Etiopian aspaldiko oihanen azken aleek biziari eusten diote ehunka baselizaren inguruko harresien babesean

  • Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta ermitaren bueltan, bertako erlijioak sakratutzat salbaturik. Bitxi horiek zaindu, zabaldu eta elkarrekin lotzen ahalegintzen dira zenbait zientzialari naturzale.

Hego Gonder eskualdean, Debre Mihret Arbiatu Ensesa eliza biribila, teilatu koloretsuz hornitua, inguruan duela harresiz babestutako baso txikia. Argazkia: Kieran Dodds
Hego Gonder eskualdean, Debre Mihret Arbiatu Ensesa eliza biribila, teilatu koloretsuz hornitua, inguruan duela harresiz babestutako baso txikia. Argazkia: Kieran Dodds

2021eko abuztuaren 01an

Uda betea, oporrak, urrutiko aire ezberdinak usaintzeko irrika? Hona hemen, irakurle, bederatzi minutuko bidai labur baten proposamena. Vimeon daukazu “The church forests of Ethiopia” (Etiopiako eliz-basoak) bideoa, Jeremy Seifertek egina. Alemayehu Wassie biologoaren ahotsak gidatuko zaitu.

    Drone baten begiak erakusten du zuriz jantzitako fraide talde bat elizara bidean. Rastafarien gorri-hori-berdez tindatutako teilatudun eliza biribila, harresi txiki batez inguratua. “Etiopiako eliza ortodoxoak irakatsi digunez, eliz batek basoz inguratuta egon behar du eliz izateko. Edengo paradisuaren antza eduki”. Droneak orain askoz goragotik erakusten digu eremua: eliza eta bere baso txikia soro eta zelai erabat soilduez inguratuak. “Behiala, Etiopiako mendialdea eten gabeko basoak hartuta zeukan. Nekazaritzak irentsi egin du. Elizak zaindu ditu azken oihan muturrok suntsiketatik. (…) Eliz-basoa nire haurtzaroko oroimenetan daukat iltzaturik. Mezatara joan ohi nintzen familiarekin jai egunetan eta esaten ziguten hemen otoitz egindakoan Jainkoak entzuten zizula. Horregatik daukagu arimazko konexio hain sakona basookin”.

    Alemayehu Wassiek helburutzat hartu du eliz zaharron –ba omen dira 1.500 urte dituztenak– inguruko zuhaiztiak aztertu eta zaintzea. Uharte moduko 35.000 oasi txiki omen daude Etiopia osoan barreiatuak, duela ehun urte arte lurraldea estali zuen biodibertsitate oparo haren azken arrastoak.

    XX. mende hasieran artean lurraldearen ia erdia omen zegoen oihanez estalia; gaur %5era ez dira iristen zuhaitz multzoak. 120 urteotan aldaketa galantak nozitu ditu Afrikak, mundu osoarekin batera. Kasu honetan, basoen desagertzearen kausatzat asko aipatzen dira populazioaren hazkunde handia, nekazaritzaren eta batik bat artzaintzaren presioa eta 1974-91 artean Etiopian agindu zuen erregimen komunistak elizaren lurrak baserritar gosetien artean banatu izana.

Alemayehu Wassie biologoa. Argazkia: Jeremy Seifert

    Aldiz, Wikipediak "Deforestation in Ethiopia” sarreran nabarmentzen duenez jada asko okertuak ziren gauzak askoz legenagotik, Haile Selassie enperadorearen garaietatik. Honek 1950etik herri-lurrak eman zizkien funtzionarioei eta gerrako beteranoei. Baina, batez ere, garai haietatik sartu zuen muturra laborantza mekanizatuak Etiopian, batik bat mundu mailako lan banaketa neokolonialean Lehen Mundu aberatsak erabaki zuenean Afrikako eskualde txiro hau bihurtzea kafe ekoizle nagusietakoa: kafea antigoaleko agro-oihangintzan haztea baztertuta monolabore gisa lantzea nagusitu zen, zuhaitzak eraitsi beharreko oztopo bihurtuz.

    Wikipedian honela laburbildu dute gaurko egoera: “Etiopiako baso gabetzea eragin dute hamarkadotako gobernu eta instituzio aldaketek, lurren jabegoan dagoen segurtasunik ezak, jendeen lekualdatzeak, populazioen ugaritzeak eta nekazaritzan bezala azpiegituretan egindako eraikuntzek. Laborariek sufritzen dute bai txirotasunagatik eta bai elikadura segurtasunik ezagatik eta ezin dute beren bizkar hartu oihanen babesa. Munduan bezala Etiopian aginte ekonomikoa daukatenak murgilduta daude baliabideak berenganatzeko lehian”.

EDEN TXIKIAK ZABALDU

    Eliza ortodoxoa bera ere lur jabe handietakoa izaki, urtero maizterrei uztaren zati handi bat ordaintzera behartzen zituena, seguru baduela erantzukizunik zuhaitzen desagertze masiboan. Baina 2021era iritsita, gauza da milaka fraide otoitzean, meditazioan eta eskean bizi diren eliza eta ermitek atxiki dituztela munduko biodibertsitaterik aberatsenetakoa izan zenaren azken bitxiak. Naturaren berreskuratzeko itxaropen bakarra horiek zaintzeaz gain zabaltzean datzala sinetsita ari da Wassie.

    Alemayehu Wassie Hego Gonder eskualdean (Addis Abeba hiriburutik 300 kilometrora) sortu zen 1971ean, biologia ikasi eta 2007an Holandan doktoregoa buruturik gaur Bahir Darreko unibertsitatean da irakasle.  Mexikon Biologia Tropikalaren Elkarteak gonbidatu zuen biodibertsitateari buruzko nazioarteko biltzar batera eta bertan Etiopiako naturaren gainbehera azaltzean erakutsi zuen tristurak hunkitu zuen, antza, Meg Lowman oihanetan berezitako ekologo iparramerikarra. Aurrerantzean honek lagundu dio Wassieri nazioartean bere asmoa zabaldu, beharrezko diruak lortu… eta ermitetako fraideak konbentzitzen.

Fraidea elizaren basoan paseatzen. Argazkia: Jeremy Seifert

    Praktikan oso gauza xumea da Alemayehu Wassieren estrategia: elizen inguruko harresiak berritu eta babestutako eremuak zabaltzeko zirkulu zabalagoko harresi berriz osatu: “Hemengo eliza bat harresi batek inguratzen du beti; jendeak harresi barnea dauka gune sakratutzat. Beraz, eraman dezagun elizatik harresia urrunago basoa osorik hartu arte, jendeak hura ere sakratutzat har dezan. Harresi horrek ez dio sarbidea eragozten jendeari baina bai aziendei eta horrela basoaren berritzea eta osasuna zaintzen dituzu”.

    Etiopian ere ugaritzen ari dira baso berrien landatzeak baina azkar hazten diren espezieak erabiltzen dira gehienetan, sarriegi eukaliptoak han ere. Zuhaitz-monolaboreok, ordea, ur gehiegi kontsumitzeaz gain, onura baino kalte gehiago dakarkiote lekuko biodibertsitateari. Horregatik tematzen dira Wassie eta Lowman isolaturik geratu diren baso ñimiñoak babestu, ahalik eta gehien zabaltzen lagundu eta basoak elkarri lotzen.

Harresiak zaintzen ditu oihan txikiok inguruko aziendetetatik. Argazkia: Jeremy Seifert

    Orain artean 20 bat elizaren inguruak hesitzea lortu dute eta gainerako ermita askotako fraide eta inguruko herritarren artean ikastaldiak eman. Inguruko nekazariek eraikitzen dituzte metro beteko hesiok, bide batez soroetatik harriak aterateko probestuz. Eta herritarra basoan jabetzen da honek emandako onurez: eguzkiaren garretatik babestuz ingurua freskatu eta hezetasunari eusten diote, klase askotako animaliak –jadanik hemen besterik ikusi ezin direnak– eta izaki bizidunak aterpetzen, oroetan polinizazioa bermatzen, gizakiei zura, fruituak eta erremedioak eskaintzen…

               “Hala ere, arazoa da jendeei iruditzen zaiela basoak betikoak eta betirakoak direla. Baina hemen ez zaigu beste kopiarik geratzen. Jendeari erakutsi behar diogu galtzeko arriskuan gaudela. Eliz-basoak dira gure mapak, hauetan ikusten dugu zer ziren gure basoak, gure biodibertsitatea. Altxorrok bizirik dauzkagunez, posible genuke lehengo paisaia berreskuratzea”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Basoilarra agertu da Larra-Belaguan, baina zer esatera etorri zaigu?

Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]


Haizearekin dantzan

Egun osoa airean, buelta eta buelta, haizearekin dantzan kometa balitz bezala… eguzkiari itzal egiteraino! Horra hor, mirua hegan. Hortik dator eguzkia lainoetan atera eta sartu dabilenean “miru-itzala” edo “miru-kerizpea” dagoela esatea, Felipe... [+]


Kosk egiten ez duen tigrea

Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.


Hiltzaile ederra

Horrela izendatu zuen Félix Rodríguez de la Fuente naturalista ezagunak. Izen ezinhobea ehiztari dotore honentzat, sekulako abilidadea baitu bere harrapakinak akabatzeko.


Eguneraketa berriak daude