“Kontrolatu dezakezuna kontrolatu dezakezu, eta bestea kaosak har dezala”

  • Ikasketetan zientzietatik abiatu zen, baina gero letrak gustatu; eta geroago biak uztartu daitezkeela ikusi. Dokumentalgintzan adibidez, zineman. Ikasi eta ikasi, eta sortu. Sorkuntza prozesuak nola harilkatzen dituen kontatu digu barren-barrenetik, emakume zinemagile artean nola ari den, eta elkarlana-lehia nola bizi dituen.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Ainhoa Gutiérrez del Pozo. Donostia, 1994

Zinemagilea da, besteak beste. Arte Ederretan graduatu zen, eta zinema dokumentaleko masterra bukatu berri du, Buenos Airesen. Bi film labur ditu plazaratuak: Amets(ak) eta Amerikarra(k) (2017) eta Medvedek (2019), eta beste proiektu batzuk bidean. Zinema kritikak idazten ditu aldizkari honetan bertan, baina oraingoan pantailaren beste aldera pasarazi dugu.

Noiz sortu zitzaizun zinema eta dokumentalgintzarekiko grina?
Arte Ederrak Bilbon ikasi nituen, baina tartean Mexikon egin nuen Erasmus egonaldia eta han hasi nintzen dokumentalgintzaz pentsatzen. Ez dut betidanik jakin horretan aritu nahi nuenik. Ezta zineman ere. Batxilergora arte dena gustatzen zitzaidan eta zientzietara bideratu ninduten, nola ez. Baina batxilergoan erabaki nuen ezetz, arterantz jo nahi nuela. Ez nekien zertara, baina banekien hori zela nire eremua. Orain pentsatzen dut agian bi munduak ez daudela elkarrengandik hain urruti, baina garaian ukazio batetik bizi izan nuen... Eta zuzenean pasa nintzen batxilergo artistikotik Arte Ederretara. Oso eremu zabala da eta derrigorrezkoak diren hainbat irakasgaitan arte diziplina ezberdinak probatzen dituzu; eskultura, irudia, pintura… Mexikon egin nuen egonaldian hasi nintzen gehiago hurbiltzen ikus-entzunezkoetara. Bideokamera bat erosi nuen, eta konturatu nintzen tresna hura gustatzen zitzaidala, zerbait kontatzeko.

Zergatik bideoa eta ez eskultura ala pintura?
Bideoan bazegoen zerbait ez zena erabat errealitatea, baina errealitatearekin nahasten zena. Mexikoko pintura klase batean oso argi ikusi nuen hori. Hemen betidanik aritu izan naiz militantzian, Mexikon ere mugimendu sozialetan nenbilen, eta han nengoela gertatu zen Ayotzinapako sarraskia. Poliziak eta militarrek 43 ikasle bahitu zituzten, bederatzi pertsona hil ziren, eta sekulako istiluak izan ziren. Mugimendu izugarria sortu zen Mexikoko unibertsitateetan, asanblada erraldoiak egiten ziren. Asanblada batera ezin izan nuen joan, pintura klasea nuelako ordu berean. Leihotik entzuten nuen nola ari ziren hizketan asanbladako kideak; eta han nengoen ni, margaritak margotzen. Ez nion zentzurik hartzen egiten ari nintzenari.

Horregatik zen egokia bideogintza niretzat. Momentu horretan iruditzen zitzaidan errealitatean egon, hortik grabatu eta hortik sortzea zela bide bat, lotzeko mugimendu sozialetan bizi nuena eta artean egiten nuena. Ordura arte sentitzen nuen nahiko deskonektatuta zeudela nire bi bizitza eremu horiek, biak asko gustatzen zitzaizkidala, baina ez zirela bateragarriak. Eta horrek eman zidan modua munduari buruz hitz egiteko, artetik, modu ez-zurrun batean, lengoaia aski abstraktu baten bidez, baina errealitatearekin lotura zuzena mantenduz.

Argazkia: Dani Blanco

"Medioek etengabe aurkezten dituzte emakumeen filmak intimistak eta bereziak bezala; eta gizonen filmak, berriz, genioaren diskurtsoan bilduta aurkezten dira"

Eta nola iritsi zinen zure lehen film laburra ekoiztera?
Mexikotik itzuli aurretik bidaia bat egin nuen lagun batekin AEBetara. Muga zeharkatzen ari ginela, migrazioko agenteak galdetu zigun ea ijitoak ote ginen. Sekulako sorpresa izan zen hura! Urtebete generaman Mexikon lehen mailako gizaki zuriak izaten, eta bat-batean gure pribilegio guztiak zalantzan jarri zituen pertsona hark. Gure pasaporte espainiarra eskutan, shock egoeran gelditu ginen erantzuterako orduan. Horrek eman zigun elkarrizketak egiten hasteko gogoa. Gizon zuri zis heterosexualak ez ziren subjektuak elkarrizketatu genituen. Eta galdetzen genien AEBen inguruan, askatasunaren inguruan, amets amerikarraren inguruan...

Proiektu hura han geratu zen. Euskal Herrira itzuli nintzenean, urtebetez egon nintzen karrera utzita antropologia bisualeko klaseetara joaten, entzule gisa. Horrek zer pentsatu handia eman zidan. Eta ikasketak bukatzeko gradu amaierako lanari ekin nionean, AEBetan grabatutako material hura berreskuratu nuen. Eta hura lotsa! Konturatu nintzen elkarrizketa haietan bilatzen genuena zela haiek guri esatea guk jaso nahi genuen hura. Galderak oso bideratuta zeuden, eta lehenengoan ez bazen ondo ateratzen, beste era batera saiatzen ginen...

Grabazio horietan benetan interesgarria zena elkarrizketatuen eta gure arteko botere harremana bera zen. Ezin ziren elkarrizketa horiek muntatu geure ahotsa agertu gabe. Agerrarazi behar nuen nola ari ginen galderen bidez bideratzen, zertaz hitz egiten genuen irudia enkuadratzen ari ginen bitartean. Bazen elkarrizketatu bat, adibidez, beltza eta itsua zena. Eta esaten genion "ea, begiratu ezkerrerago... hortxe, hor kamerari begira zaude". Eta lehen galdera izan zen: “Zer da itsua eta beltza izatea?”. Eta berak erantzun zuen hori baino lehen pertsona zela, ez zuela kategoria horien bidez izendatua izan nahi hasieratik. Horra, mamia. Atal horiekin muntatu nuen Ametsa(k) eta amerikarra(k), lehen dokumentala edo ikus-entzunezko etnografikoa izan zena. Ispilura begiratzeko modu bat izan zen.

Baita bigarren film laburra ere?
Neurri batean, bai. Gradua bukatu bitartean Urumea bailarara etorri ginen bizitzera, eta Ereñotzu gainkaldean dagoen baserri bat okupatu genuen. Landa eremura bizitzera etortzean hausnarketa batzuk sortu zitzaizkigun ordura arte izan gabekoak. Uste nuena baino gehiago eragin zigun horrek. Joera handia dago hiritik landa eremua idealizatzeko, eta errealitatea beste gauza bat da. Batez ere, kontrolaren ideiarekin ikusi nuen kontrastea. Hirian saiakera egiten da dena kontrolpean izateko eta gauzak zurrunago gertatzen dira, eta landa eremuan, berriz, kontrol hori ez da posible. Ez zara iristen. Hasieran saiatzen zara, eta nahi duzu etxea erabat txukun egon dadin, eta baratza erabat txukun egon dadin, eta ezinezkoa da. Berez horrek arrakastarako aukera gehiago dauzka! Malgutasun horrek. Zurruntasuna behar ez izate horrek. Kontrolak beti egingo du porrot momenturen batean, eta kaosak ez. Eta hori guztia joan naiz ulertzen hemen bizita.

Bestalde, bailara honetan biztanleria aldatzen ari da: bizi osoa hemen eman duten pertsona helduak daude, gerora etorritakoak, udako turistak... Eraldaketa prozesua nahiko azkar gertatu da, gainera, eta hemengo jendearekiko harremanean lehengo eta oraingo garaien arteko aldea etortzen zitzaidan etengabe burura. Oraindik ere badut hori buruan. Kontua da une horretan Nafarroako Gobernuaren diru laguntza baten bidez aukera sortu zela laburmetraia bat egiteko. Medvedek proiektua aurkeztu nuen, eta aurrera egin zuen.

Zein zen hasierako proiektua, eta nola heltzen da proiektu hori zerbait konkretua izatera?
Ideia, berez, oso abstraktua zen. Izaban filmatzeko baldintzarekin jaso nuen diru-laguntza eta nekien bakarra zen Obabakoak obrarekin lotu nahi nuela. Pentsa. Aurreko proiektuarekin konturatu nintzen niretzat garrantzitsua zela kamera hartzen duzunean eta beste zerbaiti buruz hitz egiten hasten zarenean zure burua kokatzeko modu bat aurkitzea. Aurkitzea zein den gauza horrek zurekiko duen lotura. Pelikulan agertu ala ez.

Niri horrek funtzionatzen dit. Kontua da txikitan behin familiakoekin mendiz iritsi ginela Izabara, eta orduantxe Montxo Armendarizen Obaba filma grabatzen ari zirela bertan. Eta nik esan nion amari film hartan azaldu nahi nuela. Eta amak ezetz, urrutiegi bizi ginela. Gerora irakurri nuen Bernardo Atxagaren Obabakoak eta nire buruan liburuko eta Izabako paisaiak nahasten ziren. Eta gidoi hartan nire buruan landa eremuarekiko zeuden topikoak eta Obabakoak liburuko pertsonaiak nahasi nituen.

Proposamena onartu zidaten, baina papereko hari zentzua eman behar nion, eta bertara joaten hasi nintzen. Autoa hartu, plazan aparkatu, eta hantxe ni. Eskuinera ala ezkerrera joango naiz? Zer egiten dut nik hemen? Zeren bila nabil? Une horietan ideia bat daukazu eta hori da lotzen zaituen hari bakarra, horri tiraka loturak berriak sortzen joan behar duzu. Beharbada hari hori etengo da, eta berriei eutsiko diezu, ala ez, hari guztiak lehen hariaren inguruan txirikordatuko dira...

Eta zer gertatu zen hariari tiraka hastean?
Hari hark eraman ninduen gizaki-animalien arteko harremanaz hausnartzera. Herrira iritsi nintzenean hartzen kontua zebilen hitzetik hortzera. Bi hartz esloveniar sartzekoak ziren Pirinioetan, espezieak aurrera egin zezan, eta han ez zen beste ezertaz hitz egiten. Ohartu nintzen hari horri heldu behar niola, bai ala bai. Orduan Obabakoak liburuko ipuin batekin lotu nuen kontu hura, Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinarekin. Haur bat desagertzen da, eta basurde zuri bat agertzen da herrian. Ehiztariek basurdea hiltzen dute, eta haurra ez da agertzen... Eta hartzaren inguruan hitz egiteko modu egokia iruditzen zitzaidan. Zeren herrian hitz egiten zen hartatik ez zegoen jakiterik zer zen egia eta zer gezurra, mito piloa sortu ziren, mamu piloa…

Nire gatazka zen zer neukan nik, kanpotar gisa, horri buruz esateko. Ezin nion gaiari ezikusia egin, baina aldi berean hiritar bat nintzen Pirinioetako hartzaren inguruko polemikaz hizketan. Eta iruditu zitzaidan nire lotura pertsonal hark eraman ninduela hara, eta abiapuntu horretatik erreskatatu nezakeela errealitatea kontatzeko modu magiko bat, eta zilegitasun bat ematen zidala kontatzeko modu hark, hain zuzen, istorio hura nire ahotsean kontatzeko. Ez zuen zentzurik nik polemika hura hauspotuko zuen iritzi bat plazaratzeak. Beraz, pentsatu nuen istorio abstraktu eta kaotikoagoa egitea, eta beraz, arrakastarako aukera gehiago izango zuena [irriz]. Artean ere, kontrolatu dezakezuna kontrolatu dezakezu, eta bestea kaosak har dezala. Eta eragin bat izango badu alde batera edo bestera, ba ondo. Hobeto eragitea ezer ez eragitea baino.

Eta Medvedek eta gero, Buenos Aireseko zinema eskolan zinema dokumentalari buruzko masterra egin zenuen. Isolamendu zinematografikoa behar zenuela entzun izan dizut…
Oso hedonista dirudi, eta nahiago nuke bestela, baina hala sentitu nuen... Alde batetik, Medvedek egitean konturatu nintzen tresnak falta zitzaizkidala. Zinema tresnak. Teknikoak eta bestelakoak. Eta bestetik, Donostiatik Ereñozura etorri ginenean sorkuntzarako denbora irabazi nuen. Hemen egoteak tarte gehiago eman zidan nahi batzuk garatzeko. Proiektore zahar bat geneukan, eta urte bete eman nuen nire kabuz pelikulak ikusi eta ikusi. Eta gogoa sortu zitzaidan zinema niri bezainbat interesatzen zitzaion jendearekin egoteko, hitz egiteko, ikasteko. Hemen oso sare indartsua nuen, baina ez zen zinema mundukoa. Orduan Argentinara joan nintzen bi urteko masterra egitera. Bartzelonara joan nintekeen, baina gertuegi zegoen. Ezingo nuen hemengoarekiko deskonektatu, jakinda hain ordu gutxira nagoela. Eta aukera utzi nahi nion nire buruari zinemak leku zentral bat izan zezan. Banekien ez zela betirako, baina nahi nuen tarte batean hala izan zedin.

"Bakoitzak bere barne borrokak izango ditu norberari eman ez dioten diru-laguntza beste bati eman diotenean, baina elkarren lorpenengatik pozten gara eta ez da gutxi"

Eta han jaio zen Eskutitza katu bati, bukatu berri duzun film laburra.
Eskolan sorkuntza dokumentaleko ikasgai bat geneukan eta oso interesgarria zen. Nik ordura arte egin nuena izan zen grabatu beharrekoa grabatu, nik ikusi, eta muntatu. Baina ikasgai hartan grabatu ahala kideei irudiak erakusten genizkien, komentatu egiten genituen astez aste, eta asko ikasi nuen. Sorkuntza prozesu bakartia ez izatera igaro zen. Eta paradoxikoki,  testuinguru horretan sortu zen ordura arteko nire proiekturik intimoena. Film honetan nire lagun bat ageri da, nire txikitako kuadrillako kide bat, ni baino lehenago joana zena Argentinara. Han elkartu ginenean trantsizio momentu batean zegoen. Gu elkarrekin egon gabe hasi zuen trantsizioa, eta beraz, han batzean, elkarri non geunden kontatu genion. Ni zinema munduan murgiltzen ari nintzen, eta bera trantsizio prozesuan zegoen erabat, eta beraz, prozesu hori grabatzen hasi nintzen. Berriz ere banekien ez zela nire gaia, eta nire lekua topatu beharko nuela. Eta lotura gure harremana izan zen. Gure artean gauzak aldatu ote ziren ala ez, bizi genuen eguneroko horrek nola eragiten zuen gugan, gertatu ahala. Prozesuak kontsentsua lantzea eskatzen zuen, mugak zehaztea, negoziatzea, harremana lantzea, azken finean. Bernardarekiko harremanean eragin zuen, noski, dokumentalak berak. Eta oso oroitzapen ederra gelditu zaigu bioi.

Argazkia: Dani Blanco

Euskal Herrira bueltan, zinema egiten jarraitzen duzu. Diru laguntzak, sariak, proiektuak, ebazpenak… Lehiaz gaindi sarerik topatu duzu?
Toki askotan gertatzen den bezalaxe hemen ere etengabeko lehia batean gaude, beste zuzendari batzuekin edo beste proiektu batzuekin. Elkarlanak askoz emaitza hobeak emango lituzke, baina horrelaxe dago kontua. Zure proiektua etengabe moldatzen aritu behar duzu deialdi honetara edo hartara aurkezteko. Baina aldi berean, emakume zuzendarien artean sare nahiko polita dago. Badakigu nondik iritsi garen denak gauden tokira. Badago halako elkar-ulertze bat, eta elkar laguntze bat. Asko ikasi nuen Argentinan industriaz, ekoizpenaz, jaialdi-sistemaz, baina, hemen gauzek desberdin funtzionatzen dute eta bidelagunak behar dira egokitzeko. Eta emakume zuzendariak dira nire euskarria. Maddi Barber, Arantza Santesteban, Marina Lameiro, Irati Gorostidi, Lur Olaizola... denak ditut erreferente eta kide. Maddik egin zuen ekoizpena Medvedek-en eta nik beretzako Urpean Lurra-n ekoizpen laguntza eman nion, esaterako... Badakigu lehia testuinguru batean gaudela ezinbestean, baina lortu dugu kooperaziorako espazioak sortzea ere. Bakoitzak bere barne borrokak izango ditu norberari eman ez dioten diru-laguntza beste bati eman diotenean, baina elkarren lorpenengatik pozten gara eta ez da gutxi. Hala ere, zentzu honetan gehiago sakondu beharra dago.

Hainbeste emakumezko izen aipatuta, iruditzen zait emakume zinemagile asko daudela Euskal Herrian. Hala da, ala efektu espezialak dira?
Arte ederretan bezalaxe zinema ikasketetan emakumeak dira gehiengoa, baina jaialdietan dauden filmetan ez. Izugarrizko arrakala dago. Eta dokumentalen ala fikzioaren alorren artean ere bai. Dokumental bat askotan baliabide gutxiagorekin egin daiteke, eskura dituzun elementuekin, denbora askoz luzeagoa eskainiz eta ekipo askoz txikiagoarekin. Orduan,  txikitasun eta monumentaltasun horren kontrastean, genero arrakala ere hor dago. Baita kritikan ere. Medioek etengabe aurkezten dituzte emakumeen filmak intimistak eta bereziak bezala; eta gizonen filmak, berriz, genioaren diskurtsoan bilduta aurkezten dira eta lantzen dituzten gaiak gai potoloak dira, egiazko gizarte gaiak... Laburmetraiei eta luzemetraiei dagokienez ere gauza bera gertatzen da. Betikoa da. Ez da nahikoa zinematik aldaketa eragitea. Gizarteak ere begirada aldatu behar du. Gurpil zoro bat da.
Baina badago kontu interesgarri bat gertatzen ari dena: fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak asko ari dira lausotzen, eta dokumentalean hasi garen jende askok fikziora begiratzen dugu tresna berrien bila batere konplexurik gabe. Batek errealitatearen indizea eskaintzen badizu eta besteak magia puntua, zerk dio ezin direnik nahastu?

                                                                                   *     *     *

TALDE-LANA, EZINBESTEAN

Zinemak duen ezaugarri politiko bat da behartuta zaudela talde lanean aritzera. Ikasi beharra duzu gauzak delegatzen, besteen esku uzten. Fakultatean bideratzen zaituzte proiektuak bakarrik aurrera eramatera, hasi eta buka. Eta hori ezinezkoa da. Zinemaren kasuan, gremioka banatuta dago. Eta bai, zuzendari zarenean baduzu gaineko txori-begirada moduko bat. Baina zu baino adituagoa den jende batek ekarpena egiten dio proiektuari, eta argi dago bi begiradek bakarrak baino gauza gehiago ikusten dutela. Horretatik ikasteko aukera daukazu.

Medvedek-en, bi fasetan izan zen errodatzea. Transhumantzian bakarrik joan nintzen, eta gainontzekoan ekipoan. Bertakoekiko harremanean zentratu nahi nuen, eta nik baino askoz hobeto filmatzen duen Peru Galbetek eraman zuen kamera bigarren fasean. Proiektuak hala eskatzen zuen. Katuarenean, berriz, nire begiek egon behar zuten kameraren atzean, bai ala bai. Ez zuen zentzurik gure etxean bost pertsonako ekipoa sartzeak. Horrek esan nahi du irudia ez dela perfektua izango, edo ez behintzat erabat kontrolatua, baina proiektuari balioa beste zerbaitek emango dio, hain zuzen.

           

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude