"38 urte, ama, lehiakide gazte asko etxean utzita... oso harro joan nintzen Tokiora"

  • Miguel Indurain esaten dute, baina haren pareko da Maialen Chourraut, joko olinpikoetan urrezko domina bakarka lortu duen besterik ez baita gurean. Rio de Janeiron jantzi zuen urrea. Brontzea, Londresen. Tokion, zilarra, joan den udan bertan. Eta hor dira, berriz, Europako eta Munduko txapelketetan eginak dituen balentrien zerrenda, behiaren karena baino luzeagoa. Urregorrizko Maialen.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Maialen Chourraut Jurramendi. Lasarte-oria, 1983

Atletico San Sebastian taldeko piraguista, ur bizietako kayak (K1) du modalitatea. Olinpiar Jokoetan urrea bakarka irabazia duen Euskal Herriko lehen emakumea. Rion (2016) egin zuen balentria. Hala ere, zilarrezko eta brontzezko domina bana ere jasoak ditu, Tokion (2020) eta Londresen (2012), eta hainbat koloretako domina, berriz, Europako Txapelketa eta Munduko Kopetan. Inoiz ez zuen usteko hainbeste urte egingo zituela goi mailako lehian. Enpresaritza diplomatua da, eta hitz egiten hasten den orduko ohartzen gara haren euskaltzaletasunaz. Maialen Chourrauten izena darama jaioterriko Lasarte-Oriako kiroldegiak.

Olinpiar Jokoak burutu, eta urtea zuretzat kito zela uste genuen. Ez gara oso adituak…
Oraintxe [irailak 15] da Munduko Kopa, Bratislavan, baina aurten nik ez dut jokatuko. Abuztua lasai eman nahi nuen. Bratislavako kanala, berriz, modifikatu egin dute aurten, eta han gutxieneko baldintzan lehiatu ahal izatekotan, bertan beharko nukeen abuztuan hamabost egunez entrenatzen. Tokiotik itzuli eta astebetera Espainiako txapelketa jokatu zen, gero Bratislavara joan beharko nukeen; ondoren, Munduko Kopa… Tokiotik etorrita ere, bi hilabete denak emanda ibiliko nintzatekeen, eta zazpi egun ere ez nituzkeen izango etxean egoteko.

Gelditzea hobetsi zenuen…
Osasuna zaindu beharra dago, urte asko daramatzat piraguan, eta, bestalde, ziklo olinpikoa oso luzea izan da. Aukeran, aurten, abuztuan oporrak hartzea erabaki nuen, eta alabarekin ikasturtea lasai hastea. Behingoagatik! Izan ere, urtero, gure denboraldi hasiera-amaierak, ikasturtearen amaiera-hasierekin batera datoz, eta ezin izaten dut gozatu alabaz eta etxekoez. Kontziliazioa beti da zaila, etxe guztietan. Aurten, hala ere, ikasturtea alabarekin batera lasai hastea erabaki dut. Eta halaxe.

Ziklo olinpiko luzea diozu. Azkenekoak, bost urte. Baina ez zara bart arratsean ur bizietan hasia, ezta ziklo olinpikoak betetzen ere. Hantxe zinen 2008ko Jokoetan Beijinen…

Urte asko dira eta, gainera, ez naiz inoiz zeharo gelditu. Hiru aste, doi, haurra izan nuenean. Lesiorik izan dudanean, berdin, gelditu behar izan dut aldi batean edo bestean. Ebakuntza bakoitzak errehabilitazioa dakar. Ez dakit iaz ez ote nintzen pare bat astez-edo gelditu… Baina aurten, bai, gelditu beharra neukan, gogoeta egin, etorkizunari buruz pentsatu, sokari gogor eutsi edo ez… Erabakiak hartzeko garaia dudala, alegia. Gelditu beharra. Bestalde, Tokioko Joko-ondokoa oso gogorra izan da, osasunari ere antzeman diot.

Argazkia: Zaldi Ero
"Urteak daramatzat horixe pentsatzen, “zer egingo dut piraguismoa utzitakoan?”, baina erantzunik ez daukat. 2020ko Jokoen ondoren zer egin ere ez nekien, jarraitu, ez jarraitu"

Dominak zama handia duela diote.
Bai. Urrezkoa izan, zilarrezkoa izan, nahiz brontzezkoa, obligazio handiak daude, konpromisoak batarekin eta bestearekin, baina gure obligaziorik lehena, entrenatzea da, hurrengo helburua ahalik eta ondoen prestatzea. Eta hainbeste obligaziok ez dizute uzten behar bezala entrenatzen. Batzuk oso gustura dabiltza domina irabazi ondoko konpromiso horietan. Niri, berriz, ez zait askorik gustatzen, nahiago dut 3 urteko alabaren ondoan egon. Zeren, Ane [alaba] izan nuenean, ez nintzen hiru aste haiek baizik gelditu, denak emanda jarraitu nuen, urrezko domina irabazteko ametsaren atzetik, entrenamenduak eskatzen duen exijentziarekin eta alaba izateak dakarren guztiarekin. Hobetu beharra izaten dut beti, eta horretan ari nintzen, baina, orduan, bertigoa izaten hasi nintzen. Urte osoa bertigoarekin. Hurrengo urtean, saihetsa hautsi nuen. Gauza bata bestearen atzetik.

Guk, aldiz, ez dugu horrelakorik ikusten…
Lau urtean behin besterik ez duzue-eta piraguismoa ikusten! Kar, kar… Ez da hori bakarrik. Niri lasai entrenatzea gustatzen zait, fokuetatik kanpo. Kirol minoritarioak horixe du ona. Eta, gainera, bestela ezin da, gogor entrenatu behar da, ondo entrenatu, kontzentratuta. Lehen, Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak) bizi ginenean, Bartzelonara joan behar nuen bakoitzean bi ordu eta erdiko bidea nuen autoz; Lleidaraino, berriz, ordu eta hiru laurden, han trena edo hegazkina hartzeko. Oso lanegun gogorrak ziren, eta, biharamunean, berriz entrenatu beharra zegoen, pauso bat aurrera eta hiru atzera eginez. Horregatik, aurten banekien gelditu beharra neukala,  nire osasunaren alde.

Higatze handia da.
Bai, eta urteak aurrera doaz, entrenamenduak egin bai, baina ez naiz lehen bezain erraz errekuperatzen. Kontuan hartu behar dut. Bestalde, bertigo episodio hura errepikatzerik ez dut nahi, gorriak ikusi nituen. Eta frenoa ere horretarakoxe dago, ezta?, behar dugunean galgatzeko, eta etorkizunaz gogoeta egiteko, adibidez.

Behin betiko uzteak ere bertigoa emango du, bada, ezta?
Bai! Kar, kar… Urteak daramatzat horixe pentsatzen, “zer egingo dut piraguismoa utzitakoan?”, baina erantzunik ez daukat. 2020ko Jokoen ondoren zer egin ere ez nekien, jarraitu, ez jarraitu. Jokoak baino lehen, dezente entrenatu nuen beste zenbait neskarekin, eta haiekin entrenatzean konturatu nintzen artean ere piraguismoari eman egiten niola, bai entrenatzean eta bai lehiatzean ere, eta neska haiek ere gogotsu joaten zirela nirekin batera entrenatzera, asko ikasten zutela, eskerrak ematen zizkidatela. “Eskerrak zuek niri? Ni neure interesagatik ere ari naiz eta, gainera, zuek ere gauza asko ematen dizkidazue”. Baina hori 2019an izan zen, Jokoen aurretik.

Baina Olinpiar Jokoetan urtebete atzeratu ziren. Aurten jokatu dira.
Bai, eta Jokoen aurretik ere, kezka bera, gero zer egingo ote nuen, jarraitu, ez jarraitu. Gaur bertan irten dira Bratislavako Mundialera nire entrenatzaile eta senar Xabier Etxaniz, eta ekipokoak, [Pau Etxaniz] semea, Miren Lazkano, Olatz Arregi… eta inbidia eman didate! Pozik nago inbidia sentitu dudalako. Horrek esan nahi du oraindik hor dela Maialen, gehiago emateko daukadala. Uste nuen, Jokoak eta gero, bi hilabeteko gogoetaldia beharko nuela, baina uste dut egina dudala gogoeta hori. Eta, hala ere, denbora behar dut gustuko gauzak egiteko, entrenamendu eta lehia dinamikatik ateratzeko, baina barrua bizirik daukat oraindik.

Dominak neke eta min guztiak berdintzen ditu?
Berdindu… Piragua gainean ibili eta gozatzeak berdintzen ditu denak! Domina, lanaren saria da. Entrenatzean, hainbat momentu ez dira errazak ez atseginak, eta dominak, berriz, momentu ez atsegin horiek saritzen ditu. Bestelakoan, piraguan ibiltzen gozatzen dut, horixe izan dut pasioa betidanik. Urteak igaro ahala, lehen hobby hutsa zena lan kutsua hartzen hasi da, eta horrexek ematen dit pena, orain hobby eta lanaren artean baitago piragua. Entrenamendu asko lana zaizkit, ez naute lehen bezainbat asetzen, baina nahitaezkoak dira lehiaketara joan eta lan ona egin nahi izatekotan. Entrenatzeak hobekuntza du helburu, halako lehia-egun jakinean azkar eta ondo ibiltzea.

Goiko mailan ari zareten guztiek ere horixe pentsatzen duzue, baina bakan dira dominadunak. Xehetasunek erabakitzen dute lehia.
Bai, are gehiago gure kasuan. Ur bizietan ibili behar izaten dugu, ur hori sekula ere ez da ziklikoa, ez da errepikakorra, fluktuazio ikaragarria dauka, jartzen dizkiguten zirkuitu eta maniobrak guztiz exijenteak dira eta, gainera, lehia-egunera arte ez dugu aginduko diguten maniobraren berririk. Azterketa bat bezala da, ez dakigu zein galdera egingo diguten. Akats gutxiena egiten duenak irabazten du lehia. Beti da akatsen bat, txikiena bada ere. Badira sekulako maila duten piraguistak, ia beti goian daudenak, baina munduan hiru dira horiek. Hiru, mundu osoan. Horiekin batera, badira beste zortzi, goian egon nahi dutenak, batzuetan goraxeago daudenak, beste batzuetan beheraxeago, baina zortzi onenen artean beti.

Argazkia: Zaldi Ero
"Irabazi? Ia inoiz ez da irabazten, hortik hasi beharra dago! Gehiagotan hartzen da zartakoa, saria jaso baino. Hargatik ematen digu sariak eromen zera hori”

Onen-onenen artean zaitugu zu.
Momentu honetan bai. Borroka horretan nago, eta borroka horretan egoteak harro sentiarazten nau, borroka horretan egoteak eta, are, bertan jarraitzeak. Goian egotea ez da batere erraza. Gauza ondo ateratzen denean oso erraza ematen du, baina ondo ateratzen ez denean konturatzen zara zein zail den hor egoteak eta bertan irauteak.

Domina zerrenda handia duzu Olinpiar Jokoetan eta bateko Europako eta besteko Munduko Txapelketetan. Zer gertatzen da irabazten ez denean?
Irabazi? Ia inoiz ez da irabazten, hortik hasi beharra dago! Gehiagotan hartzen da zartakoa, saria jaso baino. Hargatik ematen digu sariak eromen zera hori. Gauzak ondo ateratzen ez direnean, niri, behintzat, burua denak emanda hasten zait, egin dudana berrikusten, zer gertatu den, zergatik, pentsatzen, arrazoiak bilatzen. Gogoeta horrek lana zein norabidetan egin behar duzun erakusten du, edo arrastoak ematen dizkizu, oso arrasto baliagarriak etorkizunerako. Lehiaketa txarrek gauza on asko ematen dituzte.

Lehiaketa txarrak… Beijineko Jokoetan ia lehiatik kanpo gelditu zinen.
Eta horrek sua piztu zidan barruan. Ez ninduen bakean utzi. Egun haren hurrengoan, gogor itzuli nintzen entrenamendura, aurreko eguneko lan txarra motibazio estra bat gertatu zitzaidan, hobeto egiteko eta, adibidez, ondoko urtean etxean genuen Munduko Txapelketa, eta banekien neu izango nintzela kanal hartan ordu gehien entrenatuko zuena, alde handiarekin gainera! Modu obsesiboan prestatzen ditut hitzordu garrantzizkoenak, eta halaxe prestatu nuen hura, banekien mundial hura niretzat izango zela, eta lehen ez, baina bigarren egin nuen: sailkapen froga irabazi nuen, finalerdia irabazi nuen, baina finala jokatu eta bigarren! Sekulako emaitza niretzat. Hortxe hasi nintzen podioak zapaltzen. Londresera iritsi nintzenean, munduko rankingean bigarren nintzen, banekien Jokoak irabaztera joan behar nuela. Irabazteko aukera duzula jakitea oso polita da, ilusioa ematen dizu.

Irabazteko aukera zenuela joan zinen Tokiora...
Baina banekien ez nintzela zirkuituko azkarrena. Ziklo olinpikoan zehar Jessica Fox eta Ricarda Funk izan dira azkarrenak, baina horrek ez zuen esan nahi Olinpiar Jokoetako finalaren egunean ere azkarrenak izango zirela. Horixe zen gure estrategia, Xabirena eta biona. Nik neure saiorik onena egitea zen helburua, nire jaitsieran ardaztea, Jessica eta Ricarda alde batera utzita, urte askoan nire obsesioak izan direlako, biak ere oso-oso azkarrak direlako, eta haiek bezain azkar ibiltzea gustatuko litzaidakeelako. Baina ez nuen lortzen. Hala ere, finaletara iristea lortu nuen, eta nazioartean finaletara iristea ez da batere erraza; are gutxiago, Jokoetan. Finalean, berriz, nire lana ondo bete nuen eta, azkenean, zilarrezko domina hartu eta etxera!

Erraz esan duzu, “domina hartu eta etxera”. Minutu eta erdi tentsioz betetakoa da zuen jatsiera.
Intentsitate handikoa da, bai. Ez dakit 24, 25 ate zeuden. Lehenengo ateak ez zuen aparteko zailtasunik, ezta azkenak ere, baina gainerako guztiak ikaragarri zailak ziren, piragua zuzen eduki behar zen denbora guztian, zuzen egin behar zen bultza, gorputzak oso egonkor egon behar zuen… ez zen batere zirkuitu erraza. Bestalde, egun hartan bazitekeela tifoia izatea esan zuten. Zenbait kiroletan bertan behera utzi zuten lehia, baina gurean ez. Goizean, pentsatu nuena: “Nahiago nuke tifoia izango balitz, haizeak gogor joko balu, zailtasunak areagotuko balira. Horrek Jessica [Fox] eta  Ricardarekin [Funk] berdintzera eramango gintuzke”. Baina tifoirik ez zen izan, goizean euria egin zuen, askorik ez, baina tenperatura freskatzeko balio izan zuen, behintzat. Eguerdian bero egin zuen, baina, tira, gauza ondo atera zen.

Ikuslerik gabe jardun duzue, pandemia tarteko.
Bagenekien ez zela ikuslerik izango, baina, behintzat, Jokoak egin dira. Egoera ez da erosoa izan inorentzat. Gutxiena, gaixorik egon direnentzat. Japoniarentzat ere ez da erraza izan. Ikuslerik ez da izan, baina nik besterik pentsatu dut: “A ze poza, Jokoetan gaude, azkenean!”. Ez nuen energiarik gastatu ikusleak izango ziren, ez ziren izango, pentsatzen. Asko gozatu dut. Behingoagatik, lasai iritsi nintzen, bertan egoteaz harro, horraino egindako bideaz harro, eta hori sentipen berria zen nire kasuan. Rion urrezko domina irabazi nuen, eta oso pozik nengoen, baina hurrengo egunean iragana zen hura. Besterik nuen buruan.

Iragana orainaldi egin duzu Tokion.
Ni batez ere pozik nengoen, eta harro, egindako bideaz: dominen borrokan egotea ez da erraza, eta beti borroka horretan egotea, oraindik zailago. Finaletan egotea ere asko da. Harro nengoen, 38 urte, ama, lehiakide gazte asko etxean utzita… oso harro joan nintzen Tokiora, Jokoak inoiz baino gehiago gozatu ditut, ez nekien beste Jokorik biziko nuen, haietarako bidea ez baita erraza. Niretzat oso bereziak izan dira Tokioko Jokoak...

                                                                                 *     *     *

Helburua I
“2009tik 2016ra bitartean, sailkatze proba ia guztiak irabazi nituen, Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoetakoak. Hori ikaragarria da. Hargatik, 2016ko jokoetan, oso argi genekien garrantzitsua ez zela sailkatze frogak irabaztea, finala irabaztea baizik. Finalera iristea zen helburua, sailkatze froga gainditzea. Eta horrelaxe atera zen gauza. Sailkatzea ozta-ozta gainditu nuen, baina gainditu! Xabi [entrenatzailea] nerbioak jota zegoen...”.

Helburua II
“...Nik lasai egoteko esaten nion, sailkatzea zela helburua, ez emaitza onik egitea. Finalerdia ondo egin nuen, eta finala, berriz, izugarrizkoa. Hala ere, finalean, jaitsiera egiten ari nintzela, urrea alde egiten ari zitzaidala pentsatu nuen momentu batean. Baina behera iritsi eta sekulako denbora egin nuela ikusi nuen. Ez zen munduko jaitsierarik onena, baina neuk egin nuen akatsik gutxiena. Parte hartzaileak hor ziren, artean, baina nik banekien urrea irabazi nuela”.

Helburua III
“Beijin, Londres, Rio eta Tokioko joko olinpikoetan parte hartu dut, bai. Oso leiha emozionalak dira jokoak, emozioak indar handia du, eta irteeran egotea ez da batere erraza, presio handia jasotzen dugu batetik eta bestetik, eta horrek ikaragarri zailtzen du gure onena ehuneko ehun ematea. Eta, betikoa: akats gutxiena egiten duenak irabazten du. Hortxe dago gakoa, akats gutxiena egiten”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-31 | Xabier Rodríguez
Paris 2024
Eredu olinpiko ezagun baten sintomak

Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean  ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Eguneraketa berriak daude