ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 25a

30 urte beranduago berriro gosete handia hedatzen ari da Etiopian

  • Lehortea 2014an hasirik, hilabeteotan mundu osoan eragin duen El Niñok gosetean murgildu du dagoeneko Etiopiako hamar biztanletik bat, eskualde batzuetan jendeen erdia. Oraindik ez da zabaldu 1984ko argazki terrible haien antzekorik... baina alarmak piztuta daude. Populazioa kontrolik gabe handitzen eta lekuko nekazaritza errotik itxuraldatzen ari den Etiopian ari da gertatzen.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko maiatzaren 22a
Hego Afrikako ‘Times-Live’ hedabideak zabaldutako argazkian, Ahmara eskualdeko Tsemera herriko emakumeak inguruko iturri bakarrean ur garraio. Urketan egin beharreko joan etorriak dira emakumeen lanik gogorrenetakoak eta bortizkeriak jasateko arrisku nagu
Hego Afrikako ‘Times-Live’ hedabideak zabaldutako argazkian, Ahmara eskualdeko Tsemera herriko emakumeak inguruko iturri bakarrean ur garraio. Urketan egin beharreko joan etorriak dira emakumeen lanik gogorrenetakoak eta bortizkeriak jasateko arrisku nagusiak. Plastikozko bidoi horiek zertifikatzen dute Etiopiako bazterrik urrunenean ere globalizazioak harrapatu dituela. Basamortu ertzeko aspaldiko arazoei azken hamarkadotan gehitu zaizkie populazioaren ugalketak, multinazionalek eta lekuko politikariek adostutako lur lapurretak eta txirotasunetik ateratzeko formula neoliberalek sortutako zailtasunak.

Elikadura krisi berriak oraingoz kontrolatu samarra dirudi Etiopian, telebistek ez baitigute erakutsi hezur eta azal hiltzear diren ume eta emakumen irudiekin, duela 30 urte, 1984an, mundu aberatseko biztanleen errukia piztu zuten argazki beldurgarri haiek bezalakorik. Hala ere, karitatezko erakundeak abisatzen ari dira azken 50 urteotako lehorterik handiena daukatela Etiopian.

Ez dute uzta txukunik izan eskualde askotan, laboreak ereiteko modurik ere ez azken bi urteotan. Aziendetatik –ahuntz zein gamelu– bizi diren abeltzainek ezin dituzte bazkatu belarrez, ez eta ase urez. Gose eta egarriak ugaritzen dituzte abereen eta jendeen eritasunak. Hamar milioi etiopiar baino gehiago bizi dira uneotan larrialdian, horietatik sei milioi gosea pasatzen.

Hailemariam Desalegn lehen ministroak laguntza deia egin die nazioarteko erakundeei, 1.400 milioi dolarreko asistentzia behar duela Etiopiak. Munduak dauzkan emergentzien artean hirugarren handiena da, gerra birrintzen ari den Siria eta Yemenez landa beste inork ez dauka hain behar latzik.

New Internationalist hedabidean Christian Aid GKEko Nicola Kellyk kontatu du idorteak kiskalitako Yabelo eskualdean –Etiopia hegoaldean, Kenyarekiko mugatik 100 kilometrora– herrietan  ikusia eta entzuna. Adegalchat herriko buruzagi Sanouri galdetu dio ea zer egin duten egoerari egokitzeko: “Lehortearekin denok sufritzen dugu berdintsu, izan pobre edo aberats, eta berdin dio prestatuta zauden ala ez: euririk ez da iristen. Gure lurra lehortzen ari da, abereak gosetzen eta haurrak ahultzen”.

Kula Taro Wariyok konbidatu ditu Kelly eta bere kideak etxolara, beste hogei herritarrekin katilu bana arroz jatera. “Euria egin izan duenean ere, dagoenekoz ez du uztarik ekartzen. Garai batean zaparrada handiak egiten zituen eta belarra hazten zen. Orain zelaiak berehala ihartzen dira”, esan die atariko lur muturra erakutsiz.

Hurbil, Arero herrian, 21 urteko Tume Yarco Deedak diotse emakumeek bereziki sufritzen dutela: “Ura ekarri behar dugu, sutarako egurra bildu, familiari otorduak prantatu, haurrak zaindu… eta askoz lan gehiago. Lehorteak esan nahi du urrunago joan behar dugula ur bila, batzuetan ordu luzez ibili behar dugu eguzkitan ontzi pisutsuen garraio. Baita haurdun daudenak ere. Ezagutu ditut ur garraio dabiltzala erditu direnak, pentsa zein arriskutsua den”.

All Africa hedabideak analisi batean azaltzen duenez, Etiopiak behar dituen jakien %90 bere lurraldean ekoizten ditu. Otorduetan garrantzia handia daukaten zerealei dagokienez,  2015eko uztan 23 milioi tona bildu zituen, eta ez zuen inportatu behar izan 1,2 milioi baino gehiago. Azken bi urteotan laboreek etekin gutxi eman duten arren, etiopiar gehienak moldatzen dira bizirauteko. Baina ia 100 milioiko populazioa edukirik, jendearen %15 gosez egoteak esan nahi du 15 milioi daudela larri. 15 milioi Etiopia zabalean barreiatuak, horiei lagundu beharrak dakartzan logistika arazoekin.

Etiopiarren %83 bizi dira landa eremuetan, nork bere familiaren biziraupenerako nekazaritza soila eginez, baina klimaren aldaketak idorteak ugaritu dituenez azken hamarkadotan lehen baino ahulago aurkitzen dira edozein arazoren aurrean eta elkarren arteko lehia handiagotzen da nork bere ura, lur muturra edo belazea eskuratu nahian.

Behartsuari lurra bera ere ostu

Azken 50 urteotan Etiopia pasa da 22,2 milioi biztanle edukitzetik 95,5 edukitzera. 1984ko azken gosete handitik 30 urte laburretan bikoiztu egin da Etiopiaren populazioa. Gainera, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren errezetak zintzo konplituz, nekazaritza industrial eta komertziala sustatu du Addis Abebako gobernuak eta horrek berak zaildu dizkie herritarrei krisi garaietako ihesbideak, dela aldi baterako emigrazioa, lekuz aldatzea bazka berri bila, eta abar.

Hego Sudanen eta beste krisi humanitario askotan nazioarteko erakunde eta GKEak diren bezala larrialdiko laguntza banatzen dutenak, Etiopian gobernuak bere eskuz egiten du. Addis Abebako administrazioak helarazten du janaria, bidaltzen ur kamioiak, eta abar, arazoak detektatu eta artatzeko erabiliz osasun zerbitzuetako 38.000 pertsona.

The Guardianentzako erreportari lanetan Ogolcho eskualdean ibili den Simona Foltynek, hala ere, bildu ditu lekuko nekazari eta familien kexuak funtzionarioek beren lana ondo betetzen ez dutelako, laguntza ez dutela berdintasunez banatzen, jende guztiarengana ez dela iristen beti, agintariekiko kritikoak direnak zigortzen dituztela, eta abar. Gainera, gobernuak zorrotz kontrolatzen omen du atzerriko hedabideen presentzia eta bertatik egiten duten informazioa, neurri batean ulergarria izan daitekeena jakinik horrelako krisietan Mendebaldeko kazetariok sentsazionalismoa egiteko daukagun joera sendaezina.

Asko aipatzen den arren etiopiar gehienak auto-kontsumoko nekazaritzatik bizi direla, egia da Addis Abebako gobernua aspalditik dagoela abiatuta lur eremu zabalak nekazaritza industrialeko multinazionalei eta baita atzerriko gobernuei ere saltzeko estrategian, globalizazio neoliberalaren kritikoek land grabbing edo lur lapurreta deitu dioten desmartxan.

Gure artean ezaguna den GRAIN erakundeak aspaldi salatu zuen Etiopia dela mundu osoan elikadura katearen jabe egin nahi duten korporazioen gogoko harrapakinetako bat, nagusiki lur onaren fama duen Ganbella eskualdea.

Gambellako 10.000 hektarea saldu zion gobernuak Saudi Arabiako Sheikh Mohamed Al-Amoudi printzeari, honek bere sorterri aberatserako mozkinak ekoiztu ditzan, Etiopian bertan uztaren %40 saltzeko baldintzarekin.

Askoz lurralde handiagoa saldu zion gobernuak, 100.000 hektarea, Indiako Karuturi konpainiari. Honek Anuak, Mezenger, Nuer, Opo eta Komo etnietako milaka familia kanporatu zituen lur haietatik gobernuak denak biltzeko propio haientzako antolatutako herrietan; asko Kenyako Dadaab errefuxiatu eremuraino iritsi dira bizi ezinik.

2012an adostu zuten lapurreta hura Karuturiko ugazabek eta Addis Abebako agintariek. Lau urte bete aurretik, 2016ko otsailean, gobernuak eten behar izan du tratua, Karuturik ez duelako 100.000 hektarea haietatik 1.200 baino gehiago jarri produkzioan.

Paradoxikoki Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak bultzatu duten kolektibizazio bortxatuaren ostean, Karuturik utziko ditu Etiopian milaka hektarea baso bulldozerrez suntsituak,  milaka errefuxiatu eta beste milaka asko El Niñoren idortearen lehen baino mendeago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Etiopia

Etiopia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2016ko maiatzaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude