Mendeku ezjakina ala zilegi den errebeldia?

  • Pertsonen salerosketan edo kolonizatutako herrien ondasunen arpilatzean nabarmendu zen "gure" historiako pertsonaia asko. "Aurkitzaile", "abenturazale", "hiri sortzaile" eta "enpresa-gizon" haien izenez eta gorputzez josia dugu Euskal Herriko espazio publikoa. Haien ondare ideologikoari gorazarre egin eta esklabotzari, kolonialismoari eta inperialismoari esker "Lehen Mundua" garela oroitarazten digute. Artikulu honen egile eta Glasgowko unibertsitateko ikertzaile Pablo Barruezo Vaquerok dioen moduan, ondare horren presentziari buruz erabakiak hartzeko garaia da.

Amerikako konkistari hasiera eman zion Cristobal Colonen estatuak jomuga nagusi bilakatu dira mundu zabalean. Horietako bat da AEBetan Minnesotako Kapitolio aurrean zegoena, 2020ko ekainean.  Argazkia: Ewan Frost
Amerikako konkistari hasiera eman zion Cristobal Colonen estatuak jomuga nagusi bilakatu dira mundu zabalean. Horietako bat da AEBetan Minnesotako Kapitolio aurrean zegoena, 2020ko ekainean. Argazkia: Ewan Frost
Jatorrizko artikulua The Conversationek argitaratu du eta Creative Commons lizentzia libreari esker ekarri dugu.

 

AEBetan eta beste herrialde batzuetan Black Lives Matter (BLM) bezalako mugimenduek bultzatuta, estatuak eraisteko ekimenak ez dira gauza berria, ezta zerbait hutsala ere: gizarteak bere ondarearekin eta iraganarekin duen harremana erakusten dute. Guztion zerbitzura dauden espazio publikoak aldarrikatuz sortzen dute erlazio hori.

Kalean jarritako estatuak eraisten ikusi ditugu azken hilabete hauetan munduko hainbat lekutan. Ekimen horiek errebisionismotzat, ikonoklasiatzat edo historia eta kultura errotik ezabatzeko saiakeratzat jo dituzte batzuek. Kontzeptu horiek, ordea, ez dute balio protesta-ekintza horien esanahia definitzeko eta ulertzeko.

Borroka orainarekin da, ez iraganarekin
Errebisionismoa da gertaera edo prozesu historikoren bat kontatzea, baina testuingurua kontuan hartu gabe. Iraganeko gertaerak ukatzea, juduen holokaustoa kasu, errebisionismoa ere bada. Biak ala biak historia kontatzeko praktika txarrak dira. BLM, ordea, ez da errebisionismo historikoa egiten ari.

Garai batean, zalantzarik gabe, arrazakeria normalizatuago zegoen, baina horrek ez du esan nahi orduan aurkako ahotsik ez zenik. Adibidez, Oxfordeko Unibertsitatean Cecil Rhodesen omenezko estatua –azken urteotan bera eraisteko eskaera asko izan da– jarri zutenean ere, 1911n, kritika eta gaitzespen iturri izan zen. BLMk ez du arrazakeria testuingurutik atera nahi, gaur egun espazio publikoan estatua duen pertsona askok komunean duen ezaugarria dela baino ez du azpimarratzen.

Kultura errotik ezabatzea –erradicación cultural darabil egileak gaztelaniaz– indarkeria sinboliko edo armatuaren bitartez, komunitate jakin baten ezaugarri kulturalak suntsitzeko saiakera gisa uler daiteke. Adibidez, Aro Modernoan eta Garaikidean izandako kolonizazio-prozesuak. BLMren asmoa ez da inongo komunitateren ezaugarri kulturalak suntsitzea. Yannis Hamilakis arkeologia irakaslearen hitzetan, "nagusitasuna eta homogeneizazioa indargabetzeko asmoz sortutako herri-mugimenduak" dira. Premisa horrekin kontraesanean ez badaude, kultura guztien errespetua eta onarpena izatea da mugimenduaren nahia. Gizartean jada onartzen ez ditugun edo onargarriak ez diren balioak gogoraraziko ez dituzten espazio publikoak sortu nahi dituzte.

Irudi sakratuen gurtza galaraztea da ikonoklasiaren ezaugarri nagusia –normalean irudi horiek suntsituz eta gurtzen dituzten pertsonak jazarriz–. Eskualde eta garai askotan ikonoklasiarekin lotutako gertaera ugari izan diren arren, terminoak VIII. mendeko Bizantzion du jatorria eta oso ezaugarri historiko zehatzei lotuta dago.

Neurri batean, beste praktika historiko batzuk gogora ekar diezazkiguke. Adibidez, Erromako Inperioaren garaiko damnatio memoriae (oroimenaren kondenazioa): herritarrak eremu publikoarekin harremantzeko era bat zen, gustuko ez zuten iraganarekin lotutako elementuak kaltetuz. Yannis Hamilakis irakasleak aztertu du gaia eta ukatu du gaur egungo mugimenduak ikonoklastak direnik: “Estatuak ez dira irudi sakratuak, herritarrek gurtzeko espazio publikoan jarritakoak. Nagusitasunaren eta boterearen irudikapenak dira”.

Beraz, BLMk eta antzeko mugimenduek estatuak eraisteko ekimena ez da definizio horietako batean ere sartzen. Ez dira iraganaren aurka borrokatzen, orainaren kontra baizik: erro historikoa duten baina oraindik ere gure artean dauden zenbait maisu eta arauri uko egiten diete, sozialki kaltegarriak direlako. Gaur egungo homogeneizazioa eta berdintasun eza aldatu nahi dituzte, ez iragana.

"Berriz bagara", Kolonbiako Cajibio herrian 2020an egindako murala.

Ondarea ulertzea
Erasoa jasan duten estatuak ondarea dira, esanahi kolonial sakona dutenak. Horregatik, beharrezkoa da gogoeta egitea ondareak orainaldian duen zeregin aktiboari eta funtzio soziokulturalari buruz.

Azterketa historikoa gauza bat da, eta ondarea beste zerbait. Zorroztasun historikoak laguntzen du garai eta kultura bakoitzeko balio- eta sinesmen-sistemak ulertzen. Horri esker badakigu ez direla ezer desagerrarazten ari; iragana ez da oraina. Orainaldi honetan jakin behar dugu iraganetik zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi, gure balioak eta sinesmenak ez direlako garai batean izandako berak. Egungo ideiei kasu eginda diogu jada ez diegula espazio publikorik eman nahi, zaharkituta geratu diren iraganeko irudiei, ez ditugula gehiago legitimatu nahi.

Gogoeta interesgarria partekatu zuten Granadako unibertsitateko bi irakaslek uztailean Público hedabidean argitaratutako artikulu batean:  “Estatuek heriotza-datarik ez dutela? Irudikatzen dutenaren erruz duintasuna zapalduta sentitzen dutenekin baino, estatuekin sentitu behar al dugu identifikatuago?!”.

Halaxe da, behartsuenen eskubideak eta duintasuna estatuek dituztenen gainetik daude, areago estatuak  gorazarre egiten badio pertsonen bizitza kaltetu zuen pertsona bati. Espazio publikoa moldatzeak eragin zuzena du pertsonen duintasunean.

Hori dela eta, ondareak beti etengabeko hausnarketaren eta kritikaren menpe egon behar du. Ondarearen esanahia eta forma birmoldatu behar dira, parez pare talka egiten badu gizarte berdinzaleagoa eta bidezkoagoa lortzeko borroka materialarekin edo sinbolikoarekin.

Ikur historikoak edo botere-ikurrak?
Alfredo González-Ruibal arkeologoaren ikuspegiz, estatuek historiarekin baino boterearekin dute lotura handiago. Richard Drayton historia irakasleak azpimarratzen duenez, estatuak eraikitzea boteredunek abiatutako ekimen patrimoniala da beti.

Estatuen bidez, boterearen inklusio sinbolikoa indartzen da espazio publikoetan. Draytonek proposatzen duenez, gaur egun ez da beharrezkoa orduko boterearen intrusioa errespetatzen jarraitzea; ez dugu betiko kontraturik sinatu. Paisaia oro, hirikoa zein landa eremukoa, etengabe ari da aldatzen, han bizi diren eragileek bultzatuta. Unean uneko berezko baldintza eta balioek bultzatzen dute aldaketa. Horregatik, egun kolonialismoa eta arrazakeria baztertzen baditugu, ez al da jada gure hiriak eraldatzeko garaia?

Horrekin ez da iragana suntsitu nahi, baizik eta berriro negoziatu orain nahi duguna. Askotan, esaten dena baino garrantzitsuagoa da esaten ez dena, eta, ondarearen edo historiaren kasuan, batzuetan, garrantzitsuagoa da isiltasunak ulertzea eta aintzat hartzea.

Erorien Haranaren adibidea
BLMren kasua gure testuingurura ekartzeko baliagarria da Erorien Haraneko kasua [Francisco Franco diktadoreak Espainiako Gerra Zibilean eroritako frankisten omenez Madrilen eraikitako monumentua]. Historiako profesionalek ez dute zalantzarik izan ondare horrekin oso bestelako modu batean erlazionatzeko: diktadorea lurpetik ateratzea eta ondare-multzo horri izaera aldatu edo birmoldatzea izan dira proposamenetako batzuk. Ahaztu gabe, eraikin horren oinarri ideologiko kezkagarria agerian uzteko, artista batzuek in situ egindako ekintza sinbolikoak –Francoren hilobian bakearen usoa eta “askatasunagatik” zioen pintaketa kasu–.

Eztabaida horretan, sektore kontserbadoreak ondare horren defendatzaile bihurtu dira, haien ustez, iraganean sortu zen bezalaxe, bere horretan, gaur egun ere iraun behar duelako, beti-betiko. Sektore horrek ondare horri izaera aldatzeko ahaleginak gaitzetsi ditu, moldaketa bultzatzen dutenak negazionista, mendekuzale, errebisionista edo talibanen parekoak direla esanez.

Orain pertsona batzuk, historialari batzuk barne, estatuak eraisteko ekimenen aurka agertu dira. Estatuen eta Erorien Haranaren inguruko eztabaidaren erroa berbera da, baita legitimoa ere. Baina, egia da, ekintza sinboliko horiek ez direla nahikoa arrazakeriaren moduko bazterketak betikotzen dituen sistema aldatzeko. Malcolm X-ek esaten zuen hori. Baina hasteko modu bat da.

Iraganaren gorazarrea desagerrarazi, ez iragana bera
Gure ekintzek ez dute historia berregiten, horren parte izango dira. Estatua kolonialak kentzeak ez du iragana desagerrarazten, ondare kolonialari eta arrazistari gorazarre egitea geldiarazteko modu bat da.

Estatua batek, dela espazio publikoan, dela ibaiaren ur azpian, dela museoan, ondare izaten jarraitzen du. Historiaren begietan aldatuko den gauza bakarra ondokoa da: ondare horrek izan behar duen presentziari buruz gizarteak hartutako erabakia. Herritar guztientzat ikusgarri mantenduta ala ez, ondarea izango da, eta harekin harremanak izateko moduak askotarikoak direla islatuko du.

Orainarekin nolako harremana izan nahi dugun erabaki behar dugu, hemen eta orain, haren ondare ideologiko eta patrimoniala legitimatuz ala ez. Eta ñabardura gehigarri bat hartu behar dugu kontuan: protestak ez dira arrazakeriaren aurkakoak soilik. Antikapitalistak dira. Ez da kasualitatea mugimendu hau sortu izana noiz eta sistema kapitalista tentsio handiko unean eta balizko mutazio batean dagoela. Bidezkoago eta berdinzaleagoa izango den orainaldiaren alde, ondarea berriz ere negoziatzea ekintza legitimoa da; eta espero dezagun aldaketa sozioekonomikoak gertatzeko  ere baliagarria izatea.

 

* Pablo Barruezo Vaquero ikertzailea da Glasgowko unibertsitatean (Eskozia) eta ikerketako laguntza teknikoko langilea Granadako unibertsitatean (Andaluzia).

Jatorrizko artikulua The Conversationek argitaratu du eta Creative Commons lizentzia libreari esker ekarri dugu.

 


ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espazio publikoaren erabilera
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean... [+]


Eguneraketa berriak daude