Baskonia eta Alavesen instalazioak handitu nahi ditu Kerejetak, Gasteizko kirol unibertsitatearen proiektu barruan

  • Euneiz unibertsitate pribatuak ez lituzke soilik gradu ikasketak eta ikasleentzako egoitzak bultzatuko, Saski Baskonia eta Deportivo Alavesen jabearen proiektua izaki, klub horien hainbat instalazio handitzea ere aurreikusten du enpresa-taldeak, "kirol turismoa" kontzeptua baliatuz.


2021eko ekainaren 23an - 13:26
Azken eguneraketa: 16:36

Gasteizen kirolari eta osasunari loturiko unibertsitate pribatu bat sortzeko egitasmoak –EHUko ikasketa graduen eskaintza bera izango luke–, Euneiz deiturikoak, beste azpiegitura eta instalazio batzuk hobetu eta handitzeko abagunea ekarri dio Saski Baskonia eta Deportivo Alaves kluben jabea den Josean Kerejetaren enpresa-taldeari, Next Generation europar funtsetarako aurkezturiko proiektuaren bidez.

El Diario.es-ek proiektu horretara sarbidea izan du eta bertan jartzen duenaren arabera Ibaia kirol gunea eta Buesa Arena aretoaren inguruak handitu eta Baskonia Kirol Hiria erreformatu nahi ditu enpresa-taldeak. Gainera, "ikastetxe amerikar bat eta talent house erresidentzia bat ere sortu nahi ditu, atzerriko kirolariak beka bidez erakartzeko fitxatu aurretik", azaldu du Iker Rioja kazetariak.

EAJko Arabako Ogasun diputatu-ohi Jose Luis Cimiano ari da operazioa gidatzen, hedabide horren arabera, eta bera azaltzen da proiektuaren "arduradun" gisara.

Innovaraba Araba Gasteiz Sport Capital deitu diote proiektuari eta bere memorian azaltzen denez 64 milioi euroko aurrekontua du –horietatik %50 baino ez litzateke sustatzaile pribatuetatik etorriko–. Euneiz unibertsitatea bera litzateke proiektuaren hanketako bat (12,5 milioi euro), baina "premisa oker batetik abiatzen da", dio Riojak. Izan ere memoriak egintzat ematen du unibertsitatea 2021/2022 ikasturtean martxan egongo dela, nahiz eta oraindik ez duen Eusko Legebiltzarreko baimenik izan sortzeko.

Erresidentziak 15,5 milioi euro kostako luke; osasun eta kirol medikuntzako ikerketarako eta erreabilitaziorako zentroak, berriz, 2,5 milioi –Baskonia Kirol Hiriari itsatsitako pabiloia, ikasleek ez ezik klub pribatu horretako kirolari profesionalek ere izango lukete sarbide zuzena–; eta atzerritar kirolarientzako ikastetxe amerikarrak 2 milioi euroko aurrekontua du.

Proiektuaren atal garestiena, ordea, aurrekontu osoaren herena jango duena, egungo instalazioen erreforma eta handitzea da: Unibertsitatean lau fubol zelai txiki eta beste futbol zelai handiago bat; lau saskibaloi pista Baskoniako estadioaren kupula zaharraren azpian eta Baskonia Kirol Hiriaren azpiegituren handitzea, "kirol turisten" joan etorri handia egon daitekeelako, euren esanetan. Azkenik, Ibaia kirol gunean –Alavesen entrenatzeko tokia– 70.000 metro koadro eskuratu dira zortzi futbol-zelai gehiago egiteko.

Horrek guztiak bertako taldeei onurarik ekarriko al die? Galdegin du kazetariak. Ez, instalazio horiek "atzerritik etorriko diren talde ugarientzat izango dira, euren aurredenboraldiak edo denboraldiko stage-ak egitera etorriko direnak, baita nazioarteko lehiaketak antolatzeko ere", irakur daiteke txostenean.

Baskonia-Alavesek Innovaraba deituriko proiektua aurkezterakoan esan du 750 lanpostu sortuko dituela, baina horrek aurrez aure jarri ditu erakundeak eta sindikatuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euneiz
Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


2022-10-18 | ARGIA
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan

Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik... [+]


2022-07-20 | ARGIA
Euneiz unibertsitate pribatuari martxan jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.


2021-11-12 | Hala Bedi
Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Legebiltzarrean eta protesta egin dute sindikatuek eta ikasle antolakundeek

EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek egin dute legearen alde eta, besteak beste, egitasmo pribatua diru publikoz finantzatzea ahalbidetzen du.


Eguneraketa berriak daude