Zenbat balio du bioaniztasunak? Esan liteke klima larrialdi betean eta Covid-19ak astinduriko munduan, natura deuseztatzearen kostuaz jabetzea kostatzen ari zaigula, hala ere. Partha Dasgupta ekonomialariaren txosten bat bolo-bolo dabil, ohartarazten baitu atzera bueltarik ez duen mugara iristen ari garela. Honen esanetan, Barne Produktu Gordina eta antzeko adierazleak alboratu beharko genituzke eta bioaniztasuna ekonomiaren erdigunean jarri.
Henry Way Kendall (1926-1999), eskalatzailea zen, fisikako Nobel sariduna izateaz gain, eta Yosemiteko hormetako artekatan ikasi zuen laborategietan ezin zuena aire librean preziatzen, Floridako haitzulo bateko ur-jauziari argazkiak ateratzen ari zela erori eta hil zen arte. 1992an Gizateriari ohartarazpena idatzi zion, beste 1.700 zientzialarik ere sinatua, esanez “gizakiak eta natura talka egiteko bidean” ginela.
Hogeita bost urte geroago, 2017ko azaroan, beste agiri bat argitaratu zuten mundu osoko zientzialariek: bigarren abisua. Oraingoan 15.000 sinadura baino gehiago, zientzia artikulu batek inoiz izan duen babesik handiena jaso du agiriak. Honen arabera, oraindik ez ditugu etxeko lanak egin, tartean hazkunde mugagabean oinarrituriko ekonomia errebisatzea edota ekosistemak berreskuratzea. Itzulerarik gabeko toki ezezagun baterantz goaz.
Hori da hain justu Partha Dasgupta Cambridge Unibertsitateko ekonomialariaren eskutik ezagutu dugun ikerlanaren ondorio nagusiena: ekosistema ugari, izan koralen arrezifeak nola oihan tropikalak edo etxe ondoan ditugun mendiak, atzera bueltarik gabe kaltetu ditugu eta “inflexio puntu” hori gurutzatzeko zorian gara.
Erresuma Batuko Finantza Ministerioak aginduta –ongi leitu duzu, irakurle, oraingoan ez da ingurumen saileko despatxutik irtendako ekimena– otsailean egin da publiko 600 orrialdeko txosten mardula. Indiarra jatorriz eta britainiar naziotasuna hartua, Dasguptak ibilbide luze eta prestigiotsua du egina zientzia sozialen arloan, batez ere garapen bidean diren herrialdeen baliabide naturalen agortzea ikertuz. Txostenean (pdf), egungo sistemaren aurrean makila altxa du: “Biosferak mugak dituenez, ekonomia globalak ere bai”, eta bere ustez horrek ondorio nabarmenak ditu “legitimoki enpresa humanoarengandik espero dugun horretan”.
Erresilientzia sozioekologikoan inbertitu
Covid-19ak astindutako garaiotan euskal komunitate zientifikoko kideek ere iritzia zabaldu dute hainbat hedabidetan otsailean, “ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren alde”. Euren esanetan bizi dugun “sindemiak” agerian utzi du sistema ekonomikoaren zaurgarritasuna eta gizakiak “eko-mendekoak” ere bagarela.
Zientzialariok, Dasgupta aipatuz, diote “erresilientzia sozioekologikoan inbertitzea” beharrezkoa dela. Alegia, krisi global honek ekarriko dizkigun shock egoeratara egokitzeko gaitasuna handitu behar dugula, elkar zaintzen gizarte-sare sendo bat eraikiz eta ingurumen osasuntsua sustatuz. Etorkizun erresiliente horretan, ez dute lekurik herritarren beste behar batzuen aurrean hipermugikortasuna eta “azpiegitura ikonikoak” lehenesten dituzten ekonomia zaharraren inertziek –pentsatzekoa da AHT eta antzekoez ari direla–.
Ekonomialari indiarraren txostenak berehala hartu du sona, askok “Stern txosten berria” deitu diote. Nicholas Sternek, 2006an, aldaketa klimatikoak munduko ekonomiari eragin ziezaiokeen inpaktuaz idatzi zuen, eta mugarri bat izan zen, lehen aldiz kopurua jarri zielako berotze globalaren aurrean “ezer ez egitearen” kostuei.
Dasgupta pauso bat harago joan da eta biodibertsitatea jarri du ekonomiaren erdigunean. “Behar beharrezkoa genuen ipar-orratza eskaini digu”, dio David Attenborough naturalista eta britainiar idazle ezagunak hitzaurrean.
Datu batzuk argigarriak dira bederen. Azkeneko dozenaka milioi urtetako batez bestekoarekin konparatuta, espezieen desagertze tasa 100 eta 1.000 aldiz artean handiagoa da gaur egun. Osoki hartuta, milioi bat espezieko 100 desagertzen ari da munduan eta hurrengo hamarkadetan espezieen %20 desagertuko litzateke: “Kopuru horiek perspektiban jartzen dute gizateriak biosferan duen presentziaren garrantzia bera, eta erakusten digute zergatik dioten zientzialariek nahiz ekologistek bizitza hasi zenetik seigarren estintzio biologiko handia dela honakoa”, dio Dasguptak.
BPG adierazlea gainditu beharra
Egun, munduan bizi diren ugaztunetatik %4 baino ez da “basatia”, gainerakoa etxekotutako aziendak eta gizakiok osatzen dugu. 1950ean 2.500 milioi jende bizi zen gure planetan, egun 7.700 milioi pasatxo gara Homo Sapiens-ak. Aktibitate ekonomikoa, berriz, hamahiru bider hazi da denbora horretan eta Barne Produktu Gordina (BPG) are gehiago, hamabost bider.
Hazkunde ekonomiko hori, baina, ekosistemak deuseztatuz lortu dugu, ekonomialariaren esanetan: 1992 eta 2014 artean per capita “produzitutako kapitala” (eraikinak, makinak, azpiegiturak…) bikoiztu egin da; “kapital humanoa” (hezkuntza, osasuna, gaitasuna…) %13 hazi da; baina urteko diru-kontuek jasotzen ez duten beste aktibo hori, “naturaren kapitala”, %40 murriztu da urte horietan (ikusi infograma).
Science aldizkariak argitaraturiko ikerketa bat dakar gogora Dasguptaren txostenak. Honen arabera, naturaren kapital edo “biosferaren zerbitzu” horiek 33 bilioi euroko balioa zuten 1990eko hamarkadan, munduko BPGa halako bi: “Pentsa zitekeen datu horiekin aintzat hartu beharko genukeela biosferaren garrantzia ekonomian, baina ez zen horrela izan”. Izan ere, biosferaren balioa ez da merkatuko prezioetan antzematen, denen eskura dagoelako kostu monetariorik gabe. Balio horrek ez du zerikusirik epe motzeko emaitzekin, “gizakiaren eta beste milaka espezieren ongizatearekin baizik”.
BPGren sortzaileak berak, Simon Kuznetsek, esan zuen adierazle makroekonomiko horrek ez duela balio gizakiaren ongizatea neurtzeko. 1929ko crack edo Depresio Handiaren ondoren sortu zuen BPGa, baina AEBetako kontabilitate nazionala egiteko. 1940ko hamarkadatik aurrera, ordea, munduko herrialdeen ranking ekonomikorako erabiltzen hasi ziren eta beste adierazle batzuen oinarri ere izan da, Nazio Batuek erabilitako Giza Garapenaren Indizearena kasu.
Lan erreproduktiboa, ezkutuko ekonomia, hezkuntzaren kalitatea, berdintasun soziala… Hori guztia ez du jasotzen BPGak, ezta ondare naturala ere. Dasguptak adierazle hori gainditzea aldarrikatzen du bere ikerlanean, “hazkunde eta garapen ekonomiko jasanezinerantz baikaramatza”, eta horren ordez aberastasun “inklusiboaren” ideia bereganatzea proposatzen du, bioaniztasuna kontuan hartu eta gaur egungoen ez ezik, biharkoen ongizatea hobekiago jasoko lukeena.
Natura esplotatzeagatik ordaintzen dugu
Egoeraren diagnosia egiteaz gain, arduradunak ere nolabait fokupean jartzen ditu britainiar gobernuarentzat egindako lanak. Hala, bertan irakur daitekeenez “munduko ia toki guztietako gobernuek egoera larriagotzen dute jendeari gehiago ordainduz natura ustiatzeko babesteko baino”. Zentzu horretan, erregai fosilak, estraktibismoa, gehiegizko arrantza, nekazaritza intentsiboa, abeltzaintza kutsagarria –behitegi handiak kasu–… diruz lagunduak direla gogorazten digu txostenak.
Azkeneko dozenaka milioi urtetako batez bestekoarekin konparatuta, espezieen desagertze tasa 100 eta 1.000 aldiz artean handiagoa da gaur egun
Teknologiaren paperaz ere mintzo zaigu Dasgupta. Gizakion aztarna ekologikoa murrizteko garrantzitsua deritzon arren, bere ustez “ezin dugu esklusiboki horren menpe egon”. Ez dugu miraririk aurkituko auto elektriko, digitalizatze, hidrogeno eta antzekoetan, egungo kontsumo eta produkzio pautak errotik “berregituratu” beharko ditugu. Diru-sarrera altuak dituzten herrialdeetako jendeon gaur egungo bizitza estiloa mantentzeko, Lurra bezalako 1,6 planeta beharko genituzke guretzat bakarrik.
Eta jakina, gutxien dutenak dira gehien galduko dutenak, euren ondare naturala zurrupatzen dugun bitartean. Hau ez da arazo demografiko edo tekniko hutsa, geopolitikatik asko du. Elikadura burujabetzari lotutako programak jarri behar dira martxan herrialde txiroetan, emakumeek finantza baliabideetara duten sarbidea handitu, jarduera eta kontsumo jasangarriak sustatu… ahuntzak ardiari ilea eskatu beharrean. Dasguptaren txostenak garbi esaten baitu: biodibertsitatearen mesedetan lehenbailehen ekitea gutxiago kostako zaigu, neurriak geroagorako uztea baino.
220 milioi tona plastiko sortzen ditugu munduan eta %10a soilik birziklatu. Zifra hori, gainera, hamar urtez jarraian ez da aldatu. Iaz zabor plastiko horren herenak gaizki kudeatzeagatik gure inguruko bazter, erreka, itsaso eta atmosferan bukatu zuen. Greenpeacek salatu... [+]
Palentziako amama oso emakume soila zen hitzetan. Bazituen zenbait hitz dena adierazteko balio zutenak, tartean bitxo hitza: berba horren baitan kabitzen ziren zomorroa, behia, txakurra... eta batzuetan baita gizakia ere. Bitxoek auzokide latzak dituzte gizakiongan, ez baikara... [+]
Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]
220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.
Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe... [+]
Belazea gorri azaltzen zen, egun batetik bestera. Gorri-gorri, gorri bizi urrutitik ikusgarri. Gorbela zen, itsas-belarra edo alga. Nekazariak itsas bazterretik bildu eta lehortzeko belazean zabaltzen zuena. Gorbel arrea eta gorbel gorria izaten ziren eta gu bezalako... [+]
Adimen artifizialak adimenari berari buruzko eztabaida berpiztu du: zer da adimena, zertan bereizten dira giza adimena eta adimen artifiziala deritzoguna, zer egitura dute oinarrian… Eztabaida horrekin batera, animalien garunen egiturari eta gaitasun kognitiboei buruz... [+]
Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]
Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.
Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki
60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita... [+]
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Eskatutako kafea zerbitzatu zain nago tabernan, telebistan baleen inguruko dokumentala: “Arrak borrokan ari dira emea nork estaliko, borroka gordina eta arriskutsua, irabazle bakarra izango duena”. Soinu banda epikoak indartzen du ustezko gudaren intentsitatea... [+]