Uzten al diegu bere buruaren jabe izaten?

  • Zenbat eta zimur gehiago orduan eta eskubide gutxiago? Haren iritzia kontuan ez hartzeko arrisku handiagoa? Erreportaje honetako solaskideen ustez, horrelako zerbait gertatzen da. Zahar egoitza bizitoki aukeratuz gero, haien eskubideak ia ezerezean geratzen dira. Egoitzan zein norbere etxean, bizirauteko zaintzen ditugu eta sarri ahazten zaigu galdetzea ea nola bizi nahi duten. Pandemia da adinekoen eskubideak eta duintasuna zokoratzearen adibide garbia: etxean gelditzeko esan, egoitzaz aldatu, bisitak kendu, gelan bakartu... Birusaren aurrean nola jokatu nahi duten galdetu gabe.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Ana García Mendoza Madrilgo Pilares Fundazioko langilea da, lan komunitarioko masterrean psikologoa eta proiektu teknikaria. Etxez etxe laguntzen ditu adinekoak. Garcíak azaroaren 27an Irauli zaintza elkarteak Azpeitian antolatutako jardunaldietan hartu zuen parte (Zaintzarako euskal sistema publiko eta unibertsal baterantz).

Berak dio, menpeko izan arren, adinekoek bere buruaren jabe izaten jarraitu behar dutela eta gaur egun ez diegula uzten hala egiten. Madrildarrarentzat funtsean bi kontzeptu dira garrantzitsuak: eskubideak eta duintasuna. Pandemia aurretik ere landua duten zaintza ereduaz ari da García eta aitortu du ez dutela ezer asmatu. Alabaina, pandemia betean urtebete daramagula, Pilares Fundazioko langileak azaldutako eredua orain dugunarekin alderatuz gero, bere esanek barruak errazago astintzen dituzte. Menpeko diren adinekoen zaintza eredu duin batetik zein urrun gauden barneratzeko ariketa interesgarria da Garcíaren gogoeta irakurtzea.

Madrildarrak azaroko jardunaldietan eman zuen hitzaldiaren laburpena ekarri dugu ondoko orrialdeetara:

Eskubideak eta ardurak dituzte adinekoek. Eskubidea izan behar dute behar dutenean laguntza jasotzeko, eta erabakitzeko eskubidea ere bai. Gizarte honetan gauza bat gertatzen zaigu: pertsona menpekoa denean guk erabakitzen dugu dena bere ordez, autonomia galtzen dute. Bere bizitzaz erabakitzeko eskubidea izatea garrantzitsua da. Berak hartu behar du parte.

Ana García, psikologoa eta adinekoen zaintzailea: "Adinekoei ebaluaketak egiten dizkiegunean galdetzen diegu beren desioak bete diren? Ez, ez diegu galdetzen. Kontatuko dugu zenbat aldiz erori diren"

Bizitza interesgarriak izateko eskubidea dute. Bizitzaren erdigunean jartzen dira zaintza, ezinak eta mugak. Familien bizitza ere zaintzaren inguruan izaten da. Denok behar dugu bizitza interesgarria.

Eskubidea dute bizitza ez eredugarriak izateko. Zergatik dira derrigorrezko elementuak segurtasuna eta osasuna? Adinekoak ezin ditu ohitura ez osasungarriak izan? Ez diegu uzten eskema horretatik ateratzen eta eskubidea dute.

Arriskua bere gain hartzeko eskubidea dute. Bizitza arriskua da. Zahar egoitzak itxita dauzkate pandemian. Nik arriskua hartu dut eta kafetegira joan naiz. Adinekoei ez diegu uzten arriskatzen. Oso babestaileak gara, paternalistak. Guk proposatzen dugun ereduak arriskuak bere gain hartzen ditu. Denei ez die gauza berak balio.

Zaintza ereduak bi dimentsio ditu. Horietako bat da, pertsona erdigunean jartzen duen arreta. Baga, pertsona ezagutu eta zerbitzuak berera moldatu behar dira, ez alderantziz. Beraien berezitasunak ezagutu eta onartu behar dira. Oraingo ereduak ez du hori egiten. Biga, pertsona bere ikuspegitik ezagutu behar da: adina, generoa, osasun txostena, jatorria, maila sozioekonomikoa… jakitea ondo dago, baina horrez gain bakoitzak bere baloreak, sinesmenak, iragana… dauzka. Higa, arreta planak diseinatuko ditugu bere gaitasun eta desioen arabera. Fokua ez badugu jartzen gaitasunetan beti mugez arituko gara, mugak konpentsatzen beti (eta hori ere egin behar da). Laga, autonomia eta independentzia sustatu behar dira. Berak erabaki dezake, ezin da hori aldatu dependentzia daukalako. Maila funtzionalean arazoak dituztenean, mugitzeko edo garbitzeko laguntza behar dutenean, adibidez, oso ondo laguntzen diegu, borondate onez, baina haien autonomia eta independentzia birrintzen ditugu. Edo ez diegu iritzia eskatzen edo beraien ordez dena egiten dugu. Horrela jokatuta ez gara ari bere gaitasunak kontuan hartzen.

Pertsona erdigunean jartzen duen dimentsioaz gain, osoko arreta komunitatean txertatzeaz ari den atala azpimarratuko dugu. Mila eta bat zerbitzu daude, hainbat eta hainbat alorretakoak, dela kulturan, osasungintzan, etxebizitzarako… Zerbitzuak jaso ahal izateko hainbeste leihatila daudenean gazteak ere larri ibiltzen dira hori dena kudeatzeko, bada, pentsa administrazioak eskaintzen duen horren guztiaren aurrean nola sentitzen den adinekoa! Adinekoren baten senideari entzun nion esaten halako zerbitzu ez zutela eskatu nahaspila ederra izango litzatekeelako horretan hastea. Zerbitzu denak batera eskaini behar ditugu.

Argazkia: Dani Blanco.

Zerbitzu bakoitzak beretik begiratzen du eta ez du ikusi nahi komunitatean beste zerbitzu asko eskaintzen direla. Administrazioak, elkarteek, boluntarioek, merkatuak eta abarrek eskaintzen dituzten zerbitzu anitzez ari naiz. Gure proposamena zerbitzu katalogo osoa komunitatearen esku jartzea da.

Beraz, zahartze aktiboaren gure paradigma ondokoa da: osasuna, segurtasuna eta parte-hartzea. Hirugarren hanka ahazten zaigu. Ebaluaketak-eta egiten ditugunean galdetzen diegu bere desioak bete diren? Ez, ez diegu galdetzen. Kontatuko dugu zenbat aldiz erori diren.

Desgaitasunaren esparruan, autonomiaren gaian, egin den ibilbidea interesgarria da. Medikuntza eredutik sozialerako pausoa ikaragarria da. Lehen gaixoa zaindu behar zen, desgaitasuna sendatzen zen, orain ez dira gaixoak, herritarrak dira. Haien gaitasunak bultza behar dira orain. Guk ere adinekoa herritar gisa hartu behar dugu, gero lana egiteko. Orain zaintzeaz arduratzen gara, ikuspegi asistentzialagoa da. Zaintzeaz gain, lagundu behar ditugu, hala pertsonak aktiboagoak dira eta gure arteko harremana horizontalagoa da.

Hau dena ez diogu guk bakarrik, nazioarteko erakundeak ari dira gauza bera esaten, Osasunaren Mundu Erakundeak dio zaintza eredua zaharkituta gelditu dela eta eredu aldaketa proposatzen du. Horrez gain dio zaintzak ondasun publikoa izan behar duela. Europako Batasuneko erakundeak ere ildo beretik ari dira, pertsona erdigunean izango duen eredua defendatzen du, kalitatezko zaintza, eskuragarri egongo dena.

Halako eredu baten alde egiteko ebidentzia zientifikoak behar direla esango du norbaitek. Bada, badaude: depresio gutxiago, aldarte hobea, gutxiago aspertzen dira, familiak hobeto daude, langileak hobeto daude… Eta ekonomikoki jasangarriak dira eredu horiek.

Bukatzeko, hitz-hartze honen ideia nagusia esaldi batean bilduko dut: Beraiek dira bere buruaren jabe. Eta azpimarratuko dut adinekoek egitasmo bizigarriak izan behar dituztela. Etxez etxe nabil edadetuak zaintzen eta hurrengo egitasmoa ondokoa izango da: jakin dut muga fisiko asko dituen emakume bati tartak asko gustatzen zaizkiola. Beraz, hurrengoan tarta egingo dugu elkarrekin.

 

“Pertsonak ahaztu zaizkigu, helburua ahaztu zaigu”

Ana García psikologoa

“Zergatik behar dugu zaintza eredu aldaketa? Gizartea aldatzen da eta eredu ‘guaiak’ zaharkitzen dira. Oso atzera begiratzen badugu ikusiko dugu nola elkar babesten genuen garai batean eta elkarren artean konpontzen genituen arazoak. Erakundeak ere baziren, Elizatik zetozenak bereziki. Babes modu pribatuak ziren, ez ziren eskubideetan oinarritzen. Europan gerrak bukatu eta ongizate gizartea heldu zen, estatuek hartu zuten ongizatearen ardura. Eskubideetan oinarritutako sistema unibertsala sortu zen, ez zen eredu pribatua.

Garai hobeak ala okerragoak dira oraingoak? Baditu alde onak eta txarrak: elkarren arteko babesa galdu dugu, indibidualismoak irabazi du eta besteen esku utzi ditugu ardurak.

Zergatik aldatu behar dugu daukagun sistema? Zaintza eredu ez antolatutik, zaintza eremu intimoan konpontzetik, elkarri laguntzean oinarritzen zen eredutik pasa gara sistema normatibo batera, egituratura, protokoloz betera, zerbitzuak ikuspegi teknikotik begiratzen dituen batera. Hori dena beharrezkoa da, baina helburua pertsonak dira. Pertsonak ahaztu zaizkigu, helburua ahaztu zaigu. Orain zerbitzua dago erdigunean, ez pertsona. Lehengo ereduan ona zena eta oraingoak ona duena hartzeko garaia da.

Zer proposatzen dugu? Ez da ezer berria guk proposatzen duguna, batean eta bestean xurgatutakoa gauzatzen saiatzen gara. Gure ereduari deitzen diogu ‘arreta integralean oinarritzen den eta pertsona erdigunean duen eredua’. Duintasuna eta eskubideak dira bi kontzeptu nagusiak”.

 

Iñaki Lasagabaster

“Nork agindu dezake nagusien etxeko egoiliarra logelan itxita uztea?”

Argazkia: Iñigo Azkona.

Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna da. Asaldatuta dago hilabete hauetan nagusien egoitzatan gertatu direnak entzunda: senideei jakinarazi gabe ama egoitzaz aldatu; bisitak murriztu; logelan itxi birusak kutsatu ez ditzan… Katedradunak bere buruari galdetzen dio ea horrelako erabakiak nork har ditzakeen. Gizarte Zerbitzuei buruzko legea aztertu du eta ondorioztatu du administrazio publikoa esku hartzen ari dela arauak oso lausoak diren kontuetan. Gogorarazi du senideek, eta nola ez egoiliarrek, eskubideak dituztela.

Ana García Mendozak bezala, Lasagabasterrek hitzaldia Irauli zaintza elkarteak antolatutako jardunaldietan eskaini zuen azaroan.

Lasagabasterrek uste du egoitzak gai potoloa eta estrategikoa direla. Pandemia garaian administrazio publikoek egin dituzten esku-hartzeez eta horien estaldura juridikoaz aritu zen hitz-hartzean. Ondoren duzue hitzaldiaren laburpena:

Lotsa sentitu dut gertatzen ari denaz, gertuko sentitzen duzun administrazio publikoa egiten ari den politikak ikusita.

Zergatik sentitu dut lotsa? Gauza harrigarriak irakurri ditut. 91 urteko egoiliar bat egoitza pribatu batean zegoen eta egunero bi orduz ibiltzeko ohitura omen zeukan. Gelan itxi zuten. Baina nola agindu dizute gelan sartzea eta ateratzen ez uztea? Nola utzi zaituzte baldintza horietan?.

Beste adibide bat, Espainiako Estatuan gertatutakoa. Irakurri nuen egoitzetako patronaleko pertsona batek esan zuela ez zuela inoiz ahaztuko egoitza batean ikusitakoa: medikuak behatzarekin seinalatuz esaten omen zuen: “morfi, morfi, morfi…”. Alegia, medikuak nagusien etxeko arduradunarekin batera erabakitzen zuen zainketa aringarrietara zeintzuk eramango zituzten. Gainerakoak egoitzan geldituko ziren eta morfinaz tratatuko zituzten, hau da, egoitzan hilko ziren. Zergatik hartzen zen erabaki hori horrela? Nork eta nola?

Hala, Euskadiko heriotza datuak begiratzen hasi nintzen. Bizkaikoak begiratu nahi nituen eta konturatu nintzen Bizkaiko Foru Aldundiak esan zuela datuak Osakidetzak ematen zituela. Gardentasunaz hizketan ari bagara, logikoa litzateke datuak jakin ahal izatea, baina erantzuna zen Osakidetzak ematen dituela. Bada, gero jakin nuen Osakidetzak ez zituela datuak ematen lurraldeka. Ez zegoen datuak jakiteko modurik! Halako batean datuak filtratu ziren. Demokraziaren ikuspegitik atsekabe handia sortzen du halako egoera batek. Gaia jarraitu nahi nuen eta datuak lortzeko borroka egin behar nuen?

"91 urteko egoiliarrak negar egin behar du denbora batez berak aukeratu ez duen egoitzara eramango dutelako? Zergatik eta nork erabaki du?"

Gertaera hauen aurrean agintariek ez dute erantzuten, epaitegiek ere ez, eta gizarteak ere ez.

Askoz garrantzi gutxiagoko kontuetan epaitegietara jo da. Kalean sei lagun baino gehiago ezin zirela elkartu agindu zutenean epaitegietara jo zen eta Justizia Auzitegi Nagusiak erabakia ilegaltzat hartu zuen biltzeko eskubidea urratzen zuela argudiatuta. Gauza bat da kalean sei lagunek topo egitea eta beste bat helburu jakin baterako jende asko elkartzea. Sei lagun kalean elkartzea ez da biltzeko eskubidearen kategoriara iristen. Dena dela, auzitegira eraman zen gaia. Bitartean jendea hil da egoitzetan eta ez da ezer gertatzen, logelan itxita daude eta ez da ezer gertatzen. Asaldatu nintzen.

Administrazio publikoaren esku-hartzeez ari garela, bi gauza landu nahiko nituzke orain: legezkotasun printzipioa eta egoitzetako araudia.

Legezkotasun printzipioa. Arau batek egon behar du zeinaren bidez botere publikoek esku hartu dezaketen. Har dezagun irakaskuntzaren adibidea. Umeak noiz hasi behar dute eskolara joaten? Familiek zein eskubide dituzte? Umea zigortu daiteke? Jo daiteke? Harreman askoko eremua da irakaskuntza eta erregimen juridikoa ere konplexua da. Egoitzetan badira langileak, erabiltzaileak, senideak… Erlazio horiek guztiak nola formulatuko ditugu juridikoki? Nork agindu dezake egoiliarra logelan itxita uztea? Eskubideak dituzte! Eskubide askoz ezin dira baliatu, ezintasunak dituztelako, baina gurpildun aulkian dagoenak ere baditu eskubideak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/ 2008 legea. Gizarte zerbitzu denak pilatzen dira lege horretan. Ez zait egokia iruditzen. Gai asko dira eta oso garrantzitsuak. Egoitzek lege berezia beharko lukete izan. Lehen aipatu dut legezkotasun printzipioa. Bada, legean faltan bota dut administrazioak egoitza batean esku hartzen duenean zein botere dituen azaltzea. Ez du zehazten zein aginte erabili dezakeen. Nire lagun batek jakin du, egoitzakoek zuzenean ezer esan ez badiete ere, Gasteizen, haren gurasoa beste egoitza batera eraman dutela. Nork erabakitzen du egoitzatik egoitzara aldatzea? Eta gainera senideei esan gabe? Agian zaintza eredua aldatu behar da, zeren beharbada gauzak dauden bezala hainbat kontu ezin dira bestela egin, baina ez naiz eredu aldaketaz hitz egiten hasiko orain. Nik diodana da legeak ez duela zehazten nola esku hartu behar duten agintean daudenek.

Egoitzetan ia eskumen osoa foru aldundiek daukate. 2009an, 2008ko legeari atal bat gehitu zioten. Bizkaian (agian Gipuzkoan eta Araban ere bai) araudi zehatzagoa eginda dago eta hori irakurri dut jakiteko ea diputazioak zein eskumen dituen eta esku hartzeak nola egin ditzakeen. Horri lotutako arau bakarra aurkitu dut eta ‘administrazio unitatea’ terminoa aipatzen du. Ez dira ageri ez senideak ezta egoiliarrak ere! Lagun batek beste gertaera bat kontatu dit. Amaginarrebak egoitza aldaketa eskatu zuen, baina amaginarrebaren iritzia kontuan hartu gabe antolatu zituzten egoitza batetik besterakoak. Nire lagunak Foru Aldundira jo zuen egoera argitzeko. Hori administrazio unitateak erabaki behar du? 91 urteko egoiliarrak negar egin behar du denbora batez berak aukeratu ez duen egoitzara eramango dutelako? Zergatik eta nork erabaki du? Egoiliarrek eta familiek zein eskubide dituzte? Erabaki horiei eutsiko dien erregimen juridikorik ez dago. Beste adibide bat bisitena da. COVID-19a dela-eta senideek astean bitan egin dezakete bisita eta beti pertsona berak joan behar du egoitzara. Ez dago araurik hori jasotzen duenik. Arauren batek esan behar du murrizketa zergatik egiten den. Diputazioak ebazpen sinple bat ateratzen du eta kito.

Bukatzeko hainbat gogoeta egin nahiko nuke gai honen inguruan:

Lege berezia behar da egoitzetarako: Legea egiteko orduan zuzenean eragiten dieten aldeek parte hartu behar dute. Legeak zerbitzu publikoaren ikuspegia izan behar du. Esaten da sistema pribatuaren eta publikoaren artean osatzen direla gizarte zerbitzuak. Hara, zerbitzu publikoak defendatu behar dira, egoitzen sektorean ere bai.

Lege horretan boterea nork duen adierazi behar da. Kudeaketa pribatuari buruz hamabost artikulu daude oraingo legean eta hor ikusten da pribatuari ematen zaion garrantzia. Bestalde, harritu nau zein landua dagoen zigorren eta arau-hausteen erregimena. Ulertzen dut egoitzen kudeaketa konplexua dela, erabiltzaileak egoera berezian daude, baina halako garrantzia ematea zigorren eta arau-hausteen alorrari? Nire ustez atal horrek du interes gutxien.

Langileen baldintzak kontuan hartu behar dira. Hemen (Gipuzkoan) greba martxan zegoen. Bizkaian ere egin zen. Nola eduki daitezke langileak horrelako baldintzatan? Gizarte zerbitzuek ez dute ezertarako balio langileak baldintza egokietan ez badira ari lanean. Zertarako araua, langileek hamar minutu baldin badituzte egoiliarrak garbitzeko?

Non daude egoitzak? Hirian egon behar dute, erdigunean. Asko ia mendian daude, urrun. Beste batzuk ia ezer ez dagoen tokian eraikitzen dituzte. Lurra merkeagoa den tokian eraikitzen dute egoitza eta urbanizatu ahala lurrak balioa irabazten duenez gero saldu egiten dute. Hirigintza planetan diseinatu behar da egoitzak non egin, erdiguneetan alegia, eta ez esku pribatuei interesatzen zaien tokietan”.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zahartzaroa
Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


Adinekoentzako Nafarroako lehen etxebizitza kolaboratiboa eraikiko dute Iruñeko Txantrean

25 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baratzea eta zerbitzu komunak izango dituzte. Eraikina Etxekide kooperatibak eraikiko du, Nafarroako Gobernuaren babesa du, eta Iruñeko Udalak lursail bat utziko du proiektua eraikitzeko. 2026rako amaitzea aurreikusi dute eta... [+]


Haurrak eta adinekoak elkarrekin, Eguzkitza eskolak eta alboko zahar-etxeak praktikan jarri duten esperientzia

Auzoaren eta auzoko biziaren parte dira eskolak, eta horregatik, bata bestearen ondoan dauden Irungo Eguzkitza ikastetxea eta Amaxantalen zahar-etxea ohituta daude hainbat ekintza elkarrekin egitera. Gabonen atarian ere, postal pertsonalizatuak prestatuko dituzte, batera... [+]


Kaitin Allende Zaldunbide. Umoregilea
“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre... [+]


"Ez dakit ariketa fisikoa egiten dugun zaintzeko edo espektatiba sozialak betetzeko"

Zahartzaroa eta osasunari lotutako jardunaldiak antolatu ditu Gareseko osasun etxeak; bertan izan da Mertxe.


Eguneraketa berriak daude