ARGIA.eus

2021eko abenduaren 02a
Sosh

Herri bat gerraren eta bakearen artean

  • Hona hemen Shosh, Karabakh Garaia (armenieraz, Artsakh) eskualdeko herria, gaur egun armeniarren eta azerbaijandarren arteko muga berrian kokatuta. Bertako herritarrek etsaiaren mugimenduak begi-bistan dauzkate balkoietara ateraz gero. Duela urtebete hasi zen gerran galdutakoaren oroigarri gordina.

Lilit Shahverdyan
2021eko azaroaren 28a
Andreas Margaryanen bi biloba. Bere etxea noiz berreraikiko irrikaz dago, umeak baldintza onetan haz daitezen. Teilatua hondatuta dago, eta laster konponduko dute.Argazkiak: Lilit Shahverdyan

2020ko irailaren 27an, Karabakh Garaiko errepublikaren aurkako eraso handi bati ekin zion Azerbaijanek, eta horrela Sobietar Batasunaren garaietatik konpondu gabe dagoen lurralde-gatazka berpiztu. Azaroaren 11n, bi aldeek su-etena sinatu zuten, Errusiaren bitartekotza-lanen medioz.

Gerra hasi aurretik, 621 lagun bizi ziren Shosh herrian. Udalaren arabera, gaur egun 480 lagun bizi dira, eta haietako 37 errefuxiatuak dira, Artsakheko lurralde okupatuetatik etorriak. Shoshek bonbardaketa gogorrak jasan behar izan ditu, bai Karabakheko lehen gerran (1991-1994), bai 2020koan. Andreas Margaryan, 64 urteko gizona, herriko alkatea izan zen sobietar garaian; egun, nekazaritzan eta erlezaintzan aritzen da. Birritan berreraiki du bere 150 urteko harrizko etxea, eta irmoki dio berriz ere egiteko prest dagoela, bere seme-alabei zor dien ondasuna baita.

“Denok dugu geure eginbeharra herri honetan. Ez baduzu egitekorik, ez zara komunitatearen parte”, dio behin eta berriz Margaryanek. Arbasoen etxea aterpe daukan bitartean, tinko eusten dio Shoshen onerako lanari, eta bere onena eskaintzen du.

Shosheko umeak inguruan daukaten arriskuaren jabe dira dagoeneko, eta ez diote beren eginbeharrekoari iskin egiten. 2020ko irailaren 27ko goiz hura ez zen beldurrezko filmen modukoa izan Artyomentzat, gauza berria eta ohiz kanpokoa baizik: tiro-hotsak aditu zituen eta sutan zegoen material militarraren kea ikusi. Artyomek 10 urte ditu, baina bere irudimenean iragan mendeetako soldadu baten gisakoa du bere burua. Zorigaitzeko irailaren 27 hartan, beldurrak ez zuen Artyom hartu: erasopean zegoen ondoko herri batera familiaren behien bila joan zen, berarentzako babeslekua topatu baino lehen.

XIX. mendearen erditik, Suren Babayanen arbasoak herrian bizi izan dira. Babayanek sei hamarkada eman ditu Shoshen alde lanean, gerrara birritan joan da, eta denetariko bizipenak dauzka: harreman oneko garaiak azerbaijandarrekin, hurrengo bonbak bere etxea joko ote duen beldurra... Larreak eta abereak galdu ditu, senideak zein adiskideak; baina bizilagunak oraindik haien lurren jabe direnez, itxaropena ez zaio erabat agortu. Herria berpizten hasi da aurreko gerran bonbardaketa latzak jasan ondoren. Kalteak apurka-apurka konpontzen ari dira estatuaren laguntzei esker, herriko jendea bere txokora itzuli da eta bakoitzak bizitzaren ohiko erritmoari heldu dio berriz. Hala ere, Surenen esanetan, laino artean dago bazter txiki honen etorkizuna.

“Adineko gizona naiz eta denetarik ulertzeko gai naiz”, dio Babayanek, “baina nolatan eduki ote dezakete gazteek itxaropenik etorkizunean beren lurrak etsaiaren esku badaude? Ez gara geure etorkizunaren jabe. Argitu gabeko kontu lausoa dugu etorkizuna”.

Andres Margaryanek eta bere bi semeek erlezaintzan dihardute

Armeniako Errepublikak 95.000 milioi dram (175 milioi euro) eskaini ditu Karabakh Garaiko krisia gainditzeko. Horietatik, 3.600 milioi dram (6,7 milioi euro) ekonomia garatzeko inbertituko dira. Armen Tovmasyan Karabakh Garaiko ekonomia-ministroaren arabera, ekonomiaren sektore guztiak gainbeheran daude, etxegintza izan ezik. Azken alor horrek %106ko igoera izan du, gerrak nonahi suntsitu duena konpontzeko ahalegineni esker. Shosheko azpiegiturek kalte handia jasan zuten, eta herrian berreraiketa lanak aribidean daude, gerrak hondatutako 150 eraikinak konpondu arte.

Shoshek nekazaritzarako lursailak galdu ditu: ezin dira abereak larratu, muga gurutzatzea arriskutsua baita. Udalak dioenez, 2021eko ekainean, lapurtutako bi zaldi berreskuratu zituzten, errusiarren bitartez egindako negoziaketei esker. Gerora, ordea, azerbaijandarrek beste lau zaldi ostu zituzten. Bestetik, Shoshetik gertu egindako operazio militarrengatik herriko zazpi gizon hil ziren, udalaren arabera.

Gaur egun, herriak ez dauka arazo handirik argindarrarekin eta ur korrontearekin, baina ezin da ziurtatu etorkizunean hala jarraituko duenik. Arayik Harutyunyan Karabakh Garaiko lehendakariak adierazi du estatuak nekazaritza sustatzeko proiektu berriak abian dituela; gehienbat, lursailak banatu nahi dituzte nekazariak aritu ahal izateko. Abereen kopurua handitzeko ahalegin handiak egin dituzte: gobernuak 10.767 animalia eman dizkio Shosh herria barne hartzen duen Shushi eskualdeari. Karabakh Garaiko Errepublikako ekonomia-ministroaren arabera, gobernuak ganadua erregulatzeko eta larreak kudeatzeko programak ere jarri ditu abian Shoshen eta beste hamar herritan.

Bizilagun guztiek ez zuten berdin jokatu gerra bitartean: emakumeak, adinekoak eta umeak Armeniara joan ziren, behin-behineko aterpe bila. Gizonek, ordea, beren etxeen defentsa lehenetsi zuten. Amnistia Internazionalaren txosten ofizial baten arabera, Armeniak 109.000 errefuxiatu eta asilo-eskatzaile inguru hartu zituen 2020ko urrira arte. 2021eko maiatzean, 37.700 ziren oraindik.

Gerran aritu ziren Babayanen hiru semeen gela. Soroak galdu zituzten gerran, eta orain lur berriak lantzen hasi dira.

Babayanek eta Margaryanek ahal zuten guztia egin zuten herriaren egonkortasuna mantentzeko Azerbaijango artilleriak etengabe bonbardatzen zuen bitartean. Semeak frontean zeudela, Margaryanek militarrak hornitzeko lanetan laguntzen zuen herriko bizilagunek osatutako soldadu taldearekin batera. Aberriaren aldeko konpromisoa hartzearen garrantzia nabarmendu nahian, film bateko esaldi bat aipatu digu:  “Azkenean, denok hilko gara, baina inbidia izango diegu aberria babesteagatik erori zirenei. Askatasunaren alde hiltzea, heriotza santua da”. Margaryanek Shosh defendatzeko konpromiso irmoa erakutsi digu, herritarrek erakusten duten lanerako prestutasunak elkar animatzeko balio baitie. “Nire bilobak etxe honetan biziko dira haien segurtasuna bermatzeko gai naizen bitartean”, diosku, beste askoren iritziaren antzera.

Soldadu izateko amets egiten duen bitartean, Artyom gurasoekin, aitona-amonekin eta lehengusu txikiekin batera bizi da. Amonak, Julietta Grigoryanek, 59 urte ditu eta herriko ikastetxean garbitzaile egiten du lan. Gerra bitartean herritik kanpo egon zen, bere koinata erditzear zegoela eta. Armenian, Masis herrian, aterpe hartu zuten, eta han jaio zen umea. Masisen igarotako egunak atseginez gogoratzen ditu, harrera adikorra egin baitzioten. “Gure auzokoak yezidiak ziren”, gogoratu du, “eta ostiralero jakiak ematen zizkiguten: okela, kafea, eta azukrea. Den-dena pertekatu zuten gurekin”.

Bizi baldintza egokirik ez izan arren, Juliettaren familia su-etena eta gutxira itzuli zen herrira, ume jaioberriarekin batera. Estatuaren eta zenbait nazioarteko GKEren laguntza jaso dute –besteak beste, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearena–, baina familiak oraindik mehatxua gertu sentitzen du, Azerbaijango soldaduak leihotik ikusgai diren heinean. Herritarrak abereengatik keztatuta daude, herriko lurrak ez baitira ereiteko edota abereek bazkatzeko egokiak. Gehienetan, azerbaijandarrek bereganatzen dituzte muga gurutzatzen duten abereak, nahiz eta bake misioko soldadu errusiarrak animaliak berreskuratzen saiatzen diren batzuetan. Grigoryanek lantzen zuen lurra mugaz bestaldean dago, baina orain pasabidea ia beti itxita dago eta errusiarren bitartekaritzaz baino ezin da ireki. Grigoryanek diosku: “Behin senarra eta biok harantz abiatu ginen, baina azerbaijandarrek ez ziguten gurutzatzen utzi. Beste behin ere itzuli ginen, orduan tiro egin zuten airera gu izutzeko. Bai, errusiarren laguntzaz uzta biltzera joatea posible dugu, baina ezin dugu lurra askatasunez landu”.

Bake misioan dauden soldadu errusiarren presentziak ez du jendearen gogoa asko animatzen. Oraintsuko gerrak kolokan jarri du autogobernua, eta Margaryan haren balioaz kontziente da. “Independentzia, ereserkia eta bandera: armeniarrek mendeak eman dituzte balio horiek lortzeko borrokan. Eta orain borroka hori galtzen ari gara”, dio. “Neure etxean meneko sentitzen naiz. Giltzak badauzkat, baina ez naiz etxearen jabe”. Babayan bat dator iritzi horrekin: bere iritziz, Karabakh Garaia ez da inoiz inoren eskutan egongo, gatazka-auzia izango da betiko. Uste du errusiarren presentzia beste aukerarik ez dagoela. “Geure ahotsa entzuteko prest azaltzen diren heinean, haiekin fidatu behar gara. Alde egiten badute, noren atea joko ote dugu?”, dio Babayanek.

Samvel Babayan familiako zuhaitz genealogikoarekin. Babayanek dio gerra pasa zuela sofa horretan eserita, etxean bonba noiz eroriko zain.

Lorik gabeko gauak eta gerrako izugarrikeriak pairatu zituenekoa izan zen Babayan, etsaiaren eskuetatik hain gertu zegoen herrian geratu zenetariko bat. Egun ilun haietan, emaztea zen bere euskarri nagusia. Emaztea urriaren amaierara arte ez zen herritik joan, ordurako etxean emandako segundo oro sufrikario hutsa baitzen. “Sofa honetan esertzen ginen emaztea eta biok, eta inguruko etxeak lehertzean sortzen zen burrunba entzuten genuen, geurea joko zuen bonba noiz iritsiko”. Hala ere, nahiz eta heriotzaren itzala gertu izan, Babayanek aktibo jarraitu zuen. Hiru semeak frontean zeuden bitartean, auzokoen abereak zaintzen eta jendea Stepanakertera autoz eramaten aritu zen. Abere asko sufritu eta hil egin zen bonbardaketen eta arreta ezaren ondorioz, baina Babayanek bere abereetako batzuk salbatzea lortu zuen.

Bizi-erritmoari eusteko zailtasunak gorabehera, bizilagunek atxikipen sentimendu handia dute oraindik Shoshekiko. Arrotza egiten zaie herria uztearen ideia bizitza hobea lortzeko asmoz. Herriko arazo ugariek konponbidea behar dutela, jendeak hori ikusi eta esku hartzeko beharra sentitu du. Margaryan suntsitutako teilatua konpontzeko lanak bukatzear da, datorren neguari begira. Ez du zalantzarik bere biloben bizi-baldintzak hobetzeko lanean aritzeko orduan. “Herriarekin lotura sentitzen duen horrek bere azken arnasa eskainiko du Shoshen alde”, dio Margaryanek, “hauxe da gure patua eta ez genioke iskin egin beharko”.

Samvel Babayanek ere itxaropen iturri oparoa du, bere semearen adoreak elikatzen diona: bizitza berria sortzeko ahalegin bizietan dihardu, ogibidea ematen zioten angurri-soroak galdu dituen arren. Seme nagusiaren lurrak Aghdamen zeuden, gerraren ondorioz orain Azerbaijango mugen barruan dagoen herria. “Fedea galdu nuen etorkizunean une batez”, dio Babayanek, “baina, zorionez, neure aurreikuspenak okerrak ziren”. Ezbehar hori gainditu eta Askeranen lursail berriak lantzen hasi ziren semeak, armeniarren eskuetan mantendu den herri batean. Horrek Babayan kontsolatu du, geroztik sinetsita dago oraindik ere aukerak badaudela. “Semeek Errusiara joatea zeukaten, larreak galdu dituzten askok egin zuten bezala, baina hementxe geratu ziren. Itxaropenari eutsi zioten, eta haietaz harro nago”, dio. Uste du etorkizuna bermatu nahi duen orok lanean hasteko beharra daukala.

“Heriotza halabeharrez etorriko zaigu”, dio. “Egun, ordea, bizitzari eusteko unea da”.

Itzulpena Diego Pallés Lapuentek egin du

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Nagorno Karabakh

Nagorno Karabakh kanaletik interesatuko zaizu...
Bielorrusiatik Nagorno-Karabakhera
MULTIMEDIA - solasaldia

EHUko irakasle Asier Blasen hitzaldia egungo "borroka geopolitikoei buruz espazio post-sobietarrean".


2020-11-10 | ARGIA
Karabakh Garaiko gerraren amaiera sinatu dute Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak

Astearte gauerdian ezarriko da indarrean Armenia, Azerbaijan eta eta Errusiak bezperan adostutako bake ituna. Honen arabera, gerra diren bi herrialdeetako armaden arteko banaketa lerroa une honetan fronteak markatzen duen horretan finkatuko da, segurtasun korridore bat ezarriko... [+]


2020-10-25 | Oier Zeberio
Karabakh Garaia
Lehertu da berriro Armenia eta Azerbaijanen arteko guda zaharra

Iraila amaieran berriz ere infernuko ateak ireki dira Karabakh Garaian. Azerbaijango eta Artsakh Errepublikako indar armatuen (Armeniaren laguntzarekin) arteko talka bi bandoetako hildako kopurua puzten ari da egunetik egunera. Gatazkaren iturburua ez da atzo goizekoa eta... [+]


2020-10-15 | Euskal Irratiak
Aitor Txabarri kazetariaren kronika
"Jendea etxe azpitan bizitzen eta etxetatik ezin atera dago hemen, bonbardaketak dira egunero"

Duela bi aste berpiztu da gatazka, Armenia Azerbaijanen artean. Gerlaren erdigunean Karabakh Garaia, eta honen kontrola hartzeko helburua; bonbardaketen erdian direlarik herritarrak.


2016-04-14 | Ibai TrebiƱo
Karabaj Garaia: XXI. mendeko armeniar genozidioa

Sobietar Batasunaren desagerpenak ekarritako lehen gatazka nazionaltzat hartzen dena, konponbiderik gabe jarraitzen du 20 urteren bueltan. Karabaj Garaiko -armenieraz Artsaj- gatazkaz ari gara; Gehiengo armeniarra duen eskualdeak, Azerbaijango Errepublikatik independentzia... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2021eko azaroaren 28a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude