"Lurrikarek azalera atera dute mexikar agintarien utzikeria"

  • 2017ko irailaren 19an, 7.1 magnitudeko lurrikara batek Mexiko erdialdea astindu zuen. Shu Otero ilustratzailea (Sunbilla, 1995) Mexiko Hirian zegoen, lurrak dar-dar egin zuenean. Egun berean, baina 32 urte lehenago, 1985eko irailaren 19an, lurrikara are bortitzagoa sufritu zuen herrialdeak. Milaka gorpu lurpean, eta agintarien utzikeria azalean. Voces de Chimalpopoca komikian hainbat lagunen testigantzak jaso ditu Oterok, gure planeta habitatu eta bizitzak eraikitzeko mekanismoen inguruko hausnarketa josteko.


2021eko irailaren 19an
Shu Oterok filosofia ikasketak ditu burutuak. Narrazioaren une batzuetan agerikoa egin zaigu, hausnarketen sakonagatik. Ilustratzaile nafarrak lotura estuak ditu Mexikorekin. 2017a baino lehen ere aritua zen bertan lanean, eta bere ama urte luzez bizi iza
Shu Oterok filosofia ikasketak ditu burutuak. Narrazioaren une batzuetan agerikoa egin zaigu, hausnarketen sakonagatik. Ilustratzaile nafarrak lotura estuak ditu Mexikorekin. 2017a baino lehen ere aritua zen bertan lanean, eta bere ama urte luzez bizi izan zen han. Azken urteotan hainbat gizarte mugimendurentzat egin ditu lan grafikoak, eta ARGIAn ere ezaguna egiten ari da bere sinadura.DANI BLANCO

2017ko lurrikara gertatzearekin bat laguntza-lanetan hasi zinen. Eta hortik, komikia sortzera. Nola izan zen prozesua?

Komikira eramandako kronika periodistikoek beti erakarri naute. Lurrikara sentitu nuenean ordenagailu aurrean nengoen, proiektu grafiko baten inguruan lanean. Horrelako uneetan plan guztiak hankaz gora joaten dira, egunak joan egunak etorri, inguruan gertatzen ari dena baino ez duzu buruan. Pentsatu nuen hori guztia jaso nezakeela, testigantzak bildu, eta ondoren horiek zabaltzeko bidea topatu. Komikia egokia iruditu zitzaidan horretarako.

Zer ekarpen egiten du komikiak, alderatzen badugu adibidez idatzizko kronika batekin?

Oso subjektiboa da medio bakoitzak gutako bakoitzari zer iradokitzen digun. Nire irudipena da kazetaritza-lan batzuek, horrelako momentuetan oso garrantzitsuak izanagatik ere, erritmo biziegia dutela, eta ez duela denborarik ematen gauzak sakonago aztertu eta jendearen bizipenak azaleratzeko, ezta haien memoria kolektiboa nola higatzen ari den jasotzeko ere. Alde emozionalago hori ere islatu nahi nuen.

“Indarkeriaren gorakadarekin biziraupena are gordinagoa bilakatu da askorentzat Mexikon, eta horrek zaildu egiten du egoera konkretuetan jendeak komunitatea sortu eta elkar laguntzea”

Geratzen zaigun sentsazioa da Mexiko dela herrialde kaotikoa. Gobernuaren utzikeria, eta horren aurrean komunitatearen indarra, auzolana, 1985ean nabarmenagoa izan zena 2017an baino.

Mexikok bai baititu ezaugarri oso bereziak. Batetik daude instituzioak, Gobernua, eta haren aginduetara aritzen den polizia; eta bestetik jendea, komunitatea. Bakoitzak krisi egoerari nola aurre egiten dion, zer babesten eta lehenesten duen, horiek bermatzeko zein mekanismo baliatzen dituen...

1985ean argi ikusi zen Gobernuaren helburua ez zela herritarrak laguntzea, baizik eta enpresak eta haien makinak salbatzea. Lurrikarak kolpatutako zonalde batzuetan utzikeria erabatekoa izan zen. Egunak pasa zirenez gobernuak esku hartu zuen arte, jendea bere kabuz antolatu zen. Eta horrek, gerora, mugimendu politiko sakonak ekarri zituen, sindikatu berriak sortu ziren... Kontua da 1985ean kalterik handienak izan zirela langile auzoetan, zonalde pobreetan, eta indar errepresiboek helburutzat zutela enpresen makina, diru, agiri eta bestelakoak erreskatatzea. 2017koak aldiz auzo-eraikin desberdinak kolpatu zituen, eta polizia, armada edota babes zibilaren erantzuna azkarragoa –baina ez horregatik eraginkorragoa– izan zen oro har. Horrek auzolana “anulatu” zuen apur bat, nahiz eta jendea konturatu zen, batetik, lurrikara batek zein zonalde astindu, erakundeen erantzuna modu batekoa ala bestekoa izango dela eta, bestetik, erakunde horiek lurrikara baliatzen ari zirela haien burua zuritzeko.

Poliziak eta armadak ospe oso txarra dute Mexikon, bistakoa da zergatik. Jendearen memorian bizi-bizi zegoen Ayotzinapako 43 desagertuen kasua... Maiz gertatzen da gauza bera, pandemia honetan ere ikusi dugu: larrialdi egoerak baliatzen dira berez helburutzat errepresioa duten erakundeak legitimatzen saiatzeko. Hedabideek ere laguntzen dute horretan, uniformedunak “heroi” gisa aurkeztuta beti.

Shu Oteroren estreinako komiki luzeak estilo “feista” duela irakurri dugu nonon. Eta egia da marrazkiak trazu lodi samarrekoak direla, baina eraginkor eta garbiak dira, eta zuri-beltzak ederki biltzen du lurrikararen osteko atmosfera.

Mexikoko komunikabide nagusien jardunak luzerako emango luke. Egunkari-zati asko jaso duzu komikian, narrazioan tartekaturik.

Hedabideak zertan ari ziren erakusteko egin dut. Komikian ikus daiteke nola 2017an bazegoen nolabaiteko tentsioa medio nagusiek eta sare sozialek zabaltzen zuten informazioaren artean. Biek dauzkate beren arriskuak, baina zehazki komunikabide handien jarduna hizpide hartuta, ikus daiteke badagoela narratiba ofiziala eraikitzen laguntzen duen diskurtso edo mekanismo bat, lotura duena 1985eko lurrikara gertatzean herritarrek errepikatzen zuten esloganarekin: “Fenomenoak naturalak dira, hondamendiak humanoak”. Alegia, medioetan “hondamendi naturalak” aipatzen direnean behin eta berriro, albo batera uzten dira bizitzak eraikitzeko moduak eta horien atzean dauden erabaki politiko eta ekonomikoak, non zenbait gauza lehenesten diren –inbertsioen bidez, esaterako– eta herritar batzuek larrutik ordaintzen duten.

Sare sozialen kasuan, tresna potentea dira kalean gertatzen ari dena islatu, jendea koordinatu eta komunitatea babesteko; baina tentuz jokatu behar da, benetakoa ez den informazioa ere zabaltzen delako. Batzuetan zaila da horrelako tentsio egoera baten erdian, jendea beldur denean eta informazio bonbardaketa izugarria dagoenean, benetan zer gertatzen ari den ulertzea.

Tentsio handiko momentu horietan, zein paper jokatzen dute botereak eta haren aginduetara dagoen poliziak?

Chimalpopoca auzunera gerturatu nintzen egunetako batean, poliziarekin liskarrak izan berri ziren. Jendea shock egoeran zegoen. Antsietate handiko momentuak dira, eta txinparta txiki batek guztia leherrarazi dezake. Ikusten duzu krisi egoeretan ohikoa den diskurtsoa saltzen ari direla –“Denok elkarrekin gaude honetan, Mexiko batua, Adorea”–, baina denbora berean oztopatu egiten dutela norberaren espazioa mantendu eta lanean jarraitzea, indarkeria dagoela leku guztietan, eta jendeari ez zaiola antolatzen uzten, sortzen doazen elkartasun sareak mozten doazela. Instituzioak txoko guztietan sartzen dira, herritarrek botere guztia galtzeraino.

“Brigada Feministak helburu argia zuen: 1985ekoa berriro ez gertatzea, alegia, lehentasuna ematea ez hondakin artean harrapatutako makina, agiri eta bestelako materiala salbatzeari, baizik eta jendea ateratzeari”

Begiratu behar da Mexikok 1990eko hamarkadaz geroztik izan duen ibilbidea. Gobernuaren eta gizartearen arteko tentsioa beti izan da, baina azken urteotako gertaerek, narkotrafikoaren aurkako gudaren izenean egindakoek adibidez, instituzioen eta herritarren arteko harremanak gaiztotu dituzte, baita gizarte-loturak hautsi ere. Indarkeriaren gorakadarekin biziraupena are gordinagoa bilakatu da askorentzat, eta horrek zaildu egiten du egoera konkretuetan jendeak komunitatea sortu eta elkar laguntzea. Antolaketa ereduari buruz hausnartzen dute, badakite oinarrian zein arazo dauden, baina beste kontu bat da zer gaitasun dagoen elkartasunari denboran eutsi eta kontrabotere indartsua antolatzeko, edota azpiegiturak eraikitzeko.

Brigada Feministak aipatzen dituzu komikian.

Ez da kasualitatea Brigada Feminista auzune horretan antolatzea, zuzenean loturik baitago bertako memoriarekin. 1985ean, hainbat eraikin erori eta langile ugari hil ziren, emakumeak asko, jostunak, imajina daitekeen bezala ez zirenak lanean ari baldintzarik onenetan. Paperik ez, soldata irrigarriak... Eraikinak gainera ez zeuden egokituta hainbeste langile hartzeko, ezta lurrikara bati aurre egiteko prestatuta ere. Gertatutakoak zauri oso sakona utzi zuen auzoan, eta oro har hiriaren memoria kolektiboan.

Orduko hura oraindik ere gogoan du askok, lurrikarak eragin zuen txikizioagatik, baina baita gobernuaren utzikeriagatik ere, eta horri aurre egiteko herritarrek eratu zituzten laguntza-sareengatik. Esperientzia hartatik sortu zen adibidez “19 de Septiembre” jostunen sindikatua, genero perspektiba argi bat zuen lehenengoa. Mexikoko historia feministarentzat inflexio puntu oso inportantea izan zen.

Argazkia: DANI BLANCO

2017ko lurrikarak zonalde bera kolpatu zuenean, non baziren jantzi-fabrika batzuk eta emakume ugari bertan lanean, jendearen gogoak 1985era egin zuen salto, eta hortik sortu zen Brigada Feminista, helburu argiarekin: 1985ekoa berriro ez gertatzea, alegia, lehentasuna ematea ez hondakin artean harrapatutako makina, agiri eta bestelako materiala salbatzeari, baizik eta jendea ateratzeari.

Nork zer lehenesten duen berriz ere.

Berez “naturalak” ez diren hondamendietan sarri ikusi dugu gauza bera, pasa den maiatzean urrutirago joan gabe. Hiriburuan metroaren pasabide bat erori zen, bizilagunek denbora zeramatenean ohartarazten arazo estrukturalak zituela eta jausteko arriskuan zegoela, beste hainbat eraikin bezala. Zein auzotan zegoen ordea pasabide hori? Nortzuk erabiltzen dute metroa eta oro har garraio publiko merkea Mexikon? Bada, jende hori ez da lehentasunezkoa gobernuarentzat. 2017ko irailaren 7an, lurrikara handia baino hamabi egun lehenago, txikiago bat izan zen, eta komikiko azalean ageri den eraikinak kalteak sufritu zituen. Langile batek horien berri eman, baina inork ere ez zuen deus egin. Horregatik diot: zein punturaino da hondamendi bat “naturala”?

Horrek guztiak ez al du gizartean etsipen puntu bat sortzen?

Baietz uste dut, baina bestetik, jendeak ez duenez konfiantzarik Gobernuaren gain, herritar asko euren kontura moldatzen dira. Gaitasun miresgarria dute. Mexiko Hiria izugarri handia da, eta jendea ohitua dago egoerari komunitate txikietan aurre egiten, jakitun instituzioek ezer gutxi egingo dutela beraien alde. Kontua da azpiegitura handiak, trenbide edo errepide sareak esaterako, eskala altuago batean kokatzen direla, eta horien inguruko erabaki politiko-ekonomikoak beste batzuen esku daudela.

“Hedabide mexikarrak ezagunak dira horikeria edo morboagatik, indarkeria modu oso gordinean erakusteagatik. Argi nuen beste bide bat hartu behar nuela”

Lurrikaren eraginez, eraikinen zimenduak mugitu ziren moduan, higatu zen instituzioekiko konfiantza...

López Obrador (Morena) da gaur egun presidentea. Kuriosoa da, bada beste paralelismo bat 1985ekoaren eta 2017koaren artean. 1985ekoaren ondoren, batzuen iritziz orduan sortu ziren herri mugimenduengatik –ziur arrazoi gehiago badirela, baina tira–, aldaketa politiko handiak eman ziren. Eta 2018an antzekoa gertatu zen: PRI zegoen berriro boterean, baina Morenak irabazi zituen hauteskunde federalak. Nik uste dut, dena den, gizartearen deskonfiantza sakonagoa dela, ez dagoela alderdi zehatz bati lotua, baizik eta sistematikoagoa dela, estrukturala. Gainera, ez da Mexikoko instituzioetara mugatzen. AEBekiko harremanak, "Norte global" delakoaren papera… Nabarmena da botere-falta sentsazioa, eta horrekin loturik ere badago hainbat elkarrizketatuk esan zidatena. Jende nagusiak, antolakuntza politikoetan parte hartze aktiboa izan dutenek, gazteen artean nolabaiteko despesperantza sumatzen dutela diote.

Goazen berriro komikira. Kontatzen dituzunak gordinak izanagatik, ez dago asmorik irakurlea negar malkotan  itoarazteko.

Niretzat oso garrantzitsua zen hori. Hedabide mexikarrak ezagunak dira horikeria edo morboagatik, indarkeria modu oso gordinean erakusteagatik. Argi nuen beste bide bat hartu behar nuela. Batzuetan ezin da saihestu, historia aldatu beharko nukeelako hunkigarria ez gertatzeko, bizipen batzuk hain baitira gogorrak, hainbeste ukitu ninduten… Irakurlearengan emozio bat sortzen baino, saiatu naiz elkarrizketatuek egindako hausnarketak jasotzen, esateko zeukatena transmititzen.

Zuri-beltzaren aldeko hautua egin duzu.

Gustuko ditut zuri-beltzean kontatutako historiak, kazetaritza ukitu hori. Gainera, lurrikarak, eraikinak behera etortzea, hautsa, hondakinak… oso giro grisa da, eta gris tonu horiek gustatzen zitzaizkidan. Bestalde, garapen bisualerako lagungarria zait. Badira komikian “aliterazio grafikoak” deituko nituzkeenak. Zartadura baten irudia bihurtzen da bat-batean sustrai, lurrikararen lerro zinetikoak hurrengo binetan dira ez dakit zer… Erlazio bisual horiek ez dira planifikatuak, marrazten noan neurrian sortzen dira, eta zuri-beltzean errazago garatu ditzaket.

 

-------------------------------------------------------------------

 

Chimalpopoca-ko ahotsak

 

Colonia Obrera auzunean, Mexiko Hiriaren erdialdean, Bolivar eta Chimalpopoca kaleek bat egiten duten lekuan. Hantxe zegoen Shu Oteroren komikiko azalean agertzen den fabrika, berun, kristal eta harri pila bihurtuta, 2017ko irailaren 19ko lurrikararen astinduari eutsi ez zioten eraikin ugarietako bat. Egun berean, baina 32 urte lehenago, 1985eko irailaren 19an, lurrak dar-dar egin zuen Mexikon, eta eraikin horren ahulguneak agerian geratu ziren. Agintariek, baina, erabaki zuten ez zegoela motiborik haren hezurdura indartu eta gorputza eraberritzeko. Egiaz, tamainako ezbeharrei aurre egiteko protokolorik ez izateak eta instituzioek agertutako utzikeriak erabateko kaosa eragin zuten herrialdeko bazter ugaritan, zeinak gizarte zibila bultzatu zuen auto-antolatu eta erreskate-lanak gidatzera, gorputz autonomo gisa.

2017ko lurrikara gertatu zenean, lau solairuko blokean zeuden arropa diseinatzeko tailer bat, oihal gordailua, opari eta jostailu inportatzaile bana, autoentzako segurtasun-kamerak fabrikatzen zituen konpainia bat, eta enpresari judutar batek erabiltzen zituen bulegoak. Hamabost lagunen gorpuak geratu ziren hondakin artean harrapatuta, datu ofizialen arabera: hamabi emakume (zortzi mexikar eta hiru taiwandar) eta hiru gizon (taiwandar bat, korear bat eta enpresari judutarra). Gehienek ordu asko ematen zuten lanean, eta soldata txikia jaso.

Astiberri-k argitaratu du Shu Oteroren estreinako komiki luzea.

Eraikina erortzean, jendeak zioen jostun atzerritarrak ari zirela bertan lanean, eta memoria kolektiboak 1985era egin zuen jauzi. Orduko hartan, hondakin artetik, tailer klandestinoetan ari ziren jostunen lan baldintza negargarriak azalera atera ziren eta, hasiera batean, bazirudien 2017koak ere osagai berdin-berdinak zituela. Orduak pasa ahala jakin zen bazirela desberdintasunak bi kasuen artean, baina Shu Oterok komikian dioen bezala, oinarrian bazuten antzekotasunik: hildako asko lan baldintza negargarriak zituzten emakumeak ziren, eraikinak ez zituen beharrezko segurtasun neurriak betetzen, erantzukizunik ia inork ez zuen hartu bere gain, hedabideek informazioa ezkutatu zuten, liskarrak izan ziren laguntzera bertaratutako herritarren eta polizien artean, ustelkeria zantzuak, gobernuarekiko mesfidantza... Oteroren estreinako komiki luzea (Voces de Chimalpopoca. Astiberri, 2021) mintzo da “munstroa” deitzen dioten hirian lurrikarek eragindako zauriez.

Lehenengo pertsonan idatzitako kontakizuna uztartzen du 1985 eta 2017ko lurrikarak bizi izan zituzten hainbat lagunen testigantzekin. Bizilagunak, brigadetako kideak, 1985ean jostun bezala lanean ari zen emakumea, ama eta arreba galdu zituen gizona, kazetari bat... Dozenatik gora elkarrizketa grabatu zuen, eta horien lagin bat jaso du 222 orrialdeotan. Amarekin, zeina 1985eko irailaren 19an Mexikon zegoen, euskaraz mintzo da Otero komikian. Gainerakoan, narrazioa eta pertsonaia guztien aipuak  gaztelaniaz daude. Antonio Altarriba izan du "aitabitxi"; hark egin dizkio zuzenketak, gomendioak eman...
 


ASTEKARIA
2021eko irailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Estitxu Eizagirre
#2
Gorka Bereziartua
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


Eguneraketa berriak daude