"Amatasuna helburu negoziaezina ez dela jakitea ezinbertzekoa da"

  • Valentziako Unibertsitate Politeknikoan Arte Ederretako ikasketak egin ondoren Santiagon (Txile), New Yorken (AEB) eta Urbinon (Italia) jarraitu zituen goi mailako ikasketak Paula Bonetek (Vila-real, Valentzia, 1980). Martxoan argitaratu zuen bere azken lana: La anguila (Aingira).

“Arte oro posizionatzen da. Baita bere iritzia ematen ez duena ere, tokirik koldarrenetik”.
“Arte oro posizionatzen da. Baita bere iritzia ematen ez duena ere, tokirik koldarrenetik”. (Argazkia: Jordi Borràs)

Noiz eta nola erabaki zenuen arteaz bizitzea?
Erabaki aurretik zalantza anitz eragin zidan gogoeta izan arren, nolabait sentitzen dut argi nuela hasieratik. Ez zegoen bertze aukerarik…

Arte guztiak toki beretik jaiotzen direla diozu, helburu bera asetzeko. Zer bilatzen duzu zuk artean?
Nire burua ulertzea, zalantzarik gabe.

Zalantzak, zergatik?
Etxean artea ez zutelako ogibidetzat hartzen, bateraezina zen “bizitza serioski irabaztearekin”. Ikasle fina nintzen eta amak “probetxuzko” ikasketak egitea nahi zuen, badakizu, Medikuntza, Arkitektura edo Zuzenbidea…

Txikia zinenean zein toki zuen arteak zure bizitzan?
Funtsezkoa zen, erranen nuke toki garrantzitsua hartzen zutela, kasik osoa. Irakurketa eta marrazkiak eguneroko ariketak ziren. Hori bai, asteburuetan zuku gehiago ateratzen nien. Gogoratzen dut irakurketa baliatzen nuela interesik pizten ez zidaten tokietan nengoenean, eta pinturak eta marrazkiek aseta sentiarazten ninduten.   

Duela hiru urte argitaratu zenuen Roedoras. Cuerpo de embarazada sin embrión (Karraskariak. Haurdunaren gorputza enbrioirik gabe). Zure bizipen pertsonalaren bitartez tabuak hautsi eta abortu espontaneoaz solastatzen den liburua.
Hasteko, zalantzan jarri nahi nituen amatasuna eta gorputzarekin dugun harremana; gurekin zerikusirik ez duen eta toki zehatz eta hagitz mugatu batera bultzatzen gaituen borroka baten landa den gorputza. Bertzalde, egile gisa, existitzeko irudien beharrik ez zuen testu bat publikatzera ausartu nahi nuen.

Lan hori zure antzeko esperientziak bakardadean pairatu dituzten emakume guztientzat sortu zenuela diozu. Zenbateraino da garrantzitsua amatasunaren errealitatea ikusaraztea?
Emakume izanik, amatasuna helburu negoziaezina ez dela jakitea ezinbertzekoa da. Hori argi izatea funtsezkoa da.

Amatasuna gizartearen inposizioa dela uste duzu? Zergatik?
Bai, hala uste dut. Diamela Eltit txiletarrak hobeezinki azaltzen du hori. Berak Contra los hijos (Seme-alaben kontra) liburuan dio txikiak garenez geroztik entzuten dugun galdera tranpak mugimendu gutxirako tartea uzten digula: “Zenbat seme-alaba izan nahi dituzu?”. Izan ere, galdera horren bitartez gure garuntxoak seme-alabarik ez izateko aukera baztertzen du zuzenean. Gerora, koskortzen goaz eta ikusten dugu nola gizarteak errezelo eta pena aurpegiarekin begiratzen dituen ama ez diren emakumeak, akatsak dituzten emakumeak izango balira bezala.

 

Argazkia: Jordi Borràs

Abortua hain ahantzita dago, bertze galerak ez bezala, ez dagoela hitzik galdutako umearen ama deskribatzeko.
Oker ez banago, Rebecca Solnitek dio patriarkatuak ez duela baldartasunez jokatzen, baizik eta asmo txarrez. Hitz hori ez egotearen atzean asmo argiki perbertsoa dago.

Abortuaz harago bortxaketez ere argi eta garbi mintzatu zara zure lanetan. Pasa den urrian publiko egin zenuen urtebetez pairatutako erasoa. Zer moduz zaude?
Gertakariaz ezin naiz publikoki mintzatu auzia irekita eta epaiketa egiteke dagoelako oraindik. Baina erran dezaket arinduta nagoela. Carla Vall abokatuari eskerrak eman nahi dizkiot publikoki hori posible egin duelako. Eta, era berean, erran dezaket zeinen garrantzitsua den genero ikuspegia kontuan hartzen duen defentsa izatea, hori gabe auzi hau lehen unetik galdutako auzia izango zelako.

Gauza intimoez mintzatzeak zigortzen du. Zenbateraino da garrantzitsua artistek, kirolariek eta bertzelako pertsonaia publikoek gai hauen inguruan iritzia ematea?
Arte oro posizionatzen da. Are gehiago, baita bere iritzia ematen ez duena ere, tokirik koldarrenetik.

Martxoan ikusi du argia La anguila nobelak. Zer aurkituko dugu bertan?
Gizon bati idatzitako amodio gutun bat. Eta emakume baten gorputz kolpatua eta bortxatua, baina estimatua ere bai.

La anguila presente egonen da, baita ere, Valentziako Unibertsitateko Nau aretoan. Zertan datza?
Pintura erakusketa bat da, nobelaren gai bera jorratzen duena plastika abstraktuenetik. Ilun sakonenetik, malformazio mingarrienetik, aretoaren paretan desagertzen den zurirainoko 184 piezek osatzen dute.

Noiz eta nola sortu zen proiektua?
Bi urte eta erdiz aritu naiz lanean. Baina La sed (Egarria) eta Roedores. Cuerpo de embarazada sin embrión lanetan dagoeneko taupaka hasita zegoen. Azken hori mahai gainean jotako kolpea izan bazen, La anguila kolpearen ondorengo gogoeta da.

Bertze proiekturik baduzu esku artean?
2018tik 2020ra bitarte egin nituen bidai koadernoen edizio lanean ari naiz, bidaiatzea etxeratze aginduaren aurretik ondoko supermerkatura joatea bezain erreza zenekoak. Bertzalde, nire bigarren nobela izanen dena egituratzen hasi naiz.

Mundua femeninoan
“Niretzat arte guztiak toki beretik sortzen dira, ez dut bata bertzea gabe ulertzen, eta helbururik badute, hori ere bera da: idazteak, adibidez, pinturak zein akuafortean grabatzeak ematen didan berdina eskaintzen dit niri. Mundua femeninoan izendatzea da nire lanaren helburu garrantzitsuenetako bat. Negoziaezina iruditzen zait”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


Eguneraketa berriak daude