"Zerbait aurkitu arte beti ibiltzen gara fikzioaren eta errealitatearen arteko marran"

  • Orain dela 3.400 urte inguru eraikitako hiri baten arrastoak aurkitu ditu arkeologo talde batek Luxorren, Egipton, Nilo ibaiaren ertzetako batean. Amenhotep III faraoiaren garaiko hiria da (k.a. 1390-1352), haren semeak, Akenaton faraoiak hiriburu berri bat sortzeko atzean utzi zuena. Aurkikuntzak haustura politiko horren arrazoiak azaltzen eta orduko jende arruntaren eguneroko bizitza ezagutzen lagun dezakeela uste du Maria Luz Mangadok (Iruñea, 1967).

"Nekropoliak asko ikertu dira, baina hiriak ez dira hainbeste aurkitu. Heriotza ezagutzen dugu ongien, aurkikuntza honek bizitza ulertzen ere lagunduko digu". (Argazkia: Josu Santesteban)

Nola iristen da bat egiptologoa izatera?
Niri historia eta arkeologia gustatzen zitzaizkidan. Ikasten ari nintzela, Egiptorako bidaia bat oparitu zidaten gurasoek. Asko gustatu zitzaidan, eta espezialista asko ezagutzeko aukera izan nuen. Bide hori jarraitu nuen, kanpoan ikasiz, eta gero eta gehiago zaletu nintzen.

Urte eta kilometro asko daude Iruñetik Antzinako Egiptora.
Baina hain da handia Egiptoren aberastasuna... Banekien ikasketa zaila zela, urte askotakoa, besteak beste hainbat hizkuntza menperatu behar direlako, koptoa, hieratikoa... Uste dut ikasketetarako zaletasunak lagundu didala. Asko gustatzen zait indusketetako lana, eta baita museo eta artxiboetakoa ere.

Zer du Egiptoko historiak hainbeste liluratzen gaituena?
Bere historian bada handitasun bat, politikan, artean zein kulturan, eta utzi diguten arkitektura ondarea ikusgarria da. Hainbat arlo garatzeko gai izan ziren, arkitektura, eskultura, astronomia... eta horrek denak utzitzako oinordetza handia da, Mediterraneoko kulturetan, eta bereziki mundu greko-erromatarrean. Monumentaltasun hori, paisaia horretan kokatua, argi horrekin, Nilo ibaiarekin... Edertasun oso berezia du.

Oraindik harritzen zaituzte Luxorrekoaren gisako aurkikuntzek?
Niretzat normaltasunaren barruan sartzen da, hain da beti aparta, edozein emaitzak ematen dizula zerbait. Egia da kasu honetan hiri oso bat dela, eta horrek asko lagunduko digula jendearen eguneroko bizitza ezagutzen. Horrek liluratzen gaitu, beti gabiltzalako erregeen bizitzekin bueltaka, baina jende xehearen bizitza ere aparta da. Gizartearen antolaketari buruzko informazio asko emango digu.

Zer ikusten du egiptologo batek harriak dauden tokian?  
Etxeak berreraiki daitezke, eta espazioa nola banatzen zen aztertu. Nekropoliak asko ikertu dira, baina hiriak ez dira hainbeste aurkitu, eta honek argi asko emanen du. Heriotza da ongien ezagutzen duguna, baina honek bizitza ere ulertzen lagunduko digu. Antolaketa soziala eta ekonomikoa aztertzeak lagun diezaguke aro batzuen handitasuna  –eta beste batzuen gainbehera– ulertzen. Literaturak informazio asko ematen digu, baina arkeologiak berresten duenean zoragarria da.

Argazkia: Josu Santesteban

Tutankamonena eta gero, Luxorrekoa inoizko aurkikuntzarik garrantzitsuena dela esan da. Hala da?
Aurkikuntza guztiek, elkarrekin, eskaintzen dute zerbait. Bakoitzak, berean aurrera egin ahala, beti uste du berea dela aurkikuntzarik handiena. Egia da Tutankamonen aurkikuntzak historia berezia duela. Liluragarria izan zen, eta oraindik ematen du zeresana. Oraingo hau garai bertsukoa da, eta lagunduko du Tutankamonen historia argitzen ere. Lagunduko baitu jakiten zergatik alde egin zuen handik Akenatonek [Tutankamonen aitak]. Egiptoren historiako une bikaina da, baina oraindik ilun samarra.

Irits daiteke aurkitutako arrastoetatik halakorik argitzera?
Argi dago hiri abandonatu bat dela, hareak estali zuena. Kontserbazio egoera bikainean aurkitu dute, eta ez da ohikoa. Ikerketak esanen du; badakigu haustura bat izan zela, Akenatonek abandonatu zuela, ziurrenik Tebaseko apaizen gehiegizko botereagatik, eta hiri berri bat fundatu zuela Amarnan, nagusiki Aton jainkoari gurtza egiteko. Arlo erlijiosoan ongi dokumentatuta dago, baina arrazoi historiko-politikoa ez dago oso argi. Eta harrigarriena da haustura egonda ere jarraitu zuela aro distiratsua izaten, ez zen gainbeherarik izan. Interes handia dago, Egiptoren historian giltzarri delako.

Kasualitatez aurkitu omen dute.
Tutankamonen hileta-tenpluaren bila ari ziren, eta ustekabean aurkitu zuten. Baziren berri batzuk, literaturan eta testuetan, baina zerbait aurkitu arte beti ibiltzen gara fikzioaren eta errealitatearen arteko marran. Poz handia da arkeologoentzat.

Horrek erakusten du zenbat dagoen oraindik aurkitzeke.
Ezin da inoiz aterik itxi: bihar faraoi baten hilobia aurkitzen badute, atzora arte hainbeste faraoi genituen, eta gaur bat gehiago. Egiptoko historiaren baliorik handiena da jarraikorra izan dela, ez baztertzailea. Kanpoko herriek Egipto inbaditu dutenean ere bere egin dute hango kultura, haren handitasunaz konturatuta. Tolomeoak eta erromatarrak ere izan ziren horren kontziente. Horri esker dakigu gaur dakiguna.

Baina oso herri espoliatua ere izan da. Itzuli beharko lirateke pieza guztiak Egiptora?
Gai zaila da, zoritxarrez antzinako kultura guztietan gertatzen dena. Ondarearen babesa ez zen berdin baloratzen orain mende bat: egin zena gaizki ikusia dago egun, baina orduan, agian, pieza batzuk salbatzeko balio izan zuen. Argi dago, denaden, egindako batzuk gehiegizkoak direla, eta ulertzen dut pieza batzuk erreklamatzea. Uste dut kasuan kasu aztertu behar dela. XIX. eta XX. mendeek argi-ilunak dituzte, eta orduan ere arkeologo batzuek borroka egin zuten ondarea Egipton gera zedin eta beste batzuek itsasontzika ateratzen zituzten piezak herrialdetik.

Mundu osotik Egiptora begira
“Historia ikasi nuen Nafarroako Unibertsitatean, eta Bartzelonan jarraitu nuen gero, han egin nituen masterra eta doktoretza. Gerora hainbat tokitan jarraitu dut ikasten: Italia, Paris, Ameriketako Estatu Batuak, Belgika, Egipto, Danimarka... Tarte luzeak igaro ditut Egipton indusketetan, urte batzuetan lau aldiz ere izan naiz. Azkenaldian Jerusalemenen ibili naiz ikasten. Bi alorretan aritu naiz batez ere: Antzinaroko ardoaren kulturarenean, eta animalien momiei buruzkoan. Nire historia pertsonala oso lotuta dago nire bizitza profesionalarekin, ordu asko eskatzen baitizkit lanak, eta denean eragiten du”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egiptologia
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Wasabia papiroak garbitzeko

Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Eternitatearen usaina

Antzinako Egipton, momifikazio prozesuan, zenbait organo ontzi kanopotan sartzen zituzten, eta hainbat substantziaz osatutako baltsamoak erabiltzen zituzten horiek kontserbatzeko.


Gela Berdeko hegaztiak

Duela 3.300 urte inguru, Meritaton printzesa, Akhenaton faraoiaren eta Nefertitiren alaba zaharrena, Tell al-Amarnako Iparraldeko jauregian bizi izan zen.


Eguneraketa berriak daude