Ekuador, XXI. mendean ere kolonialismoaren atzaparretan

  • Apirilaren 11n egingo diren presidentetzarako hauteskundeen bigarren erronda dela-eta, behe mailako titularren bat eskainiko zaio Mendebaldeko albistegietan Ekuadorreko Errepublikari –azkenak 2019ko matxinadari eman zitzaizkion–. Hautagai batek ala besteak irabazi, markatuegiak datoz kartak oraingoan ere joko horretan. Azpiratutako gehiengoarentzat ez dago esperantzarako tarte handirik. 

Zaila da Ameriketako herrialde bat ez irudikatzea –izan Arkansas, Honduras edo Ekuador– ez bada kartografoek gugan marraztu duten kontinente erraldoi baten “probintzia” gisa. Beste hainbat lekutan bezala, iparralde aberatsa eta hegoalde pobre eta “atzeratua” irudikatzen ditugu, eta hegoalde atzeratu horretatik ailegatzen zaizkigun berriak ere anekdotikoak izaten dira: katastrofeak ez direnean, gure betaurrekoekin begiratzen ditugun gertakizun politikoak (hauteskundeak, estatu kolpeak, matxinadak…).

Azpiratuekin sinpatiak sentituta ere, gure buruek kolonizatuta jarraitzen dute eta mundu haietako errealitatea oso urruti geratzen da. Egun bakar batez berdindu dezakegu distantzia geografikoa bidaia komertzial edo turistikoen bidez, baina horrek areagotu baino ez du egiten distantzia, hurbiltasunaren estalpean. Bestalde, gero eta sarriagoak dira gure artean herrialde haietatik lanera eta bizitzera etorritakoak; garbi dago zein maila sozialetan geratzen diren langile eta etorkin horiek.

Ekuador izan liteke aurrekoaren adibide garbia: lurraldea txiki samarra da (Frantziaren azalera erdikoa eta 17 milioi eta erdi biztanlekoa), mugako dituen iparraldeko Kolonbiarekin (lau aldiz zabalagoa eta biztanlerian hirukoizten duena) edo hegoaldeko Perurekin konparatzen badugu (bost aldiz zabalagoa eta bikoitza biztanlerian). Gainera, bere historian, iparreko eta hegoko “erraldoi” horien aurka definitu behar izan du bere burua: “Kolonbia Handia” Ekuador bereganatzen saiatu zen, eta Perurekin etengabe izan dira gerrak eta liskar territorialak, XIX. mende hasieran estatuok sortu zirenetik; azkena XX. mendeko 90eko hamarkadan.

Noiz edo noiz hango berriren bat isurtzen da geure informatiboetan: pandemiaren irudi beldurgarriak Guayaquilen, esaterako, edo sarraski gertatu berriak hango kartzelatan. Titulu gehiago eragiten dute Mexiko DF, New York edo Buenos Aires bezalako megapoliek, baina perspektiba beretsutik irakurtzen ditugu.

Arauz-Lasso lehia
Apirilaren 11n egingo da hauteskundeen bigarren erronda, Andrés Arauz (36 urte) eta Guillermo Lasso (66 urte) nor baino nor. Arauz, Rafael Correaren oinordekoa da (2007-2017 bitartean presidentea; Herritarren Iraultzaren Mugimenduaren bultzatzailea), eta Lasso, eskuindar petoa (bankaria, Nazioarteko Diru Funtsaren morroia, OPUSekoa, Guayas-Guayaquil eskualdeko gobernadore ohia, Ekonomia ministro izandakoa eskuindarrekin). Bigarren erronda horretara ailegatzeko Lassok, Yaku Pérez indigenarekin lehiatu behar izan zuen, biak oso pareko botoetan, baina Pérezek iruzurra salatu zuen. Salaketa hori 20.000 akta faltsutuen froga gisa aurkeztu zen tribunaletan, baina ez zen onartua izan… Martxo bukaerako eztabaida publikoan Arauzek berak onartu zuen iruzurra Lassori ondorengoa aurpegiratu zionean: “Beste batekin beharko nuke une honetan eztabaidatzen, ez zurekin”.

Nabarmena zen Yaku bezalako batek ez zuela lekurik lehia presidentzialean, ez oraingoan behintzat. Berak gidatzen duen Pachacutik mugimenduak boto nuloa eskatu du hauteskunde hauetan, bozketan parte hartzeko era gisa; horrela, boto nuloak bi alderdi nagusien botoak baino gehiago balira, hauteskundeak errepikatu beharko lirateke. Ia ezinezkoa da halako zerbait gertatzea, baina Pérezek hirugarren bide gisa definitu du mugimendua.

Andrés Arauz Correazalea da irabazteko aukera gehien duena.

Baina hauteskunde hauek hango errealitatearen oso zeharkako adierazle bat baino ez dira, eta nahikoa da kandidatuen diskurtsoak entzutea antzemateko “errealitate paraleloa” marrazten dutela, egitate gordinegia promesa hanpatu eta esperantza faltsuekin estaltzeko. Nahikoa genuke azken hilabeteetako berriak zerrendatzea errealitatearen ezaugarri askoz ere sinesgarriago batekin tupust egiteko: pandemia uzten ari den arrastoa, esaterako, Guayaquil eta Quito hiri nagusietan hildakoak kaleetan; ospitale publikoak bitartekorik gabe eta pribatuak ateak ixten. Edo hiri nagusietako kartzeletan orain hilabete izandako matxinada sinkronizatuak, non 80 preso erail zituzten, kartzeletako egoera izugarria agerian utziz.

Guillermo Lasso, eskuina eta oligarkiaren ordezkaria. (Arg.: El Diario)

Pobreziak eta desberdintasunak goia jo dute azken hilabeteetan: datu ofizialek diote “pobreak” eta “muturreko pobreak” %34tik %47ra pasa direla urtebetean. “Pobreek” pare bat dolar edo gutxiago dute egunean bizitzeko, eta “muturreko pobreek” bakarra. Batez besteko zenbaki horiez gain (%47ko pobrezia, alegia) kontuan hartu behar da %70 dela pobre landa inguruetan, non %2ak baino ez duen “enplegu osoa”. Enplegu oso bat da, hizkera ofizialean, bere lanagatik gutxieneko soldata legala, –400 dolarretan ezarria– gainditzen duena.

Bestalde –horra agintarien jarioa ulertzeko gakoetako bat– Ekuadorrek 2008an onartu zuen, eskubideen aitortzari dagokionez, munduan egon litekeen konstituziorik aurrerakoiena. Onartzen dira jendearen

Lehiatik kanpo dagoen Yaku Perezek iruzurra salatu du. (Arg.: CNN)

eskubideak eta naturarenak ere (10. artikulua); uraren zentraltasuna 12. artikuluan dago onartuta, baita elikagai-subiranotasuna ere, esaterako. Sustantzia kutsagarriak espreski debekatuak dira (15. artikulua), eta presoen, gutxiengoen eta gainontzeko kolektibo zaurgarrienen eskubideak modu zehatzean defenditzen dira. Indigenen inguruan dio, “lur komunen jabetza preskribaezina gordetzea, besterendu ezinak izango baitira, enbargaezinak eta zatiezinak. Lur horiek ez dute tasa eta zergarik ordaindu beharko”. Gainera, “kultura, tradizioa, istorio eta asmoen duintasuna eta aniztasuna bermatzea hezkuntza publikoan eta hedabideetan; bitartekoak sortzea komunikazio soziala beren hizkuntzetan egin ahal izateko, eta gainerako hedabideetara sartzea inolako bereizkeriarik gabe” (4. kapitulua). Hezkuntza elebiduna etab. Paradisuko arautegia dirudi, hitzez-hitz, lerroz-lerro.

Esan bezala, 2008an onartu zen konstituzio berri hori Rafael Correaren hauteskunde kanpainaren ardatz bihurtuta, aurreko 1998koa gainditzeko asmoz. Correaren ondorengo hamar urteko presidentziapean milaka landa-eskola suntsitu ziren eta hasieran alde izan zuen mugimendu indigenistak aurre egin behar izan zion segidan, estraktibismoa eta meategi suntsitzailen ustiaketa ugaldu baino ez baitzen egin. 1809ko Ekuadorren independentziatik hona hogeitik gora konstituzio onartu dira. Mundu guztia ohituta dago paper bustira eta politikari eta gainontzeko eliteen hitz hanpatuen jariora.

Monetaren dolarizazioa
Hego eta Ertamerikaz aritzerakoan, ohikoa dira hango pobreziaz, muturreko ezberdintasunaz eta ustelkeriaz entzutea. Ez ziren XVI. mendeko kolonialismo europarrarekin hasi. Aurreko inperioek (inkak, maiak, aztekak…) bide beretik jo zuten gainontzeko jendea menperatzeko orduan, baina mugarri izan ziren europarrak. Haientzat, Ameriketako lurrak eta jendeak –Afrikatik ekarritako esklabuez ahaztu gabe– garatzen ari ziren kapitalismo izenez ezagutzen dugun sistemaren gauzatzeko aberastasun iturri baino ez ziren. XIX. mendeko independentziek ez zuten funtsean egoera aldatu eta XX. mendeko bigarren erdia AEBen “atzeko patio” bihurtu ziren hegoaldeko herrialdeak.

Zilarrezko meatza. (Arg.: Tiempo Minero)

XXI. mendera etorriz eta Ekuadorreko kasu partikularrean, bi gertakari dira ezinbesteko hango gorabeherak ulertzeko. Lehena, aurreko mende bukaeran kontrolik gabe zabaldu zen krisi ekonomikoari lotua da, eta hari erantzunez bertako eliteek hartutako neurria: ordura arteko moneta nazionala ezabatu (“sukrea”, Antonio Sucre, Venezuelan jaio eta Kolonbian hildako jeneral libertadorearen ohorez sorturikoa), eta AEBetako dolarra indarrean jartzea 2.000. urtean. Aurreko hilabeteetan hiperinflazio prozesua bizi izan zen: aste bakarrean 7.000 sukretako dolar baten balioa 19.000ra igaro zen. “Feriado bancario” ezarri zuen gobernuak (Argentinako “korralitoaren” estilokoa), hots, bankuen itxiera eta haietatik dirua ateratzeko debekua; baina neurri horrek egoera zailtzea baino ez zuen ekarri: milioika pertsonak ikusi zuen euren aurrezki guztiak ezertan geratu zirela. Sukrea-dolarra kotizazioa 28.000koa zen 1999ko abendurako; bankuek hondoa jo zuten eta erreskatatu zituzten.

Baina horrelakoetan ohikoa den bezala, eliteek gertatu aurretik zuten horren guztiaren berri, eta milioika dolar bideratu zituzten leku seguruagotara. Lau milioi inguru ekuadortar (populazioaren laurdena ia) ezer gabe geratu eta atzerrirako bidea hartu zuen: AEBetara eta Kanadara, Kolonbiara eta Venezuelara, Espainiara eta Italiara. Diruaren ihesa ez da geratu geroztik, pobreen eta aberatsen arteko arrakalak gora egiten jarraitu du. Dibisen lehen iturria petrolioa da, bigarrena emigrante pobreek haien familiak sostengatzeko atzerritik bidaltzen duten dirua.

Monetaren inguruko soberania galtzeak estatuari erabateko morrontza dakarkio, baina ez gara hemen ekonomiaren jargoi esoterikoetan sartuko. Nahikoa da pentsatzea AEBetako batez besteko soldata Ekuadorreko oinarrizkoaren hamar aldiz altuagoa dela (eta oso gutxik kobratzen duela “hainbeste”): bertako ondasun guztiak mauka dira Iparraldeko edozeinentzat, baita guretzat ere.

Correismoa
Ekonomiatik politikara jauzi eginez –hori posible den neurri txikian– XXI. mendea markatu duen fenomenoa “correismoa” izan da. Rafael Correa presidentea Latinoamerikan zehar zabaldu zen gobernu progresisten artean kokatu zuten, Bolivian Evo Morales, Brasilen Lula Da Silva, Venezuelan Hugo Chavez edo Argentinan Néstor Kirchner eta beste hainbaten artean osaturiko multzo heterogeneoan, “XXI. mendeko sozialismoa” izenarekin ezagutzera eman dena.

Correa presidente izan zen hamarkadan (2007-2017) hainbat aldaketa gertatu ziren estatuan –aipatu dugu konstituzioarena– eta jende askoren atxikimendua ere lortu zuen. Bere presidenteorde izandakoak (Lenin Morenok) irabazi zituen ondorengo hauteskundeak, nahiz eta berehala traizioa gauzatu eta eskuindarren aldera pasa zen haien politika neoliberalak gauzatzeko. Oraingoan ere ez da harritzekoa izango Correak ezarritako hautagaiak, Andrés Arauzek, irabaztea datorren astekoak. Correismoak jarraitzaile sutsu asko ditu, baina baita etsai amorratuak ere, eta ez soilik elite ekonomikoetan.

Presidentzia lortu eta berehala Txinara jo zuen Correak, haiekin kontratuak firmatzera. Eta badakigu nola dabiltzan txinatarrak munduan zehar: likidezia premia larrian dauden estatuen zorrak beren kargu hartzen haien ondasunen truke: baliabide mineralak, azpiegiturak, kontratu komertzialak… Hori guztia opakotasun erabatekoan eta pizten diren erresistentzia guztiak zapalduz. Gogoan ditut aurtengo hauteskunde kanpainan atzerriko ezkertiar baten adierazpenak: “Zer nahi dute estraktibismoaren aurkakoek, ondasun horiek guztiak lurpean utzi aurrerago kapitalistek baliatu ditzaten? Hobe dugu geuk aprobetxatzea herriaren onerako”.

Argazkia: Rafael Correa, 2007 eta 2017 artean izan zen Ekuadorreko presidente. (Arg.: Lapatilla.com)

Gai hau zabalago tratatu nuen 2019ko urriko LARRUNen, baina laburki esanda, operazio hauetan oso ehuneko txikia geratzen da lurraldean –eta horren parte handiena maila guztietako jauntxo eta agintarien eskuetan–; gainontzekoa ustiatzaileen patriketara doa, lurren eta populazioaren gehiengoarentzat hondamendia eta miseria utziz. Petrolio eta meatze esplotazio berriak oso denbora laburrean garatzen dira egun, eta haien ondorio suntsigarriek ez dute itzulerarik izaten.

Correa inongo disimulurik gabeko estraktibista izan zen, eta parean jarri zitzaizkion mugimenduen aurkako oldar gupidagabea erakutsi zuen –eragindako heriotzak barne–. Baina hori ez da haren alde ilun bakarra: matxista oldarkorra –“lodikote nazkagarri horietaz” aritzen zen publikoki–, arrazista nabarmena eta ustela ere bada: saldo bat pleitu ditu diru lapurretengatik eta, bertako agintarien tradizio zabalari eutsiz, hanka egin zuen atzerrira boterea utzi behar izan zuenean. Pobreen artean pobreentzako laguntza zuzenak ere bultzatu zituen; hori izaten da lehenetako neurria bere estiloko agintarien artean: arpilatzetik irabazitako zati txiki bat haiengan zabaldu atxikimendua irabaziz. Ez daukat ezer limosnen aurka, ez bada amarru politiko zikina iruditzen zaidala agintari handikien eskuetatik datorrenean.

Azken egunetako notizia: Andrés Durazno, Llantahuaycoko (Azuay) lurraren eta uraren defentsan ekintzailea erail dute bere etxean martxoaren 17an.

Ez naiz sartuko etorkizunerako pronostikoetan. Ez litzateke gutxi izango ohiko betaurrekoak erantzi eta, modu lanbrotsuan bada ere, Ekuadorreko  jendea aurreiritzi gutxiagorekin begiratzeko eta entzuteko gai izango bagina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekuador
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Yuliana Ortiz Ruano. Fabulazio kritikoa
"Emakumeei eta diferentziei ez digute balio kontakizun heroikoek"

Elkarrizketen meritua, batzuetan, elkarrizketatuarena da oso-osorik. Yuliana Ortiz Ruano idazleak, hari-mutur bati heldu, eta bere argitasuna hedatzen dizu aurrean, opari baten moduan. Fiebre de carnaval [Inauteri-sukarra] eleberria aurkeztu du orain dela gutxi Bilbon, Ecuador... [+]


Luisa Gonzalez izan da bozkatuena Ekuadorren, gatazka nagusitu den hauteskundeetako lehen itzulian

Abuztuaren 20an izan da hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren, eta bigarrena urriaren 15ean izango da. Bozken %33,13 lortuta nagusitu da Luisa Gonzalez, eta bigarrena, berriz, Daniel Noboa izan da bozken %23,94rekin. Hauteskundeetarako astebete falta zela hil zuten Fernando... [+]


2023-08-17 | Ilargi Manzanares
Ekuadorko Yasuní erreserba defendatzeko karabana antolatu dute indigenek eta ekologistek

Ekuadorko hainbat probintzietan barrena ibiliko da karabana abuztuaren 20ra arte, Yasuní biosferako erreserba aberatsean petrolio ustiaketa proiektuaren aurka egiteko. Egun horretan herri-galdeketa egingo dute, eta esplotazioaren aurkako bozkak lortu nahi dituzte... [+]


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Eguneraketa berriak daude