Iruñerriko gurasoek haurren eredu izan nahi dute

  • Iruñerrian 'Parkean euskaraz' egitasmoa abian da. Heldu eta haur euskaldunak astero biltzen dira auzoan edo herrian elkarrekin euskaraz hitz egiteko. Helburua haurrek haien artean euskaraz egitea da eta horretarako guraso, senide edo lagun helduak eredu izatea da oinarria.

Bestelako egitasmoak ugariagoak dira, alegia, haurrak aisialdian biltzen dira eta antolatutako programen bidez haien erabilera bultzatzeko ekimenak egiten dituzte. Iruñerrian abian jarri dutena beste modu batekoa da, Donostiako Parketarrak egitasmoari eta Lasarte-Oriako antzeko programa bati begira aritu dira. Haurrak ez dabiltza bere kabuz, haiek adina garrantzi dute helduek. Euskaldunak edo ia euskaldunak dira derrigor helduok, izan guraso, senide edo konfiantzako lagunen bat, eta haien artean euskaraz egiten dute, umeen eredu izan nahian. Horixe da Parkean euskaraz ekimenaren bereizgarria, helduek umeei euskaraz egiteaz gain, haurrek helduak entzuten dituzte elkarren artean euskaraz.

Beste helburu batzuk ere badituzte ekimenaren bultzatzaileek. Nahi dute haurrek euskara lotzea hezkuntza araututik kanpoko guneekin, aisialdiarekin lotzea, gozamenarekin. Beste helburu bat auzoan edo herrian bizilagun euskaldunen artean taldeak sortzea da. Eta badute azken xede bat ere: gurasoak ahalduntzea. Iñigo Otxoa ekimeneko kidea da eta berari galdetu diogu zer esan nahi duen ahalduntzeak: "Euskaraz bizitzearen aldeko ekimena dela uste dugu. Nahiko genuke taldea sortu ahala, konfiantza hartu ahala, beste gai batzuetan ere eragitea, merkataritza dela, auzoko kultur agenda dela, Korrika datorrela...".

Helduek euskaldun izan behar dute. Euskaraz hizketarako gaitasunik ez daukan batek baino gehiagok galdetu die haientzako egitasmoa den: "Euskararen gutxieneko jakintza behar da. Galdetzen diegu ea inguruan baduten heldu euskaldunen bat haurrarekin joateko, eta hala ez bada eta parte hartzeko grina adierazten jarraitzen badute, mahai gainean jarri izan dugu 'parkean euskaraz hasi' moduko bat egitea, familia erdaldunek enpatizatu dezaten eta lehen hitzak euskaraz ikasten has daitezen". Oraingoz guraso erdaldunek ez dute halako ekimenik abian jarri.

Pankartatik parkera

Ekimenaren abiapuntuan Haur Eskoletako Gurasoak taldea dago. Haien ibilbidean aldarrikapen nagusia izan da Iruñerrian haur eskola publikoen euskarazko eskaintza handitzea. Otxoak beraien jardunari begiratua eman dio eta gogoeta egin du: "Guk esaten dugu azken bi urteak nahiko pankarteroak izan direla, bilera politikoak egin ditugu, mobilizazioak, haur eskolak euskaraz izan daitezen eskatu dugu... Hausnartu dugu ea denak izan behar duen pankarteroa ala guk sor genezakeen zerbait eraikitzailea". Eskolaz gaindiko dimentsioari ere garrantzia ematea erabaki zuten, hezkuntza arautuaz gain, hizkuntzaren transmisioan aisialdiak eta etxeko giroak ere berebiziko garrantzia dutela sinetsita. Bide berriak urratzea erabaki zuten eta maiatza-ekainean proba pilotua egin zuten. Emaitzek animatuta ikasturte osorako plana diseinatu zuten.

Hamar saio otsailera bitarte

Oraingoz otsailera arteko plana egin dute. 2-3 urteko haurrak bilduko dira batetik eta 4-6 urte artekoak bestetik. Astean behin elkartuko dira. Antsoain herrian eta Iruñeko Txantrea, Arrotxapea eta Alde Zaharra auzoetan osatu dituzte taldeak. Egitasmoaren laguntzaile da Sortzen Elkartea eta kudeaketa Dindaia Fundazioak egingo du, hala nola, izen-emateak, kuotak jasotzea, dinamizatzaileak eskura jartzea eta materiala. Hamar saio egingo dituzte, bost gurasoek antolatutakoak eta beste bost Dindaia Fundazioaren bitartez dinamizatzaileek gidatutakoak. Udaberrian egindako proba pilotuan konturatu ziren, azken finean, ekimenean izena ematen dutenak gurasoak direla eta haiek ere parte hartzen dutenez, ekintzetan nolabaiteko amuak jarri behar zaizkiela. Beraz, otsailera bitarteko saioetan gurasoentzat ere gustagarri diren ekintzak diseinatzen ahalegin berezia egingo dute. Arrakasta dute adibidez txangoek, tailerrek edo esku-lanek. Otsailetik ikasturte bukaera artekoa eskaintzeko kanpaina berria egingo dute eta ikuspegi horri helduko diote, alegia, gurasoek antolatutako jarduerak indartzen saiatuko dira.


ASTEKARIA
2021eko urriaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Iruñean
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


2022-05-09 | Leire Artola Arin
Salatu dute Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaria udalak dioena baino %15 handiagoa dela

Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria... [+]


2022-03-25 | ARGIA
Iruñeko Korrika Txikia espaloietatik egin beharko dute, Udalaren aginduz

Hiriko errepideak “oztopatuko” lituzkeela argudiatuz Korrika iragartzen duen haurren Korrika txikiari trabak jarri dizkio Iruñeko Udalak, haurrei, musikariei eta erraldoiei errepidetik ibiltzea ukatuz.


2022-03-01 | ARGIA
Iruñeko Euskalgintza
"Euskarazko haur-eskolak auzo guztietara ez zabaltzea, aukera berdintasuna ez bermatzea da"

Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori... [+]


Eguneraketa berriak daude