Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

  • Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen dituen lasterketatik ez ote duen gehiago hezkuntza sistemak. Lasterketa horretan helmugara nor iritsiko den erabakitzen duten filtroek nola eragiten dute ikasleen arteko arrakalan? Zenbat dira unibertsitatera ailegatuko direnak eta unibertsitate urteei eutsi diezaieketenak? Zergatik dago gero eta unibertsitate pribatu gehiago? Zer dago ustezko meritokraziaren, kalifikazioen eta eskola-porrotaren atzean?

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku
Argazkia: Iñigo Uriz / FokuArgazkia: Iñigo Uriz / Foku
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Herriko milaka ikaslek egingo dituzte EBAU (garai bateko selektibitatea) eta Baxoa ekainean. Presio bezainbeste espektatibarekin joango da bat baino gehiago, gustuko ikasketak egin eta bizibide on bat lortu ahal izatea helburu. Unibertsitatea igoera sozialaren ideiarekin lotzea ez da berria, baina krisi garaiotan desmitifikatu egin dela uste du Ikasle Abertzaleak antolakundeko Ibai Berezibarrek, “eta horren isla da gero eta jende gehiagok ikasten duela unibertsitatean, gero eta titulu eta master gehiago dituela jendeak, baina kontrara gero eta langabezia handiagoa eta prekarizazio gehiago dagoela”. Antzera mintzatu zaigu Ernaiko Jon Arrieta: “Unibertsitatearen prestigioak behera egin du, gradu batekin ez duzulako ezer ziurtatuta eta prekaritatea nagusitu delako”. Igogailu sozialaren ustea mantentzen dela dio Jon Diaz EHUko irakasleak: “Aurreko belaunaldian nabarmenagoa zen, baina oraindik ere bada igogailu soziala, edo jendeak irudi hori du gutxienez, dena delakoa ikastera baina unibertsitatera joan nahi hori badago. Ikuspegi sozialaz ari naiz, zeren alde ekonomikotik ikusten dugu nahiz eta unibertsitatera joan oso beltz dagoela lan merkatua”. Dena den, lanpostu eta ordainsari hobeak lortzeko bidearekin identifikatzen dugu unibertsitatea, Jaione Apalategi NUPeko irakaslearen iritziz.

Kontuak kontu, unibertsitatean ikasteak zer suposatzen duen, kanpoan zein uzten duen eta unibertsitate pribatuek zein rol jokatzen duten jorratu aurretik, jo dezagun atzera hezkuntza ibilbidean, ikasleen arteko desoreka eta arrakalak ez baitira 18 urterekin hasten. Aukera berdintasuna printzipiotzat dugun arren, ikasle batzuek eta besteek etxetik dakarten motxila, ikastetxe batzuetatik bestera dagoen aldea (errealitate sozioekonomikoan, baliabideetan, pedagogian), akademizismo zurruna… badira desoreka eragile. “Hezkuntzak haur guztien beharretara egokitu behar du, baina ez da hala egiten –dio Jon Diazek–. Nota akademikoen eta lehiaren balioekin sortzen duguna eskola-porrota da, sistema joaten delako garbitzen, eta horri arazo sozialak, ekonomikoak, kulturalak… gehitzen badizkiogu, pentsa”.

Boloniak graduen luzera murriztu zuen arren, praktikan graduek ez dute fitsik balio, masterra egin behar izaten da ondoren, eta horien kostua handia da

Eskola gizartearen isla den heinean, gizartean ematen diren zapalkuntza eta arazoak ematen dira hezkuntzan ere, Jon Arrietaren hitzetan: “Hezkuntza ibilbidea ez da zerotik abiatzen den prozesu bat, faktore batzuen eragina du hasieratik, eta behar berezi batzuk baldin badituzu, orokorrean hezkuntza sistema honek ez ditu bermeak jartzen gainerakoen modu berean integratzeko eta aurrera egiteko”. DBH eta Batxilergoan antolatzen den Ikama ikasle mugimendua ere iritzi berekoa da; hala azaldu digu Maialen Lagok: “Hezkuntza sistemak bultzatzen du ikasle profil jakin bat, ahalmen jakin batzuk dituena, tartean memorizatzeko gaitasuna, zazpi orduz eserita arreta mantentzekoa… baina milaka ikasle daude eskatzen diren molde horietan sartzen ez direnak, eta horiek daude gehiago porrotera kondenatuta. Irabazle eta galtzaileen arteko eredu honetan, nota onek egiten dute aurrera, laguntza behar duten ikasleek ez dute sarri laguntza hori jasotzen eskolan, eta dirua duena joango da akademiara eta klase partikularretara eta arinago egingo du aurrera”.

Ibai Berezibarren ustez, sistemikoa da arrakala, eta “hezkuntza sistema kapitalistaren izaera bera da baztertzailea, ikasleen ongizatea eta ezagutza unibertsalaren transmisioa ez baititu lehenesten; ikasle zaurgarrienak hezkuntza prozesutik nola kanporatzen dituen ikustea besterik ez dago”. Agurtzane Martinez Mondragon Unibertsitateko irakaslearen arabera, “gaur egun, duela urte batzuk baino gehiago gainera, eskolak mantentzen ditu pribilegioak dituzten umeen pribilegioak eta opresioak dituzten umeen opresioak. Diskurtsiboki denok diogu eskolaren funtzioa dela egoera hori orekatzea eta iraultzea, baina esango nuke gure egitekoekin hainbat eta hainbat kasutan egoera mantentzen dugula eta pribilegioak ez dituzten umeek segurtasun falta handiagoa dutela eskolan, dituzten beharrak ez direlako hain erraz onartzen”.

Ibai Berezibar: "Nota filtro sozialerako mekanismoa da, gaitasun jakin batzuk baino ez ditu aintzat hartzen, eta baldintza ekonomiko ugari ezkutatzen dira nota baten atzean"

Meritokrazia faltsua eta onenentzako eskola
“Gehien ahalegintzen denak lortuko du arrakasta bizitzan, ideia hori saltzen zaigu, baita hezkuntzan ere, baina ideia horrek ez ditu faktore asko kontuan hartzen. Nota, eta ebaluazio sistema orokorrean, filtro sozialerako mekanismoa da, gaitasun jakin batzuk baino ez ditu aintzat hartzen (eta beste asko ez), memorizazioan oinarritzen da, eta baldintza ekonomiko ugari ezkutatzen dira nota baten atzean: etxeko egoera zein den, klase partikularrak ordaindu ote ditzakezun, zure herriko azpiegiturak zein diren…”, dio Ibai Berezibarrek. “Gurasoen laguntza jasotzea, baliabideak izatea, eskolaz kanpoko jardueretan aritzeko aukera izan eta harreman afektibo egonkorrak mantentzea, integratuta egotea… Horrek guztiak positiboki eragingo du ikaslearen hezkuntza prozesuan eta notetan, eta alderantziz”, Jon Arrietaren esanetan.

Ikastetxe batzuetan notak puzten dituztela albiste izan berri den honetan, ikasle batzuek curriculum eta ebaluazio malguagoekin, beste batzuek curriculum eta ebaluazio zorrotzagoen pean egiten dute bidea, eta bigarren horiez galdetu diegu solaskideei: bikaintasuna ipar, ikastetxe batzuetako zorroztasuna ez al da onenentzako lekua, denontzako lekua izan ordez? Tere Maldonado Filosofia irakasleak honela kontatu zuen, Berrian: “Ikastetxe publikoen irakasle-taldeek ikasleen azken nota jartzean maneiatu behar duten egoera dilema moral borobila izaten da. Jakin badakite nota horrek batez besteko notarako zenbatuko duela, aukerak irekiko edo itxiko dizkiola ikasleari (bekak eskuratzeko edo goi-mailako ikasketak egiteko). Askotan, badakite ere ondoko itunpeko zentroak, zeinarekin ikasleak erakartzeko lehian dauden, notak puztera jotzen duela. Gauzak horrela, bidezkoa al da gure ikasleak nota zehatzago baina batzuetan baxuagoekin ateratzea institututik?”.

Juan Karlos Lopez-Mugartza irakasleak erantzun digu behin baino gehiagotan entzun duela zorroztasuna hitza hezkuntza publikoari lotuta, “baina curriculumak ezartzen dituen irizpideak jarraitzen ditugu, curriculuma bera baita zorrotza eta presioa jaistea zaila da”; behin hori esanda, “egia da jende asko geratzen dela bidean, beraz, malguagoak izan beharko genukeela? Curriculuma aztertu beharko litzateke, ea nola aplikatu behar den, bidezkoa den, arrakala areagotzen duen…”. Ez dira gutxi, curriculuma eta eman beharreko materia arindu beharko liratekeela aldarrikatu izan duten irakasleak.

Juan Karlos Lopez-Mugartza: "Jende asko geratzen da bidean, beraz malguagoak izan beharko genukeela? Curriculuma aztertu beharko litzateke, ea bidezkoa den, arrakala areagotzen duen..."

Lanbide Heziketa, porrota?
“Hezkuntza baldin bada etorkizuneko lan-indarra hezteko eta sortzeko instituzioa, kapitalaren behar produktiboen arabera eraldatuko da. Etorkizuneko langilea lan sinplifikatuetara ohitu beharrak ikasleok jasotzen dugun heziketaren sinplifikazioa ekarri duela begi-bistakoa da, laneko konpetentziak inposatzen dizkigute hasiera-hasieratik: DBHn bertan bideratzen da Lanbide Heziketara, nota filtro gisa erabiliz; badirudi Lanbide Heziketa dela hezkuntza sistemaren baldintzetara egokitzen ez denari eskaintzen zaion alternatiba –kritikatu du Berezibarrek–. Heziketa formakuntzan oinarritu beharrean, eskulan merkea sortzera zuzentzen da”. Arrietaren iritziz, “Lanbide Heziketara joatea markatzen zaigu porrot moduan, unibertsitatera joatea da arrakastaren bidea”. “Unibertsitatea sakralizatu da eta estatus jakin baten bila dator jende oldea –dio Jaione Apalategi irakasleak–. Bien bitartean, alde batera utzi da Lanbide Heziketa, eta Lanbide Heziketa da ondo prestatzen eta formatzen duen heziketa, bat egin dezakeena pertsona batzuen gaitasun eta premiekin, eta unibertsitate batek bezain zoriontsu egin zaitzakeena”. Ildo berean mintzatu zaigu Lopez-Mugartza: “Nola prestigiatuko dugu Lanbide Heziketa, erabiltzen bada nota onak ateratzen ez dituena desbideratzeko, kanporatzeko?”.

Beste ateetako bat unibertsitatea da, baina Bolonia plana inflexio puntua izan zen: graduen luzera murriztu zuen arren, praktikan graduek ez dute fitsik balio, masterra egin behar izaten da ondoren, eta horien kostua handia da (ikusi datuen koadroa erreportaje bukaeran). Unibertsitate urteak luzatu eta garestitu egin dira, eta horrek jende ugari uzten du kanpoan. Matrikulaz gain (1.000 euro pasatxo ikasturtero, graduko matrikulak), bestelako gastuei egin behar zaie aurre: fotokopiak, liburuak, hainbatetan pisu baten alokairua edo bestela joan-etorriko gastuak, zenbait ikasketetan materiala… “Suspentsoak egonez gero, garestiago ateratzen zaizu bigarren matrikula, berriz gainditzen ez baduzu hirukoiztu egiten da prezioa… eta niri ikasleak negarrez etorri zaizkit, gainditu gabeko ikasgai hori ezin ordaindu –kontatu digu Lopez-Mugartzak–. Pribatuarekin konparatuta gutxi da ordaindu behar dena, eta hala ere, jende asko da ezin duena ordaindu eta gure unibertsitateko gizarte zerbitzu sailera doana. Nik dekano-orde bezala denetarik ikusi dut Nafarroako Unibertsitate Publikoan, tristea da egoera, baina guk inor ez dugu etxera diru kontuengatik bidali”.

Beka sistemaz galdetuta, adabakiak direla, gastuei aurre egiteko ez direla nahikoa eta baldintza asko dituztela diote elkarrizketatuek. “Babes sistema konpentsatzailea dugu, desoreka sozialak eragiten ditugu eta gero sortzen ditugu babesteko sistemak, baina horrek ez du gainditzen dagoen arazoa, unibertsitatearen aurreko hezkuntza mailetan hainbatek bizi duen egoerari eta behar duen arretari, adibidez, ez diote erantzuten bekek. Eta beken kopuruak eta baldintzak hobetu egin dituzte, baina aldi berean jendeak gero eta behar ekonomiko handiagoak ditu”, azaldu digu Jon Diazek. Danimarkan eta Suedian, unibertsitatera joateko gurasoen etxetik urrun doazen ikasleei administrazioak etxeko alokairua eta beste ordaintzen diela kontatu digu Jaione Apalategik, eta lanpostua aurkitzen dutenean horren portzentaje bat itzultzen dutela.

Mediku nahikorik ez badago, zergatik ez da unibertsitatean plaza gehiago eskaintzen? "Osakidetzaren barruko egoera bermatuta dagoelako osasungintza pribatuaren alde"

Plaza publiko nahikoa?
Diruak bakarrik ez, notak ere baldintzatzen du unibertsitate publikoan sartu eta norberak nahi dituen ikasketak egin ahal izatea. Unibertsitatera sartzeko probek zeresan handia dute horretan, eta Batxilergoko lana hiru egunetan ebaluatuko diete ikasleei, horrek askorengan eragiten duen presio eta ezinegonarekin. Notak zer islatzen duen eta zer ez, kalifikazio baten atzean zer ezkutatzen den aipatu dugu dagoeneko, baina filtro nagusietakoa izaten jarraitzen du, eta ikasketa batzuetan eskatzen den nota oso altua da. Medikuntza da, ziurrenik, kasurik paradigmatikoenetakoa: izugarri altua da eskatzen den nota, 14tik 13ren bueltakoa. EHUn, esaterako, 368 plaza baino ez dira eskaintzen Medikuntza graduan, nahiz eta azken hamar urteotan urtero 2.000tik gora ikaslek Medikuntza ikasi nahi izan duten. Aldi berean, Osasun sailburuari behin eta berriz entzun diogu ez dagoela nahikoa medikurik. Zergatik ez da, orduan, atea gehiago zabaltzen eta plaza gehiago eskaintzen? “Osakidetzaren barruko egoera bermatuta dagoelako osasungintza pribatuaren alde; Quironek alfonbra gorria du gurean –erantzun digu Jon Diazek–. Larritasun egoerara eraman dute publikoa eta pribatuari eskaintza luzatu diote”.

Oro har, nahikoa plaza dago unibertsitate publikoan? Diazen arabera ez, publikoaren eskaintza egiterakoan kontuan hartzen delako ikasleen proportzio bat pribatura joango dela; “plaza eskaintza orokorra egiteko pribatuak ere kontuan hartzen ditu Eusko Jaurlaritzak, beti ere pribatuaren interesen mesedetan”.

Publikoa, pribatua eta arrakastarako giltza
EAEn, 2010 inguruan hamar ikasletik bi joaten ziren unibertsitate pribatura, eta gaur egun hamarretik hiru, “eta pribatuaren aldeko joera gorantz doa”, azaldu digu Diazek: “Unibertsitate publikoaren zenbakiak berdin mantentzen dira eta pribatuarenak %5 igo dira urtero, azken hiruzpalau urteetan”. Nafarroan, “pribatua beti egon da goitik”, esan digu: ikasleen %55 pribatura doa eta %45 publikora; “OPUSek indar handia du”. Demografia, pandemia eta ekonomia krisiek gehiago eragin diote unibertsitate publikoaren ikasle kopuruari, pribatuari baino: “Ikusten da krisiak gehiago eragiten diela langile klaseko familiei, eta etxe berean seme-alaba bat baino gehiago baldin baduzu, biak unibertsitatera joatea ezinezko da hainbatentzat”.

Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa liburuan (2021), maila goreneko postuetan lanean ari direnek aurrez unibertsitate publikoan ala pribatuan ikasi duten ikertu zuen Diazek zuzendutako EHUko talde batek: “Zenbakiek diote batez beste pareko direla publikoan eta pribatuan ikasi duten goi-karguak, baina kontua da unibertsitate pribatura joateko aukera duen populazioa hamarretik bi-hiru dela, beraz bi-hiru horiek lortzen dute bosten tokia. Ondorioa da maila batean unibertsitate publikoa badela aipaturiko igogailu sozial horretan lanpostu on bat lortzeko bidea, baina ez botereguneetara eta elitera iristeko bidea”.

Lopez-Mugartza: "Dirua dutenak beren ghettoetan elkartzen dira, eta ghetto horretan sartzen bazara dirudun horien abantailez gozatuko duzu, ideia horren atzetik zoaz unibertsitate pribatura"

Zergatik doa jendea pribatura?
Elite horretara ailegatu nahi izatea, lanpostu bat lortzeko enpresa pribatuekin unibertsitate pribatuek duten harreman sarea baliatzea edota publikoan sartzeko aukerarik izan ez eta pribatura jotzea –horretarako diru eta baliabideak dituenak, jakina– izan daitezke unibertsitate pribatua hautatzeko arrazoiak, baina sakonean gizartean errotuta dagoen sinesmen bati ere erantzuten dio sarri: “Ordaintzen baduzu, hezkuntza kalitatezkoagoa ordaintzen ari zarela, diskurtso hori hedatu da eta intuitiboki hala dugu barneratuta; pribatua izate hutsagatik izen ona eta prestigioa bermatua du, eta pena da, batzuek nahiago dutelako 7.000 euro ordaindu ez-dakit-nongo unibertsitatean online ikasteko, aurrez aurreko ikasketak unibertsitatean jaso ordez –uste du Lopez-Mugartzak–. Gurpil bat ere bada: dirua dutenak beren ghettoetan elkartzen dira, eta ghetto horretan sartzen bazara dirudun horien abantailez gozatuko duzu, horren bila zoaz”.

Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku

Masterren negozio itzela
Errealitatea da Europan gero eta unibertsitate pribatu gehiago dagoela; gurean azkena, Euneiz Gasteizko unibertsitate pribatua. Unibertsitateen interesa masterretan dagoela nabarmendu du Jon Diaz irakasleak, negozioa eta dirua hor mugitzen baita; azken hamar urteotan %21 hazi da master pribatuen eskaintza Espainiako Estatuan. “Horri gehitu behar zaio master batzuk zuzenean enpresa pribatuek eskaintzen dituztela unibertsitatean: Kazetaritzan El Correo masterra esaterako beteta dago; datuek erakusten dute hedabideek gero eta langile gutxiago dutela, baina hala ere esperantza hori saltzen du masterrak, eta El Correon lan egin nahi duenak badaki horretarako master hori egin behar duela”. Inbertsio funtsek unibertsitateetan duten presentziaz ere ohartarazi du Diazek: “Milioika euro daude jokoan, sekulako negozioa dira unibertsitate pribatuak, eta orain Euneizekin zer gertatuko den ikusi beharko da”.

Logika pribatua unibertsitate publikoan sartuta dagoela ere azpimarratu dute solaskideek: enpresen interbentzio zuzena eta zeharkakoa ikasketetan, unibertsitateak darabilen teknologia eta azpiegituretan, masterretan, enpresetan egiten diren praktikaldietan –eta zein baldintzatan egiten diren–, ikasketa batzuen indartzean eta beste batzuen debaluazioan…

Bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatu dute elkarrizketatuek, erreportajean aipaturiko gaitzetatik urruntzeko. Gauza batean ados daude: badago zer hobetu, benetan hezkuntza izan dadin gizarteko arrakalen orekatzaile eta ez gizartearen ajeak gutxi-gehiago erreproduzitzen dituen sistema.

(Ireki beheko irudia fitxa berri batean, handiago ikusteko):

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Ikasleek alzheimerraren inguruko oinarrizko jakintzak lantzeko saioak eginen ditu Afan elkarteak

Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.


Hezkuntzan eremuka lan egitea fokupean jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak

DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Normal plantak egiten

Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.

Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]


2025-09-02 | Jon Torner Zabala
Abian da ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintza handituta

Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz... [+]


Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


2025-08-29 | UEU
Ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute UEUk eta BadaLab-ek

UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


Irakasle plazen %17 hutsik geratu dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan

473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Eguneraketa berriak daude