Baketik gerrara, itzulpena medio

  • Etiopia, 1889. Tigray eta Amhara eskualdeak bereganatu ondoren, Menelik II.a Etiopiako enperadore izendatu zuten. Berehala neurri berritzaileak hartu zituen: esklabotza galarazi, derrigorrezko hezkuntza ezarri, burdinbidea eraikitzen hasi... Eta ez zuen ahaztu konkistetan Italiako Erresumaren laguntza izan zuela. Italiarrei Itsaso Gorriko kostaldea eman zien eta, hala, Eritrea izan zen Afrikako lehen kolonia italiarra. Gainera, 1889ko maiatzaren 2an enperadoreak eta Pietro Antonelli kondeak, Umberto I.a erregea ordezkatuz, adiskidetasun eta merkataritza libreko ituna sinatu zuten Wuchale hirian.
     

Etiopiako enperadore Menelik II.a (1844-1913) lehoi ilez egindako koroa buruan eta erriflea eskuetan, herrialdeko buru militarra ere bazela azpimarratzeko.
Etiopiako enperadore Menelik II.a (1844-1913) lehoi ilez egindako koroa buruan eta erriflea eskuetan, herrialdeko buru militarra ere bazela azpimarratzeko.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Itunaren lehen artikuluaren arabera, “Italiako erregearen eta Etiopiako erregearen artean bakea eta adiskidetasuna egongo da, baita bien oinordeko, ondorengo eta mendeko guztien artean ere”. 17. artikuluak, aldiz, honela zioen amharic hizkuntzan idatzitako testuan: “Etiopiako erregeak Italiako erregearen gobernua erabil dezake beste botere eta gobernuekiko harremanetan”. Baina, italierazko itzulpenean, dezake hura behar du bihurtu zuten eta horrek praktikan Etiopia italiarren protektoratu izatea zekarren.

Menelikek “hutsegitea” salatu zuen, baina Umberto I.ak, entzungor egiteaz gain, tropak mobilizatu zituen Etiopiako mugan. Eta bake itun hark, azkenean, gerra ekarri zuen. Gatazka 1894an piztu zen eta 1896an amaitu, etiopiarrek Aduako gudua irabazi zutenean. Gerora, Mussoliniren Italia Etiopiaren jabe izango zen 1935etik 1941era, baina 1913an hil zen arte, Menelik II.a Etiopiako tronuan egon zen.

Aldatu zena tronua bera izan zen. Teknologia berrien zale, Menelikek jakin zuenean AEBetan exekuzio modu berri bat, aulki elektrikoa, asmatu zutela, hiru enkargatu zituen. Baina berehala konturatu zen elektrizitaterik ezean tramankuluak ez zuela inor hiltzen eta berrerabiltzearen alde egin zuen: handik aurrera, aulki elektriko horietako bat erabili zuen tronu gisa.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...