“Kirol honen zailtasunari, aurreiritziak batzen zaizkio”

  • Tapizaren gainean ez ezik, bertatik kanpo ere akrobazia ugari egin behar izan du Eneko Lambeak, gizartean indarrean dauden estereotipoei iskin egin eta bere buruarekiko fidela izateko. Gimnastika erritmikoa du pasio, eta Euskal Herrian maila nagusian dabilen lau gizonetako bat da. Umea zela maitemindu zen kirol horretaz, eta iaz Espainiako Txapeldun bihurtu zen, 16 urterekin. “Oso kirol sakrifikatua” da, eta aurreiritziek are gehiago malkartu diote bidea. Izan ere, emakumeen kiroltzat jotzen da beti gimnastika erritmikoa. Lambeak garbi du: “Kirolek ez dute generorik; gizartearen begiradan dago arazoa”.

Eneko Lambea, ekainean Valladoliden, Espainiako Kopan. Euskadik zilarra lortu zuen gizonezkoetan. / Argazkia: © www.fotosporteventos.com
Eneko Lambea, ekainean Valladoliden, Espainiako Kopan. Euskadik zilarra lortu zuen gizonezkoetan. / Argazkia: © www.fotosporteventos.com
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bi urterekin hasi omen zinen saltoka eta zilipurdika. Ia jaiotzetik zara gimnasta.

Bai, nire bizitza eta gimnastika erritmikoa betidanik egon dira lotuta. Banaezinak direla esan daiteke. Ia aldi berean hasi nintzen oinez eta ariketak egiten: lehen pausoak eman, eta berehala zilipurdi bat egin nuen. Nire bizitza ez dut gimnastikarik gabe gogoratzen. Arreba gimnasta zen, eta hark egiten zuena kopiatu nahi izaten nuen. Jabetu nintzen oso gustuko nuela. Leioako Sakoneta klubean ziharduen arrebak, eta bertan hasi nintzen ni ere.

Zerk erakarri zintuen hainbeste?

Sormenak garrantzi handia du, ez da batere errepikakorra. Aldiro gauza berriak asmatzeko aukera duzu, eta hori ikaragarri gustatzen zait. Bestalde, koordinazio handia behar duzu, akrobaziak eta bestelako mugimenduak egiteko. Horretaz aparte, balio oso garrantzitsuak eman dizkit gimnastika erritmikoak; hala nola, diziplina. Eta barruan dudana askatzeko ere balio dit. Izatez ez naiz oso pertsona irekia, baina tapizean nagoenean, gai naiz sentitzen dudana azaleratzeko. Libre sentitzen naiz.

Pasio handia duzu, eta talentua ere bai, iaz Espainiako Txapelketa nagusia irabazi zenuen, 16 urterekin. Oso goiz da, ala?

Goiz da, baina egia da gimnastika erritmikoan kirolarien adina askoz ere txikiagoa dela beste kirol batzuetan baino. Agian, mutiletan ez hainbeste; guk gehiago irauten dugu. Baina badira 18 urterekin uzten duten neskak. Malgutasun handia behar duzu, eta zahartzen zaren heinean, zurrundu egiten zara. Gainera, kirol oso sakrifikatua da gurea: ordu asko pasatzen ditugu entrenatzen, eta batzuetan pasioa agortu egiten da.

"Ez naiz oso pertsona irekia, baina tapizean nagoenean, libre sentitzen naiz barruan dudana azaleratzeko".

Zenbat entrenamendu izaten duzu astero, eta zer iraupen izaten du entrenamendu bakoitzak?

Normalean, astero bospasei egunez entrenatzen dut, eta entrenamenduak hiru eta bost ordu artekoak izaten dira; astean, 21 ordu inguru. Nahikotxo da, egia esan. Alde batetik, malgutasun ariketak egiten ditugu, eta bestetik, ariketa espezifikoak, tresna ezberdinekin: pilotarekin, zintarekin… Tresnekin igarotzen dugu denbora gehien. Horretaz aparte, lesioen prebentzioari ere garrantzi handia ematen diot, eta astean pare bat ordu eskaintzen dizkiot alor horri. Hori gimnasioan egin ohi dut. Orkatilek eta belaunek asko sufritzen dute, eta komenigarria da artikulazio horiek sendotzea, lesioak izateko arriskua gutxitzeko.  

Hortaz, dedikazio handia eskatzen duen kirola da. Eta tamalez, zuretzat bidea are zailagoa izan da, gizonezkoa izate hutsagatik.

Bai, mutilok beste oztopo bat gainditu behar dugu: aurreiritzi eta estereotipoena. Kirolaren zailtasunari, gizartearen presioa batzen zaio. Nik nahiko ondo bizi izan dut. Esan bezala, oso goiz hasi nintzen, eta horren txikia izanda, ez nintzen gauza gehienetaz jabetzen. Gurasoek eta arrebak hesi edo ezkutu moduko bat eratu zuten, jendearen mespretxua ez iristeko. Orain, helduagoa naizenez, eta kirol honetan urte asko daramadanez, jendeak ez du horren gaizki ikusten.

Edonola ere, Euskal Herrian zabiltzaten mutil apurren artean, ziur denek sufritu dituzuela, modu batera edo bestera, gizartearen aurreiritziei aurre egin izanaren ondorioak.

Noski. Uste dut gimnastika artistikoa egiten dugun mutil guztiok pasa dugula gaizki uneren batean. Hasteko, iruzkin mingarriak entzun behar izan ditugu. Eta horretaz aparte, kirolaren barruan, alde handia dago nesken eta mutilen artean: adibidez, neskek badituzte guk lehiatu ezin ditugun zenbait txapelketa. Halakoak nabaritu egiten dira, ezin duzulako izan nahiko zenukeen garapena. Muga batekin egiten duzu topo, eta frustrazio handia senti dezakezu.

Nolako iruzkinez ari zara?

Homosexualitatearekin lotutako asko; kirol hau egiten baduzu, homosexualtzat jotzen zaituzte zuzenean. Ez du inongo zentzurik, baina halako estereotipoak oso errotuta daude gizartean. Balletarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Egoerak hobera egin du, baina ez behar bezainbeste. Duela hamarkada batzuk baino hobeto egon arren, ezin dugu esan primeran gaudenik. Mutil bat orain hasiko balitz gimnastika erritmikoa egiten, oraindik nabaritu egingo luke jendearen erdeinua. Agian, ez modu horren zuzenean, baina sentituko luke.

Zure gurasoek nola bizi izan dute hori guztia?

Ahal izan duten naturaltasunik handienarekin. Nire aita futbol entrenatzailea da, baina sekula ez nau futbolean aritzera behartu. Kontrara, askatasun osoa eman dit zoriontsu sentiarazten ninduen hori egiteko.

Hortik abiatuta, guztiok batu egin gara, egoeraren kontra borroka egiteko. Familiaren eta lagunen sostengua funtsezkoa izan da. Ingurukoen babesik gabe, ia ezinezkoa da amore ez ematea. Kluba alboan izatea ere oso garrantzitsua da, kirolaren barruan eman daitezkeen injustizien aurrean. Adibidez, txapelketa batean ez badizute parte hartzen uzten, klubak lagundu egingo zaitu, eta borroka egingo du zure alde.

Baztertua sentitu zara kirolaz haragoko esparruetan?

Eskolan bai, adibidez. Baina horrek ez ninduen gehiegi mindu: baztertzen nauena ez da nire laguna, eta kito. Benetan nirekin egon nahi duten pertsonengana hurbildu naiz. Ikaskideekin nuen harremana eskola barrukoa zen bakarrik, eta hori garbi izateak asko lagundu dit. Bestela, majo sufrituko nuen.

Eneko Lambea, ekainean Valladoliden, Espainiako Kopan / Argazkia: © www.fotosporteventos.com

Aitzindari zarela sentitzeak ere indar handia emango dizu ekinean jarraitzeko.

Noski. Adibidez, elkarrizketak ez zaizkit gehiegi gustatzen, baina badakit gizonezkoen gimnastika erritmikoak komunikabideetan presentzia badu, errazagoa izango dela jende berria erakartzea, eta gure atzetik datozen mutilek bide samurragoa izatea. Ederra da bidea urratzen ari naizela sentitzea.

Talde mistoetan lehiatzeko aukera izan zen iazko Espainiako Txapelketan. Aurrerapausotzat jotzen duzu?

Oso urrats garrantzitsua izan zen. Hori da berdintasuna lortzeko bidea. Orain arte, guk bakarka baino ezin genuen lehiatu, neskek bakarkako txapelketa, taldekakoa eta kopa zituzten bitartean. Espainiako Estatu mailan, norabide egokian goaz. Eta are hobeto gaude Euskal Herrian, urte asko baitaramagu gizonezkook emakumezkoekin batera lehiatzen. Nire ustez, oso aberasgarria da elkarren aurka aritzea, eta zentzuzkoa ere bai: lan indibiduala da, eta hobekien egiten duenak irabazten du. Horrez gain, Euskadiko Txapelketan aspalditik dago talde mistoak osatzeko aukera. Zorte handia dudala sentitzen dut. Toki egokian jaio nintzen!

Etorkizunera begira, zer litzateke hobe, gimnasta guztiak batera aritzea, kategoria bakarrean, ala gizonezkoen kategoria indartzea?

Bi bideak daude ongi, nire ustez. Funtsa, niretzat, arauak berdinak izatea da. Adibidez, Japonian gimnastika erritmiko maskulinoa dute, baina beste arau batzuekin. Kirol ezberdin bat da. Hori ez da bide egokia, inondik inora. Gizonok soilik elkarren kontra lehiatzen badugu, baina emakumeen arau berdinekin, ez dago arazorik. Kirolaren esentziari eustea da kontua.

Hurrengo urratsa, nazioartean lehiatzeko aukera gehiago izatea izango litzateke, ezta?

Hala da. Egoera askoz ere txarragoa da beste herrialde batzuetan; ia ez dago mutilik, eta dauden apurrek baldintza petraletan dihardute. Kirola hedatzea lortu behar dugu, geroz eta gizonezko gimnasta gehiago egon dadin, eta ildo horretatik jarraituta, noizbait Europako eta Munduko txapelketetan aritzeko aukera izan dezagun. Amets gorena, noski, Olinpiar Jokoetan parte hartzea izango litzateke. Behin izan nuen aukera nazioartean lehiatzeko, Amsterdamen, ofiziala ez zen txapelketa batean. Bigarren geratu nintzen, baina emaitzaz harago, esperientzia ederra izan zen niretzat. Kanpoan jarduteak asko aberasten zaitu, gimnasta berriak eta estilo ezberdinak ezagutzen baitituzu. Tamalez, txapelketa hura salbuespen hutsa izan zen, eta asko dago egiteko ildo horretan.

"Edertasunarekin lotzen da gimnastika artistikoa, eta gizonok, ustez, gauza fisikoak egin behar ditugu".

Egoera zergatik da hobea Espainiako Estatuan Europako gainontzeko herrialdeetan baino?

Ekialdeko herrialdeak dira boteretsuenak gimnastikan: Errusia, Bulgaria, Ukrainia, Bielorrusia… Ordea, ikuspegi nahiko kontserbatzailea dute, eta ez dute begi onez ikusten gizonek gimnastika erritmikoa egitea. Ez dakit den emakumeen kiroltzat dutelako, baina ez dute nahi. Ulergaitza da. Espainian, aldiz, gizonek beti indar handia egin dute kirol hau ahalik eta normaltasun handienarekin egiteko, eta egungo egoera urte luzez egindako borrokaren isla da. Gimnastek beraiek egin behar dute bultza, federazioek pausoak eman ditzaten.

Zergatik uste da emakumezkoen kirola dela? Menturaz, oso estetikoa delako?

Edertasunarekin lotzen da gimnastika artistikoa, eta gizonok, ustez, gauza fisikoagoak egin behar ditugu. Nire ustez, kirolek ez dute generorik; kirol bakoitzari gizarteak jartzen dio generoa, ez kirolak berak. Hau da, gizartearen begiradan dago arazoa. Lanketa handia egin behar da zentzu horretan. Telebistak eta sare sozialek eragin handia dute gizartean, eta jendeak ikusten badu normala dela gizonezkoek gurea bezalako kirolak egitea, errazagoa izango da trabak gutxitu eta jende gehiago erakartzea.

Nazioarteko Olinpiar Batzordearen asmoa da 2024rako kirol guztiak parekideak izatea. Posible ikusten duzu hori gimnastika erritmikoaren kasuan?

Ez dut uste 2024an halakorik gertatuko denik. Akaso 2028an, baina ordurako ni helduegia izango naiz gimnastika erritmikoa egiteko. Orain 17 urte ditut, eta ez dakit noiz arte ariko naizen. Oso zaila da maila honetan urte askoan aritzea, eta 2028ra iristea ia ezinezkoa izango litzateke. Hortaz, ez dut uste sekula aukera hori izango dudanik. Baina egia esan, berdin zait: niretzat, aski da egunen batean mutil bat Olinpiar Jokoetan gimnastika erritmikoa egiten ikustea. Ametsa betetzat emango nuke.

Matematika txapeldun

Billy Elliotekin alderatu izan dute, baina alde sinbolikotik harago, Lambeak ez du uste antzik dutenik. “Nire istorio pertsonala oso ezberdina da”. Kiroletik kanpo, robotika da haren zaletasun nagusia, eta ikasketak ildo horretatik bideratu nahiko lituzke. “Elektronikarekin lotura duen ingenieritzaren bat ikasiko dut”. Ikasketak kirolarekin bateratzen saiatuko da, beti ere garbi izanda gimnastika “hobby bat” dela soilik. Pilotarekin, zintarekin, sokarekin edo uztaiarekin bezain ongi moldatzen da zenbakiekin. Euskadiko matematika txapelketa irabazi zuen behin. “Prestatu gabe joan nintzen. Berezkoa dut erraztasuna”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
Guraso batek 11.000 euroko isuna jaso dezake adin txikikoen futbol partida batean izandako irain eta erasoengatik

Gasteizko eskolako futbol partida batean guraso batek irainak bota, mehatxatu eta pertsona bati eraso egiten saiatu zen adin txikikoen aurrean. Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen mota horretako bigarren salaketa da. 


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


2025-07-02 | Eli Pagola
Erraketistak
Joko ikusgarria, ibilbide sinesgaitza

1917tik 1980ra erraketalariak profesionalki aritu ziren munduko frontoi ezagunenetan. “Chiquita de Anoeta”, “Arane”, “Emili”, Albisu, “Amparito”, “Chiquita de Aizarna”, “Asteasu”... Hamaika pilotari... [+]


Gorputz hotsak
“Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago”

Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]


Bertan behera utzi dute Donostiako surf txapelketa bat, israeldarren parte hartzea dela eta

Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf... [+]


2025-06-02 | Jon Torner Zabala
Euskal selekzioa Nazioen Ligan: gertaera “historikoa”, zazpi herrialdeetako pilotariak bildu zain

Abian da zesta-puntako Nazioen Liga. Ekainaren 6ra bitartean, hainbat selekzio arituko da lehian Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, euskal selekzioa tartean. “Historikoa” da hori, txapelketaren antolatzaileek adierazi duten moduan, euskal selekzioak aurrenekoz... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


2025-05-20 | Jon Torner Zabala
Futbola akuilu, sekula baino hegazkin pribatu gehiago Bilboko zeruan

Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa... [+]


2025-05-16 | Gedar
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik

"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Gorputz hotsak
“Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik”

Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea... [+]


Harri-jasotzea
Harri eskolek emandako bultzada

Harri-jasotzearen gorakada nabaritu da azken urteetan, batez ere emakumeen artean. Gazteek harri eskoletan ikasten dute kirolean esperientzia dutenengandik. Crossfit-a, sare sozialak eta telebista faktore garrantzitsuak izan dira kirolaren piztualdian, harri eskolekin batera... [+]


Eguneraketa berriak daude