Franca Rame: Umorea, memoria egiteko

  • Franca Rame italiarra (Parabiago, 1929 - Milan, 2013) antzezle, umoregile, idazle, zuzentzaile, aktibista sozial, pertsonaia politiko eta irudi publikoa izan zen. Bere biziaren eta obraren nondik norakoen errepasoa egin dugu.

Franca Rame Dario Fo senarrarekin, testu bat irakurtzen.
Franca Rame Dario Fo senarrarekin, testu bat irakurtzen.

Familia ibiltari bateko kide zen Franca Rame. Familia eta arbasoak tradizioz antzerkigileak izan ziren, eta XVII. mendetik aritu ziren commedia dell´arte delakoan lanean. Antzerki mota herrikoia da, eta horregatik dialektoetan oso aberatsa. Trama errazak interpretatzen dira, txotxongiloak eta aratusteetako jantziak nahasiz. Umorean eta inprobisazioan oinarritzen da, baina akrobaziak ere erabili ohi ziren.

Zinemaren agerpenak txotxongiloen erabilera kolokan jarri zuen XX. mende hasieran, eta garai berrietara egokitzeko pertsonen antzezlanari lekua egin zion Rameren familiak. Francaren aita, Domenico Rame, espektakulua saltzeaz arduratzen zen, zihoazen lekuko istorioak biltzeaz edota publikoa gustura egonez gero ikuskizuna luzatzeaz. Francaren ama, Emilia Baldini, konpainiako administratzailea zen, eta horretaz gain, josten ere ikasi zuen. Arropak konpontzen zituen eta eszenografia prestatzen aritzen zen. Hori gutxi balitz, konpainiako puntako aktorea izan zen; 30 urte geroago Franca izango zen bezala. Jaio eta zortzi egunetara egin zuen bere lehen papera Ramek, eta ordutik aurrera bere adinera egokitutako pertsonaiak antzeztu zituen. Neba-arreben artean gazteena zen eta beraiengandik ikasi zuen agertokian mugitzen.

Alemaniarrek Italia okupatu izanak asko zaildu zuen antzerkigile ibiltarien bizimodua, eta ondorioz, Ramek erizaintzara bideratu zuen jarduna. Erizain gisa aritzeko bi hilabeteko praktikak egin ostean kanporatu zuten, lan horretarako balio ez zuela argudiatuz. Hala, berriz ere antzerkigintzaren mundura salto egin zuen, eta casting batera aurkeztu ostean Dario Forekin batera lanean aritzeko hartu zuten. 1952an elkarrekin ezkondu ziren, eta bizi proiektu bat eraiki zuten. Fo-Rame konpainia sortuz bizitza pertsonala eta profesionala partekatu zituzten eta mundu guztian aritu ziren lanean. Gutxi dakigu, ordea, Fok Ramerengandik zenbat ikasi zuen. Seguruenik zaila da neurtzen, baina bien aitorpenak irakurrita Foren izena zeramaten testuetako asko bien artean egin zituztela ondoriozta dezakegu. Ramek testuak zuzendu, moztu eta aldatu egiten zituen hobeto funtziona zezaten, eta testuetako batzuk Ramek bakarrik idatzitakoak dira seguruenik.

1968 inguruan antzerki soziala eta politikoa indarra hartuz joan zen. Aurreko konpainia desegin eta Nuova Scena kolektiboarekin parametro erradikalagoetan mugitzen hasi zen bikotea. Langileek okupatutako fabrika bati sostengua eman zien Rame eta Fo parte ziren La Comune antzerki taldeak, Soccorso Rosso antolakundearen bitartez. Langile preso politikoei laguntza ekonomikoa, asistentzia juridikoa eta beraien eskubideen inguruko informazioa emateaz arduratzen zen erakunde hori.

Haien obretan ere islatzen da konpromiso politiko eta soziala. Tutta casa, letto e chiesa, e altri (Etxe guztia, ohea eta eliza, eta beste) zortzi bakarrizketaz osatuta dago. 1977an argitaratu zen eta hitzaurrean lana marko feministan kokatu zuen Ramek. Garaian pil-pilean zeuden gaiak barnebiltzen ditu: emakumeak lan-munduan, mugimendu sozialak, amatasuna, sexualitatea, elizaren presio morala... Lan horretatik testu bat azpimarratu nahi nuke: Lo Stupro (Bortxaketa). Hainbat gizonek emakume bati egindako bortxaketa eta ondorengo bahiketa eta biolentzia modu gordinean kontatzen ditu. Angustia eta beldur tonuan idatzita dago, oso era sinesgarrian. Quotidiano Donna aldizkarian irakurritako testu bat fikziora eramana zela adierazi zuen urte luzez Ramek. 1987ra arte gorde zuen bere egia: bortxaketaren bidez, faxista talde batek bere aktibismo politikoa zigortu nahi izan zuen eta bakarrizketa autobiografikoa zen testu hori. Mugimendu feministak sostengatuta bizipen horren irakurketa politikoa egin zuen autoreak aurrerago.

Josune Muñoz Skolastikako zuzendariak urteak daramatza autobiografia modu sistematikoan eta bortxaketaren kulturaren baitan aztertzen; emakumeen autobiografien boom-a bizitzen ari garela dio berak. Tarana Burkek 2006an abiatu zuen #metoo kanpainaren uzta beharrezkoa jasotzen, hain zuzen ere. Ramek, beste askok bezala, eztandari aurrea hartu zion eta inpaktu handiko lan ausarta egin zuen.

1983an Coppia aperta (Bikote irekia) antzezlana argitaratu zuten Ramek eta Fok. Gaia topikoa izan daiteke: senar-emazteak, beraien harremanaz aspertuta, bikote harreman irekiago bat planteatu eta eztabaidan ari dira taula-gainean. Gaia serioa da oso. Baina testua umore, ironia, egoera absurdo eta esajerazioz beteta egonik, modu arin eta dibertigarrian planteatzen ditu hainbat hausnarketa sakon. Interesgarria da ahoz gora irakurtzea norberak tonuak aldatuz edota laguna duzun pisukidearekin; zergatik ez? Pisukidea senarra edo emaztea baduzu ere interpreta dezakezue, agian elkarrizketaren bat aurrezteko asmoz.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi Sesso? Lo zen o l’arte di scopare (Zen edo larrua jotzearen artea). Rame, Fo eta beraien seme Jacobok sortu zuten lana: Adam eta Ebaren historiatik abiatzen dira eta lehenengo sexu harremanen urduritasunaz, hilekoaren tabuaz, amek kontatzen (ez) dutenaz, abortu ilegalaren arriskuaz, gizonen segurtasun faltaz, zakila ez tentetzeaz, orgasmoaz, klitoriaz eta abar mintzo da. Kapitulu motzez osatuta egonik eta umoretik egina dagoenez arina da. Jende helduarentzat ez ezik, eskoletan modu pedagogikoan erabiltzeko asmoz sortu zuten. Beste hainbestetan gertatu zitzaien bezala zentsuratu eta hezkuntza programetatik kanpo utzi zuten Italian.

Mugimendu feministaren gorakadarekin batera Ramek, ordura arte bere rola itzalpean mantendu zuenak, hitz egiteko era aldatu eta “gure antzerkia” terminoa erabili zuen testuotan bere presentzia eta lana azpimarratzeko.  

Rame emakume ederra zen: ile- horia, eguzkitako betaurreko handiak zeramatzana eta hedabideetan jantzi deigarriekin eta irribarrearekin agertu ohi zena. Txolintzat deskribatu izan dute askotan. Foren itzalpean zegoen emakume apaina besterik ez da izan askoren begietara. Baina itxura horrek antzerkigile familia bateko kidea gordetzen zuen, emakume argi, interesgarri eta grinatsua. Italiar kulturan abangoardia izandako antzerkigilea. Garaiko mugimendu sozial eta politikoak bere baitara ekarri eta pauso bat aurrerago eraman zituen emakume indartsua. Bere buruaz barre egiten zuen pertsona. Eta besteei barrea eginaraziz bizitza goxatzeko gai zena, karismatikoa.

Pena da euskaraz ezin irakurtzea. Eta tristea gaztelaniazko argitalpenak zaharrak izatea. Ondo legoke testu horien argitalpen bat, gaur egungo sarrera eta begiradarekin irakurria. Autoreari bere lekua emango liokeena. Bitartean, italiera ulertu ez arren ere, merezi du Youtube-n sartu eta Franca Rameren izena tekleatzea, garaiko antzokiak jendez lepo ikusi eta espontaneotasunari ikusleak nola barrez erantzuten dion egiaztatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude