Festaren biharamuna

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Festa | Jasone Osoro | Elkar.

Gazteei zuzendutako bilduma berri baten lehen obra dugu Osororen Festa liburua. Elkar etxeak sorturiko Traola bilduman hiru lan argitaratu berri dira: honako hau, Sierra i Fabraren Malkoak euritan (Olasagastik euskaratuta) eta Oihana Iguaran Barandiaranen Hormak eleberri poliedrikoa.

16 urteko neska dugu nobela honetan protagonista nagusia, Sofia. Andrearekin batera etxe batean antolaturiko festara doa eta han, giroaren, alkoholaren, grinaren eta erakarpenaren ondorioz sexua du mutil batekin. Neurriak hartuta omen, baina haurdun geratzen da Sofia.

Nobela azkar irakurtzen da; elkarrizketa ugari daude eta kapitulu laburrak. Horrek irakurlea ziztu bizian darama protagonisten urduritasunetik, gozamenera, poz unera edo larritasun eta kezkara. Di-da batean igarotzen gara egoera batetik bestera eta horretan Sofia eta Andrearen ikuspuntuetatik aritzeak are gehiago bizkortzen du kontakizuna.

Bi ataletan dago banatuta Festa: alde batetik Igerilekuan atala, festara joan aurrekoak eta festan jazotakoak kontatzen dituena; eta bestetik, Igerian atala, festaren ondorengoak –ondoren gertatzen direnak, baina baita ondorioak ere– jasotzen dituena. Lehen atala askoz arinagoa da. Bigarrena, aldiz, askoz serioagoa da. Sofiak haurdun dagoela uste du, kezka egiaztatzen da eta ondoren erabaki bat hartu behar du.

Jasone Osorok aspaldi erakutsi digu bere obretan gazteen mundua islatzen eta hauentzako liburu irakurgarri eta erakargarriak egiten duen eskarmentua. Festa-n gazteen haurdunaldiaz ari zaigu, baina baita gazteen arteko harremanez, nola jokatu horrelakoetan, zein den gurasoen egitekoa, eta batez ere, nolako jauziak eman daitezkeen pertsona baten garapenean. Eta hori guztia gazteek primeran irakurriko duten liburuan, narrazio bizi eta arinak harrapatzen zaituen obran, olatuek Sofia harrapatzen duten bezala: “Olatuak izterrak zituela sentitu zuen eta bere gorputza izter artean estutzen ari zela. Olatuak besoak zituela sentitu zuen eta bere gorputza baloia balitz bezala esku hauek lurraren kontra botatzen zutela. Olatuak haginak zituela sentitu zuen eta hagin haiek gorputzean kosk egiten ziotela”. Baina olatuak ez, bizitzak egin dio kosk Sofiari festaren biharamunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Eguneraketa berriak daude