Nafarroako erresumaren azken aukera galdua

  • Duela 500 urte Nafarroaren etorkizuna betirako baldintzatu zuen borrokaldia gertatu zen Noainen, Henrike II.a nafar monarkaren aldeko tropen eta Gaztelako nobleek gidaturiko armadaren artean. Historia isildua eta ahantzia izan da, baina gaur egun gero eta datu gehiago dauzkagu esateko nafarrak inbaditzaileen aurka altxa zirela, eta haien erresuma berreskuratzeko azken aukera galdua izan zela hura.


2021eko ekainaren 30an - 06:00
Iruñeko Getzen kokaturik, Noaindik gertu, Joxe Ulibarrena eskultore azkoiendarrak sortu zuen 1996an Noaingo Batailari monumentua. Tamaina handiko obrak gerlari erraldoia irudikatzen du ezpata eskuetan duela. Toki horretan egin izan dira Nafarroako konkistari loturiko makina bat ekitaldi geroztik, eta Noain 500 urte plataformak ere ikurtzat hartu du bere karteletan. (Argazkia: Foku / Idoia Zabaleta)

1521eko ekainaren 30ean xake taula baten antza hartu zuen Noain eta Ezkirotz arteko goi lautadatxoak, Taxoare mendilerroak bere eskuetako bat lurrean leunki ezarrita duen toki horretan. Alde batean, tropa nafar eta frantziarrak, Asparrotseko jaunak gidaturik. Bestean, gudaroste espainiar inperiala, Haroko kondea, Naiarako dukea eta Gaztelako kondestablea buru zutela, euskaldun ugarik ere lagunduta. Batean milaka peoi, zaldi eta alfil, bestean askoz gehiago. Kanoien ke itsuak, zaldunen kargen zalapartak eta infanteriako piken odolak bete zuten arratsalde hartan zelaia. Ilunabarrean, lehenengoen porrot erabatekoa bistakoa zen, eta horrek Nafarroako erresumaren geroa baldintzatu zuen betirako.

500 urte igaro dira aurten Noaingo gudua gertatu zenetik, historialari gehienen aburuz Nafarroako konkistan izandako borrokaldi handi bakar eta garrantzitsuena, modernitatean sartzen ari zen Europako gerra taktikoen aurrekari. Hori gogoratzeko, beste urte batez hainbat eragilek martxa antolatu dute Joxe Ulibarrenak Getzen sortutako monumentutik abiatuta –jada hiru hamarkada dira sinbolismoz beteriko ekitaldia egiten hasi zirenetik–; aurten modu bereziagoan eta beste egun batean gainera, espainiar ultraeskuindarrek ere deialdia egina zutenez, haien "probokaziotik urruntzeko". Efemeridea ez baita bazterrean uztekoa. Noaingo borrokaldi hura izan zen Henrike II.a Albretekoak Pirinioez hegoaldeko nafar erresuma berreskuratzeko ukan zuen azken(aurreko) aukera –amaiera baten hasiera seguruenik– eta haren ondorio sozial eta politikoek luze iraun dute.

Borrokaldi handi bezain odoltsua izan zen, zelaian zerraldo geraturiko noble nafarren zerrenda luzea ikusi besterik ez dago

Baina bosgarren mendeurrena gogoratzeaz gain, urrats berri esanguratsuak egin dira aurten, gertaturikoa ezagutu, kontatu eta aitortzeko. Erresistentzia eta porrota soilik oroitu beharrean, bataila horren aurretik, 1521eko maiatzean Nafarroan izandako “herri-altxamendua” ere ekarri nahi izan da aktualitatera. Gainera, ikerketa historikoek datu berriak azaleratu dituzte, orain arteko kontakizuna zalantzan jartzen dutenak.

1521eko maiatza: Nafarroa berriz altxa zenekoa

Fernando II.a Katolikoaren zerbitzura eta Gaztelako armada bere agindupean zuela, Albako dukeak 1512an Nafarroa inbaditu zuenean, Joanes Albretekoak eta Katalina Foixekoak Pirinioak gurutzatu zituzten, azken honen domeinuetako iparraldeko bizkonterrian babesteko, Bearnon. Baina Nafarroa Garaira itzultzeko asmo irmoa erakutsi zuten hasieratik. Bederatzi urte geroago aukera hori sortu zen, komuneroen matxinadaren ondorioz Gaztelak armagizon ugari erretiratu behar izan zituenean Pirinioetako erreinu txikitik.

Urte horietan guztietan hamaika liskar, auzi eta jazarpen bizi izan ziren Nafarroan, eta erresumako zati hori errekuperatzeko tentaldi seriorik ere bai, 1516an Pedro II.a Nafarroako mariskalak Erronkarin barrena egindako saiakera kasu –erbestean atxilo zela aurkitu zuen azken patua, erresumari leial hiltzeraino–.

1521ean errege nafarrak hilda zeuden, eta haien oinordeko Henrike II.a zangotzar gazteak harreman oso estua zuen Frantziako errege Frantzisko I.arekin, bere koinatua izango zena. Frantzia determinaturik zegoen Espainiarekiko zituen diferentzia inperialak behingoz gudu-zelaian kitatzeko; baina bi potentzi horien arteko mahai-jokoan Nafarroa fitxa bat besterik ez zela uste izatea, XVI. mende hasierako geopolitika konplexuaz ikuspegi mugatua edukitzea litzateke.

Nafarroa Garaian giro politiko eta soziala gori zegoen. Espainiarren okupazioak eta urtetako errepresioak akituta, hango herritar eta leinuek –berdin beaumontar nola agaramontar– begi onez ikusten zuten Henrike II.aren itzulera, haien errege legitimoa. Hala, urte hartako maiatzaren erdialdean Asparrotseko jaunak zuzenduta tropa legitimistek Auñamendietako bortuak igaro orduko –Donibane Garazi menean hartu ondoren–, nafar hiribildu ugari armetan altxa ziren "Henri Henri!" oihukatuz.

Nafarroako erregeordeak ospa egin zuen Iruñetik, eta han utzitako goarnizio espainiarra gazteluan gotortu zen –Inazio Loiolakoa kapitaina buru, handik herritarrak bonbardatzen zituztela–, baina iruindarren erasoaren aurrean amore eman behar izan zuten azkenean. Egun batzuk geroago gauza bera gertatu zen Lizarran, eta hilabete eskasean Nafarroa osoa aske zen.

Maiatz hartan, Nafarroa “bere subiranotasunaren alde” matxinatu zela aldarrikatu du Nafarroa Berriz Altxa! mugimendu politiko sortu berriak. Altxamendua oroitarazi eta matxinaturiko herritarrak omentzeaz gain, gaur egun “burujabetza hori berreskuratzeko beharra” dagoela aldarrikatzea da ekimenaren helburua: “Askatasun oihu horren oihartzunak mendez-mende dirau eta, gaur egun, gure artean darrai”, azpimarratu zuten apirilean manifestuaren irakurketa publikoa egitean. Hainbat ekitaldi eta mobilizazio egin dituzte geroztik –azkenekoa ekainaren 19ko Iruñeko manifestazio jendetsua–, Nafarroa “gorri eta intsumituaren” alde.

Nafarroa berriz altxa! mugimendu politiko berria sortu da Nafarroan, Noaingo batailaren aurretik, 1521eko maiatzean, herritarrak matxinatu egin zirela gogoratu eta “XXI. mendeko Nafarroa” eraiki behar dela aldarrikatzeko, burujabetza eta askatasunetik. (Argazkia: Nafarroa berriz altxa)

500 urteko isilune historiografikoa

Herri altxamendu hartaz kasik ez da ezer idatzi azken 500 urteetan. Baina hilabete geroago gertaturiko Noaingo batailaz iritsi zaigun kontakizuna ere apenas aldatu da denbora horretan, eta espainiar kronistek esandakoa errepikatzera mugatu dira historia liburuak askotan: espainiar gudarosteak “frantziarren” inbasioari aurre egin ziola. Frantziar historiografiak porrot hura isildu zuen noski, eta nafar kronistak segituan lerratu ziren irabazleen aldera.

Nola da posible Nafarroako historiaren norabidea aldatu zuen egun hura hain isilik igaro izana duela 30 urte arte? Mendeetan zehar iraun duen jazarpen eta menpekotasun politiko eta kulturala kontuan hartu gabe ezin liteke ulertu halakorik. Pixkanaka, Noaingo sarraskiaren atzeko argi-ilunak gero eta hobeto ezagutzen ditugu ordea, eta artxiboetan lorturiko azken datuek “kontakizun tradizionaletako garia lastotik banantzen laguntzen digute”, Peio Monteano historialari atarrabiarraren esanetan.

Noaingo sarraskiaren atzeko argi-ilunak gero eta hobeto ezagutzen ditugu ordea, eta artxiboetan lorturiko azken datuek “kontakizun tradizionaletako garia lastotik banantzen laguntzen digute”, Peio Monteano historialari atarrabiarraren esanetan

Monteanok ikertu du gehien Noaingo bataila. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian –horko teknikaria da–, Simancaseko artxiboan eta Parisko Liburutegi Nazionalean egin duen sagu lanaren emaitza da Noain 1521. El fin del principio (Noain 1521. Hasieraren amaiera) liburua. Azkenaldian berritasun eta informazio zehatz gehien ekarri duen obra da berea, eta historialariak idatzi duenez, “Noaingo batailaz beste errelato bati ekiteko” moduan gara orain.

Noaingo beste kontakizuna

Andre Foixkoa jenerala, Okzitaniako Asparrotseko jauna, Ebro ibaia igaro eta Logroñoko atarian plantatu zen 1521eko ekaina hasieran, milaka gaskoi, nafar, bearnotar eta jendarmez –frantziar zaldun korazatuak– lagunduta. Nafarroatik espainiar tropak erabat egotzita, Gaztelako erreinuko hiri hura setiatu eta bereganatzen saiatu zen, kanpaina hartako garaipen arrastoari segika. Alferrik baina. Egun batzuk geroago Vianara itzuli behar izan zuen burumakur.

Arazoak hasi besterik ez ziren egin jeneralarentzat, hornidura faltak eta desertzioek larritu zuten egoera hortik aurrera. Hala, pixkanaka atzera egin behar izan zuen, komuneroen iraultzaren porrotak espainiarrei ahalbidetu zien bitartean euren ejertzito erraldoiak Nafarroarantz bideratzea. Espainiar kronikek diote gudaroste handi horren aurrean Asparrotsekoa korrika eta presaka bueltatu zela etorritako bidetik: “Frantsesek afaltzen zuten tokian, gosaltzen zuten espainiarrek hurrengo egunean”.

Baina Monteanoren arabera, mugimenduak askoz pausatuagoak eta estrategikoagoak izan ziren (hemen duzue ibilbide kronologiko bat), hornitzeko denbora irabazi nahian. Asparrotsekoa ia astebetez geratu zen Vianan, eta ondoren pixkanaka abiatu zen Erribera aldera, Iruñea eta Tutera arteko bidea babesteko –okupatzaileek lurraldeko gotorleku gehienak deuseztatu zituzten aurreko urteetan–. Espainiarrek, berriz, lau egun geroago arte ez zuten Ebro gurutzatu, jeneral okzitaniarra urrundu zenean.

Aitzitik, handik hiru astera maniobra bizkor batekin espainiarrek Erreniegako mendizerra gurutzatu –ia biderik ez zegoen tokitik– eta Asparrotsekoa sorpresan harrapatu zuten. Nola lortu zuten halakorik? Badirudi ingurua ondo ezagutzen zuen Frances Beaumontek gidatu zituela, Faltsezko markesak, Alonso Carrillo Peraltakoak lagunduta. Peralta agramontar familiaren atzean beti egon da leialtasun faltaren eta “oportunismoaren” itzala, Monteanok liburuan dioen bezala. Naiarako dukeak eta enparauek “zelatari” bati esker izan zuten lehen momentutik Asparrotsekoaren mugimenduen berri; historialariaren arabera Faltsesko markesaren semea izan zitekeen aitari informazioa pasatzen ari zena, legitimisten aldean ari baitzen, ustez, borrokatzen.

Hala ere, giro gatazkatsu hartan ahaideen arteko gorabeherak ez ziren, zu urdin eta ni gorri, partida batean bezalakoak. Espainiarrek bigarren konkista hori hasi zutenean, zenbait beaumontarrek haien alde jarraitu zuten –Leringo kondea buru–, baina leinu bereko beste hainbatek nafar erregearen kausa besarkatu zuten. Hor ditugu Iruñeko milizia zuzendu zuten Orkoien familia edo gero Donibane Garaziko gaztelua defendatu zuen Joanikot Arberoa kapitaina. Agramontarrak ere ikus ditzakegu orain espainiarren ondoan komuneroen aurkako gerraren negozioan, orain Nafarroa espainiar inbasiotik defenditzen. Jarrerak eta jokabideak zail dira ulertzen denboraren makinatik batzuetan.

5.000 nafar hil al ziren?

Bere burua harrapaturik ikusita, nafar eta frantziar tropen buruzagiak borrokarako terrenoa prestatu zuen lehenbailehen Noaingo lautadan, nahiz eta espainiarrak ia hiru aldiz gehiago izan kopuruz. Baina zer egin zezakeen? Mertzenario gaskoiek erruz desertatu zuten Logroñotik Iruñerako desmartxan eta Frantziako erregeak hitzemandako landsknecht soldadu alemaniarrak eta Henrike II.a Salbaterran biltzen ari zen bearnotarrak ez ziren iristen. Horren aurrean, bere armada "nafartzea" erabaki zuen Asparrotsekoak.

Nafarrek erakutsia zuten borrokarako gaitasuna, egun batzuk lehenago Arakilen eta Lizarran inbaditzaileak atzera bota zituztenean. Orain, “etxe bat, gizon bat” deiaren bidez haietako 4.000 errekrutatu nahi zituzten. Kapitain nafarren inplikazioa erabatekoa izan zen eta herrietako milizia ugari batu zitzaien, baina beste asko oraindik bidean zen –uzta jasotzeko garaia izateak ez zuen errekrutamendua erraztu– eta badirudi erdia baino ez zela iritsi azkenean.

Hala, Monteanok emandako datuen arabera, ekainaren 30eko arratsalde sargori hartan, espainiarren aldean 2.000 zaldun eta 12.500 oinezko zeuden –horien herena inguru Bizkaia eta Gipuzkoakoak– eta tropa frantziar eta nafarren aldean, berriz, 1.200 zaldun eta 5.500 oinezko, artilleriako piezek lagunduta. Zaldun korazatu jendarme-en lehen kargaren ondorioz, hasieran legitimistak borrokaldia irabazten hasi ziren arren, arerioak kopuruz askoz gehiago ziren eta pixkanaka menderatuak izan ziren. Infanteria, pikak, suzko armak… XVI. mendean espainiar inperioaren nagusitasun militarra ekarri zuen teknologia bera erabili zuten, berdin Nafarroa konkistatzeko, nola Amerikan aztekak deuseztatzeko.

Kronika historiko ezagunenek diote 5.000 nafar eta frantziar inguru hil zirela Noainen, baina datu hori zalantzan jartzen du Monteanok. Garaiko informazio iturrien testuingurua azterturik, bere ustez hildakoak ez lirateke milara iritsiko seguruenik. Hala ere, garbi dago borrokaldi handi bezain odoltsua izan zela, zelai hartan zerraldo geraturiko noble nafarren zerrenda luzea ikustea besterik ez dago. Asparrotseko jauna bera ere larriki zauritua eta bahitua izan zen Frances Beaumonten eskutik, nahiz eta gero, honek bere burua arriskuan jarriz, errekonpentsa kobratu eta aske utzi zuen jenerala.

Arpilatzea eta errepresioa

Askoz okerrago pasa zuten errekonpentsarik kobratzeko dirurik ez zutenek, batailaren aurretik zein ondoren. Soldadu gaztelarrak gose ziren –koroak ez zuen dirurik haien soldatak ordaintzeko– eta Nafarroan barrena sartu ahala sistematikoki sarraskitu zituzten hemengo herriak, haien aldekoak izan edo ez: Viana, Mendabia, Lerin… “Bizilagunen oihuak zeruraino iristen ziren”, idatzi zuen Martir de Angleria Errege Katolikoen gortesau ezagunak. Ekainaren 28an Lizarra menpean hartzean ere arpilatzea erabatekoa izan zen.

Pedro Esarte ikerlariak duela hogei urte Navarra, 1512-1530 liburuan bildutako datuek garbi uzten dute gerra hura Nafarroako "herriei, exiliatuei eta kondenatuei" ezarritako zerga, zigor eta espoliazioen bidez ordaindu zela. Gainera, herritarrak oso egoera zaurgarrian geratu ziren, aurreko urteko lehorteak uztarik gabe utzi zituelako eta urte horretakoa jaso gabe zegoelako oraindik. Baina horiei gertaturikoa ez da liburu ofizialetan ageri, are gutxiago emakumeak badira.

Noaingo borrokalditik lau urtera eman zen Paviako batailaren irudi honen bidez imajina dezakegu gudu-zelaian zer jazo zen. Espainiar ejertzitoek infanteriako tropak eta suzko armak erabiliz lortu zuten XVI. mendean nagusitasun militarra Europan eta Amerikan.

Noain 500 urte plataformak efemeridearen harira antolatu dituen hitzaldietako batean, Amaia Nausia historialariak azaldu duenez emakume alargunen kopurua hirukoiztu egin zen urte horietan: “Alargun horiek XVI. mendeaz hitz egiten digute, konkistaren mendeaz. Burujabetza galdu genuen prozesu instituzional gogor bat egon zen, aldarrikatu beharrekoa; baina ahaztu zaigu emakumeentzat are gogorragoa izan zela mende hori, estatu modernoek eta sistema patriarkalak erasoak izan zirelako eta etxeetara baztertu zituztelako; alargunak, gizonik gabe bizi zirenez, jomugan jarri zituzten, eta hori ere aldarrikatu behar da”.

Amaieraren amaiera

Noaingo batailaren bezperatan, Frantzisko I.a Frantziakoak Pariseko gortera deitu zuen Henrike II.a monarka nafarra, baina honek gutun bidez erantzun zion Nabarrengosetik: “Nire eginbeharra betetzea erabaki dut”; bere erreinua defendatzeko ahal zuen guztia egingo zuela, alegia. Beranduegi ordea.

Herritarrak oso egoera zaurgarrian zeuden, urte hartako uzta oraindik jaso gabe zegoelako eta aurrekoa lehorteak galdu zuelako

Etorkizunetik hurrengo hilabete eta urteetako sekuentzia kronologikoari fokua jarrita, Noainen galdutakoa hobekiago neurtu dezakegu orain segur aski: batailaren ondoren, tropa espainiarrak Donibane Garaziraino iritsi ziren Orreagan barrena, baina berriz erretiratu behar izan ziren. 1521eko irailean Henrike II.aren jarraitzaileek erresuma berreskuratzeko enegarren saiakera egin zuten, baina Amaiurko gaztelu ezagunean gotortuta geratu ziren, amaieraren amaiera iristen ari zen Nafarroako erresumarentzat.

Duela urte batzuk, 1512ko dataren harira izandako eztabaida historikoetan garbi geratu zen Nafarroa ez zela Gaztelako erreinuan "bere borondatez txertatu”, baizik eta indarkeriaz konkistatua izan zela. Noaingoaren 500. urteurrenean berretsi dezakegu ez zela izan “espainiar eta frantsesen arteko” borrokaldi soil bat, historiografia espainiarrak kontatu izan duen moduan, Nafarroak subjektu politiko bezala Aro Modernoan bere lurraldea legitimoki mantentzeko azken aukera izan zela.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroaren Konkista
2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Nafarroako Estatu Nagusiak Donapaleun
500 urteren ondoren, oroimena eta hizkuntza bizirik

1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]


Duela 500 urte Nafarroako Estatu Nagusiak bildu zirela oroituko dute Donapaleun

Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.


Eguneraketa berriak daude