten arriskuak. Batzuetan, ez du hainbeste zerikusirik politika zehatzekin –ezkerrek ez baitute beti inplementatzeko aukerarik, funtsean, batzuetan ez dutelako gobernatzen–, baizik eta transmititzen ditugun balioen kontua ere bada, kultura militantea eta politikoa.

Edonola ere, erantzukizun gehiago edo gutxiago egon, eta ezker batzuek beste batzuek baino gehiago, gertatzen ari denari eta gerta daitekeenari kezka handiz begiratzeko eta bertaratzeko unea dela uste dut. Beraz, erantzukizun-txartelak banatzen aritu beharrean, presta gaitezen irakurketa konplexu, partekatu eta kolektiboak egiteko, eta egoerari aurre egiteko moduan. Hamabi orduko 1.150 euroko lanpostuak defendatzen baditugu –batzuek hori defendatzen dute orain, Pirinioetako makroproiektuez ari ginela–, ez harritu handik denbora batera baldintza horiek ahalbidetu zituztenak ez hartzea ezkertiartzat. Ez dezagun pentsatu bizitza osoan lan egin ondoren 600 eurorekin erretiroa hartzen duenak pentsatuko duenik "zein ondo, badugu ezkerreko gobernu bat", pentsioaren erdia argindarraren edo berogailuaren fakturek eramaten dutenean.

Hain da erraldoia krisiaren tamaina, edo latzak jende askok bizi dituen baldintzak, hain dira urri pertsona batzuen itxaropenak eta ametsak, ezen begirada altxatu eta proposamen erradikalak egin behar baitira, erantzun ahal izateko gure ustez kolektiboak eskatzen duen duintasun mailari. Era berean, gai izan behar dugu modu jakin batean lan egin nahi ez dutenak isolatzeko eta arduradun gisa seinalatzeko, horiek ezkerrekoak izan ala ez.

Ezker Independentistaren (EI) barruan arrakala zabaldu da Arraneko hainbat batzar zatitu eta zenbait militantek alde egin ondoren eta Horitzó Sozialista jaio denean. Nola ikusten duzu egoera?

Horitzó Sozialistaren sorrera kanpoan nagoela gertatu da, oso aukera gutxi izan dut horri buruz argi eta garbi eztabaidatu ahal izateko erkide militanteekin, eta horren behar handia dut. Horitzó Sozialistaren agiri batzuetan irakurri ditudan hainbat gauzek min handia eragin didate, eta ez dut horrekin bakarrik geratu nahi. Badakit Arraneko kideek asko sufritu dutela, eta enpatia handia sentitzen dut beste mundu bat sortzeko militatzen hasten den eta azken bi urteetan barne-gatazka bat kudeatzen ematen duen norbaiten egoerarekin; horrek higatzen du, etsigarria da.

Baina, aldi berean, espazio politiko honek esan nahi duenari ez diot kritika itxia egin nahi, pertsona batzuk ezagutzen ditudalako, kide izan direlako, Genevara etorri direlako ni ikustera. Haiekin eztabaidatzeko gogoa dut, nahiago dut ez geratu "klase-aliantza lehenetsi behar da" bezalako enuntziatuekin, pixka bat gehiago sakontzeko gogoa dut. Ez diot inoiz uko egin nire klasearen defentsari, eta uste dut EI etorri dela langileriaren bizi-baldintzak hobetzera, hori besterik ez dugu nahi izan. Horregatik, entzuten dudanean zenbait kritika esanez klasearteko aliantzarekin estatuko burgesia –eta areago, mundu mailako botereak– mesedetu nahi genituela, hori larria iruditzen zait. Baina ardura gehiago, adimen handiagoa eta sakontasun handiagoa aitortzen diedanez, honaino zerk ekarri dituen ulertu beharra daukat.

Agian beste espazio bat sendotuko da eta borroka askotan elkar aurkituko dugu, eta espazioen beste egituraketa batetik haziko gara. Hala bada, poztuko nintzateke, jendearen bizi-baldintzak hobetzeko indarrak metatzea nahi dudalako, eta eskubideetan eta askatasunetan irabaziko dugulako. Beraz, estrategia horrek indartu egin behar bagaitu epe ertainera, nahiz eta orain hau guztia oso mingarria izan, poztu egingo naiz. Aitzitik, akats asko egin ditugu eta ez gara munduko onenak, baina ikusten badut EItik ateratzen den espazio bat sortzen dela gaitz guztiak guri egozteko, EI hortzez eta haginez defendatuko dut.

Beraz, Ezker Independentistaren oinarrizko printzipioak, independentzia, sozialismoa eta feminismoa indarrean daude oraindik?

Niretzat indarrean dira, bete-betean, baina ulertuz hitz bakoitzaren atzean unibertso bat dagoela eraikitzeko, borroken banaezintasun hori sistemak ere printzipio horiek banaezin bihurtzen dituelako. Beraz, prest nago apustu estrategikorik onenak zeintzuk diren eztabaidatzeko; zer, noiz edo nola indartu behar garen, azken zikloak eremu batzuetan ahuldu gaituen ala ez, edo beste batzuetan hazi egin garen. Badakit eztabaida horiek hor izan direla. Eztabaidatzen jarraitu behar bada, eztabaida dezagun, baina elkar errespeta dezagun apur bat. Aurrez aurrez ditugun elementu eta aktore multzoa hain da handia, oso arraroa irudituko litzaidakeela orain etsai nagusia EI izatea. Ez dut esaten hala diotenik, baina testu batzuek sentsazio hori sortu didate. Oraindik ezin dut irmo kritikatu edo hutsaldu gertatzen ari dena. Argi daukat nigan aurkituko dutela EI defendatuko duen norbait, gure herrialdeko tradizio libertarioa defendatzen dudan bezala.

Pertsonen, auzoen, lekuen eta tradizioen errealitate zehatza kontuan hartzen badugu, gauzak askoz gehiago ulertzen ditugula uste dut. Irakurtzea, prestatzea eta erreferente historikoak izatea oso ondo dago eta oso erabilgarria da, baina badakit, halaber, errealitatea egunero eraikitzen dela bizilagunekin itunak eginez eta espazio zehatzak eraikiz. Klase-aliantzaren diskurtsoak ez du eragiten espazio eraldatzaile batean militante bat irabaztea; hori lortzen da herri batean egiten den ibilbidea sostengatuz, solidarioak izanik, zure etxeko ateak guztiei irekiz, guztion ongia defendatuz. EIk egin dituen gauza asko kritikatzen lehena izango naiz, baina ez dut onartuko gure klasea behar bezala defendatzen ez dugula diotenen ikasgairik. Sistemaren aurkako gure borroka ahalmena hazteko eta indartzeko espazio bat sortu badugu, poztuko naiz; ahultzeko banatu bagara, jende asko bidean gera dadin eta militatzeko gogoa kentzeko, oso larritzat joko dut, are gehiago espazio horretan kideak ditudanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude