Euskal Herriko basoetan ezkutatua, farmazietan ikur

  • Eskulapioren sugeak udaberria du gustuko. Galazko traje beltzarekin ateratzen da garai honetan. Lirain, luze eta arin. Eta hala ikusiko zenuen zuk ere, zure herrian bertan, agian. Izan ere, Eskulapioren sugeak badu sekretu txiki bat gutxik ezagutzen duena: farmaziak ditu gustuko.


2021eko ekainaren 13an
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) Hernanin, Urumea bailaran. Argazkia: Egoitz Alkorta Miranda.
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) Hernanin, Urumea bailaran. Argazkia: Egoitz Alkorta Miranda.

Eguzki izpiak borrokan ari dira hostoen artetik igaro nahian. Basopeko argi-itzalen dantza etengabean, bada animalia bat eroso sentitzen dena. Isilik mugitzen da. Bere eremuan dago. Landare artean sigi-saga doa, eta halako batean, aurkitu du bilatzen zuen oasi txikia: gorputza berotuko dioten izpiek basoko lurrean sortu duten argi irla beroa. Kiribilduta, geldi dago. Begiak eta miztoa, ordea, erne ditu.

Suge handia eta iluna. Beldurgarria batzuen begietara. Erakargarria eta liraina beste batzuenera. Eskulapioren sugea ikusiz gero, behintzat, gogoan izango duzu hura topatu izana. Batetik, egunero ez delako suge bat ikusten, eta bestetik, suge ilunek eta handiek uzten dutelako euren marka gure memorian. Izan ere, sugeak gaztigatu eta gutxietsi dituen kultura batean bizi gara. Haiekiko gorrotoa ahoz aho transmititu duen gizartean. Baina ez nahastu. Munduan bai baitira lekuak sugeak egurtu baino, gurtu egiten dituztenak. Badira lekuak, haiei buruzko ezagutza eta gizakiari egiten dioten mesedea lehen lerroan jarri dituztenak. Okerreko uste guztien gainetik, ezagutzari egin beharko genioke kasu eta hala, sugeari merezi duen fama eman.

Eskulapioren sugeak ez du beldurtzeko arrazoirik eman beharko ligukeen ezer. Kontrakoa. Mikrougaztun edo ugaztun txikien jale amorratua da. Bikaina etxe inguruan, baratzean haien izurriteak kontrolatu nahi baditugu. Ez du pozoirik, eta bakean uzten badugu, ihes egiteko joera du. Ez digu aurre egingo, beraz.

Aurre egin ez, baina aurrean topatzen du noizbehinka uste eta mito okerretan oinarritzen den bi hankakorik. Hala, zoritxarrez, urtero-urtero aurkitzen dira Eskulapioren sugeak hilda, buruan kolpea jota, zapalduta, edota beste kasu batzuetan, hesietako txarrantxa puntadunetan iltzatuta, ondo agerian uzteko, hil duenak nahita hil duela. Eta halaxe, Europa mailan babestuta dagoen espezie honek, etsaiak nonahi aurkitzen ditu. Ez da harritzekoa, beraz, basopeko argi-itzalen artean babesa aurkitu nahi izatea, bakardadean eta isiltasunean.

Usteak eta kondairak errealitatearen ezkutaleku

Biblian begiratu besterik ez dugu, sugeen fama txarra zabaltzeko ahaleginaz ohartzeko: “Sugea zen Jainko jaunak egindako piztiarik maltzurrena” gisako pasarteak aurkituko ditugu bertan. Eta gogoraraziko digute segituan, hanka gabeko animalia hori izan zela Adanen eta Ebaren bekatuaren eragilea.

Koranean ere izaki gaiztotzat hartzen da sugea, eta hebrearrek izaki ez purutzat dituzte narrasti guztiak. Hainbat kulturatako kondairen artean zabaldua da, gizaki zitalenen bizkarrezurretik sortuak direla sugeak.

Argi-itzalen dantzan, ordea, argiguneak bilatu behar bizirauteko, eta hala, eguzkia esnatzen den gunean, ekialdean, aurkituko ditugu guk ere sugeekiko pentsaera ezberdinak. Kultura txinatarrean gurtuak izan dira sugeak, eta Egipto zaharrean leku berezia eman zieten, eta haiek sugeekiko gertutasun hori greziarrei transmititu. Hala, igarpenaren, zuhurtziaren, birsorkuntzaren eta sendagintzaren adierazle bihurtu ziren sugeak heleniarren artean, eta gu konturatu gabe, gure herrietaraino ekarri dute haien pentsamoldea. Gu konturatu gabe, Euskal Herriko herri askotan sartu dute Eskulapioren sugea. Ez agian fisikoki, baina bai sinbolo moduan.  

Basoetatik farmazietara

Eskulapioren sugea osasunaren zaindari eta sinbolotzat hartua izan da greziarren zibilizazioan, eta beranduago gurtze hori erromatarren zibilizaziora zabaldua izan zen. Eskulapioren sugeak bere izena Asclepio izeneko mediku greziar ospetsuari (erromatarrek “Esculapio” deitzen ziotenari) zor dio. Asclepio medikua bere heriotzaren ondoren jainkotua izan zen eta hor hasi zen bereganako miresmena. Geroztik, kultura grekoerromatarreko hainbat literatura lanetan izan zen aipatua mediku ezaguna eta bere omenezko 300 tenplu eraiki ziren (asklepioak deituak), asko gaixorik zegoen jendea zaintzeko eraikiak, ospitale moduan. 

Kondairak dioenaren arabera, Asclepio medikua Glauco gaixoa sendatzen ari zen batean, suge bat agertu zen euren aldamenean eta Asclepiok bastoiarekin akabatu zuen. Segituan, beste suge bat azaldu zen ahoan belar batzuk zituela, eta belar horiekin hark hildako sugea berpiztu zuen. Hori ikusirik, Asclepiok belar horiek erabili zituen Glauco sendatzeko. Ordutik, Asclepio, makila eta sugea oso loturik izan dira osasunaren sinbologiarekin. Eskulapioren sugea gaur egun ere osasunarekin lotzen da. Horrenbeste kondaira eta mitoren protagonista den suge hau, medikuen eta botikarien sinbolo da egun. Nahi gabe, basotik farmazietara pasa da sugea.

Sugeak ikusarazteko ahaleginean: #sugebizi                                                                                                                                      

Sugeak okerreko usteetatik libratu nahian, eta gizartean euren funtzioa eta haiekiko errespetua zabaltzeko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak #sugebizi proiektua jarri du martxan aurtengo udaberrian. Hala, jendeak aurkitzen dituen sugeak #sugebizi traolarekin, argazkiarekin eta kokapenarekin bidaltzera animatzen ditu Twitter sare sozialean. Argazkia bidali ahala, adituek zein espezie den erantzuten dute, eta haiei buruzko ezagutza handitzeko datuak ematen. Horrez gain, dibulgazio txioak ere zabaltzen dituzte, suge espezieen ezaugarriak azalduz, eta bi astetik behin ordura arte jasotako aipu guztiak Euskal Herriko mapan kokatuz.

Helburua sugeekiko ezagutza eta errespetua zabaltzea da, eta herritar zientzia erabiliz, Euskal Herrian sugeei buruz dugun ezagutza handitzea. Honekin guztiarekin batera, noski, arduraz jokatzeko mezuak ere zabaltzen dira. Distantzia batetik begiratuta sugeak lasaitasuna irabaziko du eta guk, arriskurik gabe, narrasti eder horrekin gozatu ahalko dugu.  

Europa iparraldetik Euskal Herrira. Kostatik barrualdera

Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako datuei esker berretsi da Eskulapioren sugeak basoa maite duen arren, beste hainbat bizileku ere badituela. Herritarrek aurkitu dute, esaterako, Urumeako basopean, edota Jaizkibelgo magalean kokaturiko lorategidun etxeen artean. Ikusia izan da golf zelaiaren belar moztu berrian, erreka aldamenean, baita Bizkaiko kostaldean ere, itsasotik gertu, hondartza atzealdeko belarrean edota Bergarako mendi-pista batean.

Eskulapioren sugeak Euskal Herri atlantikoa du gustukoen. Europa iparraldetik hasi eta guganaino zabaltzen da bere bizilekua. Beherago, alabaina, ez da jaitsiko. Hala, ez dira gutxi Iberiar penintsulako ertzetatik metro eta erdiko tamaina (asko jota) hartu dezakeen sugetzar ilun hau ikustera etortzen diren herpetologoak, anfibioetan eta narrastietan adituak.

Mito, kondaira eta usteen erdian, basoko arboletan gora habietako hegazti arrautzen bila ibiltzeko gaitasuna duen suge honek badu zerbait erakartzen duena. Greziarrak eta erromatarrak maitemindu zituena. Ez litzateke gutxi, euskal herritarren bihotzak, pixka bat, sikiera, ukituko balitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude