Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege-proiektuak aurrera egin du Legebiltzarrean

  • EAJ, PSE, PP-C’s eta Vox alderdiek babestu dute, eta Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. Azken horrek argudiatu du ezin dela funts publikoen bidez finantzatu irabazi asmoa duen unibertsitaterik.

Euneizera diru publikoa bideratuko dute Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak. / Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

2021eko urriaren 28an - 08:44
Azken eguneraketa: 10:48

Asteazkenean onartu dute Euneiz European University Gasteiz sortzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuaren tramitazioa. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dute, eta EAJren eta PSEren aldeko bozkez gain, PP-C’s eta Voxen babesa jaso du; osoko bilkurara joango da lege-proiektua. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren aurkako bozkek ez dute balio izan tramitazioa geldiarazteko.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri eta PSEri gogorarazi die “oraindik garaiz” daudela euskal unibertsitate sistemaren finantziazioa “blindatzeko”. Eskatu die legeari egin dizkioten zuzenketak onartzeko, osoko bilkurara iritsi aurretik. Unibertsitate pribatuak diru publikorik ez jasotzea bermatu nahi du EH Bilduren zuzenketak. Horrela argudiatu du Arresek: “Hezkuntzaren esparrua oinarrizko eskubide den aldetik, ezin da enpresen onuraren eta irabazi asmoaren esparrua izan, eta, betiere, helburu horiek dituzten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez finantzatu”. Baztertu egin diete zuzenketa.

Esku pribatuetan

Euneiz Josean Kerejetaren Baskonia-Alaves kirol sozietate anonimoek eta Girona eta Tarragonako hezkuntza-zentro pribatuek sustatutako unibertsitate pribatua izango da. Gasteizen izango du egoitza eta bost gradu, gradu bikoitz bat eta bi master eskainiko lituzke, kirol eta osasun zientzien zein teknologia berrien esparrukoak. Horietatik bi EHUk eskaintzen ditu gaur egun, eta bat Deustuko Unibertsitate pribatuak ere. Euneizen nondik norakoak eta asmoak xeheago ikusteko irakurri Ruben Sanchezek ARGIAn kaleratutako artikulu hau.

Finantziazio publikoa

Instituzio publikoen finantziazioa jasoko du Euneizek: Eusko Jaurlaritzak Next Generation EU funtsetako 12,5 milioi euro bideratzeko asmoa du, eta Gasteizko Udalak nahiz Arabako Foru Aldundiak bakoitzak 480.000 euro jarriko ditu.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohi eta irakasleak ARGIAri elkarrizketa eskaini dio aste honetan. Besteak beste, Goirizelaiak azpimarratu du “onartezina” dela diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea. Honela mintzatu da: “Jendeak jakin behar du unibertsitatea zer den, zertarako den, eta zertarako ez. Joan Hego Amerikara. Mila unibertsitate baino gehiago ere badira, baita garajeetan ere! Hori gura dugu? Unibertsitatea sortu nahi dugu dirua irabazteko? EHUra sartu ez diren ikasleak harrapatzeko, besterik gabe? Euneiz proiektua ez da unibertsitatea, tituluak ematen dituen enpresa bat baizik, diru etekina helburu duena. Hortxe dira Unibasq-ek egindako txostena, eta beste hainbatenak: garbi esaten dute non diren gabeziak. Eta, beharbada, bidezkoa da helburua, baina diru publikoa asmo pribatu hori finantzatzeko bideratzea onartezina da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euneiz
Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


2022-10-18 | ARGIA
Euneiz unibertsitate polemikoa inauguratuko dute astearte honetan

Ikasturtea hasi dute dagoeneko Gasteizko Euneiz unibertsitate pribatuan (110 ikaslerekin), baina astearte arratsalde honetan egingo dute inaugurazio instituzionala, Gasteizko alkatea, Arabako ahaldun nagusia eta Espainiako Gobernuaren ordezkaria bertan direla. Hasieratik... [+]


2022-07-20 | ARGIA
Euneiz unibertsitate pribatuari martxan jartzeko baimena eman dio Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak jardunean hasteko baimena eman dio egoitza Gasteizen duen Euneiz unibertsitate pribatuari. Espainiako Gobernuaren Unibertsitateen Ministerioaren baimena lortuz gero, 2022-2023 ikasturtetik aurrera martxan hasiko litzateke.


2021-11-12 | Hala Bedi
Euneiz sortzea ahalbidetzen duen legea onartu dute Legebiltzarrean eta protesta egin dute sindikatuek eta ikasle antolakundeek

EAJ-PNV, PSE, PP-Ciudadanos eta VOX alderdiek egin dute legearen alde eta, besteak beste, egitasmo pribatua diru publikoz finantzatzea ahalbidetzen du.


Eguneraketa berriak daude