"Artzain bakarraren irudia mitoa da, bakarrik ezin da"

  • Artzain izan nahi zuen txikitatik, eta artzantzaz bizi da duela hogei urtetik hona. Kantuan aritzea gustuko du eta kantuan ari da etxean bezala plazaz plaza. Ez omen da bizitza idilikoa berea, baina ez omen litzateke beste inon eta beste ezertan zoriontsuago izanen. Urepeleko Iturribeltzia baserrian, goiz eguzkitsu honetan, ez zait zaila sinesten. Nahikoa lan dut nik, elkarrizketan zehar, ez bera eta ez bere bizimodua erromantizatzen. Ez dakit lortu ote dudan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Miren Aire. Urepel, 1976

Artzaina da, aita eta aitatxi bezala, eta bere amaren eta amatxiren sortetxean bizi da. Hainbat erabakik eraman dute horretara. Ez denak errazak. Baina, bertsotan neurri baten barruan inprobisatzea jolasa den bezala, hertsaduren baitan nork bere bizimodua asmatzea ere askatasun bihur daiteke. Horretaz zerbait badaki Miren Airek.

Beti nahi izan duzu artzain izan? Nondik heldu zitzaizun gogo hori?
Aita artzaina zen. Artzain soila, lurrik gabekoa. Negua ardiekin pasatzen zuen etxetik kanpo, bazketan. Etxetik oren bat edo oren bat eta erdira bazen egiteko, baina bera han egoten zen, bakarrik. Gero udan Urepelera etortzen zen eta mendian egoten zen artaldearekin. Eta gertatzen zitzaidalarik amarekin eta ahizpekin aitaren ikustera joatea, beti momentu berezi bat zen. Gozamena zen aitarekin ardien gibeletik ibiltzea. Ez nuen lanbidea hurbiletik ezagutzen, baina nik betidanik, haur garai haietatik, pentsatu dut –eta erraten nuen– artzain eginen nuela. Alta, gero ideiaz arrunt aldatu nintzen. Kolegioan, lagunen artean, ez nuen batere hori egin nahi gehiago. 18-20 urte artean berriz jin zitzaidan gogo hori.

Eta nola erabakitzen du batek hogei urterekin artzaingoan sartzea?
Ikasketa normalak segitu nituen, eta baxoa ukan eta gero fakultatean egon nintzen bi urtez, Euskal Ikasketak egiten, Baionan. Hasi eta bi urtera ohartu nintzen ez nituela gustukoak ez ikasketak, ez hiriko bizimoldea. Hor ikusi nuen dudarik gabe hori nahi nuela eta hori behar nuela: artzain izan. Ikusten nuen ene burua Urepelen, edo barnealdean, mendialdean, ziur. Hor erabaki nuen ardiekin hastea. Laborantzako formakuntza bat egin nuen, urte bat eta erdikoa. Eta handik landa ardi batzuk erosi nituen, aitak beste andana bat utzi, eta horrela hasi ginen, Paxkal, ene alaben aita, eta ni. Zortzi urtez egon ginen artzain soil, aita egon zen bezala. Neguan bazketan, eta udan hemen, Urepelen, mendian.

Nolakoa izan zen hasiera hori?
Ardiak lortu eta lanean hasi nintzenean, arrunt kontent nintzen. Izugarri. Orain ere bai, baina, lehenbiziko urteetan, aments bat bizi nuen. Formakuntza egin eta dirulaguntzak lortzea izan zen lehen lana. Laguntza horiek ez dituzte hain errazki ematen eta hori gabe neke da hastea. Horiek gabe ez nuen hasterik, eta paperak ukatea, artzain plantatzeko baimena erdiestea, dirulaguntzak lortzea… Izigarriko plazera, ohorea eta gozamena izan zen. Hor nintzen hasi hurbiletik ikusten zer zen artzaingoa, ordura arte ez bainekien. Lanbidea ez nuen ezagutzen. Eta hor nintzen hasi maitatzen ere. Zeren eta ordu arte maite nuen zer zen jakin gabe. Ordutik maitatzen hasi nintzen zer zen ikusi ondoan. Desberdin da. Hor hasten da gozatzen.

Artzain lana gogor bezala ikusia da, alta. Ardiei eta urte sasoiei lotua, bakantzarik gabea…
Nik uste dut lan hau hautatzen dela, bakarrik maite delakotz edo maitatuko dela pentsatzen delakotz. Ez da hautatzen artzain izatea lanbide bat hautatzen den bezala. Hautatzen da horren gibelean ze bizimolde den badakigulakotz, edo pentsatzen dugulakotz. Horrek du gogoa pizten. Horretan hasi orduko nik hori atzeman nuen. Hori sentitu nuen.

Zer da hori?
Ez dakit nola esplikatu. Badu orain hogei urte pasa hori egiten dudala. Nahiz eta izan akidurak, kezkak, arrangurak… Goiz guziz iratzarri orduko burutik pasatzen zaidan lehen irudia eta asmoa, hori da. Ardiengana joateko esnatzen eta jaikitzen naiz. Beti, lehenbiziko segundo hori, oraino ere, plazer bat da. Eta lotura aipatu duzunez… Askatasuna zer den; bakoitzak badu bere definizioa. Ene inguruan anitzek uste dute artzain edo laborari izateak askatasun eskasa sortzen duela. Nik desberdin ikusten dut. Ez naiz batere askatasun eskasian sentitzen. Baina, batere ez e!

Gero, hemen, Urepelen, denak edo kasik denak hola bizi dira. Ez da bakarrik banintz bezala. Sistema bat da, gizarte batean. Azkenean, denak bezalakoa naizela sentitzen naiz. Ez desberdin. Eta sistema horretan izatea bera ere gozamen bat da. Elkarlan anitz bada, auzolana bada, eta horrek ere egiten du lanbide interesgarria artzainarena. Ez naiz batere damutzen lanbide hau hautatu izanaz. Joanago eta gutxiago.


"Hainbeste lan egiten duten emazteak badira, horiei esker dira artzainak eta horiek ez dute titulurik”

Entzun izan dizut artzaingoa ez dela gogorrago emazte batentzat gizon batentzat baino. Baina, diferentziak badirela.
Pentsatzen dut, arrazoi bategatik edo besteagatik, gaitasun desberdinak ditugula emazteek eta gizonek, eta agian lanbide batzuk badira gaur egun emazteek errazkiago eginen dituztenak, eta beste batzuk alderantziz. Baina, bereziki lan hau, artzaingoa, ez dut uste gizon batek emazte batek baino errazkiago eginen duenik. Hori bai, uste dut artzain izateko osoki eta ontsa, ez litzatekeela bertze lanik edo bertze egitekorik izan behar. Egiazko artzainaren titulua eramaten duten gehienek ez dute besterik egiten. Artzain dira, eta besterik ez. Baina, ez dut ikusten artzainik laguntzarik gabe, eta itzalean lan anitz egiten dutenak badira. Ez dut hain zuzen atzematen. Hainbeste lan egiten duten emazteak badira, horiei esker dira artzainak eta horiek ez dute titulurik.

Argazkia: Dani Blanco

Izan liteke artzain norbera, laguntza hori gabe?
Nik badut laguntza. Ondoan ditut aita, ama eta alabak. Egia erran, hori gabe ezinezkoa litzateke enetako. Enetako eta besteendako ere ez. Behar da inguratua izan. Lehen bai eta orain ere bai. Orain plantatzen denak ere behar du laguntza eta sostengua. Bakar-bakarrik ezin da. Nik ez dut egiten bakarrik, eta besteek ere ez. Artzain bakartiaren irudia mitoa da.

Niretzat mito bat, Aire Ahizpak dira! Oroimena dudanetik, kantuan ari zarete herriz herri. Noiz eta nola hasi zineten kantuz?
Gu kantariak gara… edo, hobe erran, kantuz ari gara, betidanik. Hemen bertze anitz bezala, funtsean. Kantuz ari gara ohartu gabe ere hori gauza berezi bat dela. Hemen, etxean edo bestetan, jendeak kantatzen du. Gure baitan da. Gero plazan kantatzea, hori bertze gauza bat da. Gazte-gazteak ginen lehen aldikoz galdegin zigutelarik plazan kantatzea. Nik 16 urte nituen, eta ahizpa gazteenak, Paxkalinek, 10. Kantatu genuen arrunt naturalki. Makean egin genuen lehen kantaldia, herriko bestetan. Oren erdi bateko kantaldi bat eman genuen. Bospasei kantu. Eta handik fite bertze leku batera galdegin gintuzten, eta kasik oharkabean hasi ginen. Ez naiz oroitzen ere nola hasi ginen kantatzen plazetan. Gazteak ginen eta iduritzen zait beti hola izan dela.

1991tik kantaldiz kantaldi, kantu ezagun frango, eta lehen diskoa 2014an, Bidexka (Erroa). Ez zarete azkarrenak, komertzialki mintzatuz.

Guk ez dugu lan berezi bat egiten kantugintzaren inguruan. Kantuz ari gara, sinpleki. Nahi baldin badute han kanta dezagun, joaten gara eta ari gara kantuz. Besterik ez. Ez dugu publizitaterik eginen kantuz ari garelakotz han edo hemen. Diskoa atera genuen, bazelarik hogei urte kantuz ari ginela. Eta ez genuen nahi! Aspalditik izan ditugu eskaintzak edo proposamenak, baina ez ginen horretan. Azkenean, Josu Zabala eta Mikel Markez etorri ziren guregana, egin behar genuela eta egin behar genuela… eta haiek konbentzitu gintuzten. Ez da helburu bat guretzako kantuz aritzea. Maite dugu, kantuz ari gira, eta besterik ez. Jendeak nahi dueno gu kantuz aritzea, ariko gara.

Punki batzuk zarete.
Bai eta ez. Ez diogu hainbesteko garrantzia ematen, ezagunak eta ezagutuak izateari. Baina kantatzeari bai. Gauza bat biziki berezia sentitu dut, adibidez, konfinamenduan. Uste dut ez nintzela sekula ohartua hainbeste. Aste horietan ez dugu kantatu, noski –eta geroztik ere guti, kantaldi bakarra eman dugu joan den astean–, eta zer hutsa! Zer falta egin didan ez kantatzeak. Baina, izugarria! Lehen aldia da gertatzen dela ez kantatzea hainbeste denboraz, eta hor sufritu dugu ez kantatzeaz plazetan. Ez elkarrekin kantatzeaz, azken batean.

Gainera, guk arrunt serioski hartu dugu konfinamendua –ez dakit ontsa egin dugun ala ez– eta ez dugu batere elkar ikusi hiruek. Bakoitza bere etxean gelditu da, eta hasten nintzen kantatzen, hola, kantatzeko gogoa nuelako, eta ezin nuen kantua bukatu. Halako tristezia bat sentitzen nuen… Beste bien bozak eskas nituen, eta ezin nuen. Hiruen arteko harreman hori arrunt berezia da. Gurean kantuak egiten du ahizpatasuna, eta alderantziz.

Artzainei ez omen zaie zenbat ardi dituzten galdetzen. Baina, zuek zenbat kantaldi egiten dituzue urtean? Non aritzen zarete?
Ez hainbeste ere. Egiten dugu hilabetean bat edo bi. Gero, neguan gutxiago. Neguan hilabete batzuk batere kantatu gabe pasatuko dira. Hegoaldean ari gara gehienik, orain. Iparraldean ezagutzen gaituzte! Nafarroan eta Araban ez hainbeste, baina, Bizkaian eta Gipuzkoan anitz.  Eta hiri handietara joaten garelarik, bi mundu desberdin dira. Bilbon eta Bilbo inguruan, adibidez, badugu usaia kantatzeko, eta maite dugu hara joatea. Baina, Hegoaldea ez da bakarrik Bilbo edo Gasteiz, eta anitz kantatzen dugu herri ttipietan ere.

Usu kantatzen duzue, hain zuzen, Xalbadorrek, zuen aitatxik, Mixel zuen aitari igorririko bertso sorta. Aitak Ameriketan zen semeari etxera itzultzeko galdegiten dio, dena esan behar bada, xantaia emozional latza eginez.
Hori Euskal Herriko historia dela uste dut. Azkenean, ez dakit nola erran, Euskal Herria Euskal Herria baldin bada horregatik edo horri esker ere bada. Ikusten delarik ze atxikimendu den etxeari, sortetxeari… Ez dakit errazago den sortetxea uztea edo sortetxean gelditzea. Ene ustez ez da uztea ere hain erraz. Gelditzea ere ez da erraz. Baina, uztea erraz izan balitz utziko zen. Etxeak eta herriak oraindik baldin badira, laborantzan oraindik segitzen baldin badu eta etxeak oraindik beterik baldin badira, azkenean horri esker da ere. Gaur egun ez dakit zer den hobe. Baina, errealitate hori bada gaur egungoa ere. Bada hori. Eta nola!

Zu justuki, amaren sortetxean bizi zara orain… Nola bukatu duzu etxe hau betetzen, etxe honi segida ematen?
Ez nuen haste-hastetik pentsatu hemen bizitzea. Duela dozena bat urte izan zen. Hemen bi osaba ziren lanean, biak donado edo mutilzahar, eta erretretara hurbildu zirelarik, ez zen besterik segidarako. Ni ardiekin nintzen, artzain soil, eta ahizpak irakaskuntzan ari ziren. Hemen etxe baten segida hartzea laborantzarekin segitzea da. Artaldeek dituzte hemen etxeak xutik atxikarazten. Beraz, etxea hustekotan zelarik, eskatu zidaten segida har nezan. Hala gertatu zen. Beste bide bat hartua nuen, eta ene baitan borroka bat izan nuen. Banituen lur batzuk atzemanak, etxe bat ere erosia Donaixti-Izura inguruan… eta nahi nuen ene bidea egin. Baina, egoera horretan, bi bideak arrunt zailak ikusten nituen. Bai joatea eta bai gelditzea. Azkenean gelditzea erabaki nuen. Eta ez dut dolu. Dolu handiagoa izanen nuen joan banintz. Argi dut ez ninduela bertze edozein hautuk zoriontsuago eginen. Hori badut. Sentsazio hori. Eta badakit ze xantza den hori sentitzea.

Karga bat da etxeak xutik atxikitzeko ardura hori?
Xantza ere bada. Badu bietatik. Bitxi da, hala ere, gauzak nola interpretatzen diren, eta nolaz hainbertze merezimendu ematen zaion laborari bati edo artzain bati edo herrian gelditzen denari, edo sortetxean bere bizi guzia egitea erabakitzen duenari, eta merezimendu hori, ardura hori hartu duelako. Segida ematea. Baina, azkenean, xantza bat ere bada. Erraztasun bat da. Nik eskertzekoa dut, besterik ez, hori ukanik. Ez nuen berdin ikusten duela hogei urte. Orduan presioa eta karga sentitzen nituen. Orain urteak pasatu dira eta orain dut eskertzen. Gizartearen mugimendua, eta beraz, herritarrena, da orokorki mendialdeko herrietatik joatea. Eta gelditzeak inplikatzen du mugimendu horren kontra joatea.

Desberdina da bizitzea Garazi aldean, edo Amikuzen, edo hemen, Aldudeko ibarrean. Hau arrunt berezia da. Arrunt, arrunt, arrunt! Ez da pasaia leku bat. Bidea hemen gelditzen da. Horrek dena aldatzen du. Zure mundua ikusteko manera ez da berdina Hendaian edo Urepelen. Ezin du izan. Ez da bizimolde berdina ere. Hemen behar duzu zinez hautu hori egin. Egin behar duzu 20 urtetan. Hori da zaila. Erabakia. Baina, hemen bizitzea bera ez, batere. Ni gustura sentitzen ahal naiz nonahi. Hirian ere bai. Baina, egun batendako bakarrik. Eta nahi badut hor dut. Hemen gelditzeak ez du kentzen gainerateko guziak bizitzeko aukera. Ez zara isolatua. Anitzez isolatuago sentituko nintzen Baionako apartamentu batean, ene auzoak kasik ezagutu gabe. Baina, ez da berdin pentsatzen 25 urterekin eta 45 urterekin. Ikasten da.

Zure alaben lekuan jartzen ari naiz, nahi gabe…
Orain arte artzain egin nahi zuten. Hori erraten zuten. Baina, pentsa, orain zer deskubritzen ari diren! Alaba zaharrena Bernat Etxepare lizeoan da dagoeneko. Bistan da, ez dutela nahi. Bietatik bat da gehienik erraten duena “ama, ni ez naiz hemen geldituko e!,  ni joanen naiz e!”. Eta nik, “bai, bai, ontsa, zaza, zaza!”.

Egun batez, jaten ari ginela, ez genuen batere hori aipatzen, eta bat-batean erraten dio ahizpari: “Badakizu, ez bazara zu egoten etxean, ni egonen naiz”. Behar du baimena libre izateko, baina, kezka hori badu. Uste dut ezin dela saihestu. Pentsatzekoa da hobe dela hori ez ukatea, presio hori haien kalterako dela. Baina gero, azkenean, beharrik badela hori. Bertzenaz zer? Bertzenaz ez da deus gelditzen. 50 urteren buruan, zer izanen da hemen? Ni horrek nau hona ekarrarazi. Horrek bakarrik. Euskaldun sortzea bezala da; karga bat da, trabak besterik ez dira, baina, berriz sortuko banintz berriz euskaldun sortu nahiko nuke. Eta berriz emazte.


ASTEKARIA
2020ko urriaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Estitxu Eizagirre
#2
Gorka Bereziartua
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da

Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.


Eguneraketa berriak daude