“Gorputz menstrualak gara eta hori ezin da ezkutatu”

  • Hilekoa norberaren baitatik bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du Loregorri taldeak. Ariketa kolektiboa izan behar dela argi dute, gainontzean zama oso pisua baita. Minaz edo minetik ez bada, hilerokoaz ez dela hitz egiten diote: “Nork daki nola sentitzen den obulazio fasean?”. “Gorputz menstrualak ziklikoki bizi direla libreki adierazi, sentitu eta plazaratu bitartean, ezingo dugu zinez aske bizi”. Gogoetara bultzatzen gaituen elkarrizketa eskaini digu taldeko kide Maddalen Aristegi Sanchezek.

"Teoria handiak irakurtzea baino garrantzitsuagoa da norberak bere gorputza ezagutzea, hori da gakoa". (Argazkia: Irantzu Pastor)

Noiz sortu zen Loregorri egitasmoa?
Orain dela urtebete eta zenbait hilabete eman genuen jarduna publiko egiteko lehen urratsa, baina lehenagotik jada buruan dantzan nuen ideia. Argentinan nengoela izan nuen proiektuaren hazia izan zen ametsa.  Euskal Herrian garatu nahi nuen, ordea, eta zorionez hala izaten ari da.

Zer da Loregorri?
Gure iritziz proiektu handia da, hainbat elementu biltzen dituena. Alta, hankak lurrean behar ditugu. Gure hasierako helburua hilerokoaren inguruan edukiak sortzea zen, ez edonola ordea. Guretik eta euskaraz baizik. Jakintza jada badago, gauza asko idatzita daude eta ezagunak dira. Jakintza hori bera guretik, gure esperientzia, bizipen eta gogoetekin batera partekatzea da egin nahi dugun bidea. Hala, gogoeta eta partekatze tailerrak egiten ditugu.

Gure tailerrak, ordea, ez dira azalpen guneak. Izaera ziklikoaren eta hilerokoaren inguruan solastatzeko gune bat sortzen dugu, eta bertan norbera libre da sentitzen duena adierazteko, kezkak partekatzeko, galderak pausatzeko, eta, noski, baita jakintza plazaratzeko ere. Gune zaindu eta goxo horretan parte hartzaile oro eroso sentitzea oinarrizkoa da, eta iruditzen zaigu lana horizontalki egiten denean konfiantza aski azkar sortzen dela eta askoz ere emankorragoa dela prozesua.

Egia da hori guztia ideietan gelditzen dela. Teorian, azken batean. Orduan, konpresak egitea erabaki genuen. Lehen konfinamendu hark bete betean harrapatu gintuen azken urrats horretan. Egun gutxi batzuk lehenago, etor zitekeenaz jakitun, hainbat proba egin genituen, telak erosi eta martxan hasi ginen konpresekin.

Argazkia: Irantzu Pastor

Zein korapilo askatzen dira tailerretan?
Bereziki, gaia bera tabu izatetik plazara ateratzen da. Elkarren artean sortzen dugun espazio publiko horretara. Norberak bere esperientziatik hitz egiten duenean eta entzuna sentitzen denean, gai horren inguruan mintzatzea jendartean zeinen berezitzat hartua den jakinda, "magia" gisakoa sentitzen dugu. Orain arte indibiduala izan dena partekatze hutsagatik kolektiboa bilakatzen da. Zamak arindu egiten dira eta "hilerokoarekin nagoenean nik hau egiten dut" proposatzen du batek, edo "nire gorputzeko atal horrekin adiskidetzeko nik beste hau egiten dut" aipatzen du besteak. Tribu sentsazioarekin ateratzen garela esango nuke. Elkarbanatu eta elkar entzun dugulako.

Hilerokoaz hitz egitean oraindik ere lau topiko erabiltzen dira…
Espazio publikoan bai. Mina, egun "gorri" edo "bereziak", umore txarra… Gainera, topiko horiek ez dira emakumeok sortuak eta esango nuke ez ditugula guk erreproduzitzen. Esan egiten zaizkigu, modu ezkorrean. Mespretxatu egiten da hilerokoa. Hala ere, esango nuke poliki-poliki bada ere hitz egiten hasi garela. Kulero gorriak mahai gainera ateratzea eskas da, hori egia da. Beti arropa zikintzearen beldurrez ibiltzen gara. Galtzak gorritu orduko arropaz aldatzen erakutsi digute. Gorputz menstrualak gara eta hori ezin da ezkutatu. Bada lotsarik gabe azaleratzeko ordua.

Nerabeekin lan egin ahal izan duzue?
Gorputz menstrual helduekin lan egin izan dugu bereziki, baina Oiartzungo Haurtzaro ikastolatik 9 eta 10 urteko ikasleekin aritzeko proposamena egin ziguten. Oso saio politak izan ziren, guretzako ezberdinak, adin horretan normalean oraindik ez baita hilerokorik agertu eta beste esperientzia batetik mintzo baitira. Hasi aurretik hilerokoaz galdetu genien denei, haientzat zer ote den, nola imajinatzen ote duten euren burua hilerokoarekin… Bakoitzak bere izu eta zalantzak ere agerrarazi zituen. Eta hain gazte izanik jada ikusten dira zama handiak. Hilerokoa zikinarekin lotzea adibidez, minarekin, deserosotasunarekin… Jada kutsatuta daude.

Gorputz ez menstrualek ere badute zer egina, ala?
Kasu honetan "errespetatu eta entzun" esango nieke. Eta norberak bere estrategiak bila ditzala bide horretan laguntzeko.

Ohitu al gara konpresa berrerabilgarriak erabiltzera?
Lan honetan hasi ginenean, lantzen dugun teoriatik zerbait materiala ateratzea zen konpresen helburua. Oso poliki hasi ginen, oso produkzio txikiarekin. Harritu egin gaitu izan dugun harrerak. 25 urtetik aurrerako jendea izan ohi da animatzen dena. Konpresa eskuz garbitu behar duzu, beraz gorputzarekin duzun harremana aldatu egiten da. Onarpen batekin doa. Zure parte da hilerokoa. Hilerokoa onura eta osasuntsu gaudela da. Natura zaintzetik ere diskurtsoak aldatzen ari dira, poliki bada ere.

Zer esango zenioke konpresa berrerabilgarriak erabiltzeari nazka dion bati?
Gutxika hasteko esango nioke. Erosi aurretik hilerokoarekin modu osasuntsuan harremantzen hastea garrantzitsua da. Ukitu, horren inguruan hitz egin, partekatu. Nazka ematen badizu, onartzen ez duzulako da. Beraz, lehenik eta behin horrekin amaitu behar da. Abiapuntu gisa hartu behar da nazka sentitzera bultzatu gaituztela, kulpa sentimendurik gabe alegia. Teoria handiak irakurtzea baino garrantzitsuagoa da norberak bere gorputza ezagutzea, hori da gakoa.

Lore gorria moretik
Ametsa egia bilakatzea lortu du Maddalenek. Literalki, gainera. Argentinan zegoela egin zuen amets hura, eta "hau Anerekin partekatu behar dut" esanez iratzarri zen, Ane Narvarte Lasarengan pentsatuz. Telefonoa hartu, ametsa kontatu eta proiektua berarekin egin behar zuela esan zion. Euskal Herrira itzultzearekin batera gauzatu zuten egitasmoa. Hala sortu zen Loregorri. Tailerrak eta teoria eskaintzeaz gain, konpresa berrerabilgarriak sortzea erabaki zuten, beren jarduna materializatzeko, gorpuzteko. Harrera ezin hobea izan dute gainera. Gaur egun, Oiartzungo Laboren, Iruñeako Karrikirin, Hernaniko Itzal dendan... aurki daitezke. Sarea hedatzen ari dira.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hilekoa
2023-10-03 | Leire Artola Arin
Zikloan
Hilekoaren zikloa euskaraz ezagutzeko lehen web aplikazioa sortu dute Iametzak eta Ara!Gorputzek

Norbere zikloaren ezagutza ugalkortasunetik harago ezinbestekoa dela uste dute sortzaileek, eta oinarrizko hiru puntu errespetatu dituzte Zikloan web aplikazioa egiterakoan: ikuspegi feminista kritikoa, datuen babesa eta euskara hutsean izatea.


Hilekoa min kroniko bihurtzen denean

Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak emateko. Salatu dute “gutxi” ikertzen dela eta mediku batetik bestera ibili behar dutela.


Ekainetik aurrera Hego Euskal Herrian baja hartu ahal izango da hilekoagatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik

Europar Batasunean hilekoaren minaren ondoriozko baja aitortu duen lehen estatua da Espainiakoa. Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.


Ginekologoarengana joateko hamaika traba

Hainbat gaztek ginekologoarekin duten lehen harremana korapilatsua izan ohi da. Euren bizipenak eta kezkak kontatu dizkigute Aroa Sotelok (Bilbo, 1998), Ainhoa Labairuk (Bilbo, 1998), Naiara Martinek (Mar del Plata, Argentina, 1990) eta Uxue Reyk (Iruñea, 1997). Lehenago... [+]


Materialismo histerikoa
Kamehameha egoerak

Imajinatu, nonbait honetako elkarteren batean, neska sartu berri batek, inozentzia osoz proposatzen duela komunean, komuneko papera dagoen moduan, konpresak edo tanpaxak jartzeko. Eta komuneko papera jartzeaz arduratzen den kidea guztiz asaldatzen dela bere adinean konpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude