Oposiziogileen artean klaseak daude

XXI. mendeko erregimen autoritario gehienek hauteskunde janzkera liberalak hartu dituzten moduan, estatu kolpeek geroz eta gehiago prozedura bigunak erabiltzen dituzte. Modu berean, estatu-aparatuek eta botere faktikoek geroz eta gutxiago erabiltzen dituzte gobernu deserosoen edo sistemaren aurkako oposizioko kideen kontrako desagertzeak edota erailtzeak, izan ere, askotan hauen kontrako borrokan eraginkorragoa izaten baita heriotza zibila fabrikatzea.

Erregimenek oposiziogileei aurre egiteko hiru estrategien artean hautatu edota eskalatzen dute: bazterketa soziopolitikoa, heriotza zibila eta jazarpen fisikoa (desagertzeak edota erailtzeak).

Bazterketa soziopolitikoa da estrategia bigunena eta eguneroko normaltasunean egikaritzen da. Estatua indartsua bada eta oposiziogileak ordezkatzen duen mehatxua erregimenarentzat txikia bada, besteak beste babes sozial gutxi duelako, ohikoena da bazterketa soziopolitikoa aplikatzea. Oposizioa toleratua da, baina estatuak zelatatu eta presioa egingo dio, eta hedabideetarako sarbidea itxita edo oso mugatua izango du.

"Irakurleek ondo ezagutuko dute Aleksei Navalni xenofoboaren kontrako jazarpena, edo eskuin muturreko Roman Protasevitx bielorrusiar kazetari eta Azov batailoi neonaziko miliziano ohiaren kontrakoa"

Bazterketa jasaten duena Mendebaldekoa bada bozgorailurik gabe geratzen da etxean eta kanpoan. Kasualitatez oihartzun pixka bat lortzen badu kanpoan, ez du eragin handirik Mendebaldeak kontakizuna kontrolatzen duelako hegemonia kulturalari eta mediatikoari esker. Baina oposiziogilea Mendebaldeak begitan hartua duen herrialde batekoa bada bazterketa soziopolitikoaren estrategia ez da oso eraginkorra. Oposiziogilea barruan isilarazia egon arren, kanpoan Mendebaldeak bozgorailua jarri diezaioke oihartzuna etxera iritsi dadin, erregimenarentzako mehatxuaren tamaina handituz.

Oposiziogileak erregimenari egin diezaiokeen mina handia bada, salbuespenezko jazarpen fisikoaren estrategia mahai gaineratzen da. Halere, geroz eta gutxiago erabiltzen da izan dezakeen bumeran efektua-gatik. Horregatik, oposiziogilea indartsua bada, modan dagoena da normaltasunaren baitan aurreikusitako salbuespeneko prozedurekin tratatzea heriotza zibila gauzatzeko. Auzipetze judiziala eta lintxamendu mediatikoa izan ohi dira teknikarik eraginkorrenak. Oposiziogilearen izena zikintzea da helburua eta, bide horretan, kartzelaldiak behar badira egongo dira arrazoiarekin edo arrazoi gabe. Estrategia honetan eraginkortasun gradu desberdinak daude, Mendebaldeko herrialdeek praktikatzen dutenean oso arrakastatsuak dira, NATOko kontrol pean dauden herrialdeek egiten dutenean ez dira hain eraginkorrak eta Mendebaldeak izendaturiko etsaiek egiten dutenean gutxienez asko sufritzen dute propaganda gerrarekin.  

Horrela, gure irakurleek ondo ezagutuko dute Aleksei Navalni xenofoboaren kontrako jazarpena, edo eskuin muturreko Roman Protasevitx gazte bielorrusiar kazetari eta Azov batailoi neonaziko miliziano ohiaren kontrakoa. Aitzitik, ez dute ezer jakingo Lituaniako Herriaren fronte Sozialista alderdiko liderra zen Algirdas Paleckis-en kartzelatzeaz eta epaiketari buruz; edo Poloniako Mateusz Piskorski Aldaketa alderdiko lider eurasianistak eta antikapitalistak pasatako hiru urteko kartzelaldiari buruz. Edonola ere, ezer gutxik gainditzen du Julian Assangeren heriotza zibil perfektuaren jokaldia. Kazetari batek Amerikako Estatu Batuek buruturiko krimenei buruzko informazioa guregana helarazteagatik sentitu du gordinki zer den heriotza zibila, bere izena zikinduz, auzipetuz, espetxeratuz, isilaraziz eta agenda mediatikotik ezabatuz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude