Etiopiako Gobernua eta Tigrayko indarrak bakea negoziatzen ari dira

  • Bi urteko gerraren ondoren, TPLFko indarrak eta Etiopiako Armadak elkarrizketak hasi dituzte, azaroaren 2ko su etenaren ondorioz. Afrikako Batasunaren babesean, helburu argiak jarri dituzte mahai gainean: su etena betikotzea, laguntza humanitarioa ziurtatzea eta Tigrayko zerbitzuak berrezartzea, besteak beste.


2022ko azaroaren 09an - 10:20
Etiopiako gerrako errefuxiatuak kanpaleku batean. / Argazkia: OLIVIER JOBARD/MYOP

Etiopiako Armada eta Tigrayko Askapenerako Herri Frontea (TPLF) elkarrizketetan ari dira azaroaren 7az geroztik. Hilaren 2an hitzartutako su etenaren ondorio da albistea. Bi aldeak Keniako hiriburuan, Nairobin, bildu dira, su etenaren baldintzak negoziatzeko. Herri frontearen armagabetzea eta Tigrayrako laguntza humanitarioa ziurtatzeko era ere eztabaidatzen ari direla adierazi dute. AB Afrikako Batasuna ari da bitartekari lanetan, eta itxaropentsu azaldu da bi aldeen hurbilpenarekin.

Ez da lehen aldia, gatazkak daramatzan bi urteetan, Etiopiako iparraldean gerran ari diren bi bandoek su etena sinatzen dutena: alde bakarrekoak zein alde bikoak izan dira orain arte, baina ez dute oihartzun handirik izan. Oraingoak, ordea, baldintzetan zekarren elkarrizketak bultzatu beharra, eta bost eguneko epea ezarri zuten elkarrizketak hasteko. Esan eta egin, astelehenean jarri zituzten martxan, hiru helburu argirekin: Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko borrokak bertan behera uztea, Tigrayn laguntza humanitarioa ziurtatzeko bide orria sortzea eta bertako zerbitzuak berrezartzea ahalik eta lasterren.

Bi blokeen prestutasuna goraipatu du Olusegun Obasanjo ABko Afrikako Adarreko Goi Ordezkariak “konfiantzaren sorreran” emandako pausoengatik, eta su etena mantentzeko “konpromisoagatik”. Europar Batasunak ere ospatu egin ditu akordioak. Era berean, Etiopiako Gobernuko iturriek ere Abren lana ontzat jo dute, eta berretsi dute elkarrizketek ekarri beharko dutela behin betiko su etena, Tigrayn trantsizio gobernu bat eratzea, bertako zerbitzuak berrezartzeko. TPLFren adierazpenik ez dute momentuz jaso.

Bi urteko gatazka

Bi urte betetzear dago Etiopiako gatazka, Tigrayko gerra izenez ere ezaguna; hasieran hor baitzen gatazka, herrialdeko iparraldean. Gerra Etiopiako Gobernuak hasi zuen, TPLFri eraso eginda. Harrezkero, herrialde osoari eragin die gerraren ondorioek, muturreko egoera iparraldean izan bada ere; Tigrayn, alegia. NBEk sarritan ohartarazi du bertako muturreko egoeraz, 5,2 milioi lagunek laguntza humanitarioa behar baitute. Horietatik 3,8 milioik osasun arreta jasotzeko premia daukate. Lekualdatzeek ere izugarri egin dute gora, 4,3 milioitik gorakoak izan direla adierazi du NBEk. Horietatik gehienak inguruko eskualdeetara izan badira ere, Sudanen, herrialde mugakidean, kanpalekuak eratu dituzte. Hori gutxi ez, eta NBEk jakinarazi du Tigrayko biztanleen osasun egoerak nabarmen egin duela txarrera, izurriak zabaltzen ari dira, eta iazko datuekin alderatuta, %80 hazi dira malaria kasuak Tigrayn.

Baina ez daukate laguntza hori jasotzeko aukerarik, eta, hain zuzen ere, hori da akordioetako helburuetako bat. Izan ere, gatazkak eztanda egin eta gutxira itxi zituzten Tigrayra heltzeko bideak, eta berarekin, laguntza humanitarioa jasotzeko era. Egon diren laguntza humanitarioko erakunde apurrek erasoak salatu dituzte. Horietako bat izan zen MEP NBEren Munduko Elikadura Programa: 2021eko abenduan salatu zuen talde armatuek elikagaiak zituzten bi biltegiri eraso egin zietela. Erasoa TFLPri leporatu zion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etiopia
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Saudi Arabiak ehunka migratzaile etiopiar hil dituela salatu du Human Rights Watchek

Yemengo mugan 2022ko maiatzetik 2023ko ekainera bitarte emandako hainbat kasu ikertu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Migratzaile afrikarrak, gehienak etiopiarrak, jazartzen dituelako “gizateriaren aurkako krimenak” gauzatzen ari dela salatu du.


Su etena sinatu dute Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLF gerrillak

Bi urtez milaka hildako eragin dituen gatazka amaitzeko akordioa sinatu dute Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko TPLF gerrillak Pretorian, Hegoafrikan. Afrikako Batasuneko bitartekaritza izan dute bake negoziazioetan.


2021-09-19 | Axier Lopez
Etiopiako Tigray
Nobeldun sarraskia

Azaroaren 4an hasi zuen Etiopiako armadak Tigray eskualdearen aurkako erasoa, Abiy Ahmed lehen ministroaren aginduz. Hamar hilabete geroago, Etiopiako indarren sarraskiek eta sexu-krimenek –Eritreako tropen laguntzarekin– bi milioi pertsona baino gehiago etxerik gabe... [+]


Eguneraketa berriak daude