Nobeldun sarraskia

  • Azaroaren 4an hasi zuen Etiopiako armadak Tigray eskualdearen aurkako erasoa, Abiy Ahmed lehen ministroaren aginduz. Hamar hilabete geroago, Etiopiako indarren sarraskiek eta sexu-krimenek –Eritreako tropen laguntzarekin– bi milioi pertsona baino gehiago etxerik gabe utzi dituzte. NBEren arabera, 400.000 pertsona gosete-egoeran daude, elikagaiak lortzeko ezintasunaren alarma mailarik gorenean.

Argazkia: E. SOTERAS / AFP

Etiopiako lehen ministro eta 2019ko Bakearen Nobel saridun Abiy Ahmedek –Eritrearekin bakea sinatu, preso politikoak askatu eta disidentzia politikoari eskua luzatzeagatik eman zioten saria– nazioarteko komunitatea zur eta lur laga zuen Tigrayren Askapenerako Herri Fronteari (TPLF ingelesezko sigletan) gerra deklaratzean. 27 urtez Etiopiako Gobernua eta aginte-postu ekonomiko eta militar guztiak gidatu dituen alderdi eta gerrilla da TPLF, Tigray-n herritarren babes handia duena. Boterera heltzean demokraziaz eta askatasunaz mintzo zen Ahmed, orain bere estatuko zonalde bati egindako blokeo zorrotza ari da bermatzen, Tigray-ko sarraskiak ezkutatzeko.

Etnia nagusien araberako Etiopiako banaketa administratibo/politikoa.

Afrikan inoiz kolonizatua izan ez den herrialde bakarra da Etiopia, italiarren okupaziopean egondako bost urteak izan ezik (1936-1941). Biztanle gehienak biziraupeneko nekazaritzatik bizi dira eta askok ez du argindarrerako sarbiderik. Bere mugen barruan 110 milioi lagun bizi dira 80 etnia baino gehiagoren artean banatuta, bakoitza bere hizkuntzarekin. Horien artean, nagusiak dira Amhara, Oromo eta Tigray. Etiopiako biztanleriaren %34 oromoak dira, historikoki gehien zapaldutako etnietako bat –esklaboak izan ziren Hailé Selassié enperadorearen garaian 1930-1974, esaterako, amharak %27 dira eta Tigray-n bospasei milioi lagun bizi dira, herrialdearen iparraldean, Sudan eta Eritrearekin muga-mugan.

Duela hiru urte arte, Afrikan azkarren hazten ari zen ekonomia zen Etiopiakoa, eta nolabaiteko oasi gisa nabarmentzen zen, gatazkaz betetako Afrikako Adarreko auzokideekin alderatuta. Baina lasaitasun hori errotik da eten.

Abiy Ahmedek Oslon saria jaso zuenetik, oposizioko kideak eta kazetariak atxilotu ditu, herrialdeko hainbat eskualdetan aurretik zegoen nahigabea areagotu du eta, batez ere, Tigray-ko herritarren aurkako guda gupidagabeari ekin dio, "animaliak" direla argudiatuta. Gatazka armatuak dagoeneko bi milioi desplazatu baino gehiago eragin du, eta nazioarteko erakundeek aho batez salatu dituzte Etiopiako Gobernuaren ekintzak: zibilen hilketa ugari, herri eta hirien arpilatzeak, milaka errefuxiatu, muturreko gosete-egoeran dauden 400.000 pertsona baino gehiago eta, Amnistia Internazionalaren ikerketa batek salatu duenez, soldaduek eta milizianoek Tigrayko emakume eta neska gazteen aurkako abusuak sistematikoak dira, tartean sexu-esklabotza eta sexu-mutilazioak.

Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmed, Oslon, 2019ko Bake Nobel Saria jaso ostean. Argazkia: Reuters

Tigray, txiki boteretsua
Etiopiako biztanleriaren %6 baino ez bada ere, Tigray Etiopiako politikaren eragile nagusia izan da. TFLPk gidatutako koalizio batek lagundu zuen Haile Mengisturen joera sobietarreko gobernu zentralistari amaiera ematen 1991n. Botere aldaketa horrek Eritrearen independentzia ere ekarri zuen, ordura arte Etiopia barruan zegoena. Izan ere, konstituzioan autodeterminazioa eta sezesio eskubidea dituen munduko herrialde bakanetakoa da Etiopia.

Behin tigrinyek boterea eskuratuta, herrialdeko etnia nagusiak ordezkatzen zituen koalizio alderdia eta gobernua sortu zuten, eta Etiopia etnia horien arabera banatu zuten. Horrela, TFLPk, Meles Zenawi buru zuela, ia hogei urtez (2012 arte) gobernatu zuen, gogor eta gordin.

TFLPren agindupeko urte horietan, Etiopia Mendebaldearen aliatu bihurtu zen 'terrorismoaren aurkako gerran', aurrerapen ekonomiko esanguratsua izan zuen, azpiegituretan inbertsio handia egin zuten eta dozenaka mila lagunek izan zuten lehen aldiz unibertsitatera sartzeko aukera. Baina disidentzia politikoa erabat azpiratu zuten garaia ere izan zen. Kazetariak, oposizioko buruzagiak, manifestariak eta blogariak atxilotu eta jazarri zituzten gupida handirik gabe.

Etiopia erregimen kapitalista da, baina Europaren begiradapean, neurri sozialista edota nazionalistak ditu indarrean oraindik. Lurrak ez du jabetza pribaturik, estatuak kudeatu eta ematen du alokairuan. Afrikako Txina Berria deitzen diote Etiopiari, Txinako fabrika asko ezarri direlako estatuak eskainitako alokairu prezio txikiei esker. Estatuarenak dira telekomunikazio eta energia enpresa nagusiak, baita airelineak eta unibertsitate publikoak ere.

Autoritate handiko figura handia zen TFLPko Meles Zenawi presidentea, eta 2012an, haren heriotzaren ondoren, herrialdetik erabat inoiz desagertu ez ziren tentsioak indar handiagoz berragertu ziren. Eta hala, 2018an, bi etnia nagusien (oromoak eta amharak) arteko protesta odoltsuen ondoren, urak baretzeko ezin hobea zirudien figura aurkitu zuen TPLFren gobernuak. Aurreneko aldiz, oromo bat izendatu zuten lehen ministro: Abiy Ahmed.

Burkide izatetik, ‘hiena terroristak’ izatera
Abiy Ahmedek, nerabe zela, TPLFrekin batera egin zuen borroka, Mengistuko erregimen sobietarraren aurkako gerran, eta, horrela, tigrinyak boterea eskuratzen lagundu zituen. Behin TPLF gobernuan zela, inteligentzia zerbitzuetan ardura izan zuen, besteak beste. Bere historialari erreparatuta, nahiz eta beste etnia batekoa izan, Ahmed lehen ministro jartzeak ez zirudien arazo handirik ekarriko zionik TPLF-i. Baina Ahmedek, denen harridurarako, ia dena hankaz gora jarri zuen.

Boterera iritsi eta aurreneko hilabeteetan, mundua harritu egin zuen. Milaka preso politiko askatu zituen; hedabide independenteei ezarritako murrizketak indargabetu zituen; erbestean zeuden oposiziogileen itzulera ahalbidetu zuen; lehen aldiz Etiopiako historian emakumek eta gizonek osatutako gobernu parekidea sortu zuen; ustelkeriagatik ikertutako agintari eta militarrak kargutik kendu zituen eta, batez ere, bakea sinatu zuen "etsaiarekin": Eritrearekin. "Denborarekin ikusi dut agintari doilorra eta zitala dela, baina, nire kontra esan behar dut, boterera iritsi zenean Abiy Ahmeden jarraitzailea izan nintzela. Egin zuena harrigarria iruditu zitzaidan. Adibidez, alderdi politiko eta talde armatu guztiak legeztatu zituen. Hori ikusgarria izan zen. Adibidez, Eritrean erbesteratutako gerrillari oromoak Adis Abbebara –Etiopiako hiriburua– itzuli ziren, The Rolling Stones hirian sartu izan balira bezala". Artziniegako Mikel Bilbaoren hitzak dira. Sei hilabetez bizi izan zen Mekelen, Tigrayko hiriburuan, duela hiru urte. Ingeniaria da eta hango unibertsitatean irakasten aritu zen. Ordutik Etiopia eta Tigrayko egoera gertutik jarraitzen du.

Etiopiako Armadako soldaduak Tigrayko Adigrat herrian. Argazkia: Reuters

Bakea gerrarako pizgarri
Etiopia eta Eritrearen arteko bakea sinatzea, norekin eta Isaias Afewerki Eritreako presidentearekin –Tigrayren etsai sutsua– egungo egoeraren detonatzailea izan zen. TPLF boterean zela gerra egin zuten Eritrearekin kontra, 1998 eta 2000 artean.

"Tigray beti izan da eremu militarizatua, batez ere Eritreako mugan, eta Ahmed zonalde hori desmilitarizatzen hasi zenean, tigrinyek ulertu zuten mugimendu hori haiek babesik gabe uzteko egin zutela. Manifestazioak eskualde osoan zehar zabaldu ziren, Tigray gerrarako prest zen", dio Bilbaok.

Bake itun horrek atzerrian sari bat eta etxean gerra bat ekarri zizkion Ahmedi. Nobel saria jasotzean esan zuenean "Gerrak gizon mingotsak, gupidagabeak eta basatiak sortzen ditu", inork ez zekien horiek bere politika eta jokaeraren ezaugarriak izango zirenik.

Guda ate joka
Abiy Ahmedek gobernua gidatzen zuen koalizio alderdia desegin eta ia etnia berak ordezkatzen dituen beste alderdi bat sortu zuen, baina TPLF baztertuta. Handik gutxira talde terroristen zerrendan sartu zuen TPLF. Eta horrela, 2020ko azaroan, burkide eta alderdikide ohiei gerra deklaratu zien formalki, eta, hedaduraz, herri oso bati: Tigrayri.

Azaroaren 4ko gauean, Abiy Ahmedek Tigrayren aurkako erasoaldia agindu zuen, Etiopiako armadaren komandantzia batzuen aurka TPLFk, ustez, egindako erasoak haizatu zituen gerraren hasiera justifikatzeko. Hilabetera, Tigray menpean hartu zuela aldarrikatu zuen Etiopiako Gobernuak. Ahmedek orduan esan zuen ez zela biktima zibilik izan eta kanpaina militarrean ez zuela atzerriko indarrik parte hartu. Baina baieztapen borobil horiek laster xahutu ziren.

Tigray militarki menpean hartzeko, Etiopiako Gobernuak lau aktore nagusi mobilizatu zituen: Etiopiako armada, Amharako Polizia Indar Bereziak, Amharako Fano milizia eta Eritreako armada. Honezkero inork gutxik jartzen du ezbaian eritrearren esku-hartze armatua Tigrayn, "barne gatazka" ei zena nazioarteko gerra bihurtuz.

Janaria jasotzeko ilaran, Tigrayko Shire herrian.  Argazkia: B. Ratner / Reuters

Itzali eta txikitu
Lehenik eta behin, Tigray argirik eta komunikaziorik gabe utzi zuten, eta, ondoren, "gizateriaren aurkako krimenei" ekin zieten, nazioarteko erakunde esanguratsu guztiek dokumentatu dutenez, Amnistia Internazional, Human Right Watch edo Nazio Batuen Erakundeak kasu.

Sarraskiekin batera, emakumeen bortxaketa sistematikoa izan da. Etiopiako eta Eritreako tropek ehunka emakume eta neska bortxatu dituzte, Amnistia Internazionalak (AI) abuztuan adierazi duenez. “Argi dago bortxaketa eta sexu indarkeria gerra arma gisa erabili dituztela Tigrayko emakume eta neskei kalte fisiko eta psikologiko iraunkorrak eragiteko", adierazi du AI-ko idazkari nagusi Agnes Callamardek. AI-ren txostenaren arabera, Tigrayko osasun zerbitzuek 1.288 sexu-indarkeria kasu erregistratu dituzte otsailetik apirilera bitartean, baina jakinarazi gabeko kasuen kopurua askoz handiagoa da.

"Arazo etniko bihurtu da. Tigrinyen aurkako gorrotoak mugiarazten ditu soldadu etiopiarrak eta eritrearrak. Horrela bakarrik uler daitezke egin dituzten ankerkeriak. Ni Tigrayko hiriburuan bizi izan naiz, 400.000 pertsona inguru bizi ziren Mekelen. Garapen apaleko hiria zen, baina bazuen zenbait aurrerapen. Adibidez, ospitale publiko handi eta aurreratua. Bada, gaur erabat suntsituta dago. Ez da ezertxo ere geratzen. Eritreako gizon armatuak igaro diren lekuetatik, orokorra izan da arpilatzea. Lapurtu daitekeen guztia eraman dute, eta beste guztiari su eman", dio Bilbaok.

Mekeleko herritarrak TPLFko kide baten atzetik, ekainaren 29an, Tigrayko hiriburutik Etiopia eta Eritreako indarrak kanporatu ostean. Argazkia: Y. Chiba / Afp / Getty Images

Usteak erdi ustel
Ahmeden asmoa, gerra azkarra egitea zen: erasoaldi basati batez, Tigray osoa okupatzea eta TPLF denbora gutxian suntsitzea. Baina erresistentzia gutxietsi egin zuen.

"Tigrayn ez da inor gatazka hau bere herriaren aldeko borroka gisa ulertzen ez duenik. TPLFko jendea militarki oso prestatuta dago, oso koadro zailduak dituzte. Erasoaldian, gerrillari tigrinyak basoetan babestu ziren eta, sei hilabeteren ostean, kontra-ofentsibari ekin zioten", azaldu digu Mikel Bilbaok. Astebetean, hiriburua berreskuratu zuten tigrinyek, indar okupatzaileen artean baja andana eragin eta arma eta gerrarako material ugari konfiskatuz. "TPLFk Mekelen atxilotu zituen Etiopiako armadako milaka soldaduren irudiak ikus daitezke sarean", berretsi du Bilbaok. Zenbait egunetan, ia Tigray osoa berreskuratu zuten, eta Eritreako indarrek erretiratu egin behar izan zuten.

Alde militarretik nolabaiteko berdinketa teknikoa badago ere, herritarrentzat okerrena etortzeko dagoela diote nazioarteko eragile guztiek. "Euriteen sasoia iritsiko da laster eta ez dute ereiteko ezer izango, ezta landatzeko tresnarik ere, arpilatzea eta suntsipena erabatekoa izan da eta. Eta, gainera, ez dute nora ihes egin. Tigray erabat setiatuta dago", salatu du Bilbaok.

Uztailaren hasieran Etiopiako armadako milaka kide atxilotu zituen TPLFk. Kartzelara bidean eraman zituzten Mekelleko kaleetan barrena, herritarren begiradapean. Argazkia: S. Ramazzoti

Gosea arma
Bilbaok azpimarratu duenez, Tigray oso eremu txiroa da. Lehendik ere bizirik irauteko "egunero laguntza humanitarioz betetako ehun kamioi baino gehiago” behar izaten zituen Tigrayk. Malnutrizioa eta nazioarteko laguntzaren gurpil gaiztotik inoiz irtetea lortu ez duen Afrikako herrialde bat gehiago da. OXFAMen arabera, biztanleen erdia pobreziaren azpitik bizi da Etiopian, eta datu horiek are gordinagoak dira Tigrayn. Hala ere, Etiopiako Gobernuak gosea arma nagusitzat erabiltzen jarraitzen du gerra honetan, nahiz eta behin eta berriz adierazi duen ez dutela inoiz urratu Tigrayra laguntza humanitarioa sartzeko bide segurua bermatzeko konpromisoa.

Martin Griffiths NBEko larrialdietarako laguntzarako koordinatzailearen arabera, gatazka berehala gelditu egin behar da. Tigrayko 5,2 milioi bat pertsonak, eskualdeko biztanleen %90 baino gehiagok, laguntza behar dute bizirauteko. Horietatik, 400.000 inguru muturreko gosete-egoeran dira jada. Eta, jakina, lehen kaltetuak txikienak dira: goseteetan hiltzen diren pertsonen bi heren haur txikiak dira.

Lubakiaren beste aldetik, Amharako herri bateko mediku eta herritar batzuek salatu dute 120 zibil hil dituztela TPLFko gerrillariek iraila hasieran. Eraso hori oraindik ez du erakunde independenterik berretsi eta TPLF-k haren parte-hartzea ukatu du. Getachew Reda eledunak ondorengoa adierazi du: “Guk, irmoki, uko egiten dugu gure indarrek zibilen hilketan parte hartu izana eta, gainera, gertatu diren izugarrikeria guztiei buruzko ikerketa independentea eskatzen dugu”.

Eta orain zer?
"Abiy Ahmedek gerrarako gai den etiopiar orori eskatu dio armadan sartzeko 'behin betiko erasoaldian’ parte har dezaten. Amhara eskualdeko presidenteak buruzagi erlijioso guztiak bildu eta Tigrayren aurkako 'gerra erlijiosora' batzeko eskatu die. Tigraytik kanpo bizi diren tigrinyen hilketak ugaltzen ari dira, Addis Abeba hiriburuan bertan adibidez. Hedabide eta erakunde ofizialek Tigray eta TPLF terroristak direla diote. Ez dute eragile legitimotzat hartzen, eta horrek edozein bake akordiorako atea eragozten du", salatu du Mikel Bilbaok.

Tigrayri ezarritako blokeo mediatiko eta armatuak bere horretan darrai. Desplazatu eta hildakoen kopurua gora ari da egiten. TPLF borrokan ari da zenbait frontetan, eta Etiopiako Gobernua erasoaldi militar zabalagoa prestatzen ari da. Nazioarteko komunitateak (AEB, Txina, Europar Batasuna edo Addis Abeban egoitza nagusia duen Afrikako Batasuna), gehienez, Etiopiaren egoeraren gaineko "kezka" azaldu du, hatzik mugitu barik. Beraz, inork edo zerbaitek geldiarazi ezean, sarraskia sarraskiaren gainetik gertatzeko baldintza guztiak jarrita daude.

Barack Obama Bakearen Nobel sariduna drone bidez pertsona gehien hiltzeko agindua eman duen presidentea da historian. Bada, Abiy Ahmedek ere historia anker horren parte izan nahi du, titulu bitxia paparrean jarrita: bakearen nobeldun gerra kriminala.


ASTEKARIA
2021eko irailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etiopia
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Saudi Arabiak ehunka migratzaile etiopiar hil dituela salatu du Human Rights Watchek

Yemengo mugan 2022ko maiatzetik 2023ko ekainera bitarte emandako hainbat kasu ikertu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Migratzaile afrikarrak, gehienak etiopiarrak, jazartzen dituelako “gizateriaren aurkako krimenak” gauzatzen ari dela salatu du.


Etiopiako Gobernua eta Tigrayko indarrak bakea negoziatzen ari dira

Bi urteko gerraren ondoren, TPLFko indarrak eta Etiopiako Armadak elkarrizketak hasi dituzte, azaroaren 2ko su etenaren ondorioz. Afrikako Batasunaren babesean, helburu argiak jarri dituzte mahai gainean: su etena betikotzea, laguntza humanitarioa ziurtatzea eta Tigrayko... [+]


Su etena sinatu dute Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLF gerrillak

Bi urtez milaka hildako eragin dituen gatazka amaitzeko akordioa sinatu dute Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLF gerrillak Pretorian, Hegoafrikan. Afrikako Batasuneko bitartekaritza izan dute bake negoziazioetan.


Eguneraketa berriak daude