Bilbo eraiki zuten emakume trauskil haiek

  • Krater itzela zulatu zuten Trianoko mendietan, ahanztura bezain zabala eta sakona. Zazpiehun metro bider laurehuneko aho irregularraren ertzean, barandari irmo helduta, bertigoz begiratzen diogu 180 metro beherago dagoen putzuari: goitik behera estutzen doazen mailak zizelkatu zituzten hormetan, zigurat baten negatiboa, aspaldi ahaztutako jainko baten tenplu txundigarria. Kontxa meazuloa da.

Emakumeak minerala garbitzen. (Argazkia: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa)
Emakumeak minerala garbitzen. (Argazkia: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa)

1958an hasi ziren mendia jaten, itsas maila baino 25 metro beherago iritsi arte: horixe da, ordutik, Euskal Herriko lur azalik sakonena. Aintzira urdin ilun bat dago han behean, inork xukatzen ez dituen urek elikatua. Lurpean galeriak zulatzen jarraitu zuten, itsas mailatik 205 metro beherago jaisten den labirinto beltz bat, zortzi solairuko etxadi bana gorde ditzaketen hirurogei ganbera dituena. Kraterrari darion isiltasun lodia bertan bizitza erdia lanean igaro zutenek antzematen dute ondoen. Hogeita hamar urtez zulo hau infernuaren zilborra izan zelako, hemendik leherketak, hauts-zurrunbiloak, motorren orroak, makinen burrunbak, garrasiak eta arneguak ateratzen zirelako.

–Hementxe zegoen nire herria– dio Karmelo Uriartek, 89 urte, begirada serioa, beherantz tolestutako ahoa, meatzari erretiratuaren gorputz handia, alkandora koadroduna, txapela ezkerretara, burdinaz asetutako odola.

–Baina hemen non, Karmelo.

–Hementxe, hementxe bertan. Orain zuloa ikusten duzun lekuan Gallarta zegoen lehen, Gallarta zaharra. Azpian sekulako burdin zaina aurkitu zuten eta etxeak botatzen hasi ziren. Eta hau ez zen herrixka bat, e! Zazpi mila biztanle zituen, Euskal Herriko frontoirik handiena hamasei zenbakirekin, eliza, udaletxea, hainbat eskola. Gallarta berria kilometro pare bat harago eraiki zuten, ikusten duzu? Baina batzuek herri zaharrean jarraitu genuen zenbait urtez. Meategiaren ertzean bizi ginen. Ikaragarria zen. Goizetik gauera eztanda eta hautsa eta zarata besterik ez genuen.

Kontxa II meazuloa, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan. (Argazkia: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa)

Meategia 1961ean hasi zen lanean. 1970eko hamarkadan, urtero 2,2 milioi tona mineral ateratzera iritsi ziren, Europa osoko bigarren kopururik altuena.

–Europako burdin meatzerik onena izan zen urte haietan –dio Uriartek, harro–. Beste leku batzuetan %46 edo %48ko legearekin ateratzen zuten minerala, hemen gutxienez %58koa zen.

Zainik onenak azkar agortu zituzten, 1984an aire libreko ustiaketa amaitu eta 1993an lurpeko azken galeriak itxi zituzten.

–Meategia itxi zutenean pena handia hartu nuen –dio Uriartek–. Badakigu oso ogibide gogorra zela, bai, baina gure bizitza zen. Eta egun batetik bestera abandonatu zuten. Inori ez zion ardura. Galerietara sartzen hasi nintzen, han utzitako materialak jasotzera, nostalgia hutsagatik. Hasieran torlojuak eta kurrikak, gero beste lankide erretiratu batzuei laguntza eskatu eta objektu astunagoak, laztabinak, zulagailuak, bagonetak, makinak, denetik jasotzen hasi ginen. Udalak hiltegi zaharraren eraikina utzi zigun 1986an, traste guztiak han gordetzeko, horrela hasi ginen museoarekin eta begira orain.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa seinalatzen du, kraterraren ertzean dagoen herdoil koloreko eraikin zapal eta modernoa.

–Zuloa ikaragarria da, ezta?

Txostenek diote bostehun gizonen etengabeko lanak hiru hamarkadatan hustu zuela mendia.

–Gizonak bakarrik, Carmelo?

–Emakumeak ere bai. Nik umetan janaria eramaten nion amari, han egoten ziren emakumeak minerala garbitzen, denak zutik, harri puskak pasatzen ziren zinta baten ondoan. Ur-zurrustaka garbitzen zituzten, lokatza kendu eta baliorik ez zuten zatiak albo batera botatzeko. Lan ikaragarria zen. Hamabi orduz zutik, astelehenetik larunbatera, mokau bat presaka irentsiz, hotza, haizea, ura, lokatza... Hori zen lana, hori. Eta lau txanpon ordaintzen zizkieten.

"Emakumeek bi lan betetzen zituzten: minerala garbitu eta dinamita kartutxoak fabrikatu. Gizon bat mutilatuta gelditzen zenean, lan horiek egiten jartzen zuten, baina emakumeei baino gehiago ordaintzen zieten lan beraren truke"

Langileburua, peoia, laguntzailea eta emakumea

–Meatzariei buruz hitz egiten dugunean, gizonezkoak datozkigu burura. Baina emakumezkoak beti aritu ziren meatzaritzan– dio Haizea Uribelarreak, museoko zuzendariak. Bi lan betetzen zituzten nagusiki: minerala garbitu eta dinamita kartutxoak fabrikatu. Oso gutxi ordaintzen zieten. Gizon batek istripu bat izan eta mutilatuta gelditzen zenean, lan horiek egiten jartzen zuten, baina emakumeei baino gehiago ordaintzen zieten lan beraren truke.

Emakume meatzarien testigantza gutxi jaso dira. Museoan badira hainbat argazki, emakumeak meategian erakusten dituztenak, baita soldaten erregistroak ere, langileburu, peoi eta laguntzaileez gain, laugarren kategoria laboral bat ere jasotzen zutenak: “Emakumea”. Peoien erdia kobratzen zuten eta askotan ez ziren agertzen ere, beltzean ordaintzen zietelako, kontraturik gabe, asegururik gabe, erretirorik gabe. Testigantza gutxi daude, emakume meatzarien lana oso gaizki ikusia zegoelako. Badira 80 urtetik gorako zenbait emakume, Gallartan, Ortuellan edo Zugaztietan, iraganean bete zituzten lan horiei buruz hitz egiteko gogorik ez dutenak, emakume marjinatuen lanak zirelako, alargun pobre edo ama ezkongabeena, behar bezain femeninoak ez izatearen estigma jasaten zutenak, emakume zakarrak, susmagarriak; garaiko kronikek zioten moduan, emakume trauskilak.

–Eta meatzariak parte bat bakarrik ziren. Emakumeek beste lanbide mordo bat egin zituzten, meatzaritza eta industrializazioarentzat ezinbestekoak izan zirenak– dio Uribelarreak.

Pilar Perez-Fuentes historialariak ezin zituen kontuak koadratu. Bizkaiko meatzariek lehertu arte egiten zuten lan, egunean hamar edo hamabi orduz, harriak txikitzen eta zamatzen, euripean, hotzetan, baldintzarik latzenetan; barrakatan pilatuta bizi ziren eta ez zuten inolako babesik gaixotzen edo zahartzen zirenean. Euren sorbalden gainean eraiki zuten burdinaren oparotasuna, labe garaiena, ontzi-enpresa, banketxe eta Bilboko burgesiarena. Baina kobratzen zuten huskeria ez zen nahikoa familiak gosez hil ez zitezen.

Dinamita kartutxoak egitea zen emakumezkoen beste lanetako bat. (Argazkia: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa)

–Emakumeen ezkutuko lana ezinbestekoa zen sistemari eusteko -dio Perez-Fuentesek. Vivir y morir en las minas (Meatzean bizi eta hil) liburuan kalkulatu zuenez, familien diru-sarreren %50eraino betetzen zuten emakumeen lanek. Gizonek harria txikitzen zuten bitartean, emakumeek seme-alabak zaindu, gaixoak eta zaurituak artatu, gizonen otorduak prestatu eta lanera eraman, eta kaleko eta laneko arropak garbitu eta josten zizkieten. Gaztela, Galizia, Andaluzia edo Extremaduratik iristen ziren etorkin gazteak ere etxean hartzen zituzten, errenta txiki bat eskatzen zieten eta haien otordu eta arropez ere arduratzen ziren. Emakumeek sistemarentzat ezinbestekoak ziren zerbitzuak betetzen zituzten eta ugazabek ez zuten horretan zentimo bat ere gastatzen. Hortik aberastasunaren zati handi bat.

Aliron!

Bizkaiko aire libreko meategirik handiena eta azkenekoa izan zen Gallartako hau. Atzo bertan amaitu zen eskualde honek historiaurretik ezagutu duen jarduna. Plinio Zaharra historialari erromatarrak “burdinazko mendi handi bat” aipatu zuen kostalde kantauriarrean; Erdi Aroko burdinoletan aingurak, lanabesak, iltzeak eta armak fabrikatzen zituzten, eta metalurgia bizkaitarraren ospea Europa osora zabaldu zen hurrengo mendeetan: ingelesez “bilbo” hitza erabiltzen zuten hainbat burdinaren sinonimo gisa, Shakespearek Hamlet-en bezala: “I lay worse than the mutines in the bilboes”, (“eskuburdinetan zeuden matxinatuak baino okerrago sentitzen nintzen”). XIX. mendearen amaieran, Britainia Handiko dozenaka enpresa eta tokiko beste horrenbeste Bilbo ezkerraldean lanean hasi ziren, hemen eskura zituztelako burdina bikaina, portu handi bat eta eskulan merkea. Hamabi mila langile kontratatu zituzten eta urtero 6,5 milioi tona burdina ateratzera iritsi ziren, mundu osoko ekoizpenaren hamarren bat.

Garai frenetikoa izan zen, paisaia itxuraldatu zuena: mendiak suntsitu zituzten, errekak besteratu, urmael erraldoiak zulatu, mineralak kiskaltzeko labeak eraiki, eta minerala garraiatzeko aireko tranbiak, plano inklinatuak eta Europako trenbide sare trinkoena zabaldu. Burdina izan zen industria siderurgikoaren oinarria, ontziolena, ontzi-konpainiena, merkatariena, banketxe handiena, Bizkaiko burgesiaren aberastasunarena. Barakaldoko labeek Bilbo argitzen zuten. Eta aliron oihuaren garaia ere izan zen, aro eferbeszente baten deiadarra.

Ateratako burdina oso purua zenean, aparteko ordainsaria ematen zieten meatzariei. Eta notizia elkarri kantatzen omen zioten: aliron, aliron! Ingeniari britainiarrek klarionaz mineralean idatzitako hitzak ziren: “all iron”. Dena burdina

Langileen esplotazio gupidagabean oinarritu zen aberastasun distiratsu hura. Oso goiz hasi ziren meatzariak, 1827an gutxienez, mendien goiko parteetan txabolak eraikitzen, meategietatik gertu bizi eta egunero igo behar ez izateko. Burdinaren sukarra piztu zenean, onddoak bezala agertu ziren herrixkak mendialdean, barraka multzoak hobe esanda. Zugaztietako auzoa 1877an sortu zuten, deforestazio ikaragarriaren garaian zutik iraun zuen baso bakarraren ondoan, eta horregatik izena. Txabola batzuetan meatzari ezkongabeek ohe beroen sistema jarraitzen zuten (hiru edo lau langilek ohe bakarra partekatzen zuten txandaka, askotan ohol soil bat) eta besteetan familiak pilatzen ziren, oheak eta sukaldea espazio berean.

Langileek soldata eskasa kobratzen zuten eta parte bat, gainera, oso prezio altuak ezartzen zituzten enpresaren kantina eta ekonomatoetan gastatzeko bonoetan. Neguan hamar ordu eta erdiko lanegunak izaten zituzten, udan hamahirukoak. Neumoniak birikak handitzen zizkien. Istripuek buruak zapaldu, besoak ebaki, hankak puskatu. Alakanteko Unibertsitateko Escudero eta Barciela historialariek kalkulatu zutenez, 1877an, meatzaritzaren sukarra pizten hasi zenean, Ezkerraldean 36,5 urteko bizitza itxaropena zeukaten. 1890erako, 19,9 urtera amildu zen. Gero pixkanaka luzatzen joan zen, XX. mendearen hasieran berriz ere 30 urtetik gorakoa izan arte.

Argazkia: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa

Ez da kasualitatea hobekuntza 1890ean hasi izana: urte horretan meatzari bizkaitarrek lehendabiziko greba orokorra deitu zuten. Sozialismoa indartsu errotu zen Ezkerraldeko mendi txikitu hauetan: lehen Herriko Etxea Zugaztietan sortu zuten 1888an; Gallartan Dolores Ibarruri jaio zen, meatzari baten alaba, beste baten emaztea, grebalaria, buruzagi komunista historikoa, Pasionaria goitizena El minero vizcaíno izeneko artikulu batean lehenengo aldiz erabili zuena hain zuzen.

1890eko greba zapaltzera bidali zutenean, Loma jeneralak auzo meatzarietako bizi baldintzak ezagutu zituen: “Txabola horietan zerriek ere ez lukete bizi behar”, esan zuen. Eta langileekin negoziatzeko eskatu zien ugazabei. Meatzariek nahi zuten tokian erosi eta bizitzeko eskubidea irabazi zuten eta lanaldia batez beste hamar ordura murriztu zieten. Hurrengo lau urteetan beste hogeita hiru greba deitu eta horrela lortu zituzten, pixkanaka, soldatak, ordutegiak, laneko baliabideak eta aseguruak hobetzea.

Greba deialdiek, sirena hotsek, Pasionariaren hitzaldi sutsuek oraindik ere oihartzuna zuten Antonio Yunqueraren burmuinean. Gallartako beste meatzari erretiratu bat zen, gizon txikia, geldiezina, mahoizko trajea eta txapela jantzita batetik bestera ibiltzen zena, museoa osatzeko tresna zaharrak eta makina abandonatuak erreskatatzen. Yunquera 2018an hil zen, 96 urterekin. Haren hitzak gelditzen zaizkigu:

1890eko greba zapaltzera bidali zutenean, Loma jeneralak auzo meatzarietako bizi baldintzak ezagutu zituen: “Txabola horietan zerriek ere ez lukete bizi behar”, esan zuen

–Oso gogoan dut aita lanetik nola bueltatzen zen, blai eginda, lehertuta, botak lokatzez beteta. Harria txikitu eta zamatu behar baldin bazuten, euri-zaparrada okerrenarekin ere eginarazten zieten, aire librean, hotzetan. Nik hori oso txikitatik ikusi nuen. Meatzarien seme-alabei baimena ematen ziguten eskolatik pixka bat lehenago irteteko, aitari bazkaria eramateko. Eta guk ere lanean berehala hasi nahi genuen, 13 edo 14 urterekin, sos batzuk irabazteko. Etxeetan seme-alaba asko eta premia gorria izaten zelako, noski. Eta hortik etortzen ziren grebak: premiatik. Nahikoa zen ogia bost zentimo igotzea sekulako istiluak pizteko, baina beti miseria handienean zeudenek ateratzen zuten aurpegia. Eskirolak ere baziren, eta jipoi galantak jasotzen zituzten. Latza zen, latza benetan, greba zegoen bakoitzean Guardia Zibila etortzen zelako, grebalari batzuk atxilotu eta kuartelera eramateko. Inork ez zekien han barruan zer gertatzen zen. Errepresioa oso gogorra zen, baina merezi izan zuen, borroka haiei esker lortu zutelako orain daukagun guztia: zortzi orduko lanaldiak, soldata duinak, oporrak... Eta erretiroa! Orduko zaharrak eskean ibiltzen ziren. Ezin bazenuen lanik egin, ez zenuen ezer kobratzen. Irudi bat iltzatuta daukat buruan, oso irudi tristea: zahar koitadu haiek, bizitza meategian usteldu ondoren, errepidetik herrenka jaisten Portugaletera edo Areetara, limosna eskatzera...

Idiak baino merkeagoak

Kontxa meazulotik eta Meatzaritzaren Museotik hasita, BI-2757 errepideak paisaia harrigarria erakusten du Zugaztietaraino doazen sei kilometroetan: mendi suntsituak, hondakindegiak, krater artifizialak, meazuloak, industria zaharren arrastoak. Herrixka meatzaria da Zugaztieta, nabari zaio oraindik: egurrezko etxe txikiak, langileentzako eraikitako etxebizitza-bloke umilak, 1888ko Herriko Etxe sozialista, Andre Maria Magdalenari konsakratutako eliza (bekataria eta ospe txarrekoa izanda ere, santutasunera iritsi zen emakumeari hain zuzen: intentzio osoz egindako hautua dirudi, emakume meatzarien herrian). Herri aldapatsua da, kale estuak mendi hegalean gora doaz. Gallarta zaharra desagertu bazen, Zugaztietak hanka-puntetan iraun zuen zulo erraldoien artean. Meategiak itxi zituztenetik, urak krater horiek bete eta lakuak sortu zituen, orain arrantzarako, merendatzeko eta paseatzeko paraje erakargarri direnak. Ibilbide sare bat dago, haginkada erraldoiak agerian dituen ingurunea mantso ezagutzeko, mendi gorri eta larre berdeen artean.

Zugaztietatik Larreinetara doan errepidearen alboan, buruan saskiak daramatzaten emakumeak menditik jaisten ikus daitezke horma-pinturatan.

“Emakume gaixoak, zorigaiztoko langileak, kantu lizunak eta berriketa libreak zabalduz, trapu zarpailekin jantzita, eme ezin galduagoak, lotsarik gabekoak, gizon itxurako emakume inmoralak, piura tamalgarrikoak, etengabeko barrean, berriketan, biraoan, sexu ederraren lorea zimeldu dien lan gogorrean aritzen direnak”. Deskribapen hau La lucha de clases astekari bilbotarrak argitaratu zuen 1897an. Sozialistak ere, kezkatuago zeuden ideal femeninoaren galeragatik emakume zamaketarien lan baldintzengatik baino.

Emakumeek burdin-minerala eramaten zuten itsasontzietara buruan garraiatutako saski handietan.

Bilboko itsasadarraren garapen industrialean emakumeek izandako garrantzia ikertu duen Olga Macías Muñozek aipatzen du paragrafo hau.

Itsasadarrera, Macías irakaslearengana, Larreinetako funikularrean jaitsiko gara. Mendietatik kaietara minerala eramateko eraiki zuten 1926an, pertsonen garraiorako egokitu zuten aurrerago eta martxan darrai gaur egun. Meategi, industria eta portu inguru honetan bilbatu zuten trenbide sareari buruzko tesia idatzi zuen Macíasek, eta ikerketa horretan ari zela topatu zituen animaliak ordezkatuz zama lanak egin zituzten emakumeak: zamaketariak eta zirgariak.

–Zamaketariek buruan saski handiak garraiatzen zituzten, burdin-minerala, ikatza, hondarra, bakailaoa eta bestelako merkantzia pila bat itsasontzietatik biltegietara eramateko. Goizeko seietatik arratsaldeko seiak arte egiten zuten lan, eguzkipean zein euripean, bidaia bakoitzean berrogei edo berrogeitamar kilo garraiatuz, antzeko lan fisikoak egiten zituzten gizonek baino askoz ere gutxiago kobratuz– dio Macíasek, Zirgarien Kaiko eserleku batean jesarrita, Olabeagako auzoan.
Zirgariek prozesuaren beste zati bat burutzen zuten: itsas bazterrean gora, soka lodiak gerrian lotuta, ehunka kilorekin zamatutako gabarrak arrastaka eramaten zituzten kalatu handiegiko itsasontziak iritsi ezin ziren kaietaraino.  

-Herrestatze lan hori ez zuten idi-pareekin egiten?

-Bai, emakumeak merkeagoak zirela ikusi zuten arte. Idiei jaten eman behar zieten, ukuilutan gorde... Enpresariek gutxiago gastatzen zuten zirgariei zentimo batzuk ordainduta.

Emakume haiek elikatu zuten Bilbo, zabalkuntza handiaren garaian haiek garraiatu baitzituzten hiriak behar zituen hainbat material. Euren miseriek ez zuten inongo agintaririk hunkitu, hiriaren irudi txarra ematen zutela konturatu ziren arte. Ingeles batek Bilboko egunkari batean argitaratutako eskutitza aipatzen du Macíasek, hiriko erdigunean bertan itsasontzi batetik ikatza deskargatzen zuten “emakumeen inurritegia” deskribatzen zuena: atso arloteak, oinaze bizian ari ziren haurdunak, umetxoak traputan bildu eta kaiko arrapalan bata bestearen ondoan uzten zituzten ama koitaduak, egunsentitik arratsera kaian gora eta behera ibiltzen ziren zamaketariak denak, ile nahasi, aurpegi zikin eta gona koipetsuekin. Kaleko edozein bazterretan eserita ogi-koskor bat jaten zuten, mendialdeko auzoetako etxe-zuloetan lo egiten zuten, langilezainekin nahasten ziren bizioaren bidetik mesede ziztrinen bat lortzeko. Alargunak ziren asko eta asko, ama ezkongabeak, soldata miserableak onartzen zituztenak bizirauteko beste aukerarik ez zeukatelako, eta horregatik, askotan, prostituzioan ere aritzen ziren.

Alargunak ziren asko eta asko, ama ezkongabeak, soldata miserableak onartzen zituztenak bizirauteko beste aukerarik ez zeukatelako, eta horregatik, askotan, prostituzioan ere aritzen ziren

–Puta fama geneukan– dio Manuela Morenok. Zirgariak desagertu zirenetik mende erdira jaio zen, baina estigma hori berak ere eraman behar izan zuen, Artiach gaileta fabrikan lan egiten zuten emakume guztiek bezala, leku askotan lan egiten zuten emakume askok bezala.

Fabrika zaharra Deustuko Erriberan dago, Zirgarien Kaiaren parean. Adreilu eta beiratezko fatxada duen eraikin bat da, 1983ko uholdeek eragindako kalteen ondorioz abandonatu zutena eta orain teknologia, diseinu eta kultura garaikideko laborategi baten egoitza dena: Open espazioa, mota guztietako kezka sozialen lapikoa. Moreno poztu egiten da bere antzinako lantokian gazteak mintegiak, erakusketak eta merkatuak antolatzen ikusten dituenean.

–Ni olaten sailean nengoen. Makinetan, olata oso handiak egiten.

Aurpegi biribil eta alaiko emakumea da Moreno, begi zabal eta ile motz urdindukoa, fabrika zaharraren sala batetik bestera bizi-bizi doana, gaileta-kaxak prestatzen zituzten gunea ezagutuz, eta hemen administratzaileen bulegoa, eta han zuzendariaren bulego nagusia, eta kontatzen du nola sartu ziren behin atea jo gabe, jateko ematen zieten arrantxo nazkagarriaren platerkada bat zuzendariaren mahaian uzteko, eta beste behin ere atea jo gabe, kaxoiak ireki eta langile baten kaleratze-espedientea hartu eta puskatzeko. Atetzar bat seinalatzen du, hortik sartu zen Polizia Armatua, metrailetak eskuan, 1974ko amaierako greba hartan, artean bera langile hasiberria zenean, eta gero pasiloa, denak korrika irten ziren pasiloa, poliziek kargatzeko meatxua egin eta hiru arte zenbatu zutenean.

–Ez zuten kargatu ziztu bizian atera ginelako. Baina borrokan jarraitu genuen, lanuzte pila bat antolatu genituen, manifestazioak, asanbladak... Soldata igoerak eta lan baldintza hobeak eskatzen genituen. Gaizki tratatzen gintuzten, ia denak emakumeak ginelako. Azkenean hamazazpi emakume eta bi gizon kaleratu zituzten.

–Zergatik zineten ia denak emakumeak?

–Ba horrexegatik, komeni zitzaielako, gizonei baino askoz ere gutxiago ordaintzen zigutelako.

–Eta puta ospearena?

–Fabrika honetara, duela urte asko, prostituzioan aritzen ziren emakumeak etorri ziren lanera. Enpresarentzat lanesku merkea zen, emakume haientzat aurrerapauso bat zen, lan hobea zutelako, diru-sarrera ziurra, eta gainera lantokian bertan haurtzaindegi bat prestatu zieten, haietako askok ume txikiak zeuzkatelako. Hortik etorri zen Artiacheko emakume langileen ospea.

–Eta zure inguruan zer esan zizuten, Artiachen lanean hasi behar zenuela jakin zutenean?

–Pentsa ezazu! Artiachera ez, han badakizu... hara emagalduak joaten dira lanera... Niri berdin zitzaidan. Nik burua ondo altxata egin nuen lan hemen.

Ibaian gora gabarra

Itsasadarrean kilometro bat gora eginez gero, San Mames estadioaren magalean, Athleticeko jokalariek 1983 eta 1984ko Liga eta Kopa tituluak ospatzeko erabili zuten gabarra famatua ikus daiteke. Orduan, ibaiertzetik milaka zaletuk “aliron, aliron, Athletic campeón” kantatu zietenean, meatzeak, kaiak eta futbolak bat egin zuten, bozkarioz dantzan ari zen gizarte baten nortasun sinboloak borobilduz.

Baina nortasuna elastikoa da, memoria zalantzan jartzen dugu eta sinboloak berrinterpreta daitezke.

Gabarra hura portuko lanetarako erabiltzen jarraitu zuten beste hainbat urtez, Santurtzin abandonatuta gelditu zen arte, eta 2013an Itsasmuseumeko dike lehorrera ekarri zuten, Bilboko itsas museora. 2016an polemika piztu zen: Athleticeko emakumeek Liga irabazi zutenean, zaletu askok eta zenbait pertsona ospetsuk haiek ere garaipena ospatzeko nabigazioa egin zezatela eskatu zuten, baina klubak ezetz erabaki zuen, ez zuela gabarra emakumeentzat aterako. Zer eta gabarra, hain justu emakumeek zama-animalia moduan bultzatu zuten garraioa, orain txapeldunak omentzeko podium flotagarri bihurtua, baina gizonezko txapeldunak bakarrik.

XXI. mendearen hasieran, Athleticeko emakumeek lau Liga jarraian irabazi zituzten, baina orduan ez zen gabarrarena aipatu ere egin. Oso arreta gutxi jasotzen zuten urte haietan. Bosgarrena, ordea, 2016koa, emakumeen futbola nabarmen hedatzen ari zen garaian etorri zen. Jokalariak udaletxeko balkoira irten ziren, itsasadarraren ertzean bertan, eta hogei mila zaletu ingururi eskaini zieten trofeoa. Oihu eta txaloen artean, jendartean ozen entzun zen “gabarra nahi dugu!” kantua.

–Nire ibilbideko unerik hunkigarriena izan zen -dio Ainhoa Tirapu atezainak–. Bederatzi urte generamatzan ezer irabazi barik, urte askotan bigarren izan eta gero, eta hori benetan etsigarria da kirolari batentzat. Halako batean titulua lortu genuen eta sekulako harrera egin ziguten. Bilbo gurekin egon zen.

Athletic txapeldun hartako futbolari garrantzitsuenetako bat izan zen Tirapu: hamabost denboraldi eta 358 partida jokatu zituen, Eurokopan eta Munduko Txapelketan parte hartu, bi Liga irabazi eta emakumeen futbola profesionalizatzeko ahotsa gehien altxa zuenetako bat izan zen. Lehen Mailako jokalarien erdiak ez zuen inolako soldatarik jasotzen, eta zerbait kobratzen zutenen artean, heren bat ez zen hileko bostehun eurora iristen, Futbolari Espainiarren Elkarteak zioenez. Patronalarekin hamazazpi hilabetez oso negoziazio gogorra egin zuten futbolarien bozeramailea izan zen Tirapu, grebarako deialdia ere zabaldu zuena, historiako lehen hitzarmena sinatu zuten arte: urteko 16.000 euroko gutxieneko soldata (gizonezkoena, orduan, 150.000koa zen), lanegunen arautzea, oporrak, gaixotasun eta amatasun bajak... Oinarrizko baldintza hauen alde borrokan ari zirela, estadioak inoiz ez bezala bete ziren: San Mamesen 48.000 ikusle bildu ziren Athletic-Atletico Madril partida bat ikusteko, Anoetan beste 36.000 Real-Athletic batean, Madrilgo Wandan 60.000 Atletico Madril-Bartzelona batean...

Jokalariek 2020ko otsailean sinatu zuten hitzarmena eta Tirapuk apirilean utzi zuen futbola, 36 urterekin.

–Gazteei bidea uzteko garaia da– esan zuen.

Meatzeetatik irten zen futbola. XIX. mendearen amaieran burdina ustiatzera etorritako britainiarrek, harkaitzetan “all iron” idazten omen zuten haiek, lehenengo baloiak ere ekarri zituzten

Hasierako urteetan, Athleticen atea zaintzen zuen bitartean, Tirapu Kimikan lizentziatu zen eta meatze abandonatuen inguruko kutsadurari buruzko master amaierako lana aurkeztu zuen. Meatzeetatik irten zen futbola. XIX. mendearen amaieran burdina ustiatzera etorritako britainiarrek, harkaitzetan “all iron” idazten omen zuten haiek, lehenengo baloiak ere ekarri zituzten, Ingelesen Landan lehenengo partidak antolatu, lehenengo goal-ak ospatu eta bertako sportsmen talde bati inspirazioa eman zioten Athletic Club sortzeko. Lehenengo dinamita eztandatik azken golaren ospakizunera doan bidean, nekez, indarrez, gehiegikeriaz, grebaz eta garaipenez jositako mende eta erdi honetan, beti egon dira emakumeak borrokatzen.

Tirapuk ondo ezagutzen du bere historiaren lurpeko jatorria.

–Ez duzu Gallartaraino joan beharrik, Bilboko erdigunean bertan meatze bat aurki dezakezu.

–Erdigunean?

–Bai, Bilbin, Bilbo Zaharrean, nire etxetik gertu. Esango dizut non dagoen.

Bilboko erraietan barrena

Erriberako eta San Antongo zubien artean, jende gutxik erreparatzen dio Martzana kaiko ate metaliko gris honi. Mina jatetxearen ondoan dago eta biltegi bateko sarrera dirudi, baina Bilboko paraje harrigarrienetako baten ataria da: San Luis meategia.
Jendearentzat ireki nahi izan zuten, baina ezinezkoa da bisitarien segurtasuna behar bezala bermatzea eta baimen bereziekin besterik ezin da ezagutu. Haizea Uribelarreak, Meatzaritzaren Museoko zuzendariak, ateko giltza eta gidaririk onena lortu dizkigu: Emiliano Valdizan, 87 urte, meategi honetako azken langilea, 1995ean atea itxi eta argia itzali zuena.

–Bilbon bertan, erdiguneko lurpean, meategi bat martxan aritu zen 1995 arte?

–Tira, 1987 arte. Azken zortzi urteetan ez zegoen inolako jardunik, baina nik hemen jarraitu nuen azken langile taldearekin, zaintza lanetan.

–Eta lehen zer egiten zenuen?

–Soldatzailea nintzen, beti aritu nintzen meategietako mantentze lanak egiten. Kantabriatik 24 urterekin etorri, Gallartako zuloan hasi eta, ondoren, 28 urtetik aurrera, beti hementxe, San Luisen soldatzaile, erretiroa hartu arte.

Argazkian Bilbo Zaharraren atzean zegoen San Luis meatza, 1987ra arte irekita izan zena.
"Sei edo zazpi emakume jartzen ziren errenkadan, minerala pasatzen zen zintaren ondoan, eta han ematen zuten eguna, zutik, lokatza urarekin kentzen, giro ezin heze eta hotzagoan, pentsa ezazu nolakoa izango zen neguan..."

Emiliano gizon txikia da, lurpean zaildutako aurpegian distira egiten diote begiek, bi argi-zulok. Mantso dabil ilunpetan, makilari tinko helduta, baina nabari da bere eremuan gabiltzala. Pasabide lokaztuan sartzera goazela esaten digu, hormetan agerian gelditu diren burdinekin kontuz ibiltzeko, hodi herdoilduak eta estalaktita zuriak erakutsi eta bidegurutzeak azaltzen dizkigu.

–Hemendik ehun metro jarrai genezake. Beste adar hori luzeagoa da. Lurjausiek moztu zuten eta orain ezin da pasa, baina galeriak Miribilla eta San Frantzisko auzoen azpitik jarraitzen du. Kale azpietan, etxe azpietan egiten zuten lan meatzariek, bai, noski. Rubioa ateratzen zuten [limonita, burdinaren oxido bat], eskuz kargatzen zuten bagonetetan eta galeria honetatik ibairaino jaisten zuten, zamalekuraino. Minerala galdategietara eramaten zuten gero.

Leherketa baten ondorioz hildako lankide bat aipatzen du Valdizanek, baina ez dauka xehetasunetarako gogorik.

–Emiliano, zein zen meategiko lan guztien artean gogorrena?

–Garbitegian harriak hautatzen zituzten emakumeena, zalantzarik gabe. Sei edo zazpi jartzen ziren errenkadan, minerala pasatzen zen zintaren ondoan, eta han ematen zuten eguna, zutik, lokatza urarekin kentzen, giro ezin heze eta hotzagoan, pentsa ezazu nolakoa izango zen neguan... Orduan emakumeak diskriminatuta zeuden, orain dauden bezala, ulertzen? Gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen zuten, horregatik aukeratzen zituzten lan hori egiteko. Emakumeek gutxiago kobratu dute beti.
Duela hogei urte eskas, Miribillako muinoa burdina-ustiategi handi bat zen, makinek irentsitako mendi soildu bat, tximiniaz jositako eta galeriek zulatutako eremu mortua. Meategiak itxi eta berehala urbanizatu zuten, hiru mila etxebizitza, parke zabal eta pasealeku luzeekin, gaurko auzo moderno, eroso eta atsegina sortu arte.

–Gero eta jende gutxiagok ezagutzen du oinen azpian daukan historia– dio Haizea Uribelarreak. Baina gaur egungo Bilbo posmoderno hau ez litzateke horrelakoa izango lurpeko iragan horrengatik ez balitz, meategi eta industriengatik, lanera etorri ziren milaka etorkinengatik, hain baldintza krudeletan lan egin zuten emakumeengatik. Bilbo haiek ere altxa zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude