Euneiz unibertsitate pribatuari martxan jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

  • Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.

Argazkia: Dospordos

2022ko uztailaren 20an - 14:21
Azken eguneraketa: 15:30

Euneiz European University of Gasteizek jardunari ekin diezaion, baimena eman du Eusko Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortzea, aintzatestea eta baimentzea, eta unibertsitate-zentroen egiaztapen instituzionala arautzen duen uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuan oinarritu da erabakia hartzeko. Horrez gain, adierazi duenez kontutan hartu ditu Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren txostenak, ekimenaren sustatzaileei eskatutako informazio guztia aztertu ondoren Euneizen alde emanak, oharrean adierazten denez.

Jaurlaritzaren baimena lortuta, azken pausoa besterik ez zaio falta unibertsitate pribatuari martxan jartzeko: Espainiako Gobernuko Unibertsitateen Ministerioari atxikitako Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko ditu Euneizek eskaini nahi dituen lau tituluak. Baimen horren esperoan, Jaurlaritzak bide eman dio unibertsitate pribatuari 2022-2023 ikasturtean lau gradu eskaintzen hasteko: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Fisioterapiako Gradua, Multimediako Gradua, eta Entretenimenduaren Industriaren Musika Ekoizpen eta Soinu Gradua.

2017an aurkeztu zuten Euneiz proiektua Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves taldeak, EUSES eta ENTI ikerketa-zentroen zuzendariek, Ramíro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Egoitza Gasteizen izango duen unibertsitatea, kirol eta osasun zientzien zein teknologia berrien esparruko bost gradu, gradu bikoitz bat eta bi master eskainiko dituena, 8.000 euro inguruko urteroko matrikularen truke. Behin proiektua ezagutzera emanda, sindikatu, ikasle eragile eta bestek hainbatetan salatu dute Euneiz irabazi asmoduna eta izaera elitistaduna dela, besteak beste.

Euneizen sorrera eztabaida arrazoi izan bada ere, iazko urrian onartu zuten unibertsitatea sortzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuaren tramitazioa, Azaroan, aldiz, unibertsitate pribatua Euskal Unibertsitate Sisteman sartzeko legea onartu zuen Legebiltzarrak. Batean zein bestean, aldeko bozka eman zuten EAJ, PSE, PP-C’s eta Vox-ek, eta kontra agertu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU.

Hala, unibertsitate pribatuak finantzazio publikoa eskatu eta jaso ahalko du, "unibertsitate publikoak EAEko aurrekontuetatik urtero jasotzen duen finantzazioa kalitateko hezkuntza-unibertsitarioa eta langile guztien lan baldintza duinak bermatzeko nahikoa ez den bitartean", ikasle antolakunde eta sindikatuek salatu dutenez. Ildo berean mintzo zen Iñigo Goirizelaia EHUko errektore ohia ARGIAri eskainitako elkarrizketan: "Diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea onartezina da".

Euneiz proiektuaren sorrera, asmo eta nondik norakoetan gehiago sakontzeko, irakurri Ruben Sánchezen Bakaikoaren Denona baina ez denontzat erreportajea.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euneiz
Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


2022-10-18 | ARGIA
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan

Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik... [+]


2021-11-12 | Hala Bedi
Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Legebiltzarrean eta protesta egin dute sindikatuek eta ikasle antolakundeek

EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek egin dute legearen alde eta, besteak beste, egitasmo pribatua diru publikoz finantzatzea ahalbidetzen du.


Iñaki Goirizelaia EHU. Ingenieritza, dantza
"Diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea onartezina da"

EHUko errektore izan zen 2009-2017an. Ez da lar esatea Juan Inazio Perez Iglesiasen eta Iñaki Goirizelaiaren artean ezarri zituztela oraingo gure unibertsitate publikoaren zimentarriak, haien gainean jarri dutela beren alea ondoko bi errektore Nekane Balluerkak eta Eva... [+]


Eguneraketa berriak daude