Murgiltze eredua abiatu dute, Hezkuntza Ministerioaren baimen ofizialik gabe

  • Aiherra, Arrosa-Ortzaize, Idauze-Mendi eta Larraineko eskoletako ama-eskoletan euskaraz hasi dute ikasturtea, nahiz eta errektoretzaren erantzun ofizialik ez ukan. Eskola sartzea pasa ondoko asteburuan jakin dute azkenean eskatutako ia guztia ukanen dutela. Larraineren kasua haatik ez da argitua. Zigorrak saihesteko gisan, irakasle ohi bat hasi da klasea ematen bertan: “Herriak bere baliabideekin gauzatuko du murgiltze eredua”. Borroka luze baten ondotik lortu dute euskarazko murgiltze eredua.

Irailaren 2a da, ostegun goiza eta eskola sartzea dute Ipar Euskal Herriko haurrek. Lehen aldikoz sartzea osoki euskaraz egin dute Ortzaizeko, Larraineko, Idauze-Mendiko eta Aiherrako ama-eskoletan, nahiz eta horretarako ofizialki baimenik ez ukan. “Eskola kexu, murgiltzea behar dugu” banderola oraindik hor dute Ortzaizeko eskolaren sarreran estekaturik. Zakua bizkarrean, aldarriaren aitzinetik pasa dira umeak, eta hortxe dute errientsa, gelako atean harrera euskaraz egiten ari. Harreraren gisa, kurtsoa ere euskaraz eginen diena. Orotara, 29 haur dira aurten Ortzaizeko ama-eskolako hiru urteetan eta hauen gurasoen %94,5 dira euskarazko murgiltze ereduaren alde. Gurasoez gain, irakasleak eta herriko hautetsiak ere dira horren alde. Horregatik zioten urte hastapenean gutun bidez errektoretzari murgiltze eredua irekitzeko eskaera luzatu. Gisa berean jokatu zuten Larraine eta Idauze-Mendiko eskola publikoek eta Aiherrako eskola pribatuak.

Baina 2021-2022 ikasturtea heldu zaie, Frantziako Hezkuntza Ministeriotik erantzunik errezibitu gabe. “Ez dugu ulertzen zergatik borrokatu behar izan dugun urte oso batez: gure eskaera legitimoa eta naturala da”, dio Floriane Changala guraso ortzaiztarrak.
Irailaren 6rako dute finkaturik CDEN Hezkuntza Nazionalaren Departamenduko Kontseiluaren bilkura eta orduan jakin behar lukete ofizialki murgiltze eredua baimentzen ote zaien. Eskola sartzearen ondoko asteburuan jakin zuten ordea murgiltze eredua onartuko zaiela Aiherra eta Idauze-Mendiko lehen hiru urteentzat eta Ortzaizeko lehen bi urteentzat –hirugarren urtearentzat ere beharbada–. Larrainek haatik erantzunik gabe segitzen du, alta, Antton Kurrutxarri Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak errektoretzatik jakin ahal izan du teknikoki, pedagogikoki eta baliabideen aldetik ez dagoela arazorik.

Horrela pasatzen dira eskola sartzeak Liberté, Egalité, Fraternité balore ederrak etengabean errepikatzen dabilen Frantzian eta honen menpe diren hizkuntza gutxituen lurraldeetan. Parisetik ikusita hiru hitz hauek baino garrantzi gehiago du Frantziako Konstituzioak eta honek dakarren bigarren artikuluko lehen esaldiak: “Errepublikaren hizkuntza frantsesa da”.

“Aldi oro da zaila murgiltze eredua lortzea. Iaz Hiribururentzat eraman zen borroka, aurten beste lau herrientzat. Baina aldi honetan kezkagarriena da murgiltze eredu osoa dugula zalantzan jarria”, dio Jean-Marc Ocafrain auzapezak, sartzeko lehen egunean eskolako korralera bertaratutakoak. “Erabakiak Parisen edo aski gora hartuak dira, ez dute Hezkuntza Nazionaleko hemengo ordezkariek erabakitzen”, dio Marie-Andrée Ouret Biga Bai elkarteko presidenteak. Horrela esplikatzen du ikasturtea erantzunik gabe hasi behar izana.

Bai ala bai, ama-eskolako kurtsoak euskaraz eskainiko direla abisatu zuten Arrosa, Aiherra, Altzürükü, Idauze-Mendi, Larraine, Mendikota, Ozaze, Ortzaize eta Zalgizeko auzapezek –hots, lau eskola hauei loturik diren herriek–, abuztuaren 20an errektoreari bidali gutunean: “Zuen erantzunaren esperoan, jakin gure eskoletako ama-eskoletako umeei euskaraz irakasteko neurriak bideratzeko hautua egin dugula, eta hori denbora osoz eta irailaren 2tik aitzina”.

Frantziako Hezkuntza Ministerioa jakinean zen, eta hala eta guztiz ere ez die zuzenean eta ofizialki erantzun. “Behar-ordurako erantzunen zigutela erran ziguten, baina irailaren 2an gara, sartze eguna dugu eta ez dugu erantzunik”, dio Ocafrainek harriturik.
Frantziako Hezkuntza Ministerioa presiopean denaren isla izan daiteke abuztuaren 31ko prentsaurrekoaren bezperan komunikabideei bidalitako agiria. Horrela jakin zuten auzi honi buruzko hastapeneko erabakia: ama-eskolako lehen urtearentzat bakarrik onartzen diete murgiltze eredua eta hori Ortzaize, Aiherra eta Idauze-Mendiko eskolentzat. Borrokari esker lortu dute azkenean ia nahi zuten guztia.

Larrainen, erretretaduna irakasle

Haatik, oraingoz Larraineri ez zaio onartu, eskola ttipia izanki, maila guztiak batzen dituen klase bakarra duelako eta seguruenik Hezkuntza Ministerioaren arabera horrelako baldintzetan ez litzatekeelako frantsesaren irakaskuntza bideratuko. Ofizialki, ez du arrazoi hori ematen, eskaera honek “galdera espezifikoak” ondorioztatzen dituela zehaztuz, “azterketa sakonagoa” behar duela irakurri daiteke errektoretzak komunikabideei bidalitako gutunean. Kurrutxarriren ustez “arazoa politikoa” da, ikusiz errektoretzatik jaso azken berrien arabera ez dela inolako arazorik. Ondoko asteetan ukan beharko lukete erantzun ofiziala.

Legea irakaslearen kontra ez itzultzeko gisan, irudimena martxan jarri eta klaseak euskaraz eskaintzeko bidea asmatu dute Larrainen: erretretan den irakasle ohi bat hasi da kurtsoa euskaraz ematen. Eskolek errektoretzari bideratu presioa handia baldin bada ere, berdin-berdina delako errektoretzatik eskoletara bideraturikoa. Irakasleek mehatxuak jasotzen ote dituzten galderari horra Biga Bai-ko presidentearen erantzuna: “Baliteke mehatxuak ukan izana... haien nagusia da Hezkunde Nazionala eta zigorrak bideratzeko arriskua hor da. Horregatik dugu kanpoko bat hartu, teorian honen gain ez duelako eraginik Hezkunde Nazionalak”.

Lau eskolen artean eta borroka hori eramaten dabiltzan elkarteen artean erabaki zuten erresistentzia bide hau. “Hezkuntza Nazionaletik baimenik ez bagenuen lortzen, ideia genuen saila guhaurk gure baliabideekin irekitzea, herriak bere baliabideekin murgiltze eredua gauzatuz”, Oureten hitzetan. Herriak erantzun du eta Basabürüako erretretadun bat lotu da irakaskuntza lanari. Sokatirak luzaz irauten badu, beste bi dituzte prest laguntzeko. “Anitz eskertzen da laguntza hau, beharrik jendea prest dela eskukaldi baten emateko”, dio Aines Accoceberry larraintar gurasoak. Euskara baino haratago doa auzia honen iduriko: bistan da murgiltze eredurik ez duela nahi Frantziako Hezkunde Nazionalak, baina eskola ttipi-ttipi hau ez balitz hobeki litzateke gobernua. “Hezkunde Nazionalak zernahi eginen du, zernahi estakuru atzemanen du gure eskola ahultzeko”. Hamahiru haur dira Larraineko eskola publikoan. Eskola ttipi-ttipia beraz, baina hustuz doan Zuberoarentzat ezinbestekoa.

Ikastolez gain, 39 eskoletan

Sail publikoan eta pribatuan murgiltzea garatzeko eskaera ez da berria. Ikastolez gain, euskarazko murgiltze ereduan bideratzen dabiltzan eskolak badira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan: hogei eskola publiko eta hemeretzi pribatu –aurten irekitzekoak diren lau horiek kontuan hartu gabe– eta orotara, 1.100 bat ikasle biltzen ditu. Seaskaren sarean dabiltzan 3.900 ikasleak gehituz gero, Ipar Euskal Herriko ikasleen %10,7 da murgiltze ereduan.

Lehena 1997an ireki zuten Azkaingo Sainte-Marie eskola pribatuan, ama-eskolako lehen bi urteentzat ia denbora osoz, eta 1999an denbora osoz Uztaritzeko Saint-Vincent eskola pribatuan. Sail publikoari dagokionez, 2008an abiatu ziren Azkainen eta Donibane Garazin. Orduz geroztik, garatuz joan da eskaintza, 2004an sorturiko Euskararen Erakunde Publikoak estrategikotzat kokatu zuelako murgiltze ereduaren garapena, eta azken hamarkadan zehar murgiltzeari buruz gehiago komunikatu dutelako elebidunean dabiltzan Biga Bai, Ikas Bi eta Euskal Haziak elkarteek. “Hastapenetik legearen baitan ireki dira murgiltze sailak, Hezkuntza Ministerioarekin elkarlanean”, ohartarazten du Ouretek. Hezkuntza arloko legediak bestelako bideak esperimentatzeko aukera ematen die eta horretaz baliatu dira euskarazko murgiltze eredua eskola publiko zein katolikoetan eskaintzeko.

Baina aldaketa sentitu da azken urteetan: “Sentitzen da Hezkunde Nazionalak ez duela gehiago murgiltze eredurik ikusi nahi. Irekitzeak bideratzeko azken protokoloa gogorra da, biziki zaila bilakarazten du murgiltze sailaren irekitzea”. Iazko urte bukaeran aurkezturiko protokoloaz ari da, funtsean, Euskararen Erakunde Publikoak ere bozkatzea errefusatu zuena. Tonu aldaketa murgiltze ereduaren loraldiaren eta Molac Legearen testuinguruan kokatzen du: garapen hau gelditu nahi du Frantziako Hezkunde Nazionalak.

Molac legitik Konstituzio Kontseiluaren ebazpenera

Kezka eta ziurgabetasun handia sortzen du maiatzaren 21ean Frantziako Konstituzio Kontseiluak emandako epaiak: “Konstituzioaren 2. artikuluari segi, Konstituzio Kontseiluak gogorarazten du frantsesaren erabilera behartua zaiela zuzenbide publikoko pertsona moralei eta zerbitzu publikoko misio bat betetzen dabiltzan zuzenbide pribatuko pertsonei. Administrazio harremanetan eta zerbitzu publikoetan frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea ez zaie gailentzen partikularrei, eta ezin dira horretara behartuta egon”.

Ebazpen honek laster estali zituen Molac Legeak sortu poz eta itxaropenak. Oroit gara, apirilaren 8an Frantziako Legebiltzarrak lege honen alde bozkatu zuela, 247 diputatu alde agertuz eta 76 kontra. Bozketa historikoa izan zen, jakobinismoak bideratu Frantziako Parlamentuan ezohikoa delako lekuko hizkuntzen aldeko postura. Bozketa honen harira ondokoa adierazi zion ARGIAri legearen oinarrian den Paul Molac diputatu bretoiak: “[Diputatuek]haien lurraldearen alde bozkatu dute, tokiko hizkuntzen alde eta Estatuaren makinaren kontra. Beraien buruaren nagusi egin dira”. Hizkuntza gutxituen alde dabiltzan elkarteek eta hautetsiek eraman xinaurri lanaren emaitza izan zen bozketa. Testu honek zekarren eskola publikoan ere murgiltze eredua lekuko hizkuntzan eskaintzeko aukera. Baina hortik bi astetara 60 bat diputatuk helegitea jarri zuten Frantziako Konstituzio Kontseiluan. “Helegitea ezarri duten diputatuen lurraldeetan ez da hizkuntza gutxiturik, baina ez diete besteei eskubiderik eman nahi”, zioen egun horretan kexu gorrian Molac berak. Konstituzio Kontseiluak ebazpena plazaratu zuen: frantsesez ez den murgiltze eredua konstituzioaren kontra doa.

Orduz geroztik, kezka, kexua eta ezjakintasuna nagusi dira lekuko hizkuntzen alde dabiltzan eragileen artean, baita hauen alde kokaturiko politikarien artean ere –horren lekuko, adibidez Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak maiatzaren 21 horretan salatu “gerla deklarazioa”. Kezka are handiagoa da ikastolen gisako kontratu peko eskolen geroa delako zalantzan. Ebazpena hitzez hitz hartuz gero, hauen jarduna ere doalako konstituzioaren kontra –erreportaje honi loturiko elkarrizketan Eneritz Zabaletak xeheki azaltzen digu jokoan dagoena–. Maiatzaren 29an 10.000 lagun batu ziren Baionan ebazpena salatzeko eta beste milaka ziren tokiko hizkuntza bat duten beste lurraldeetako protestetan ere.

Bazterrak lasaitzeko asmoz, ekainaren 18an plazaratu zuen Konstituzio Kontseiluak oharra, zehaztuz ebazpenak bakarrik eskola publikoentzat zuela balio; baina, hortik gutxira berriz ere ohar bidez gezurtatu zuen zehaztapena... Gauzak ez dira argi, baina argi dena da murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jotzen duen epaia hor dagoela. Hori horrela, Frantziako Konstituzioa aldatzeko eskaerak hartu du lekua. Horren lekuko ekainaren 15ean 140 diputatuk Emmanuel Macron presidenteari bidalitako gutuna: “Konstituzioaren berrikuspenak bakarrik dakar gure eskualdeetako hizkuntzen sustapena, babesa eta transmisioa behin betiko ziurtatzeko aukera”.

Auzia ez da bukatua, eta ikusiz bi aldeak direla determinaturik, luze joko du sokatirak.

Eneritz Zabaleta (zuzenbidean doktore)
"Arazoa konstituzionala denez, Konstituzioa aldatu beharko da"

Tokiko hizkuntzetan bideraturiko murgiltze eredua eskola publiko eta pribatuetan eskaintzeko eskubide historikoa ezeztatu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak maiatzaren 21ean, garaipen hau zekarren Molac Legearen bozketatik 44 egunetara. Ebazpen horrek dakarrena xeheki azaldu digu Eneritz Zabaletak, nola ez, murgiltze eredua bermatu eta garatu ahal izateko bideetan arreta jarriz.

Murgiltze eredua tokiko hizkuntzetan eskaintzea Konstituzioaren kontra doala ebatzi zuen maiatzean Konstituzio Kontseiluak. Harritu zintuen epaiak?

Egia da beti ukan duen ildoa segitu zuela, baina hala ere gogorra iruditu zitzaidan. Harridura pixka bat eragin zidan, iraganean baino gogorragoa zelako. Jada 2001ean murgiltzeari buruzko epai bat atera zuen, zeinetan nolabait bereizten zituen eskola publikoak –hauentzat kontrakotasuna sendi zen– eta ikastola eta diwanen gisako hitzarmen bidezko eskolak –hauentzat baimentzen zuen–. Pentsatzen nuen aldi honetan ere horretan geldituko zela, ez zituela zalantzan emanen kontratu peko eskolak. Azkenean bai eta biziki gogorra iduritzen zait.

Alta, hortik egun batzuetara, Konstituzio Kontseiluak berak ohar bidez jakinarazi zuen bakarrik eskola publikoentzat balioko zuela epaiak. Ebazpena ala oharra, zeinek du balore juridikoa?

Erabakiak du balio. Konstituzio Kontseiluaren baitan kalapitak edo eztabaidak egon direla agertzen da, zeren ohar hori plazaratu eta egun batzuetara berriro aldatu zuten oharra, gibelera eginez, zerbitzu publikoa bere osotasunean kontuan hartzen zela erranez –ez bakarrik eskola publikoak–. Geroztik jakin dugu kontseilari batzuk ez zutela bortxaz gaia ezagutzen, eta beste batzuek baliatu zutela aukera lekuko hizkuntzetan bideratu murgiltzearen kontra joateko.

Ebazpenak ondorioak ukan ditzake kontratu peko eskolen diruztatze publikoan?

Funtzionamendu gastuak estaltzeko herriko etxeek diru bat banatu behar dute eta horrek balio du ere herriko umea ondoko herriko eskolara baldin badoa. Praktikan, betebehar hau ez da beti betetzen. Zer gertatuko da? Kontratu horiek mantentzen diren heinean ordaindu beharko dute, legeak hori dioelako. Baina galdera da: Zer gertatuko da kontratu horiekin? Ez ote du ministerioak noizbait galdeginen kontratuekin segitu ahal izateko murgiltze eredua aldatzea? Ziurgabetasunean gara.

Murgiltze eredua eskola publikoan eskaini ahal izateko esperimentazio eskubidea erabili izan da. Mekanismo horren bukaera ere dakar Konstituzio Kontseiluaren epaiak?

Esperimentazio mekanismoa plantan eman ahal izateko baldintza bat jarri zuten: legearen kontra joatea esperimentatu daiteke (mekanismo berri bat esperimentatu, ondotik ikusteko ea lege bidez orokortzen den mekanismoa), baina ezin daiteke Konstituzioaren kontra doan zerbait esperimentatu. Orain arte murgiltzea esperimentatzen ahal zen, ez zelako argi eta garbi erraten Konstituzioaren kontra zioala. Baina orain badugu epai argi hau dioena Konstituzioaren 2. artikuluaren kontra doala eta eskola publikoetan ezin dela eredu hori aplikatu. Hor dago zalantza eta dagoen borrokan landutako bidea da erratea eskola publikoan esperimentatzen dena ez dela Konstituzio Kontseiluak definituriko murgiltze eredua. Dena dela, berriro ere ziurgabetasun handia bada: zer jarrera hartuko ote du errektoreak esperimentazio horiekin? Eskola sartze hau normalki iraganen dela erran dute, baina gerora begira galdera ikur handi bat bada. Zer gertatuko da etorkizunean? Errektoretzak zer erabakiko du?

Azkenean, iraganean garatu bideak moztu ditzakete.

Bai. Gainera Konstituzioko 62. artikuluak dio Konstituzio Kontseiluaren epaiak derrigorrez aplikatu behar dituztela autoritate publikoek. Horrek erran nahi du gauzak lehen bezala segitzen badira epai hori ez dutela betetzen eta momentu bat etorriko dela zeinetan erranen zaien epaia aplikatzea. Gaur egun diren eredu guztiak dira zalantzan ematen eta hor dago arriskua.

140 parlamentarik Konstituzioa aldatzea eskatu zuten ekainean. Teknikoki nola aldatzen da Konstituzioa?

Iniziatiba hau badugu bai eta horrez gain, uztailean bi parlamentarik ateratako txostena ere hor dugu. Azken honetan ere agertzen da Konstituzioa aldatu ezean ez dela aukera handirik. Macronen legegintzaldi honetan ez da eginen, hauteskundeak laster direlako. Egitekotan 2022tik aitzina eginen litzateke. Badira bi bide Konstituzioa aldatzeko. Bata, erreferendum bidez bukatzen dena, hau da, parlamentariek Legebiltzarrean eta Senatuan testu bera bozkatu ondoren erreferendum bidez berrestea –ez dut uste ikusiko dugunik egun batez hori–. Bestea da bide presidentziala, hor ere testu berdina bozkatu behar dute eta ondotik Frantziako lehendakariak erabakitzen du testua bide parlamentariora bideratzea, Kongresua deitu parlamentu berezira, Legebiltzarreko eta Senatuko kide guztiak ganbera berean biltzen dira eta bozketan %60ko gehiengoa behar da aldaketa lortzeko.

Uztailaren 21ean Kerlogot eta Euzet parlamentariek gobernuari aurkeztu txostena aipatu duzu. Zein da zure irakurketa?

Niri iduritzen zait oso txosten timidoa dela. Txosten honek alternatibak aurkeztu behar zituen, baina azkenean egiten duena da arazo juridikoa berretsi. Hainbat pista planteatzen ditu, baina beti zehaztuz juridikoki arriskutsuak direla. Hori horrela, Konstituzioaren aldaketa da juridikoki egoera konpontzeko bide bakarra, hori gabe beti ziurgabetasunean izango garelako.

Horrentzat nahikeria politikoa behar da eta hau ez dugu sendi.

Parlamentarien txostenean ere hori erraten da, ez dira baitezpada Konstituzioa aldatzearen alde, ez dira lekuko hizkuntzei buruzko eztabaidaren alde. Aldarria plaza publikoan jarri beharko da, hautagaiek engaiamenduak hartzeko gisan eta ondotik presidente izendatuak promesa betetzeko gisan. Tamalez badakigu promesak ez direla beti betetzen, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestearen promesa bi aldiz egin izan da eta alta, ez da sekula egin.

Plaza publikoan egon da aldarria. Gero hurbil-ertainean ere horrela segituko duela uste duzu?

Hurrengo borroka hori izango dela uste dut. Ongi antolatu beharko da, Konstituzioa aldatzea galdegiten duen plataforma berezi bat osatu beharko da. Presidentzialak direnean beti egoten da lekuko hizkuntzei buruzko interpelazio lana, baina uste dut lan handiagoa egin beharko dela aldi honetan: lobby lana eginez, mobilizatuz eta hautagaien programetan engaiamendua sarraraziz. Hori izanen da oraingo borroka.

Europa izan daiteke hizkuntza gutxituen aitortza lortzeko bidea?

Juridikoki erran nezake ezetz. Hizkuntza politikarena ez da Europar Batasunaren eskumenetan eta nahiko askatasun handia uzten die estatuei hizkuntzen trataera arautzeko. Beraz hortik juridikoki ez dut bide handirik ikusten. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren pista ere aipatu da. Europako Kontseiluak sortu zuen organo hau baina honek ere askatasun handia uzten die estatuei hizkuntza eskubideen arloan, kontsideratzen duelako 1951n adosturiko Europako Giza Eskubideen Konbentzioak ez dituela hizkuntza eskubideak bere babespeko hartzen. Beraz nekez ikusten dut juridikoki Frantzia zigortzeko edo kondenatzeko bidea Europatik.

Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsia balitz, honek Konstituzio Kontseiluaren epaia baino balore handiagoa luke?

Kontua da itun hau berresteko Konstituzioa aldatu behar litzatekeela, epaileek diotelako itun honek sortzen dituela Konstituzioarekin bateragarriak ez diren eskubide batzuk. Azkenean arazo beraren aitzinean gara. Arazoa konstituzionala denez Konstituzioa aldatu beharko da, hori gabe gauden egoera zalantzatian edo are egoera okerragoan izanen garelako.

Errektoreak du lekuan leku eskaerei erantzuten. Jarrera jakobinoan dira, ala noiztenka lekuko hizkuntzen aldeko posturak ere ageri dira?

Errektoretza azkenean hierarkiaren printzipioari lotua da eta Hezkuntza Ministerioaren manuak aplikatu behar ditu. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministro denetik, jarrera gogorrago batean daude errektoretzan eta inspekzioan. Hala ere, gaia ez bada puri-purian, agian askatasun eta aukera gehiago dauka errektoreak, baina hor gaia puri-purian izanki, saiatuko dira hautsi-mautsi bat lortzen, beti ere ministerioko printzipioak aplikatuz. Gobernutik eman den kontsigna da aurtengo eskola sartzea lehen bezala, hau da, deus hunki gabe bideratzea. Aurtengoa horrela pasako da, baina hemendik aitzina egoera zailduko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-10 | Euskal Irratiak
Hur Gorostiaga
"Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna"

Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du Euskararen Erakunde Publikoak. Iazko bera izanen da, lau milioi t'erdi inguru. Horrek Euskalgintzako hainbat sektoreren kexua piztu du, eta EEPren izatea zalantzan jarri dute, gaur egun, tresna baliagarria ez delakoan. Hur Gorostiaga... [+]


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


2024-02-04 | Bea Salaberri
Alde egin ala deus ez

Udaberrian, Iparraldeko Hizkuntz Politika Publikoa berrituko da: hortik, datozen urteetako norabideak, asmoak eta horien zerbitzuko jarriko diren dirutzei buruzko erabakiak hartuko dira eta horretan jarrera argia hartu beharko dute eskualdeak, departamenduak, estatuak eta Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude