“Garrantzitsua da ulertzea mugimendu iraultzaile perfekturik existitzen ez dela”

  • Liburu mamitsua da Mujer, Vida, Libertad. Desde el corazón del movimiento de las mujeres libres de Kurdistan (Emakumeak, Bizitza, Askatasuna. Kurdistango emakume askeen mugimenduaren bihotzetik, Descontrol, 2020). Kurdistango askapen mugimenduaren baitako emakumeen mugimenduaren gaur arteko ibilbidea ez ezik, bidean teorizatua ere azaltzen zaio irakurleari, baita teoria horiek praktikara eramateko prozesuak eta horietatik ateratako irakaspen zein ondorioak ere. Liburua Andrea Wolf Institutuak egindako lan kolektiboaren emaitza da, eta beronen eraketa prozesuaz arduratu den lantaldeko kide da Arin. Kurdistango herriarentzat –eta Ekialde Hurbilarentzat oro har– bizitza askearen alde borrokan dabilen mugimenduaren planteamenduak ezagutzera emateaz harago, iruditzen zaio liburuan jasotzen dena hausnarketa zein eztabaida interesgarrietarako abiapuntu eta ekarpen iturri izan daitekeela handik kanpo ere. Lana aurkezteko Euskal Herrira egindako bisitan tartetxoa lapurtu genion, kafe baten bueltan beronetaz jarduteko.

Arin Bilboko Zirika Gunean, liburua aurkezten (Argazkia: Ecuador Etxea)
Arin Bilboko Zirika Gunean, liburua aurkezten (Argazkia: Ecuador Etxea)

Madrilgo mugimendu libertarioaren parte da Arin, eta ulertzera eman digunaren arabera, afinitate politikoari dagokio Kurdistango borrokarekin eratutako lotura. Dioenez, 2014an Kobane hirian Estatu Islamikoaren aurka erresistentzia burutzen ari zela ezagutu zuen “sakontasun handiagoz” Kurdistango askapen mugimendua, eta “behin hiria askatu zutenean, aukera izan nuen hara bidaiatzeko. Ohartu nintzen handik heltzen zitzaigun propaganda guztia egiazkoa zela”. Rojavan ez ezik [Siriako Kurdistan] Bakur-en ere egon zen [Turkiako Kurdistan], eta behin etxera bueltan, Rojava-Azadi Madrid proiektua sortu zuen lagunekin, hangoen berri zabaltzeko. 2017an berriz itzuli zen Rojavara; SDF Siriako Indar Demokratikoek Raqqa Daeshen eskuetatik askatu zutenean han zen, eta kazetari izanik erreportaje batean kontatu zituen gertakari historikoaren nondik norakoak. Hiru urte beranduago arte ez zuen itzulerako txartelik hartu, eta tarte horretan, besteren artean, Andrea Wolf Instituan jardun zuen. “Bertan egin ziguten liburua sortzeko proposamena kide batzuri, Kurdistango emakume askeen mugimenduaren historia, filosofia zein ideologia gazteleraz azaltzeko xedez”.

Jineologi, jendarte askerako zientzia

2019an sortu zen Andrea Wolf Institutua, eta izen hori darama Kurdistanen askapenaren alde hildako lehen emakume alemaniarraren omenez. Rojavako Jineologi akademian ditu sustraiak, eta egoitza fisikoa Rojavan bertan badu ere, mugaz gaindiko kolaboratzaile sarea dauka. “Bertan, emakumeek eta emakume gisa sozializatutako pertsonek, Jineologi-ren garapena bultzatzen dute”, irakur daiteke liburuan. Kapitulu oso bat eskaini diote Jineologiri, “bizitzaren eta jendartearen zerbitzura dagoen zientzia” gisa definitzen duten horretara hurbilpen bezala. Zertan datzan hobetoxeago ulertzeko zertzelada gisa balio dezakete liburuan jasotzen diren lerrook: “Jineologik tresnak jartzen dizkie eskura emakumeei, mundua beren ikuspuntutik eta egiazko nortasunetik aztertu eta ulertzeko, eta jendartea eraldaketa erradikalerantz eramateko (…) Beharrezkoa dugu bizitzako eremu orotan berrikusketa eta analisia egitea boterearen eta zapalkuntzaren mentalitatetik urrun eta emakumearen ikuspuntutik, emakume askearenetik, bere burua aurkitu eta beregain eta bere baitan inposatu diren kategoria eta gezurrak errefusatzen dituenarenetik”. Jineologin oinarritutako web atariko goiburuan diotenez, sinetsirik baitaude “emakumeen bueltan garatutako zientzia izango dela soziologia egoki baterantz lehen pausoa”.

Zientzia propioa garatzeko beharrizanak lotura egiten du historiaren irakurketa propioa egin izanarekin. Iraultzaile kurduen ikuspuntua jasoz liburuan argudiatzen denez, “inposaketa patriarkal, kapitalista eta estatalak arretaz hautatu ditu zapalkuntza sistema goratzen duten iraganeko pasarteak”, eta historia nola, praktika zientifiko modernoa ere “sexismoaren, kapitalismoaren eta kolonialismoaren zerbitzura” egotera pasa da. Ofizialtzat jo den historiari erreferentzia eginez, hala dio Arinek: “Badirudi historia lehen idatziekin hasten dela, baina jendartearen historiaren %2a baizik ez du barnebiltzen ikuspegi horrek eta aurretikoa ‘antropologia’ edo ‘arkeologia’ kontsideratzen da. Nola liteke garenaren %98a historiaren analisitik kanpo uztea?”. Ikuspegi murriztailea deritzo, kanpoan uzten baitu luzaz klanetan antolatutako jendartearen historia, zeinak –batez ere– emakumeak zituen ardatz, komunitatearen euskarri ziren heinetik. Bat egiten du liburuan biltzen den tesiarekin: “Historia ofizialak ikuspegi androzentrista darabil, eta ahanzturan uzten ditu emakumeak protagonista papera izan duen momentu eta garai historikoak”. Horregatik hain justu, nagusitutako historiaren kontakizunaren itzaletan behatu dute kurduek, Abdullah Öcalanen premisari jarraiki: “Galdu genuen tokian, hortxe bilatu behar dugu egia”.

YJA STAR emakumeen gerrillako kideak (Argazkia: ANF News)

Berrikusketa historikoak eraman ditu ondorioztatzera Neolitoko iraultzan dagoela jendarte askerako hainbat giltzarri. Jendarte Naturala deitu diote aro hari, ulerturik gizakiaren “naturaltasuna” emakumeen eta berauen baloreen bueltan komunalki antolatutako eta izaki bizidunen zein ingurugiroaren arteko hierarkiarik gabeko jendartean datzala. Emakumeak mende hartzeko gizonen lehen saiakerak hasi eta dominazio sistemaren lehen zantzuek agerpena egin aurretiko jendarte horretan bizimolde askerako hainbat gako daudela defendatzen dute, nortasun iraultzailearen eredua kasu. Garaiotatik edaten duen Ama-Jainkosa figurak, jainkotasun geruzaren azpian, zapalkuntzarik gabeko jendarte haren figura zentrala zen emakumearen izaera gordetzen duela deritzote, “nortasun iraultzailearen abangoardia irudikatzen duena”. Nortasun horren barneratzean ikusten dute jendarte askerantz bidea, eta hargatik defendatzen dute biderik baldin bada emakumeak abangoardiatzat izango dituela eta berauen askapenetik pasako dela. Jineologi, finean, iraultza horretara bidea egiteko behar den emakume ikuspegidun soziologia litzateke, mugimenduko kide Heval Zozan Simak liburuan azaltzen duenez.

Liburuaren sortze-prozesuak berak ere Kurdistango Emakumeen Mugimenduaren teoriaren eta praktikaren arteko uztarketan sakondu du. Jineologi oinarri hartuta gauzatutako prozesuaren emaitza da, eta zientzia moderno positibistari egiten dizkion kritikak kontuan hartu dituzte momentu oro. Egitura bera da horren adibide, Arinen aburuz: “Elkarrizketak dira liburuaren bizkarrezurra, ez baikenuen estropozu egin nahi zientzia positibistaren akatsekin. Munduko beste txoko bateko objektua ikertu eta beronen gainean analisia egiten duen subjektu txuri gisa aritzea ekidin nahi izan dugu”. Protagonismoa elkarrizketei emanik, Kurdistango emakumeen mugimenduko kideen pentsamendu eta esperientzien transmisore gisa kokatu gura izan dira. Formatu horrek, gainera, liburuari bizitasuna eta gertutasuna ematen diola iruditzen zaio Arini: “Azken finean, emakumeak eurek baitira beren bizipenez, zailtasunez, topo egindako trabez eta horiei aurkitutako aterabideez mintzo direnak, eta iraultzaile bilakatzera zerk bultzatu dituen azaltzen dutenak”.

Baliagarri izan daitezkeen ekarpenak

Urteetako hausnarketa, ikasketa eta eztabaiden emaitza diren historiaren eta zientziaren irakurketa alternatiboak luzatzeaz gain, liburuak bestelako ekarpenik ere egiten duela deritzo elkarrizketatuak. Kurdistango iraultzaren idealizazioari bidea ixtea, kasu: “Garrantzitsua da ulertzea mugimendu iraultzaile perfekturik existitzen ez dela”. Horrek idealizatutako prozesu iraultzaileak bere horretan kopiatzea ekiditen laguntzen duelakoan dago.

"Espazio ez-mixtoetara joan arren gero etxera itzultzen banaiz, eta onartzen badut gizonezko kideak ni zanpatzea, bereizketa handirik ez naiz ari egiten"

Alabaina, Kurdistango lurraldean gauzatzen ari diren iraultza bere horretan esportagarria ez bada ere, liburuan jasotzen diren hainbat kontu bai iruditzen zaizkio balizko eztabaida interesgarrien abiapuntu. Emakumeen Askapenaren Ideologiaz hausnartzeari, adibidez, aproposa deritzo. Bost printzipiotan oinarritzen dela azaldu digu labur-labur: Welatparezi deiturikoa da lehena, eta erreferentzia egiten dio lurraldearen defentsari, ulerturik emakumea dela lurrarekin eta komunitatearekin jendarteak duen lotura; Pentsamendu eta Borondate Askea da bigarrena, aske izan gura duen emakumeak bizian zehar ihardetsi beharrekoa; [Emakumeak] Antolatuta Egotea printzipioak segitzen die zerrendan; Borroka da laugarren puntua, eta bizia eta borroka uztartu eta dena bat bilakatu beharra azpimarratzen du; eta Etika eta Estetikak ixten du zerrenda. Interesgarri deritzo azken printzipio horri buruz hausnartzeari bereziki hemen, “sistemak etika eta estetika zeharo manipulaturik dauzkan Mendebaldeko jendartean”. Hala dio: “Teorian, hainbat balore etiko irakasten dizkigute: elkarbanatzea, elkartasuna izatea… Baina gero, praktikan, sistemak bultzatzen gaitu lehiakorrak eta indibidualistak izatera, ondokoa zapaltzera”. Estetikarekin antzera gertatzen dela dio: “Gauza ederrak zein diren esaten digute, baina batez ere emakumeon kasuan, gauza horiek min ematen digute, gaixotzen gaituzte… Etika eta estetikari dagokionez, sistema kapitalistak oso mingarriak diren kontraesan inplizituak ditu, eta horregatik gure etika eta estetika propioak bilatu behar ditugu”. Uste orokortuaren kontrara, estetikari ez deritzo hutsalkeria. Izan ere, liburuan jasotzen denez: “Etika eta estetika sistemaren aurkako gerran gidatu behar gaituzten printzipioak dira, mundu eder bat sortzea xede. Gorrotoa eta amorrua besterik ez badugu gidatzat, oso erraza da norberaren etsai propioa bilakatzea, eta edertasuna ordez itsustasuna sortzea”.

Jineologi eskolak Jinwar herrixkan (Argazkia: We are Plan C)

Liburuak egiten dituen ekarpenak aletzen jarraituz, soilik emakumeek osatutako egitura autonomoak zeinen beharrezko diren bistako egiten duela azpimarratu du Arinek. Kurduen askapen mugimenduko egitura orok dauka baliokide ez-mixtoa, eta liburuak jasotzen dituen emakumeen testigantzek ageriko egiten dute zeinen baliagarri diren emakumeen ahalduntzerako, emakumeei eragiten dieten problematikak identifikatzeko, eta horiek segurtasun giroan jorratzeko, besteak beste. Arini giltzarri iruditzen zaizkio, emakumeei ahalbidetzen baitie “gogoeta egin eta ideia argiekin itzultzea gizonekin elkarbanatzen dituzten espazioetara, jakinaz zein diren emakumeen beharrizanak eta zein jendartearenak”. Hala, espazio mixtoetako lana askoz errazago burutzen delakoan dago. “Beren kabuz erabakiak hartzeko emakumeen egitura sendoak izanez gero, denboraren poderioz egitura mixtoak ez dira ez dagozkien erabakietan katramilatzen. Kurdistanen hori argi ikusten da: adibidez, Rojavako justizia sistemak badu bere frakzio ez-mixtoa, eta horrek jorratuko ditu genero indarkeria kasuak. Gizon epaile bati ez zaio burutik pasako kasua epaitzea”.

Espazio ez-mixtoak behin ahotan hartuta, ez du nahi izan Bereizketaren Teoria aipatu gabe utzi, ekarpen interesgarri iritzirik horri ere. Gizonekiko bereizketa espazialaz harago, urruntze mentala ere beharrezkoa dela dio teoriak. “Zeren espazio ez-mixtoetara joan arren gero etxera itzultzen banaiz, eta onartzen badut gizonezko kideak ni zanpatzea, bereizketa handirik ez naiz ari egiten”, dio Arinek.

Despatriarkalizazio lanaren emaitzak

Liburuan mintzo diren emakumeen testigantzen bidez, irakurlea urteetako despatriarkalizazio prozesuaren testigu da. Prozesu horren gaur arteko emaitzez galdetzerakoan, bere ikuspuntua eman digu Arinek: “Ez da bukatutako lana, baina eman dira aurrerapausoak, eta hori emakumeen egitura autonomo indartsuei esker izan da”. Bide horretan aurrera egin eta sakontzeko, iruditzen zaio gizonek ere, egitura mixtoetan parte hartzeaz gain, beren pribilegioak berriskustea ahalbidetuko liekeen egitura ez-mixtoetan egon beharko luketela, bai behintzat “maskulinitate berriak eratzeko egiazko desira badago”.

Emakume kurduak matxoaren 8a ospatzen (Argazkia: ANF News)

Zenbait mugarri jarri direla iruditzen zaio, dena den. Liburuak biltzen ditu horietako asko eta asko, baina adibide bat jartzearren, jendartean martxan dagoen eta apurka-apurka bidea egiten ari den familia demokratizatzeko prozesuaz mintzatu da: “Proposamena ez da familia suntsitzea –nire begietara Mendebaldean egiten ari den bezala–, baizik eta birformulatzea, sostengu eremu bezala duen garrantzia kontuan hartuta. Alegia: sistema eta estatua familia egituretan oinarritzen dira; hori kontuan izanik, nolako etorkizuneko jendartea irudikatzen dugu eta jendarte horretan nolakoak behar lukete harremanek? Zein bestelako familia eredu eratu genezake? Jinwar –emakumeek emakumeentzat sortutako herrixka– herrikoa bezalako familia sortu genezake, zeinetan esan daitekeen haurrak bertako emakume guztienak direla, eta kide guztiak elkarbizitzan bizi diren?”.

"Proposamena ez da familia suntsitzea –nire begietara Mendebaldean egiten ari den bezala–, baizik eta birformulatzea, sostengu eremu bezala duen garrantzia kontuan hartuta"

Familiaren eraldaketa prozesuari luze joko duen egitekoa deritzo, baina norbanakoen arteko harremanei dagokionez, aldaketa aurreratuago dagoela esan daiteke. Izan ere, dioenez, “zerbait baldin bada indartsua Kurdistango askapen mugimenduan, hori Hevalti da”; adiskidetasuna esan nahi du kurdueraz, eta askapen mugimenduaren filosofiaren oinarria da. Adiskidetasun bat, hori bai, beren printzipio ideologikoaren gainean eratua –eta ondorioz, besteak beste, generoaren araberako botere-harremanak errefusatzen dituena–. Bestelako jendarte eredu bat sortzera bidean, Arinek gakoa deritzo adiskidetasunaren zentraltasunari, arrazoi argi batengatik: “Hautsiezina den adiskidantza eratzea da mugimendu iraultzaileak funtzionatzeko modu bakarra; ‘zatitu eta garaituko duzu’ esaldiak dioena egia baita”.

Kafea aspaldi hondarretara murriztua zela eten dugu solasaldia, nahiz eta liburu mardulak hizketaldi luzeagorako eman. Grabagailua itzali aurretik Arinek aurreratutakoak, baina, etorkizunean hizketaldi gehiagorako abagunea izanen dugula iradoki digu: materialaren zati bat argitara eman gabe utzi dute, eta bidean da bigarren liburukin bat, “Rojavako emakumeen iraultzan oinarritua”. “Dena espero bezala badoa, datorren urterako argitaratzea espero dugu”, gehitu du. Ziur aski, interesa duenari itxaronaldia goxo egingo zaio, lehen liburuarekin irakurleen eskura jarritako materialak ematen baitu luzaz hausnartzeko parada.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude