Euskaraz ikasten eman dute udaren parte bat gure herrietako barnetegietan. Atzerritarrekin egin dugu lotura –edo ustez atzerritar genituenekin–, bertan bizi den askok bazterrera utzia duten hizkuntza ikasteko bidean esatekoak dituztenen bila. Hauxe kontatu digute…
Yemisirach Adimassu-k (Addis Abeba, Etiopia, 2000) duela lau urte Gernikara ikasle etorria, DBH egina da herriko San Fidel ikastolan eta erizaintza modulu batean da orain Zornotzan, gehiago ikasteko guran gero. Addis Abebatik gurera etorri zen ahizpa Afrike hemen zuelarik. “Hemen bizi da, adoptatua. Ni ere adoptatu nahi izan ninduten, baina zahartxoa ni ordurako, eta ezin adoptaturik, ikasketa programaren bidez ekarri ahal izan ninduten”. Etorri orduko, hemengo hizkuntzarekin egin zuen topo, edo gurean hitz egiten direnekin. “Ez nekien euskara bazela ere, eta gaztelaniaz hitz egiten ere ez nekien. Hemen ikastolara hasi nintzenean, ingelesez egiten nuen lagunekin!”. Hizkuntza frankoak lagundu zion lehen harremanak egiten etorri berriari. “Espainian gaztelaniaz hitz egiten zutela baino ez nekien. Baina Euskal Herrira etorri nintzen, Gernikara, eta hemen euskaraz ere hitz egiten da. Eta, gainera, gustatu egiten zait euskaraz hitz egitea. Eta gaztelaniaz ikastea baino errazagoa iruditzen zait. Egia esan, gaztelaniaz baino askoz hobeto hitz egiten dut euskaraz. Etxean ere euskaraz egiten dugu”. Bitartean, ikastea dagokio, harako bertsolariaren aditz klase pila, hitzak beste mila... “Hasieran, dena zen berria, aditz pilo hura eta. Dena kolpetik ikasi behar izan nituen. Lehen bi urteak gogorrak gertatu zitzaizkidan. Denbora alferrik galtzen ari nintzela ere pentsatu nuen inoiz. Ikasten nuen, azterketa egin, eta ez nuen gainditzen. Negarrez hasten nintzen. Lagunek, berriz, animatu egiten ninduten. Eta gehiago ikasi behar izaten nuen, gaia errekuperatzeko, eta gainditzen nuen”. Azkenean, pozik Adimassu, pozik etxekoak, pozik irakasleak. “Nitaz harro daudela esan zidaten ikastolako irakasleek, zelan ikasi dudan!”.
Euskaraz Adimassu, entzutekoa da Gernikako euskararen doinuan, bizkaieraz hizketan. “Erizaintza, adibidez, euskaraz ikasiko dut Zornotzan, gehiago gustatzen zaidalako euskara gaztelania baino, eta hobeto moldatzen naizelako”. Erizaintza bidean ez da bakarrik izango. Ikaskide bi ere izango ditu Zornotzan, baina gaztelaniaz egingo dutenak. “Beraien artean ere gaztelaniaz egiten dute. Nik, lehen, gaztelaniaz zuzentzen bazitzaizkidan ere euskaraz erantzuten nuen beti. Orain, gaztelaniaz erantzuten hasita nago. Etorri nintzenean, kuadrillan euskaraz egiten genuen dena. Orain, gaztelaniaz gehiago euskaraz baino. Euskara galdu dudala nabaritzen dut”. Bitartean, barnetegi bitan izan zen udako oporraldian. Zornotzako Aurten Bai-n izan zen abuztuaren bigarren hamabostaldian. “Hauxe da dagoena!” esan eta agurtu gintuen Gernikako etiopiar Adimassuk.
Unibertsitarioak hirurak, adin bertsukoak, nahiz nork bere bidea egina duen euskarari eta beste zenbait hizkuntzari dagokienez. Sara Molnar (Budapest, Hungaria, 1992), gaztelaniaz eta euskaraz mintzatu zaigu. Gaztelaniaz ikasten hasi zenean jakin zuen euskara ere bazela oraintsu lau urte. Latinoamerikan izan zen, boluntario lanetan Peruko hegoaldean. Dena beharrean ziren haurrak zaintzen eta jolas eginez ikasiz. “Nik orduan ez nekien gaztelaniaz, baina hango haurrei jolasaren bidez irakasten genien nola irakurri eta idatzi behar zuten. Ondoren, Erasmus ikasle izan nintzen Salamancan urte erdiz. Hantxe ikasi nuen ondo gaztelaniaz, eta jakin nuen Espainiako Estatuan euskara ere bazela. Budapestera itzuli nintzenean gaztelaniazko eskolak hartu nituen unibertsitatean eta hizkuntzak ikasteari lotu nintzaion: errusiera, gaztelania eta euskara”. Sara Molnarrek Etxepare Institutuaren euskara eta euskal kultura irakurle Oxel Uribe-Etxebarria izan du irakasle Budapesten.
Marilena Opferkuch (Graz, Austria, 1996), gaztelaniaz zuzen mintzo, anekdotaren jabe da. “2009an, UEFAko Kopa –Europa Liga du izena orain–, txapelketako partida zen bizi nintzen herrian, Salzburgon. Bilboko Athleticen kontra jokatu zuen etxeko taldeak, eta orduantxe aditu nituen izen haiek lehen aldiz: Bilbo, Euskadi, euskara… Deigarri egin zitzaizkidan. Urteak igaro eta iaz hasi nintzen benetan euskaraz ikasten, Leipzigeko unibertsitatean”. Unai Lauzirika irakurlearekin, esan digunez. Leipzigen, dena den, euskara, galiziera eta katalan irakurleak dituzte. Marilena Opferkuchek euskara aukeratu zizun. Eta, zergatik euskara? “Zergatik ez?”, bere erantzuna, eta ondoren: “Nahi dudalako”.
Lehen aldia du barnetegian, Etxepare Institutuaren beka baliaturik. “Urtean bi beka eskaintzen ditu gure unibertsitateak. Aurten etorri naiz, datorren urtekorik ez dakit. Ez da zuzena nik beka berritzea, badira-eta ikasle gehiago etorri nahi dutenak. Etortzekotan, neuk ordainduko nuke ikastaldia”.
Viktor Ulicsni (Nagykoros, Hungaria, 1989), ingelesez eta euskaraz zuzendu zaigu, gaztelaniaz tutik ere ulertzen ez duela. “Beti interesatu izan zaizkit atzerriko hizkuntza eta kulturek. Beharbada hamar urte nituen Basque-rekin topo egin nuenean. Etnobiologia da nire arloa. Komunitate bateko kideek basapiztien gainean duten jakintza”. Ulicsnik ez dauka maila jakin batera iristeko helbururik. Zaletasuna du. Iragan ikasturtean euskaraz ikasten jardun zuen Budapesteko Unibertsitatean, eta horretan da aurtengoan ere.
Hizkuntzak ikasten ari dela, Molnarrek badu munduko hizkuntzak ikasteak dituen korapiloen berri. “Euskara ikastea, adibidez, zaila zait, baina ez hain zaila ere. Hungarieran ere hitzaren amaieran jartzen ditugu preposizioak, eta hitz ikaragarri luzeak osatzen ahal ditugu. Horrek ez dit ikasketa errazten, baina laguntzen dit. Bestalde, gaztelaniaz ere ikasi dudanez, amen batean entenditu dut euskararen aditz denboren jokoa. Zornotzako barnetegian sartuta egon eta esateko moduan nago: inoiz ez dut hizkuntzarik hain bizkor ikasi, hauxe da ikastaroaren trinkoa!”. Opferkuchek erantsia: “Egunean zortzi eskola-ordu, eta gainerakoa ere euskaraz, nahi nuke hizkuntza bizkor ikasi!”.
Opferkuchek ez du zailtasun apartekorik. “Euskarak gramatika zaila duela esaten da, deklinabide kasuak, aditz paradigmak… Baina praktikatuz gero, ez da zaila. Nor-nori lantzetik etorri gatzaizkizu elkarrizketara, eta airean ulertu dut, alemanez berdintsu baita”. Jakina, beti ez da horrela. “Niri hitzak ikastea zait neke, hots berdina dutela iruditzen zait: ‘garbitu’, ‘galdetu’, ‘aurkitu’…”. Horiek gogoan jostea du neke: “Eta nabari da: gainerako ikasleek guk baino askoz gehiago dakite. Gu beti ari gara ‘ez dakit’ esanez”. Ulicsnik orduan: “Bai. Gehienek txikitandik aditua dute euskara. Batzuek, aitaita-amamei aditua; beste batzuek, eskolan. Horiek burmuinean dute hizkuntzaren ezagutza halako bat, bat-batean loratzen dena. Guk ez dugu horrelakorik. Baina bidea egin dugu, eta oso harro egon gintezke”.
Lau ikasle atzerritar, udan Euskal Herrian, euskara ikasten Zornotzako Aurten Bai-n.
Aldarrikapen historikoa da euskara doan ikasteko eskubidea. Gaur egun, gori-gori dago gaia. Bi urrats esanguratsu eman berri ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru... [+]
“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.
1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.
11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.
Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.
AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.
Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]
85 gehiago gara. 85 izen-abizen. 85 etxe. 85 dira hemendik aurrera euskara ofiziala ez den eremuetan euskara ikasten ari diren lagunengana doan bidaliko ditugun aldizkariak. Ipar Euskal Herriko, Nafarroa erdiko eta Trebiñuko 85 pertsonak baliatu dute aukera –
Gau eskolatik plazara, plazatik oihan-zolara, oihan-zolatik mazeletara, mazeletatik mendi-kaskora, mendi-kaskotik uhinetara… euskara zabaltzen ari gara”. Azkaingo AEK-ko ikasleen bloga. Hori da ARGIAn sortu zaharra ez den blog berriaren aurkezpena. Azkaingo gau... [+]
"Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko", azaldu dute AEK-ko kideek, matrikulazio kanpainaren... [+]
Euskal kulturaren transmisioa izango du ardatz, eta 23. Korrika kulturalean aurkeztuko dute diziplina eta artista ugari uztartuko dituen proiektua. Halere, emaitzan baino, bidean jarri dute fokua: hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi gisa aurkeztu dute #badon.