Vir bonus dicendi peritus

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Penelope bere gelatik jaitsi da jauregiko areto nagusira. Kantari bat dago bertan ezkon-nahi taldea entretenitzen, heroi greziarrek etxera bueltako bidaian jasaten dituzten gorabeherak kantatzen. Gai hori ez duenez gustuko –oroi bere senar Ulises ez dela oraino Troiatik itzuli–, beste gai bat aukera dezaten eskatzen die, baina une horretan berean Telemako seme gazteak mozten dio: “Ama maitea, joan zaitez etxe barrura eta egin itzazu dagozkizun lanak. Kontakizuna gizonen esku egongo da, hots, nire esku. Nirea da, beraz, etxearen gobernua”. Eta goiko solairuko gelara erretiratzen da Penelope. Gizonezko batek emakumezko bat isilarazten duen lehen adibide dokumentatua litzateke pasarte hori, Homeroren Odisea-n agertu zena, orain ia hiru mila urte. Gizonezkoek emakumezkoak isilarazteak ez du etenik izan gaur egunera arte. Mary Beardek azaltzen digu, zeinen sakonki dauden barneratuta emakumeak isilarazteko mekanismoak mendebaldeko kulturan, eta zeinen aspalditik: diskurtso publikoa eta oratoria maskulinotasuna genero gisa definitzen zuten praktika eta gaitasun esklusiboak ziren, gizontasunaren ezaugarri definitiboak. Erromatarren garaian jada, non eliteko hiritarrak eslogan honen arabera definitzen ziren: vir bonus dicendi peritus, alegia, diskurtsoan abila den gizon on bat. Ondorioz, publikoan hitz egiten zuen emakume bat ez zen, definizioz, emakume.

Asko dira zutabeotan agertu diren emakumezkoak, Annie Ernaux, Marie Darrieussecq, Marta Sanz, Hannah Arendt, Agnes Heller, Ingeborg Bachmann, Marisa Madieri, Irene Nemirovski, Agota Kristof, Natalia Ginzburg, ikasturte honetan bakarrik. Baina ez aski. Gehiago izango dira hemendik aurrera. Eta horrek ekarriko du gizonezkoak gutxiago izatea. Aldaketa guztiek dakartzate irabazleak eta galtzaileak. Eta aldaketa honetan gizonezkoak dira galtzaile, gizonezkoak gara. Guztiok irabazle izateko, bistan da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude