Biga (5 liburu)
Gidoia: Romain Pujol
Ilustrazioak: Vincent Caut
Astiberri
----------------------------------------------------
Hamaika ipuin irakurri dizkiegu etxean zazpi eta bederatzi urteko seme-alabei, eta esango nuke sekula ez ditudala hain engantxaturik ikusi, Biga benetan identifikatu gabeko animaliaren eta haren adiskideen abenturekin baino. Teo hilezkorrarekin izan zuten fase nahikoa intentsoa, baina istorioak baino marrazkiek harrapatzen zituzten, jolas moduan hartuta pertsonaia hau eta beste topatzea.
Bigarekin ez, animalia urdinaren xelebrekeriek zoraturik dauzkate, oheratzean zaharrenak gazteenari bizpahiru istorio irakurtzeraino –laburrak baitira abenturak, bi orrialdekoak ia denak–. Tarteka barrez entzuten ditugu umeak, Biga eta haren lagunen pasadizo eta ateraldiengatik. Adiskidetasunaz mintzo dira Astiberrik plazaratutako Biga bildumako bost liburuak, lagunen arteko konplizitateaz, inbidiaz, aliantzez eta sarri konturatu gabe egiten diren traizioez. Eskolan eta haren inguruan gertatzen dira abentura asko, baita Bigaren etxean ere, non bere gurasoek etengabe borrokatu –zentzu onean– beharko duten haren ahalmen harrigarrien aurka.
Samurtasunez kontatzen dituzte istorioak Romain Pujolek eta Vincet Cautek, bihurrikeria bihurrienak bezala desamodio istorioak edota klaseko azpiratzaileen arlotekeriak. Umeen unibertsoan ohikoak direnak bildu dituzte liburuetan, eta agian horregatik erakartzen dituzte hainbeste. Istorio laburrak izateak ere izango du loturarik –aspertzeko betarik ez dute ematen–, baita animalia bakoitzaren izaera bereziak ere, edo Cauten marrazki koloretsuek, edo liburu bakoitzaren amaieran dauden jolasek: asmakizunak, hieroglifikoak, Non dago Wally? tankerakoak, ariketa matematikoak...
Bego Montoriok, Jon Muñozek eta Aintzane Atelak euskaratu dituzte bost liburuak (Benetan identifikatu gabeko animalia; Super laguna!; Errekreazioak, klik eta ekin!; Biga endreda-makila eta 2023an plazaratutako Bat eta bakarra). Aitortzen dut pertsonaien ahotik ateratako espresio batzuek kirrinka eragin didatela apur bat, "jasoegiak" direlako-edo, haur eta gurasoek gutxitan erabiltzen dituztenak; baina, aizue, horrelakoak ere naturaltasunez txertatzen baditugu umeen egunerokoan, hori alde.
Ez dakit Bigaren liburu gehiago izango ditugun euskaraz –frantsesezko jatorrizkoan bada seigarren bat–. Zain izango gaitu etxean.