Nafarroa 1512-2012

Konkistaren oinatzak

  • 1512ko gertakizuna “ospatzeko” edo “gogoratzeko” ekitaldien prestaketak hasi dira dagoeneko. Urteurrenak hartuko duen tamainaren erakusgarri. Gaurko eztabaidak atzoko kontakizunen oinatzak ditu atzean, eta zidorraren sigi-saga ikusi behar da balantze historiografiko bat egiteko.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2009ko abuztuaren 02a
Nafarroa 1512-20012
Nafarroa 1512-20012
Gaztelak Nafarroa konkistatu –bereganatu?– zuela bost mende igaroko dira 2012an, eta gertakizunaren inguruko eztabaida in crescendo joango dela inork dudarik ez du egiten.

Ekainaren 30ean, Noaingo batailaren urtemuga aprobetxatuz, Nafarroako hainbat historialarik prentsaurrekoa egin zuten, konkistaren inguruan “egia osoa” jakiteko eskubidea dugula esanez. Posible da historian benetan gertatutakoa kontatzea? Norberak ikusiko du esaldi horri galdera ikurra kendu edo ez. Baina gauza jakina da mendetan zehar historialari eta kronistak saiatu direla 1512an gertatutakoa narratzen, interpretatzen, baliatzen. Izan ere, sinbolismo politiko ikaragarriak kateatzen duen kontua da honakoa. Gorabehera historiografiko horren perfila ulertzeko zertzelada batzuk aurkituko ditu irakurleak hemen.

Jainkoaren izenean?

1512ko uztailaren 19an Fernando II.a errege Katolikoak Nafarroa erasotzeko agindua eman zion milaka soldaduren buru zen Albako dukeari. Egun gutxiren buruan Iruñean zeuden. Ordutik, Nafarroako erregeak behin baino gehiagotan saiatu ziren erreinua berreskuratzen, baina Nafarroa Gaztelako Koroan txertaturik geratu zen.

XVI. mendean Fernando erregeak Nafarroa konkistatzeko zuen legitimitateaz asko eztabaidatu zen –nolabait esatearren–, batez ere orduko Aita Santuak kaleratutako bulda baten harira. Julio II.aren Pastor Ille Caelestis izeneko bulda Frantziako errege “zismatikoaren” kontra zihoan –Liga Santuaren etsaia baitzen–, eta nafarrak frantziarrekin harremanetan hasi zirela aitzaki hartuta, Fernando Katolikoak Pirinioez bi aldetako erreinuari erasoa jo zion.

Espainiako kronistek arrazoi dibinoa erabili zuten, orduko hartan, konkista justifikatzeko. Konkistatzaileekin “enpotraturik” iritsi zen Luis Correak 1513an idatzi zuenez Aita Santua bera izan zen Espainiari laguntza eskatu ziona Frantziako Luis erregearen kontra egiteko, eta Nafarroako Labrit erregea gurutzada hori oztopatzen ari zen “engainua erabiliz”. Correarentzat konkista erlijioaren defentsan egin zen.

Konkistako garaietan ifrentzu gehien utzi zuen idazleetako bat Elio Antonio de Nebrija humanista dugu. Erregeren kronista ofiziala zenez, ez da bizkorra izan behar De bello Navarrico libri duo liburuan (1545) bere ikuspegia zein izan zen asmatzeko. Honek ere Aita Santuaren bulda erabili zuen ekintza militarra arrazoitzeko, baina modu berean Espainiak zegokiona berreskuratu zuela esan zuen –“fue reintegrada a su España”–, jatorriko Hispaniaren mitoari helduz. Gerora, zalantzan jarri izan da berak idatzi zuenetz liburu hori.

Nafarroako erregeek behin eta berriro aldarrikatu zuten erreinuaren gaineko subiranotasuna. Orduko bertsio ofizialarekin disidentzian, Juan de Sada iruindarrak Nafarroaren Historia apologética idatzi zuen 1628an. Aragoar, gaztelau eta baita euskaldunei ere egurra eman zien obra horretan (www.memoriadigitalvasca.es webgunean irakurgai). Nafarroako historia seriotasunez ez zela ikertu salatu zuen eta historialariek “fundamentu gabe” esplikatu zutela Nafarroaren jabetza. Aitzitik, hara zein zen Juan de Sadaren ustea: “...por muy justos y antiquísimos títulos pertenecieron a la corona de Navarra, los reynos de Castilla, Aragon y Sobrarve”. Hitzok erresumina sortu eta erreplikarako okasioa eman zuten, batez ere aragoarren artean. Ezinbesteko liburua da honakoa, Nafarroako historiaz inprimatutako lehenengoa, eta ikuspegi arras ezberdina erakusten duena, nahiz eta batzuetan ez duen sobera asmatzen eta kontraesanean sartzen den. Duela gutxi liburuaren ale urrietako bat subastatu zuen Ingalaterrako Shoteby’s etxeak 1.746 euroren truke.

Nafarroak “ez du ezer pintatzen”.

Ikusten denez, Nafarroako konkistaren bidezkotasunaz aritu ziren historialariak konkista ondorengo lehen mendeetan, eta funtsean, interpretazio nagusia Gaztelaren aldekoa izan zen. Vascongadatako kronista garrantzitsuenek ere –Garibay, Zaldibia...– harro azaltzen zuten Gipuzkoako armarriko kanoiak Belateko batailan irabazi zituztela nafarren kontra.

Espainiak XVI. mendetik aurrera inperio ikaragarria sortu zuen urazandi. Nafarroako eliteek ez zioten aberastasun horri muzin egin, eta komenentziaz, erreinu zaharraren oroitzapen lauso bat besterik ez zuten ukan: “Independentzia galdu zuenetik ia karlistadetara arte edo, Nafarroaren izenik apenas entzun ere egiten den. Ez du ezer pintatzen”, dio Joxe Azurmendi saiakeragileak Espainolak eta Euskaldunak maisulanean.

Dena den, XVII. mendean, austriarren sakada gero eta gehiago nabaritzen zuten Nafarroako Gorte lermatuek eta horregatik erreinuaren berezko foru eskubideak nolabait gerizatzeko, lehenengo kronista ofizial izendatu zuten Jose Moret y Mendi. Horrela, Annales del Reyno de Navarra eta beste lan batzuk eskribitu zituen Moret-ek Nafarroako antzinatasunaren defentsan, eta “paktismoa” bezala ezagutzen den imajinarioaren oinarriak elikatu zituen. Moreten lana izan da atzo arte nafar historialarien erreferentzia nagusietako bat.

Boissonnade

XIX. mende amaieran 1512ko gertaeraz espresuki hitz egiten duen lan bat kaleratu zen aspaldiko partez, Pierre Boissonnaderen Historie de la réunion de la Navarre à la Castille. Zein zen bere ikuspegia? Orduko frantziar erudituen korronteari segituz, ikuspegi sozial zabalago batetik landu zuen konkistaren gaia, horra Boissonnaderen balioa. Askorentzat lan mugarria da honakoa eta frantsesez nahiz gaztelaniaz hainbat edizio izan ditu. Ekin argitaletxeak, esaterako, 1956an publikatu zuen eta duela gutxi gauza bera egin du Nafarroako Gobernuak.

Baina frantziarrak bere obra kaleratu zuenean testuingurua arrunt ezberdina zen jada. Izan ere, foruak dilindan zeuden eta eztabaida Nafarroako nortasunaren muinera iritsi zen. Pentsa, Jose Yanguas y Mirandak esan zuen Nafarroa oraindik eta espainiarragoa zela konkista egin zenez geroztik. Ideia hori sentimendu antieuskaldunarekin uztartu zenean sortu zen, XX. mende hasieran, hemen “navarrismo praderista” deituko dioguna.

Amaiur...

1921eko urtarrilaren 6a, Iruñeko Centro Católico Español: “En el siglo XX el nacionalismo glorifica a aquel partido [agramontarrak] traidor a Navarra, en el monumento que se trata de erigir a los defensores de Amayur, cuya actuación era favorable a la anexión de Navarra a Francia. Siempre los nacionalistas se muestran enemigos de la tradición navarra, es decir, intrinsecamente antinavarros”. Victor Pradera erregionalistak XVI. mendeko Nebrijaren tesiak bere egin eta XX. mendeko giro politikora eguneratu zituen Iruñeko diskurtso horretan. Arturo Campion, Manuel Aranzadi eta beste batzuk –ez halabeharrez abertzaleak– aspaldi zebiltzan Nafarroako “azken defendatzaileen aldeko” monumentua sustatzen eta haien erantzuna berehalakoa izan zen. Esaterako, Pedro Navascues seminarista gazteak Amayur... los últimos nabarros liburua kaleratu zuen Miguel de Orreaga ezizenarekin, “tonu borrokalarian” Emilio Majuelo liburuaren azken argitalpeneko (Txalaparta, 2008) editorearen ustez. “En Maya terminó la secular independencia del Reino nabarro”, dio Navascuesek.

Beraz, navarrismo praderista alde batean –Victor Pradera, Eladio Esparza, Diario de Navarrako Garcilaso...– eta Campion eta bere enparauak bestean. Makil dantza horrek hamarkada bat iraun zuen. Gero etorri ziren gerra zibila eta frankismoa.

Nafarroa: Euskal Estatua

Jakina da frankismoko navarrismo Delburgotarra –hitza Santi Leone historialariari zor zaio– oraindik eta antieuskaldunago egin zela, eta kapaz izan zen dokumentuak faltsutzeko Nafarroaren espainiartasuna frogatu nahian. Dena den, horrek ez du esan nahi, zeharka, Nafarroako konkista jorratzen duen lan sakonik egin ez zenik ilunpe horretan; adibide bezala jar dezakegu Jose Maria Lacarraren Historia política del Reino de Navarra obra.

1980ko hamarkadatik, Foru Hobekuntzaren ingurumaritik aurrera, hainbat liburu eta konferentzietan tratatu zen 1512ko gertaera, eta autore zenbaitek insistitu zuten konkista biolentoa izan zela hura, paktua baino. Baina milurteko berriaren bueltan hartuko du ideia horrek indar gehien, Nabarralde mugimenduan aritzen diren historialarien aldetik. 1998an Jose Maria Olaizola eta Tomas Urzainkik La Navarra Marítima publikatu zuten arrakasta itzelarekin. Ildo horri jarraiki beste hainbat lan publikatu dira geroztik, horien artean nabarmentzekoa da Mikel Sorauren-en Historia de Navarra. El Estado Vasco. Soraurenen hitzetan Nafarroaren historia “ezohikoa” azaltzen du liburu horrek. Izan ere Nabarralderen ikuspegia da antzina Nafar Estatu politiko baten barnean geundela euskaldun guztiak. Korronte honen barruan sartzen da, baita ere, aspaldian Nafarroako konkistaz idatzi den liburu mardulenetako bat, Pedro Esarteren Navarra, 1520-1530. Esartek demostratu nahi du Nafarroa, konkistatua izateaz gain, okupatua eta jazarria ere izan zela, eta horretarako Nafarroako Agiritegi Orokorrera jo du batez ere.

Nabarralderi kritika

Arestian aipaturiko Nabarralde barruko historia mugimendu horrek kritika eragin du navarrismotik urrun dauden zenbait historialariren artean. Juanjo Larrea EHUko erdiarolariak Hika aldizkarian artikulu gordina idatzi zuen duela urte batzuk. Larrearen ustez, Urzainki eta bere iritzikoen tesiak ez dira orijinalak, ez dira gardenak eta iritziak erabiltzen dituzte froga gisara. Baina batez ere lan horiei darien “naftalina usainak” gogaitzen du Larrea, hau da, kritikatzen dutena imitatzea.

“Historia liburuak definitiboak dira, definitibo izatetik gelditzen diren arte” dio Santi Leonek bere Euskal Herri imajinario baten alde liburuan. Iritzi karga nabarmena duen saiakera horretan Nabarraldeko ikerketak kritikatzen ditu egia absolutua balira bezala aurkezteagatik. Beste hainbat kritika egiten dizkie naski: koherentzia falta, estilo solemnea eta abar. Eta proposamen bat egiten du ataka historiografiko honetatik ateratzeko: “Asma dezagun Euskal Herria”.

Ematen du konkistaren legitimitateaz hitz egitetik konkista hori jasan zutenen nortasunaz hitz egitera igaro dela eztabaida, eta berriz ere politikaren eremuetan kateatu dela.
Nafarroa Bizirik
Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira hainbat plataforma eta batzorde sortu dira. 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimena konkista salatzeko jaio zen 2008ko ekainean: “Gaur, Nafarroa Espainiara libreki bildu zela dioen faltsukeriaren aitzinean, 2012an Espainia Nafarroa konkistatzen hasi zela 500 urte beteko direla gogora ekarri nahi dugu, data hura giltzarri izan zen gure estatua indarrez hondarazteko”, diote sorrera manifestuan.

Plataforma honek hainbat ekitaldi sustatu ditu azken hilabeteetan. Besteak beste 40 udal baino gehiagoren babesa jaso du eta otsailean ekitaldi jendetsua egin zuen Amaiurren. Ekimenaren helburuetako bat da ekitaldi ofizialen aurrean konkistaren beste ikuspegi bat ematea. Interneten webgunea paratu dute: www.1512-2012.com.

Nafarroako Gobernuak konkista “ospatuko” du

Sanzen Gobernua ere hasi da bosgarren mendeurrenaren antolaketa lanetan, baina aldi berean Navas de Tolosako 800. urteurrena “ospatuko” du Espainiako Gobernuarekin batera. Horretarako batzorde bat sortu dute, konferentziak eman, erakusketak antolatu eta liburuak argitaratzeko.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Noain 1521  |  Nafarroaren Konkista

Noain 1521 kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude