Klasiko garaikideak Zumarragan

Antioko XXXVIII. Musikaldia | Sigma Project Sax Quartet eta Mario Prisuelos (pianoa) | Egitaraua: Philip Glass, Bernstein eta Gershwin-en lanak. Argazkia: Zumarragako Udala.

Irailero Zumarragako Antioko ermitan egiten den Antioko Musikaldia zikloak interes handia piztu zuen saio bat ekarri zigun.

Ez da oso ohikoa lau saxofoiko formazioa entzutea. Jende askorentzako benetako sorpresa izan daiteke holako saio bat. Eta, benetan, laukote honen soinu-emaitzak inor axolagabe uzten ez duen gozotasuna eta sakontasuna ematen ditu. Gainera, talde hau, Sigma Project Sax Quartet, ez da auditorio guztietan behin eta berriz jotzen den musika interpretatzearekin konformatzen dena. Bere kideak musika garaikideari erabat emanak daude. Betiko programetatik kanpo musika ikuspegi berriez gozatzeko aukera ematen digute eta hori eskertzekoa da. Dena den, Zumarragan eskaini ziguten saioan gaur egungo musika interpretatu zuten, baina neurri handi batean musika ezaguna zen. Publikoaren aldeko jarrera bermatuta zuten.

Hasteko, Philip Glass-en Concerto for Saxophone Quartet lanak taldearen tinbre-fintasunak eskaini zizkigun. Lau interpreteek soinu belusatua lortu zuten eta publikoa Glass konpositorearen giro minimalista eta efektistan bildu zuten.

Kontzertuaren bigarren zatian, laukoteak Mario Prisuelos pianistarekin partekatu zuen eszenatokia eta bi lan interpretatu zituzten: lehenengoa, Leonard Bernstein-en Candide operetaren obertura goxoa izan zen. Musika intzidentala da, ironiaz eta freskotasunez betea, eta laukoteak eta piano-jotzaileak trebetasunez interpretatu zuten.

Baina, zoritxarrez, amaitzeko, desastrea iritsi zen. Saioaren une gorena izan behar zuena, George Gershwin-en Rhapsody in Blue lan ospetsua, esperientzia txar bihurtu zen, pianistaren exekuzio eskasagatik. Mario Prisuelosek karrera sendo samarra du, baina egia esan, Rhapsody in Blue gehiegi da beretzat. Ezin zen moldatu pasarte korapilatsuenetan, non sistematikoki huts egiten zuen eta galdu ere egiten zen. Pasarte atseginenetan edo errazenetan musikaltasun eta adierazkortasun falta nabarmena zen. Sigma Project taldeko musikariak hutsune horiek betetzen saiatu ziren, baina oso zaila zen agerikoak ez izatea.

Azken akatsa bis bezala lan honen zati bat eskaintzea izan zen, non pianistak kontrola erabat galdu zuen. Pena, saxofonistak lehen mailakoak direlako eta bestelako luzimendu bat merezi zutelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen... [+]


Gorabeheratsua

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

[+]


Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Eguneraketa berriak daude