Igorlerik gabeko usoak

  • Sigrid Faltin alemaniar zuzendariaren dokumental baten bidez izan nuen Sebastián Iradierren La paloma abestiaren arrakasta bitxi eta kontinenteartekoaren berri. Nire belarrietan, ordura arte, inoiz edo behin entzundako betiko melodia bitorianiko horietako bat besterik ez zen.

Sebastián Iradier. Argazkia: Wikipedia

Eguerdiko hamabiak dira, Gasteizko Plaza Berrian gaude, Udaletxeko kanpai digitalen bidez, egunero bezala, entzuten da sol, soo_ol, mi, fa, sol, la, si, do, la, si, sol, faa_a... Plazan daudenen artean galdetuko bagenu, zenbatek lekike melodia marmarrean ekartzen? Zenbatek zein melodia den eta norena esaten? Ez zen hainbestetan gertatuko musikari batek mundu mailako bi hit egitea, eta bere egiletza inork gutxik ezagutzea.

Iradierren konpontxoa

Bizet-en konpontxoa
Georges Bizeten Carmen opera 1875eko martxoan estreinatu zen Parisen. Kritikariek gaizki hartu zuten eta 40 emanaldirako sinatutako kontratua nekez iritsi zen azken saioetara, sarrerak oparitzen ibili behar izan zuten. Bizet handik hiru hilabeterahil zen, 36 urterekin, bihotzekoak jota, porrotaren min horrekin. Hil aurreko egunean, hala ere, kontratua sinatu zuen opera Vienan eman zedin . Orduan etorri zen berak ezagutu ez zuen arrakasta. Geroztik operen ranking guztietan dago lehen hamarren artean, antzoki handienetan kantari entzutetsuenek abestuta.

Euskaldunok, gure zilborraren azkuragarri, opera hartatik zerbait jakin dugunean, izan da Carmen Sevillako ijitoak soldadu nafar bat, On Jose, maitemintzen duela eta On Josek bere neska-lagun nafar Mikaela uzten duela (eta spoiler gehiago ez dut egingo). Opera horretako abesti famatuena ez zuen, ordea, Bizetek egin, frantsesezko Wikipediaren arabera: la célébrissime habanera «L'amour est un oiseau rebelle» est fortement inspiré de la habanera «El Arreglito» du compositeur basque espagnol Sebastián Iradier. Bizetek ez omen zuen asmatzen operaren une hartako abestiarekin, eta itxuraz anonimoa zelakoan, abesti hori hartu zuen maileguan: Fortement inspiré notaz nota da. Gaur egun, nahiko da orakuluan El arreglito idaztea eta Bizeten konpontxoa entzutea. Carmen, abesti hori baino gehiago da, noski, eta balioa bere osoan du.

Usoa nora, usoa hango
Sebastián Iradierren bigarren arrakasta ez-aitortua  La paloma-rena da. Elvis Presley, Maria Callas, Charlie Parker, Dean Martin, Mireille Matiheu, Luciano Pavarotti, Rosita Serrano, Alfredo Kraus, Nana Mouskouri, Paul Whiteman, Julio Iglesias, Caterina Valente, Paco de Lucía... ezin konta ahala artista ezagunek egin dute bertsiorik.

Telebista ordu txikitan ikusten ari nintzen, gauerdia pasata. Zapping egin, Etb1 jarri eta, errepikapenen bat edo okerragorik espero nuela, bat-batean dokumental bitxia topatu nuen. Lehen bitxikeria izan zen bikoiztuta zegoela eta nik ezagutzen nuen doinu ustez lokal bati buruz ari zela, alegia kanpoko begirada bat gure “gauzatxo” bati buruz; gauzatxo bat, bidenabar, Alfredo Donnayren kantak edo txistularien kalejirak bezala, iragan herrikoi baten azken bizi hondartzat jotzen nuena. Laster ohartu nintzen dokumentala munduan zehar zebilela abesti horren istorioa(k) kontatzen.

Dokumentalak Munichera eraman ninduen lehenik. Hango DJ batek, Kalle Laar-ek, abestiaren 2.000 bertsio bilduta dauzka. Ez da kasualitatea alemaniarra izatea eta ez da bildumagile bakarra. Laar hainbat aldiz agertuko da dokumentalean, datu harrigarriak ematen.

‘Usoa’ europar hegoaldean azkar asko zabaldu bazen ere, eztabaida handia dago palomisten artean Kuban sortu eta Kuban estreinatu ote zen, edo ez. Edonola ere, pantailan Habanako Musikaren Museoan ezagutzen den lehen grabazioetako bat ageri da, 1893koa, txukun-txukun gorderik. Abestia zulotxodun burdinazko diskoan grabatuta dago, musika-kutxaren biraderari eragin eta... magia: sol, soo_ol, mi, fa!  Musika-kutxa eta diskoa Carmen Sáenz de Bazan Jose Martíren emaztearenak izan ziren; Carmenen semeak eman zizkion museoari, eta diskoarekin batera ohartxo bat idatzirik: “Amaren abesti gogokoena zen”.

Kubatik musika talde batek eraman omen zuen Mexikora, non Concha Méndezek kantatu eta arrakastatsu bihurtu zuen. Garai gatazkatsuak ziren Mexikon: 1864an lehorreratu ziren Maximiliano eta Carlota, Frantziaren orbitapeko enperadore-enperatrizak izateko. Beste bertsio bat: senar-emazteek eraman zuten La paloma Mexikora; Vienan dantzaldi batean elkar ezagutu eta bien maitasun kanta egina zuten. Edonola ere, ziurra da bikotea La paloma-rekin liluratuta zegoela, hainbeste ezen kanta Chapultepec-eko jauregiko jardinetako festen sinbolo bilakatu baitzen. Kanta bi ahoko arma bihurtu zen: Benito Juárezen aldeko errepublikazaleek doinua hartu eta letra aldatuta kantatzeari ekin zioten senar-emazteei trufa egiteko: si a tu ventana llega un burro flaco, trátalo con respeto que es mi retrato... Geroztik Mexikoko doinu abertzale eta matxinoetako bat da, protesta egiteko baliatzen dena (Dokumentalean Zocalo plaza ageri da, 2006ko hauteskunde iruzurra salatzeko mukuru okupatua, eta Eugenia Léon abestia kantatzen).

Eugenia Leónek La Paloma-ren bertsio bat abestu zuen 80.000 lagunen aurrean Mexiko Hiriko Zócalo plazan 2019an.

Maximilianoren eta Carlotaren ipuinak hiru urte iraun zuen; enperadorea 1867an exekutatu zuten Queretaron. Carlota, enperatriz ohia, Europara itzuli zen, baina zorotzat diagnostikaturik, bakartuta bizi izan zen, 1927an, 60 urte geroago, Belgikako gaztelu batean hil arte. Bien bitartean, beren herrira itzuli ziren soldadu austriar-hungariar eta frantsesek La paloma eraman zuten beren eztarrietan. Eta modu horretan zabaldu zen Europako hainbat lurraldetan. Une horretan, adibide gisa, irudiek Errumaniara eramaten gaituzte, non abestia hileta-kanta den, hildakoak hilerrira bidean daramatzatenean jotzen dena.

Soldadu haien ondorengo soldaduek lubakitik lubakira nork ozenago kantatu zuten Lehen Munduko Gerran su-etenaldietan: frantsesez, alemanieraz, italieraz zein ingelesez.

Rock & Roll
Dokumentalean, bat-batean, boxer itxurako bainu jantzi hutsean, Elvis Presley ageri da Blue Hawaii (1961) filmeko irudietan. Izan ere, abestia Mexikotik Europara ez ezik, Hawaiira ere iritsi zen, Kaliforniako cowboy mexikarrek eramanik. Nolatan?

Elvis Presleyren disko bat, La Paloma-ren bertsioarekin.

Hawaiin abereak ugaltzen ari ziren eta basati zebiltzan (ganadua oparitu zioten aurreko errege bati eta ganadua hiltzea debekatuta zegoenez artxipelagoan, kontrolik gabe zabaltzen ari ziren abereak); Kamehameha III.aren agintaldian –niri ere etorri zait Dragoi Bola burura, bai– iritsi ziren lehen mexikarrak, haiek animaliak bezatu, gobernatu eta hawaiiarrei erakusteko. Mexikarrek gitarrak eta abestiak eraman zituzten berekin, tartean La paloma. Eta, hara: Hawaiin sustraitu ziren gitarrak (eta gitarra haietatik gitarra hawaiiarra sortu) eta 'usoa', kasu honetan 'uso' instrumental hutsa. Rock n Rollaren erregeak horrela ezagutu zuen, letra jarri eta bere bertsioa egin zuen: No more.

Alemaniara goaz hegaka, abestia alemaniar folklorearen parte da, beste inon baino gehiago, ziurrenik. Ingrid Faltin zuzendariak sorterrira eraman gaitu, Coco Schumann musikariaren lekukotza entzun dezagun.

Die Taube

Die taube
Schumann judutarra zen amaren aldetik eta nazien holokaustoa bizi izan zuen. Lehenik, Theresienstadt txekiar ghettora eraman zuten, han Guetto Swingers bandan jo zuen; ondoren Auschwitz sarraski-eremura aldatu zuten, eta han berriz ere musika jotzea agindu zioten. SSetakoek La paloma eskatzen zieten gatibuak gas-ganberetara sarrarazten zituzten bitartean. Izan ere, Austrian, Hungarian eta Polonian, Errumanian bezala, 'usoa' hileta-martxa bat da, Mexikoko porrotaz gero. Schumann, gerra ostean, Louis Amstrong, Marlene Dietrich, Ella Fitzgerald eta Helmut Zacharia bezalako musikariekin aritu zen, eta maiz jo zuen kanta ondoren ere. Dokumentalean ere jo du, kantak ez du errurik, haren hitzetan.

Bitxia da naziei itzuri egiteko kantatzat ere nola hartu zen sasoi berdinean  Alemanian bertan. Hanburgo aldeko kanta zen batez ere, itsasoa eta maitasun erromantikoa gogora ekartzen zituena. 1944an Grosse Freiheit, Nr 7 (Askatasun Handia, 7) errodatu zen, film bat non zeharka esanahi bikoitzeko hainbat mezu aditu zitekeen. Goebblesek filma gorroto omen zuen, eta berezko “Askatasun Handia” izenari “Nr 7” eransteko agindu zuen, kale baten zenbakia irudikatzeko, eta ez askatasunaren handitasuna. Film osoan ez fa ageri sinbolo nazi bat ere eta La paloma-ren bertsioan herritik alde egin beharraz eta itzultzeaz mintzo da.

Rosita Serranoren abesti ospetsuenetakoa ere izan zen La paloma. Artista txiletarrak arrakasta itzela lortu zuen Alemania nazian: die Chilenische Nachtigall, txiletar urretxindorra goitizena jarri zioten. Antzoki eta estadioak betetzen zituen, tartean Berlingo Estadio Olinpikoa, 75.000 lagun hartzen zituena. Alemaniako Telefunken diskografika nagusiarekin ehunetik gora kanta grabatu zituen, irratiko izarra zen, eta Fhürer-aren Mercedes-Benz berdina zuen, bere begi berdeen koloreaz tapizaturik. Alabaina, Hitler, Göring eta Goebblesen kuttuna izatetik, atxilotzeko agindua izatera pasa zen. Espioitzat hartu zuten –Suedian judutarrentzat kantatu zuen, eta bere etxean ere ezkutatu omen zituen zenbait judutar–. Rosita Serrano Suedian geratu zen, Alemania naziak bere aberastasun guztiak atxikitu zituela. Ondoren ere, hamaika gorabehera izan zuen bizitzan.

Eta 'usoak' Alemanian jarraitu. 2004an Hanburgoko hiriak eskatu zuen Guiness liburuan sartzeko, munduko abesbatza handiena osatu izanagatik: 88.600 lagun. Zein kanta? Die taube.

Usoa
Eta telebistan bat-batean Gasteizko Andra Mari Zuria, jardinak zitueneko irudiak. Primitivo Langarika ageri da, gasteiztar bildumazale bat, abestia grabatua duten mila diskotik gora bildu zituena.

Bi istorio polit kontatzen ditu. Lehena, bere lagun bildumazale batekin gertatu zitzaiona. Bildumazaleen ezaugarri (nagusia) da bitxikeriak biltzea. Langarikaren lagunak harmonika diskoak biltzen zituen, Langarikak 'usoak'. Bazuten disko bat biek bilatzen zutena: Larry Ardler harmonika jole ezagunarena, La paloma kanta zuena. Langarikak lortu zuen eskuratzea, Zaragozan (Aragoi). Gasteizera irribarrea ezpainetan itzuli zelarik jakin zuen laguna bi egun lehenago hil zela, eta diskoa erakutsi ezin izanaren atsekabeaz geratu zen.

Bestea istorioa da, Langarika etsitu samar zebilela, milaka bertsioen artean euskarazkorik ez zuelako topatzen. Egun batean, ordea, ezustean entzun zuen irratian, Kontrairo taldeak kantaturik. Jatorduen osteko kantaldietan erdaraz jaso, eta euskarazko bertsioa ekarri zuten, Mexikon, Alemanian, Errumanian, Hawaiin edo Zanzibarren beste batzuek egin antzera.  
Zanzibarreko irudiekin bukatzen da dokumentala, islamaren presentziapean (Errumanian kristautasun ortodoxopean bezala) eta afrikar dantza erritmoekin nahastuta, jai giroan. Zanzibarren 'usoa' swahiliz kantatzen den eztei-kanta da.

Gasteizko hainbat kultur eragilek Sebastián Iradierren omenezko gune bat eskatu zuten 2018an. Argazkia: Gasteiz Hoy

Igorle anonimoa
Gizakiak nota batzuk aditu ahal ditu, finituak; musika, ordea, infinitua da, noten konbinazioak berdin. Musika bada, geometria, aritmetika eta unibertsoan gertatzen diren beste hainbat egitate bezala bada, existitzen da; gizakia baino lehen zegoen eta gizakirik gabe ere izango zen.

Beharbada, ez da hain garrantzitsua Iradierren bandera astintzea, probintziaren gorazarre. Museo baten harrabotserako 'uso' guztiak ekarri: maitasun kantarena, protestarena, hiletarena, holokaustoarena, askatasunarena, ezteiena...? Ageri den ehunka pelikulak eta milaka diskoak bildu? Ala, besterik gabe, kantatu?

Tira, zorrak kitatuz: Sebastián Iradier Lantziegon jaio zen, Gasteizen eta Agurainen organista izan zen. Herri horretan ezkondu zen, baina laster utzi zituen emaztea, Brígida de Iturburu, eta semea, Pablo, eta Madril, Paris, New York, Kuba eta abarretan ibili zen bizi bohemioa eginez. Gasteizera itzuli eta bertan hil zen, ahaztu antzean. Santa Isabeleko hilerrian lurperatuta dago “organista” tituluarekin.

Baina hori dena beste istorio bat da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude