Begiradak

Egunero lez, txorrota azpian bustitako orraziaz hala moduz txukundu ditu geratzen zaizkion ile apurrak. Hortzordeak jantzi ditu, gero. Harro begiratu dio ispiluan ageri den horri eta bere kolkorako pentsatu du: “94 urteko gizon autonomoa zara eta gizartearentzat baliotsua zara oraindik”.

Etxepetik okindegiraino 75 metro. Ahalegin titanikoa egin beharko dute belaun-protesiek. Taka-takari tinko eutsi eta hantxe abiatu da ogitara. Zebra-bidean aurrera ohartu da enpresako lankide ohi baten alabak ikusi duela. Emakumeak penaz begiratu dio eta bere kolkorako pentsatu du: “Gizon hau zer izan zen eta begira denboraren joanak nola utzi duen; egunkaria erostera joan beste zereginik ez du agure gizajoak, eta horretarako ere nahikoa komeria”.

Onik ailegatu da. Jende dezente ia kaleraino luzatzen den ilaran zain. Ondo. Espero bezala. Izan ere, puntako orduan joanda tenplea berreskuratzeko astia izan ohi du. Horri esker lortu du, gaurkoan ere, behin arnasa hartu eta eskaria dena segidan botatzea: “Eguerdi on. Txiki baten erdia, mesedez”. Dendariak arduraz begiratu dio eta bere kolkorako pentsatu du: “Aspaldian ez du ogi handirik erosten, ez eta gozorik ere; nahikotxo argaldu da eta bakarrik eta goibel dirudi”.

"Uste dut aitonak, amonaren falta sumatzeaz gain, emaztearentzat zen  pertsonaren falta ere sumatzen duela. Amonaren begirada falta du; falta du amonak ikusten zuena"

Etxera buelta ez da makala izan. Aldapan gora hesteak bota ditu, ia. Atariko bi koskak igotzearen desafioa ere erdipurdika, baina azkenean heldu da etxeko sarraila parera. Giltzari bi buelta. Taka-taka sartu du lehenbizi, eta atzetik bera. Korridorean aurrera ohartu da irratia piztuta utzi duela eta esatariaren ahotsa entzuten da: “…laster hasiko dira txertoaren hirugarren dosia pertsona zaurgarrienei jartzen...”.

Sukaldeko fluoreszentetako bat erre da, baina usain ona du kazolako legatzak. Ogia saskian utzi eta apirilaz geroztik igandero-igandero mahai gainean jartzen duen J&B botila atera du armairutik. Bere andrearentzat bazkalosteko kafea ez zen jai egunetako otorduak borobiltzeko nahikoa kategoria, nonbait; ttirrinttinttin ttantta batekin ematen zien amaiera ofiziala tripakadei. Nostalgiaz akordatu da bere parean eseri ohi ziren begi urdin haiekin.

Amona ez dagoenetik aitonak edaten du whiskia bere omenez igandero-igandero; baina aitonak ezin du pentsatu amonak bere kolkorako pentsatzen zuena. Botila aterata amona presente izan dezagun nahi du aitonak, baina nik pentsatzen dut erritoak amona bera baino are presenteago egiten duela aitona alarguna. Uste dut aitonak, amonaren falta sumatzeaz gain, emaztearentzat zen  pertsonaren falta ere sumatzen duela. Amonaren begirada falta du; falta du amonak ikusten zuena.

“Ohartu nintzen ez nintzela besteentzat nire buruarentzat ustez nintzen hura”, irakurri nuen behin. Akaso norberarentzat garenaz gain, bagara gainontzekoentzat garena ere. Nahiz izan litezkeen mugakoak bata eta bestea. Akaso begiradek eraikitzen gaituzte. Gizon baliotsua, agure gizajoa, erosle goibela, pertsona zaurgarria, aitona alarguna. Denak dira bera. Edo bakar bat ere ez.

Amonak basoa betetzen zuen bakoitzeko zeharka begiratzen nion eta nire kolkorako pentsatzen nuen: “Festazale errebeldea”. Gustuko nuen  amonaren bueltako erantzun ia ikusezina. Ondo asko zekien amonak ez naizela batere ttirrinttinttinzalea, baina behin hasitakoa ondo bukatzearena berea dut eta egia da otordua borobiltzeko kafeak zerbait eskatzen duela atzetik. Lagun batek dioen moduan: bazkalosteko txokolate-ontza esaldi amaierako puntua bezain beharrezkoa da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude