Denona baina ez denontzat

  • European University of Gasteiz, Euneiz, unibertsitate pribatua badator, edo ez. Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak, Gasteizko Udalak, Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osatu duten aliantza indartsua dirudi –eta hala ageri da hedabide nagusietan–, baina proiektuak baditu ahuldadeak eta itzalak.

Argazkia: Dospordos

Institutuko azken ikasturtea da Krisentzat, astelehena. Nagiak atera eta begiak erdi itxita dauzkala, gau-mahaitik mugikorra arrantzatu du eskuaz haztamuka, betaurrekoak lurrera nola jausi diren entzun du, eta begiak kolpetik zabaldu zaizkio onik dauden begiratzeko. Uf, eskerrak!

Saskibaloi-taldekidea duen Lurren mezua ireki du lehenik, irailaren hasierako albiste bat da El Correo-n: “Eusko Legebiltzarrak Euneiz unibertsitatearen legea zuzenduko du, eskaera berrietara egokitzeko”. Itxuraz, 2022-2023an hasi nahi dute ibilbide akademikoa, gaur-gaurkoz egoitza fisikorik ez duten arren. Gaur-gaurkoz ez, baina albisteko argazkian Vital Kutxaren egoitza ageri da –Bakh (Baskoniaren Kirol Hiria) eta Fernando Buesa pabiloiaren ondoan dagoen eraikin ederra–, Euneizen fakultatea bertan izango dela iragarriz. Lurren azpiko mezuan: “Bideo jokoak, kirola, musika, osasuna, ekoizpen digitalak, ingeniaritza, jolastuz ikasi, ikasiz jolastu ;-)”. GIF bat ondoren, Stephen Curry hirukoa saskiratzen.

Ohean jarrera egokitu du Krisek horma alderantz, nola izan lezake hainbeste energia Lurrek astelehen goiz batean? Jarraian, “Euneiz” galdetu dio Google orakuluari.

 

2017an, Alavesek Youtubera igo zuen zazpi minutuko bideoa ikusi du, latza da egia esateko: ideia, lekua, ingurunea, hizketan ageri diren adituak, politikariak, innovación, futuro, trabajo...   Hurrengo ikasturtean matrikulatzeko gogoa eman dio. Baina zalantzak ere baditu, gogoratu du Bakh-en bertan abiatu eta ezerezean geratu zen Montessori School eskola, 2019an itxi zituela ateak: lizentziarik ez, gehiegizko klausulak kobratzeagatik auzi bat galduta, zuzendaria auzipetua…

Badirudi, oraingoan oztopo nagusia uztailean unibertsitateetan kalitatea bermatu aldera onartu zen espainiar errege dekretu bat dela. Dekretu horrek tramitazio betean harrapatu duenez, Euneizek bost urte izango omen ditu egokitu ahal izateko. Eusko Legebiltzarra bidelagun izango du EAJ, PSE eta PPren babesarekin. Izango al da Urkullu eta Sánchezen arteko negoziazioetarako beste gai bat? Zaila da aukeratzen: AHT, espetxeak, frackinga, eta orain, Euneiz ere bai.

EH Bilduk eta Podemosek legebiltzarrean salatu dute unibertsitate pribatu horren finantzazio publikoa. Izan ere, proiektuaren bultzatzaileek eman duten informazioaren arabera, Baskonia-Alaves taldeak 64 milioi euroko inbertsioa izango duen enpresa zentroa eraiki nahi du Bakh-en ondoan: nazioarteko ikastetxe bat, garapenerako eta teknifikaziorako zentro bat, 350 ikasle eta kirolarirentzako egoitza bat, ekintzailetzarako eta enpresa garapenari laguntzeko zentro bat eta kirol ikerketa eta medikuntzarako beste zentro bat. Hau gutxi balitz, Salburuako parkea eta hezegunea, Baskoniaren kantxa eta Bakh bera ere campusean bertan egongo lirateke: igerileku ederra, izotz pista, kirol-kantxak, gimnasioak… Lur eta Kris bezalako gazte kirolzaleentzat nekez imajina liteke leku erakargarriagorik, zinez. Ez dira haientzat motibo ederrenak, baina tira: bultzatzaileek iragarri dute 750 lanposturen sorrera, Arabako Barne Produktuari egingo dioten ekarpena, Araba eta Euskadiri horrelako proiektu berritzaile batek ekarriko dizkion erreferentzialtasuna, gazte talentudunenak erakartzeko ahalmena, ekonomia berpizteko gaitasuna, berdea, eko, bio…

2017an "Arabako enbaxadore" izendatu zuen Komertzio Ganberak. Argazkia: Baskonia

Josean Kerejeta

Gasteizen Josean Kerejeta aipatzea kristaua izan eta Jainkoari buruz aritzea bezalako zerbait da: Elizak izan baditu argi-ilunak, baina bekatua da Jainkoaren izena ahotan alferrik hartzea. Bekatua, beraz, Euneizen argi-ilunei buruz jardutea.
Baskoniak Mendizorrotzako pabilioian jokatzen zuen, bere moduko beste edozein probintzietako taldeek bezala eta hiru langile zituen klubak. Orduan pentsaezina zen egun 15.500 lagun sartzen diren Buesa Arenan jokatzea, pentsaezina Baskoniak ligak eta kopak irabaziko zituen taldea bilakatu zitekeenik, Europan bazkide eta ikusle gehien dituen taldeetakoa izatea eta Euroligako bazkide iraunkor bilakatzea. Non eta Gasteiz bezalako ‘hiritxo’ batean. Hain zuzen ere, Gasteiz marka txikia urte luzez ez zitzaion lagungarri egin Final Four hura ekartzeko (Euroligak bilatzen zituen Istanbul, Paris, Berlin, Madril edo Bartzelona marka handiak). Azkenean, ekarri ekarri zuen, finala bai, baina turistak ez ziren Gasteiz txikian gelditu.

2010ean, Florentino Pérez bera saiatu zen Kerejeta fitxatzen Real Madrileko saskibaloi atalari astindu bat emateko. Hirutan esan omen zion ezetz, eta, gainera, 2016an berak egin zuen saskibaloitik futbolera jauzi, notaritzan 2,4 miloi euro jarri, eta desagertzeko arriskuan zegoen Alaves salbatu zuen, probintziako bi talde nagusiak batuz eta haien jabe eginez. Hiru langile zituen Baskonia hura, gaur egun, mila bat dituen Alaves-Baskonia taldea da.

Pub bat, Gretel litxarreria dendak, bideo-jokoen merkatua, politikariekin ondo moldatu inorekin ezkondu gabe, batzuetan arabartasunaren bandera hartuta… Alegia, alferrik ez hartu Kerejetaren izena ahotan. Ikusiko dugu, hala ere, zertan geratzen den Euneiz.

 

Denen bultzada publikoa
Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu eta babestu dute proiektua Europako Funts publikoen laguntza jaso dezan. Berriki, Donostian eginiko elkarretaratze batean, LAB, Steilas, CCOO, ELA, LKN, Ernai eta Ikasleen Kontseiluaren ordezkariek salatu dute funts horien bidez Euneizek 12,5 miloi euroko diru-laguntza zuzena jasoko lukeela. Horrez gain, ekainaren hasieran, Ana Oregi Lurralde zinegotziak jakinarazi du Gasteizko Udalak 480.000 euroz lagunduko duela egitasmoa. Foru Aldundiko diputatu nagusi Ramiro Gonzálezen hitzetan, “sinetsita gaude Euneizek lurraldeari egingo dion ekarpenaz. Egitasmo positiboa da. Ez da baztertzailea”. Esperokoa da, ondorioz, denontzat ei den unibertsitate hau Aldundiak ere zuzenean diruz lagunduko duela. Edo dugula.

Bien bitartean, EHUko Zuzendaritza prest ageri da 2020ko aurrekontuan izandako hiru milioiko defizita 2021ekoan ‘orekatzeko’. Nola? Bada, gastuak txikituz eta murrizketak eginez. Baina aurrerago helduko diogu EHUren egoerari.

Euneizen fakultatea Vital Kutxaren egoitza ohian ezarri nahi dute, Bakh (Baskoniaren Kirol Hiria) eta Fernando Buesa pabiloia dauden eremuan. Argazkia: Dospordos

ENTI eta EUSES
Euneizen agerpenak jarraitu dituena ohartuko da Ramiro González diputatu nagusia, Saski Baskoniaren lehendakari Josean Kerejeta, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Iñigo Urkulluz gain, beste gizaseme eta sigla batzuk ere ageri direla: ENTI (Escola de Noves Tecnologies Interactives) eta EUSES (Escola Universitària de la Salut i l’Esport) katalanak.

Izatez ez dira unibertsitateak, unibertsitatera atxikitutako eskolak baizik, graduak eta masterrak eskaintzen dituztenak. EUSES lotuta dago Gironako unibertsitatearekin eta Bartzelonako ENTIrekin. Euneizen eredu diren eskola horiek unibertsitateak ez izateak ere zer pentsatua ematen du. Horrez gain, Euneiz ez da poltsiko guztien eskura izango; Daniel Sintas izeneko ENTIko ikasle ohi batek El País egunkarian (2018/VI/27) esana: “Karrera garestia da, 8.500 euro urtean. Ordaindutako praktikak bilatu behar izan nituen”. EUSESen kasuan, kirola eta teknologia berriekin lotutako 60 kredituko graduak 6.000 eta 8.000 euro artekoak dira. Hain zuzen ere antzekoa da 2.000 ikaslez osatu nahi duten Euneizen bultzatzaileek aurreikusitako urteko kuota, 8.000 euro.

Ez da diru gutxi Krisen familiarentzat. Beharbada, berak ere lan bat lortuko balu? Agian ikasturte honetan bertan saiatu beharko luke zeozertan, ez luke nahiko gurasoak kreditu bat eskatzeko atakan jartzerik. Dena den, eta espainiar dekretu horrek unibertsitatea izatea eragotziko balu? EHUrekin lotuko litzateke Euneiz? Ez dirudi EHUko irakasle eta ikasleen ordezkariak oso pozik daudenik aukera horrekin.

Euneizen aurka sindikatuen gehiengoak egindako mobilizazioa. Argazkia: Dospordos

Eta EHU?
EAEko unibertsitate publikoko irakasle, langile eta ikasle gehienak ez daude Euneiz diru publikoz bultzatzearen alde, areago, uste dute EHU kaltetzen duela. Steilas-ek emandako datuen arabera, 1997tik hona unibertsitate-ikasleen kopurua ez da aldatu, hala ere, unibertsitate pribatuak gero eta gehiago dira. EHUko unibertsitate-komunitatearen gehiengoarentzat, Eusko Jaurlaritzatik hezkuntza-negozio eredua ari da lehenesten, enpresa munduarekin lotuz, edo haren mendean jarriz; gainera, unibertsitate pribatu haien matrikula eta abarren kostuagatik, herritarrak jatorri sozio-ekonomikoaren arabera segregatzen dira. Ikasle, irakasle eta langile haien arabera, Euskal Unibertsitate Sisteman dagoeneko dauden titulazioak bikoiztuko ditu Euneizek (Fisioterapiako Gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Masterra eta Eduki Digitalen Ekoizpen eta Ekintzailetzako Gradua), lehen aipatutako Jaurlaritzaren legeak eskaintzaren garapena modu harmonizatuan egin behar dela dioen arren. Zentzu horretan, Euneiz EHUrekin lehian sartuko da, ikasleak lortzeko zein administrazioetatik datozen baliabideak eskuratzeko.

Diru publikoaren pribatizazioak galdera gehiago ere badakar: nolakoak izango diren langileen lan-baldintzak, sektore pribatuan ohikoak diren ordukako lanak eta behin-behinekotasuna, euskarak Euneizen izango duen pisua –EHUn bertan ere gaur gaurkoz graduak eta, are gutxiago, masterrak euskaraz osorik ikastea bermatuta ez dagoenean–, eta abar.

LABek EHUko lan-egoeraren gainean eginiko salaketaren arabera, irakasle asko lanaldi partzialeko kontratuekin ari dira lanean, kanpoan beste lan bat izan gabe, hileko 400-700 euroko soldatekin bizitzen. Gainera, irakasle horiek ordaindutakoa baino lan zama handiagoa izaten dute. Irakaskuntza eta tutoretza baino ez zaizkie ordaintzen, nahiz eta kasu gehienetan beste ezinbesteko jardunak ere burutu. Ikertzaileen egoera ere kaskarra da: doktoretza aurreko ikertzaile askoren kasuan, EHUk zor dizkien atzerapenak oraindik ez zaizkie ordaindu, Ikertzaileen estatutu berriak ezarritako baldintza berriak direla eta. Ikerketa egiten hasten direnentzat lan baldintzak nahiko prekarioak dira eta langileen arteko diskriminazioa nabaria da: iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei, esaterako, ukatu egiten zaie ikerketa seiurtekoak eskatzea, osagarri hauek jasotzeko meritu nahikoa izan arren, beren lankide iraunkorrek, ordea, haiekin batera eginiko ikerketa-jardunen lanak aurkezten dituzte ebaluatua izateko, baina aldi baterakoei ukatzen zaie aukera hori.

Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren kasuan, 100 bat langile daude, urte luzez lanean aritu arren, lanpostuak finko egin gabe. Unibertsitateko komunitatearen gehiengoarentzat EHUko zuzendaritzak ez du Eusko Jaurlaritza presionatzen beharrezko finantzazioa lortzeko. Horregatik ere, Euneiz era horretan babestu eta diru publikoz finantzatzea ez zaie justua iruditzen.
Ohartu gabe berandutu zaio Krisi. Kaka zaharra. Astelehen goiza eta dutxa hartu gabe joango da institutura. Pentsatzen geratu da. Euneiz ez ote da beste Montessory School zaputz bat izango? Ez ote da enegarren arabar kamusada izango? Adibidez, Iradier Arena erabilera anitzez mozorrotutako zezen plaza kabriolet gehiegi erabili gabea; Final Four-a: Gasteiz saskibaloi zaletuz bete behar zuen asteburu hura, karpak, musika, iragarkiak han eta hemen, ikusmina…eta  gasteiztarrak Bienvenido, Mister Marshall filmeko estrak bilakaturik, ustekabean; edo Guiness liburuan sartzekoa zen munduko patata-tortillarik handiena Senén sukaldariari lurrera jausi zitzaionekoa –metafora hoberik al da?–.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euneiz
Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


2022-10-18 | ARGIA
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan

Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik... [+]


2022-07-20 | ARGIA
Euneiz unibertsitate pribatuari martxan jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.


2021-11-12 | Hala Bedi
Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Legebiltzarrean eta protesta egin dute sindikatuek eta ikasle antolakundeek

EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek egin dute legearen alde eta, besteak beste, egitasmo pribatua diru publikoz finantzatzea ahalbidetzen du.


Eguneraketa berriak daude