“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

  • Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre egiten ikasten ez badugu”, dio. Irrati esataria da lanbidez, kazetaria. Bizitzako eremu guztietan du, ordea, antena piztuta. Adi entzuten dio datorkion seinale orori.

"Zahartzaroan denetik dago. Jubilazioa ez da inoiz amestu bezalakoa, ez duzu denborarik nahi duzun guztia egiteko: alarma jarri behar duzu bilobak eskolara eramateko. Erretiratuak deitzen diegu, gainera. Erretiratu, balio ez duten gauzak egiten dira". Argazkia: Pello Maudo Herrero.
Barrea euskaraz, (hel) muga

“Lehen Barre Librea saioa zegoen euskarazko bakarrizketalariekin telebistan. Euskarak oso toki gutxi dauka gaur egun telebistan, sukaldaritzak bai. Barre egiteko gazteleraz sekulako inbertsioak egiten dira, euskaraz ez. Ni ez naiz honetatik bizi, baina nola bizi daiteke? Emakumezko umoregile edo sortzailea bada, martxoan eta azaroan egingo du lan, bizitzeko lain ateratzeko. Oso profesional onak eta prestakuntzadunak daude, baina plazarik eta aitortzarik ez dute. Barre Librea oso programa ona zen, oso zaila da barre eragitea, gainera. Gerraz, pornoaz, gizarte arazoez hitz egin beharra dago, baina dena ezin da hori izan. Kulturari eskaintzen zaiona albistegietan ere oso azalekoa eta motza da”.

Zahartzaroari umoretik heldu diozu zure azken bakarrizketan. Errebeldiarako ez da inoiz berandu?
Zahartzarora iritsi behar da, lehenbizi. Aitonak eta amonak kokoteraino daude denaz jada, bortz inporta zaie guztia. Ni ere bidean nago, klimaterioak ere horretan laguntzen du.

Klimaterioaren kilimek eta sofokoek bultzatu zaituzte azken ikuskizuna sortzera?
Orain arteko monologoek nire bizitza kontatu dute. Ez naiz zahartzarora iritsi, baina banuen gogoa gure aitite eta amonei barrea eragiteko. Arrasateko Nagusien Kontseilutik deitu ninduten, eurentzat bakarrizketa bat egitea nahi zutelako. Oso ondo pasa genuen. Nire hirugarren bakarrizketa izan da: Artistak eta kazetariak 1.0 izan zen lehena. Bigarrenean –Guraso txinpartak izenekoan– gurasotasunari heldu nion. Kilimaterioa ikuskizunean bertsolariekin aritzen naiz. Klimaxetik klimateriorako abanikoaz hitz egiten dugu, eta sekulako arrakasta dauka, tabuez hitz egiten delako. Nola gestionatzen da gure hormona saltsa? Pentsa, behin emagin batek esan zigun berak menopausia hitzaldietan gure pasarteak erabiltzen dituela. Andropausia ez denez aipatzen, ez da existitzen; baina menopausia bai. Kilimaterioa-ren ostean, jende asko hurbildu izan zaigu eskerrak ematen.

Noiz eta zergatik hasi zinen bakarrizketetan?
2019an hasi nintzen, lagunek animatuta. Kuadrillakoek bakarrizketak egin behar nituela esan zidaten, ‘eta zergatik ez zoaz zu Gorbeiara?’ erantzun nien nik barrezka. Segurtasun falta handiak izaten ditut, baina animatu egin nintzen ikastera. Ez nuen asko pentsatu, horregatik hasi nintzen. Eszenatokira igotzean biluztu egiten zara, baina bakarrizketekin gustura nabil orain.

Zahartzaro hiperaktiboa deitu duzu azken monologoa. Zure bakarrizketen atzean hainbat bizi etapa –eta jende askoren bizitza– daude.
Bai. Bizitza hori da. Oraingo biran, esaterako, nire amaren gurpildun aulkia erabiltzen dut. Ahalduntzeko oso fase inportantea izan da Kilimaterioa niretzat. Inork ez digu kontatu hilekoa galtzean zer gertatzen den. Sexu heziketan eta zaintza sisteman mitoak deseraiki behar dira.

Zahartzaroan denetik dago. Asko informatu naiz lana osatzeko; eta denetarik ikusten duzu. Jubilazioa ez da inoiz amestu bezalakoa, ez duzu denborarik nahi duzun guztia egiteko: alarma jarri behar duzu bilobak eskolara eramateko. Erretiratuak deitzen diegu, gainera. Erretiratu, balio ez duten gauzak egiten dira.

Argazkia: Pello Maudo Herrero.


Txikitan asko egiten dugu barre. Nagusitu ahala zailagoa al da?
Konplexu asko daude adinean gora joanda. Barre sano eta ondo egin behar da.

Zergatik aukeratu duzu umorea tabuak lantzeko?
Umorearen genea amak utzi dit, horregatik darabilt. Orain, nire amak ezin du hitz egin, baina hala ere, umoretsu dabil. Niretzat umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu momentu txiki batean bada ere, oso terapeutikoa da. Denborarekin ohartu naiz barre eragitea zaila dela, baina sekulako zoriontasuna jasotzen da jendea barrezka ikustean.  

Norberari barre egitea non sartzen da ekuazio horretan?
Ez dugu barre sano egingo norberaz barre egiten ikasten ez badugu. Komedia, tragedia gehi denbora da. Sasoi batean tragedia gisa bizitakoa, denbora bat pasata edo distantzia hartuta, barre egiteko kapaz izan zaitezke.

Emozioak ataskatuta izanagatik, bada lehorra den jendea.
Emozioak atera behar dira: zein kalte egingo dizu negar egiteak ba? Niretzat izugarriak dira emozioak, momentuaren arabera ez delako erraza izaten kudeatzea.

Barrea askatzailea da. Umorea ere bai?
Bai, oso. Nagusien egoitzetan ipuinak kontatzea eskatzen dute, denbora tarte bat pasatzea behar dugu. Whatsappetik txisteak bidaltzen dira. Berri txarretarako baditugu Teleberri eta Gaur egun modukoak. Umore dosiak behar ditugu. Gainera, beti egiten dugu barre bestearen kalteaz. Asko esan daiteke umoretik.

Mitoak deseraiki nahi izan dituzu.
Bai, zaintzarekikoak batez ere. Aitite eta amamak noiz joaten dira euren masajeak hartzera? Giltzurruneko mina gehiago eraman ezin dutenean. Zahartzaro aktiboa saldu digute, baina hiperaktibo daude biloben zaintzagatik. Ezin dute euren agenda antolatu, eta ez daude beti oporretan. Duintasunez eta osasunez iristea lortu dutenek bizitza gozatzeko domina merezi dute, eta ‘Beti on’ medaila ematen diegu. Gainontzekoak zaintzeko gure burua zaindu behar dugu lehenbizi, edozein adinetan.

Bakardadea ere landu duzu.
Arazo potoloa dago bakardadearekin. Zahartzaroan lagun kuadrillak oso itxiak dira, oso zaila da; eta horretaz ez da hitz egiten. Gure esku ere badago bizitza erosoago egitea. Arrasaten estreinatu nuen obra eta denek zoriondu ninduten. Barrez lehertu ziren.

Aurrera begira, baduzu beste proiekturik buruan?
Kotxe berria erostea, plaza bat lortzea...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zahartzaroa
Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


Adinekoentzako Nafarroako lehen etxebizitza kolaboratiboa eraikiko dute Iruñeko Txantrean

25 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baratzea eta zerbitzu komunak izango dituzte. Eraikina Etxekide kooperatibak eraikiko du, Nafarroako Gobernuaren babesa du, eta Iruñeko Udalak lursail bat utziko du proiektua eraikitzeko. 2026rako amaitzea aurreikusi dute eta... [+]


Haurrak eta adinekoak elkarrekin, Eguzkitza eskolak eta alboko zahar-etxeak praktikan jarri duten esperientzia

Auzoaren eta auzoko biziaren parte dira eskolak, eta horregatik, bata bestearen ondoan dauden Irungo Eguzkitza ikastetxea eta Amaxantalen zahar-etxea ohituta daude hainbat ekintza elkarrekin egitera. Gabonen atarian ere, postal pertsonalizatuak prestatuko dituzte, batera... [+]


"Ez dakit ariketa fisikoa egiten dugun zaintzeko edo espektatiba sozialak betetzeko"

Zahartzaroa eta osasunari lotutako jardunaldiak antolatu ditu Gareseko osasun etxeak; bertan izan da Mertxe.


2023-09-17 | Diana Franco
Teknologia
Analfabetoak

Batzuentzat, teknologia da arazoen konpontzaile bakarra, eta batzuetan bada. Baina teknologiak bizitzako arazo guztiak konponduko dituela pentsatuz, nire ustez, gizarteak onuragarriak ez diren zenbait agertokitara bideratzen gabiltza.

Gauzak egiteko modu anitz dago munduan,... [+]


Eguneraketa berriak daude