Bergarako erraustegi proiektuaren mahai-inguruak kezka handiagoa piztu du herritarrengan

  • Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Greene enpresari aurpegiratu dio “gezurretan” aritzea eta herritarrei “datuak ezkutatzea”; hondakinak pirolisi bidez tratatzearen kalteez ohartarazi du. Proiektuaren arduradunek, ordea, plantaren “onurak” azaldu dituzte, eta esan dute pirolisia ez dela errausketa.


2021eko azaroaren 24an - 09:45
Azken eguneraketa: 11:06
Bergarako herritarrak Larramendin eraiki nahi duten hondakin plantaren aurka agertu dira. / Argazkia: @BergaraIkama

Goiena hedabideak argitaratu duenez, astelehenean Bergaran herritar ugari elkartu da Larramendiko industria poligonoan eraiki nahi duten erraustegi plantaren gaineko mahai-ingurura. Valogreen Paper BC SM enpresak paper fabriketako hondakinak gasifikazio bidez tratatzeko proiektuaren aldeko eta kontrako argudioak mahaigaineratu dituzte, azken asteetan herrian zalantza mordoa sortu baitu erraustegia eraikitzeko asmoak, eta haren aurkako ahotsak gailendu dira. Elkarretaratze jendetsua egin zuten proiektuaren berri izandakoan eta, Bergarako Udalarekin batera, alegazioak aurkeztu dituzte herritar askok.

Ekologistak Martxan taldeak lehenago salatu izan duenez, pirolisia deitzen dioten prozesua izatez errausketa da. Halaxe argitu du solasaldian Carlos Arribasek, Ekologistak Martxaneko hondakinen arloko arduradunak: “Legearen ikuspegitik pirolisia erraustea da, baldin eta pirolisian lortzen dituzun produktuak erre egiten badira, kasu honetan bezala”, azaldu dio Goienari. Greene (Valogreen Paper-en erroa) enpresako arduradunei leporatu die hasieratik “gezurretan” aritzea eta plantak izango lukeen jarduera “mozorrotzen” saiatzea, herritarrei eta udalari informazioa ezkutatuta. Talde ekologistaren esanetan, zarata eta usaina ez ezik, kutsadura eta gas toxikoak ere sortuko lituzke: dioxinak, furanoak eta metal astunak.

Aitzitik, guztiz aurkako azalpenak eman dituzte Greene enpresako Juan Jose Hernandez eta Enrique Araez arduradunek. Bergaran eraiki nahi duten plantan hondakinak “era jasangarrian” tratatuko lituzketela baieztatu dute, eta “materiala balorizatu” egingo luketela. Argudiatu dute prozesuak legearen eskakizun guztiak betetzen dituela. Haien esanetan, pirolisia ez da errausketa: “Teknikoki, errausketa material baten oxidazioa da. Pirolisia oxigenorik gabe eta tenperaturarekin egiten den eraldaketa da, non gasa eta ikatza lortzen den; eta hori baloritzatu daiteke”.

Urko Apaolazak ARGIAn jaso duenez, Ekologistak Martxanek, Zero Wastek, Gaia errausketaren aurkako munduko aliantzak baita Greenpeacek ere gauza bera diote: sistema pirolitikoa errausketaren hain antzekoa da, ezen erraustegi dei diezaiokeela.

Mahai-ingurura bertaratutakoak zalantza gehiagorekin eta kezka handiagoarekin atera dira; eztabaida eta denbora gehiago eskatu dituzte. Herritar asko ez ditu konbentzitu Greeneko arduradunek kontatutakoak eta datuak emateko galdegin dute. Enpresariek jakinarazi dute nahi duen orok proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera duela, eta “beharrezkoa izanez gero” hobekuntzak ezarri ahalko direla.

Udalaren baimena baliogabetuta

Uztailean Bergarako Udalak hirigintza-bateragarritasuna onartu zion proiektuari eta ingurumen-bateragarritasunaren onespenaren zain zeuden. Baina azaro hasieran baimena baliogabetu zuen udalak, iritzita enpresak hasieran aurkeztutako jarduera ez zetorrela bat geroago adierazitakoarekin. Goienak jakinarazi duenez, astelehenean Eusko Jaurlaritzan alegazioak aurkeztu ditu udalak, besteak beste, eraiki nahi den industriagune alboan etxebizitzak egonik, errauste planta ez delako onargarria ingurumenaren ikuspegitik. Proiektuaren tramitazioaren azken hitza ez dauka udalak, baizik eta Jaurlaritzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-04-24 | Zero Zabor
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan... [+]


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


Eguneraketa berriak daude