Innovaraba proiektuaren aurkezpenak aurrez aurre jarri ditu erakundeak eta sindikatuak

  • Innovaraba jaio da, Baskonia-Alaves taldeak Euneiz unibertsitatearen inguruan bultzatutako proiektu integral handia. Europa Jauregian aurkeztu dute euskal erakundeen babesarekin, eta bitartean, gehiengo sindikalak protesta egin du kanpoaldean.

Goian, Josean Kerejeta eta erakundeetako ordezkariak; behean, sindikatuen protesta (Argazkia: Alea)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko ekainaren 23an - 07:20
Azken eguneraketa: 09:25

Azken hilabeteetako ikusminaren ostean, iritsi da Euneiz unibertsitate pribatuaren inguruko proiektuaren aurkezpena. Innovaraba errealitate bat da dagoeneko, eta asmo handiko unibertsitate proiektu bat baino askoz gehiago izango da, Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak ezagutzera eman dituen xehetasunen arabera. Euskal erakundeek aho batez babestutako proiektuak osasunaren, kirolaren, prestakuntzaren, ekintzailetzaren eta teknologia berrien arloan nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua izango du.

Salburuko 15. sektorearen inguruan kokatutako Innovaraba proiektuak zortzi ardatz izango ditu: Euneiz Unibertsitateaz gain, enpresa sortu berrientzako Hegan startup azeleragailua, nazioarteko futbol akademia, nazioarteko ikastetxea, gazte kirolarientzako garapen eta teknifikazio zentroa, ikasle eta kirolarientzako egoitza (300-350 gazterentzako lekuarekin), eta, azkenik, ikerketa eta kirol medikuntza zentro bat. Azpiegitura horiei Bakh kirol eta aisialdi zentroa handitzeko proiektua gehitu behar zaie.

Proiektuaren bultzatzaileen esanetan, "eragin positiboa izango du euskal ekonomian, eragin sozioekonomiko nabarmena izango du lurraldean eta zuzeneko zein zeharkako 750 lanpostu inguru sortuko ditu".

Gutxienez 64 milioi euroko inbertsio pribatua aurreikusi dute, eta, horrez gain, tokiko erakundeen lankidetza publikoa ere izango du. Hala ere, Baskonia-Alaves taldearen arabera, finantzaketa publikoa "soilik eta esklusiboki" Hegan ekintzailetza zentroa sortzeko eta enpresa garapenari laguntzeko izango da.

Euneiz unibertsitatea

Innovaraba proiektuaren zutabe nagusia Euneiz (European University of Vitoria-Gasteiz) izango da, %100ean kapital pribatuarekin finantzatutako unibertsitatea. Aurreikuspenen arabera, 2022-23 ikasturtean hasiko da eta lau urteko bost unibertsitate gradu eskainiko ditu:

  • Eduki digital interaktiboak.
  • Bideojokoetarako eta joko aplikatuetarako arte sorkuntza.
  • Musika ekoizpena.
  • Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak.
  • Fisioterapia.

Halaber, hiru master ofizial eskainiko ditu, baita graduondoko ikastaroak, jardunaldiak eta jarduera osagarriak ere.

Hegan ekintzailetza zentroa

Unibertsitatearekin batera, Hegan izeneko enpresen azeleragailua ere sortuko dute, Gasteiz eta Araba ekintzailetzarako erreferentzia bihurtzeko asmoz. Arabako instituzioen ustez, "industria-sarea eraldatzeko tresna" izango da, "lurraldeak lehiakorra izaten jarrai dezan". Izan ere, inbertsio publiko osoa proiektu honetara bideratuko dute.

Hegan "irabazi asmorik gabeko proiektu" gisa aurkeztu du bere burua, eta Baskonia-Alaves taldeaz gain, erakundeek eta lurraldeko beste eragile eta enpresa batzuek osatutako fundazio batek kudeatuko du.

Sindikatuen kritikak

Europa Jauregiaren barruan Baskonia-Alaves taldeak eta erakundeek Innovaraba proiektua aurkezten zuten bitartean, LAB, STEILAS, ELA, CCOO, CGT eta ESK sindikatuek, Ernai eta EHUko Ikasle Kontseiluarekin batera, elkarretaratzea egin dute euren ustez "irabazio asmoko unibertsitate pribatu elitista" den proiektua arbuiatzeko.

"Kezka handia" agertu dute, "unibertsitate publikoari egindako diru ekarpenak nahikoak ez diren bitartean, unibertsitate pribatuei gero eta erraztasun gehiago" ematen zaielako, eta "gero eta diru publiko gehiago" bideratzen zaielako. Horrekin batera, hainbat kritika egin dizkiote proiektuari: besteak beste, euskal unibertsitate sisteman dauden titulazioak "bikoiztu" egingo dituela eta EHUrekin "lehian" sartuko dela, kontratatuko dituen langileen lan baldintzen berri ematen ez duela, eta euskarak bere hezkuntza planen barruan izango duen eragina argitzen ez duela.

"Euneiz bezalako proiektuekin politikari batzuk unibertsitate sistema publikoaren desegitea ahalbidetzen ari dira, herritarroi bizkarra emanez", gaineratu dute sindikatuek, ohar bateratu baten bitartez. "Hezkuntza unibertsitario publikoaren defentsan, Euneiz geldiarazi", aldarrikatu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euneiz
Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


2022-10-18 | ARGIA
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan

Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik... [+]


2022-07-20 | ARGIA
Euneiz unibertsitate pribatuari martxan jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.


2021-11-12 | Hala Bedi
Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Legebiltzarrean eta protesta egin dute sindikatuek eta ikasle antolakundeek

EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek egin dute legearen alde eta, besteak beste, egitasmo pribatua diru publikoz finantzatzea ahalbidetzen du.


Eguneraketa berriak daude